ATnotes edo nola ez galdu zure oharrak gehiago!

Ez dakit zuek baina ni desastre hutsa naiz! Azkenaldi honetan, askotan gertatzen ari zait lan bat egiten hasi, beste zerbait interesgarria ikusi, eta horrekin ere hasi; edo, hasi ordez, harrapatzen dudan lehenengo paperean idatzi beranduago egin behar dudan hori. Handik pixka batera: Zer egin behar nuen? Non idatzi dut hori? Non utzi dut papera? Etxeko zein ikastolako mahaiak, liburuak, karpetak…post-itez josi-josiak ditut. Eta ez da izango ez dudalako agendarik (betiko formatoan, ordenagailuan, mahai pareko panelean!!!)… Dena den, beti sortzen dira azken orduko eginbeharrak, begi bistan izatea komeni diren horietakoak…

Atzo, Digizen-en arakatzen ari nintzela, arazo horri aurre egiteko baliagarri suerta dakidan baliabide batekin egin nuen topo: ATnotes. Dohaineko aplikazio honek zure ordenagailuko mahaigainean post-it antzekoak jartzeko balio du, besteak beste. Berehala instalatu eta erabiltzen hasi nintzen. Arratsaldean egin beharreko lanak post-it moduan ordenagailuko mahaigainean ipini nituen. Ikusten duzuen bezala, oharrak kolore eta neurri ezberdinetan jar daitezke, alarma edo alarmarik gabe. Posible da, gainera, oharrak lagunei bidaltzea eta hauegandik jasotzea ere.

Hemen klikatuz instala dezakezu aplikazioa. Ondoren, hurrengo urratsak jarraitu:

1. Joan zaitez hona eta aukeran dauden hizkuntzetatik bat hautatu.
2.Hizkuntzaren artxiboa zip bat denez, deskonprimatu ATnotes karpetan (c:\Archivos de programa\ATnotes).
3. ATnotes abiarazi eta zuk hautatutako hizkuntzan egongo da!

45 hizkuntzatara itzulia zegoela ikusirik, euskarara ere itzultzea ondo legokeela pentsatu nuen. Pentsatu eta egin! Beraz, bukatu nuenean, programaren arduradunari bidali nion euskarazko itzulpena. Dirudienez, ez du oraindik jaso. Ea lehenbailehen denon eskura jartzen duen eta euskarazko bertsioaz lan egiteko aukera dugun!

Laburtuz, beti post-it bat edo bi gertu-gertu behar duzun horietakoa bazara, ni bezala, aplikazioa nahiko praktikoa gertatuko zaizu. Egongo dira ziur aski mota honetako aplikazio sofistikatuagoak, baina askotan less is more , osteguneko jardunaldian esan zuten bezala! :wink:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.