Segurtasun kopiak Ubuntun

Gaur bertan, Genbetan, Back In Time izeneko aplikazioaren berri izan dut. Mezuan diotenez, aplikazio horrek ez du Mac-en Time Machine-k duen interfaze ikaragarria, baina funtsean harrek egiten duenaren berdina egiten du.

Bada, hori ikusita, nire segurtasun kopiak egiten hasi beharko nukeela pentsatu dut. Di-da batean, hemendik deb paketea jaitsi, klik bikoitza egin eta segundo gutxitan instalatuta nuen.

Programa abiarazteko “Aplikazioak – Sistemaren tresnak” hautatu eta bertan topatu dut. Aplikazioa abiarazten dugun lehen aldian, oinarrizko konfigurazioa egiteko eskatzen digu. Lehenik eta behin, zein karpetan gorde nahi ditugun gure segurtasun kopiak jarriko dugu (pantailaren goialdean). Segidan, zein direktorio edo karpeten kopiak egin nahi ditugun zehaztuko dugu (pantailaren ezkerraldean) eta zein baztertu nahi ditugun (pantailaren eskuinaldean). Jarraian, eta pantailaren erdialdean, finkatu nahi dugun maiztasuna adieraziko dugu. Azkenik, pantailaren behealdean, kopiak ezabatzeko zenbat denbora igaroko duen edota zenbat espazio libre izango dugun gure diskoan. Aitaren batean konfigurazioa amaituta dago.

Hori egin eta gero, azpiko irudian ikusten dugun pantaila azalduko zaigu. Ezkerraldean egindako segurtasun kopien zerrenda kronologikoki antolatuta azalduko zaigu. Erdialdean, ordenagailuak dituen lekuak eta segurtasun kopiak gordetzen dituenak. Eskuinaldean, leku horietan dauden fitxategiak. Agian, lehen segurtasun kopia egitea komenigarria da. Nik halaxe egin dut, behintzat.

Ikusten duzuen bezala, estetikoki zerikusirik ez du izango Mac-en Time Machine dotorearekin, baina oso erraza, intuitiboa eta praktikoa da.

Ikasys Proiektua Jakintzan

Makina bat zailtasun gainditu ondoren, Ikasys izeneko proiektua abian da gure ikastolan.

Proiektu hau Ikastolen Elkartearen eskutik iristen zaigu eta bere garapenean gure ikastolak oso parte hartze handia izan du. Ikastolako irakasle guztiok milaka jarduera presatzen aritu ziren iazko ikasturtea eta, hori gutxi balitz, bi irakasle 6 hilabetez Ikastolen Elkartera joan ziren proiektuaren xehetasun guztiak zehaztera eta erabilgarritasuna bermatzera.

Aurten, proiektua gure ikastolara iritsi da. Bi armairu mugikorrak 52 ultra-eramangarriz hornituta (bat Ikasys proiektua lantzeko eta beste bat Txanelako IKT jarduerak burutzeko) ekarri ditugu. Horretaz gain, bi arbel digital interaktiboak dagozkien proiektore, eramangarri eta lanparekin ere jarri ditugu. Beraz, egundokoa da gure Lehen Hezkuntzak dituen baliabideak metodologia berritzaileetan eragiteko. Gainera, erabiltzen ditugun ordenagailu txiki horietan, UBUNTU izeneko sistema eragile askea eta euskaraz erabiltzen dugu. Horrekin, jorratuko dituzten gaiak lantzeaz gain, software askearen erabileran ohitzen eta trebatzen hasten dira txiki-txikitatik, software pribatiboak sortarazten duen menpekotasun maltzurrarengandik askatuz.

Ikasys Proiektura itzuliz, aurten, 17 ikastola gara proiektua jorratuko dugunok. Izan ere, Ikastolen Elkartea eta EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea)ren gidaritza, jarraipen eta kontrolpean pilotu gisa arituko gara. Dagoeneko, hasierako froga bi egin zaizkie eta astero-astero EHUko kide bat gure geletan egongo da proiektuaren jarraipena egiten. Amaieran, beste froga bat egingo zaie eta lortutako datu guztiekin proiektuaren balorazioa gauzatuko da. Beraz, oso lan sakona proiektu honen atzean dagoena eta espektatiba oso handiak zabaldu dituena ikastolon komunitatean.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago bere webgunean topa dezakezue: Euskaraz edo Gazteleraz.

Jarioak Google Alerten

Google Alerts zerbitzuak, e-posta besterik ez zuen erabiltzen bere alertak bidaltzeko, baina gaur Google Blogean ikusi ahal izan dut jarioaren aukera gehitu dutela. Beraz, orain alertak modu erosogoan jaso ahal izango ditugu gure jario irakurlean.

Aukera berri hau gehitzeko, Gure alertak kudeatzeko eremura joango gara. Banan bana editatuko dugu eta “Deliver to” zutabean “Feed” eta “Email” aukerak agertuko zaizkigu. Feed aukeratzen badugu, automatikoki gehituko du alerta hori gure Google Reader-era. Nolanahi ere, beste irakurle bat erabiltzen badugu, jarioaren helbidea kopiatu eta zure irakurlean gehitu ala izango dugu.