Geurea, maratoia – Kilometroak 93

Tarteka-tarteka blog hau irakurtzen dutenek gurekin harremanetan jartzen dira horretarako dugun formularioaren bitartez, euren eskaerak, iradokizunak edo mota guztietako ekarpenak egiteko. Konpromisoa hartuta dugu heltzen zaizkigun mezu guztiei ahalik eta azkarren erantzuna emateko eta horrelaxe gertatzen da gehienetan.

Ez da hau, ordea, Andoniren kasua. Andoni 2007ko maiatzean jarri zen gurekin harremanetan. Zera zioen bere mezuak:

Agian ez da hau bide egokiena nik nahi dudana lortzeko, baina ez dakit nondik jo.Urteak daramatzak zuen ikastolak antolatutako Kilometroak jaiaren abestiaren bila. Sorotan Beleren “geurea maratoia”. Eta ez da inondik ageri. Gaur blog hau aurkitu dut eta saiatzea erabaki dut. Ba al dago aukerarik lortzeko? Zuek bidaltzeko? Eskerrik asko

Tira ba, nola ez! Ilusio handia egin zidan gure ikastolak antolatu zuen Kilometroak-eko abesti ofiziala eskatzea. Beraz, zuzenean igo nintzen Lehen Hezkuntzako irakasle bulegora, bertan horrelako material ugari izaten dute gordeta eta nik behar nuena ere han topatuko nuela ziur nengoen.

    – Kaixo, egunon! Aizue Ordizian antolatu genuen Kilometroak-eko abestiak biltzen dituen COMPACT DISK-aren bila nator. Ba al dakizue non dagoen? – galdetu nien bertan zeuden irakasleei.

    – ????

    – Bai ba! K’93ko abestiekin atera genuen ba CD bat, ba horixe!!

Irakasleen begi haundiak eta aluzine aurpegiak ikustean jabetu nintzen zerbait oker zegoela egiten ari nintzen eskarian. Eneeeeee! A ze tentela ni! Nola ez zidaten ba jarriko aurpegi horiek, 1993an CDak zer ziren oraindik ez genekien eta!!

    – Ala txabal, hartzak kasetea, itzaldu tartetxo batean ordenagailua eta joan hadi patioa haize piska bat hartzea – esan zidan batek beste guztiak parrez lehertzen ari ziren bitartean

Jode! Eta orain nola bidaltzen diot nik Andoniri agindutako abestia?” pentsatzen bueltatu nintzen nire gelara. Ikastolan dugun irratiaren bitartez abestia digitalizatzea pentsatu nuen baina ez naiz ni oso iaioa bertako trasteekin. Horrelaxe erantzun nion Andoniri; gertatzen zena esplikatu nion eta bere eskaera lehenbailehen betetzen ahaleginduko nintzela esan nion… gaur arte!

Duela egun batzuk izan nuen Mikel Errazkin-en heriotzaren berri. Pentsatu nuen detaile polita izan zitekeela, bera eta Mikel Mendizabalen artean, gure Kilometroak-erako sortu zuten “Geurea, maratoia” abestia digitalizatzea eta denon eskura jartzea. Kasetea Beasaingo LAGIN estudioetan ekoiztu zen eta nik dakidanez etxe hori dagoeneko ez da existitzen, beraz, auskalo nondik ibiliko den jatorrizko grabazioaren “master”-a. Urko lankideari kasetea irratian digitalizatuko zuen eskatu nion eta honek segituan pasa zidan CDa abesti guztiekin.

Pentsatzen dut Mikeli berari ilusioa egingo liokeela bere abestia denon esku ipintzea eta horregatik, kaseteko abesti guztiak mp3 formatura pasa ondoren, hementxe ipintzen ditut nahi dituenak deskarga ditzan.

Andoniri barkamena eskatzea besterik ez zait geratzen. Berandu bada ere, hementxe dauka eskatutakoa :wink:

Abestiak jaisteko egizu klik lotura bakoitzean:

  1. Geurea, maratoia
  2. Bide luzea
  3. Udazkeneko airean
  4. Murumendiko Mari
  5. Slalom-a
  6. Geurea, maratoia (2. bertsioa)
  7. Ordizia
  8. Debako martxa
  9. Erropazaila
  10. Isil isilik dago
  11. Atzo ttun ttun
  12. Saratarra
  13. Aldapeko sagarraren
  14. Hasierakoa

Disko osoa jaisteko: Geurea, maratoia – Kilometroak 93 (30,8 Mb)

EGUNERAKETA: dagoeneko zuetako batzuk jabetuko zineten bezala “Murumendiko Mari” eta “Aldapeko sagarraren” abestietan badirudi gure ikasleek REC botoia zapaldu zutela nonbait eta euren ahotsak grabatuta geratu ziren jatorrizko abestien gainean. Dagoeneko ahaztuta gaude baina zenbatetan gertatu zaizkigu guri ere horrelakoak? Katxibatxe analogikoekin lan egiteak horrelako arriskuak zituen, baietz?

Ning euskaratzeko fitxategiak denon eskura

Pasa den ikasturtean irakasle talde batek Zirikteroak izeneko gunea martxan ipintzea erabaki genuen. Irakasleon arteko elkarlana eta iritzi trukaketa ahalbidetzeko aplikazio desberdinak frogatu genituen eta azkenik Ning izan zen proiektua martxan jartzeko aukeratu genuena. Aplikazio sinplea, erabilera errazekoa da Ning baina era berean oso potentea eta aukera anitz ematen dituena. Ordutik hona, asko izan dira irakaskuntzarekin zerikusia duten Ning-ekin sortutako webguneak.

Eskaintzen dituen aukeren artean gunea edozein hizkuntzara itzultzeko duen tresna izan daiteke interesgarrienetako bat. Beste antzeko aplikazioekin gertatzen ez den bezala Ning itzultzea nahiko gauza erraza da. Halere, handia da egin behar den lana gune osoa euskaratuta izateko.

Zirikteroak martxan jarri bezain pronto itzulpen lanari heldu genion gutako batzuk. Une honetan aplikazioa osorik itzulita ez badago ere %89a euskaratuta dago. Fitxategi hauek denon eskura ipini ditugu, nahi dituenak bere Ning atari propioan erabili ditzan. Behin itzulpen fitxategiak jaitsi ondoren jarraitu behar diren urratsak gunea euskaraz ikusi ahal izateko oso sinpleak dira.

Amaitzeko, norbaitek egindako itzulpenari hobekuntzak eransten badizkio edota euskaratze lanarekin jarraitzeko asmoa edukiko balu, eskertuko genioke honen berri emango baligu eta itzulpen fitxategi berriak denon eskura ipiniko balitu.

Nautiluserako 62 script dituen debian paketea Ubunturako

nautilus

La Web de javielinux blogaren bitartez deb pakete honen berri izan dut. Bertan Ubuntun lehenetsita datorren Nautilus fitxategi kudeatzailerako sortutako 62 script-en bilduma aurkituko dezakegu. Script hauek javielinux berak sortutakoak dira eta hauen bitartez audio,irudi, DVD edota pdf fitxategien gainean hainbat operazio ezberdin burutu ahal izango ditugu, hauetako batzuk oso interesgarriak direlarik ni bezalako hasiberri batentzat.

Eskaintzen dituen aukeren artean garrantzitsuenak hauek izan daiteke:

  • Fitxategien artean nabigatu eta gedit “root” baimenarekin erabiltzeko aukera.
  • DVD batetik bideo lortu AVI nahiz MPEG formatuetan.
  • Audio fitxategi desberdinen arteko formato-bihurketa zuzena.
  • Argazki edo pdf fitxategi ezberdinak pdf bakar batean bildu.
  • Irudien formatuen arteko bihurketak, oinarrizko edizioa eta diaporamak modu sinplean lortzeko aukerak. Argazkiekin slideshow bat sortu eta zuzenean DVD batean jasotzeko aukera ere ematen du.

Paketeak berak scriptek behar dituzten menpeko fitxategi guztiak instalatzen ditu. Bi soilik dira eskuz instalatu beharko ditugun dependentziak: DVD-Slideshow eta DVD-Slideshow-Themes. Bi hauek hemendik jaitsi beharko dituzu script-en instalazioarekin hasi baino lehen.

“EGA 03-04 azterketak” liburu osoa sarean eta EGAko azken aldaketak

EGA euskaljakintza Aurtengo udak eman du pixka baterako: hondartzara buelta batzuk eman, turismo pittin bat egin eta, bueltan opor ondorengo depresiorik ez izateko, aditu guztiek aholkatzen duten bezala, lantxo batzuk egiteko behar adina animoa ere izan dut. ;-)

Azken atal horren ondorio zuzenak dira EGAko ikastaroa berritzea eta EGA 03-04 azterketak liburu osoa sarean ipintzea; izan ere, 17 egun baino falta ez direnean EGA 2008ko bigarren deialdirako, imajinatzen dut azterketariei ondo baino hobeto etorriko zaiela azterketa gehiago online egiteko aukera izatea.

EGA ikastaroa berrituta

Dakizuen bezala, iaz azterketa eredu berria ipini zuten indarrean. Aldaketa nabarmenenak ahozko azterketan eman dira (testu bat laburtzeko ariketa kendu eta bi azterketarien arteko bat-bateko elkarrizketa saioa sartu dute haren ordez). Beste aldaketa bat sinonimoak eman ariketaren planteamenduari dagokiona da. Orain, lexikoa deritzo eta testu labur batean markatutako hamar hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Horretaz gain, puntuatzeko moduan ere egon da hainbat berrikuntza: lexikoa eta esaldiak berridazteko ariketen kalifikazioak bildu egingo dira eta bien artean, gutxienez, 5 puntu lortu beharko dira. Batean zein bestean, gutxienik %40 atera beharko da (azalpen osoa Zer da EGA? kontzeptu-mapa berrian ikus dezakezue).

EGA cmap

Beraz, EGA ikastaroan aldaketa horiek guztiak jasotzeaz gain, beste gune batean kokatu eta itxura aldatzeko ere aprobetxatu dut. Antolaketa honela gelditu da:

  • Goialdean: informazio orokorra (EGA azterketaren azalpena, egutegia, matrikularen kontsulta, agiria jaso…)
  • Orrialde nagusian: liburu osoak online.
  • Ezkerreko zutabean: azterketaren atal ezberdinak lantzeko materiala eta baliabide orokorrak (hiztegiak, kontsultaguneak, arauak lantzeko ikastaroak…)
  • Behealdean: EGAko hurrengo azterketarako atzerako kontaketa eta euskara ikasteko gune interesgarriak.

2003ko eta 2004ko azterketak liburu osoa online

EGA 03-0405-06 azterketak

Iaz ikasleek etekin handia atera zioten sarean ipinitako EGA 05-06 azterketak liburuari. Behin eta berriz egin zituzten etxean azterketak eta, egia esan, asko eskertu zuten (erantzunak berehala jasotzeko aukera, atarikoetan hainbat azalpen, galderak aldi oro hurrenkera ezberdinean azaltzea…).

Horiek entzunda, aurreko liburua, EGA 03-04 azterketak, pasatzera animatu naiz. Guztira sei atariko proba eta idatzizko 7 azterketa daude. Aurreko liburuan bezala, Atarikoak bi modutara egin daitezke: osorik (azterketa egunean atera ziren bezala) eta entzutezko ulermenik gabe (horren ordez, beste atariko proba batzuetan ateratako galderekin). Sinonimoen ariketak ere bi modutara egin daitezke. Batetik, testuingururik gabe, bi zutabe ezberdinetako sinonimoak lotuz; eta, bestetik, azterketan atera bezala, hau da, markatuta dauden hitzen sinonimo bana jarriz (testuinguruko esanahia errespetatu eta atzizki bera jarri behar da).

Azken errepasoa eman nahi duenak, beraz, badu nondik hasi! Zorte on azterketa egin behar duzuen guztioi! :-)