WordPress Automatic Upgrade

Aspaldi honetan, hemen eta hemen esan nuen bezala, webgune elebidun bat sortzeko ahaleginetan nabil.

Oraindik ez dut soluziorik topatu, baina jarraituko dut irtenbidea topatzen. Gutxienez, esperientzia oso baliagarria izaten ari da WordPress hobeto ezagutzeko. Opor hauetan hamaika aldiz instalatu, desinstalatu, pluginak igo, ezabatu, datu baseak sortu, eraldatu, ezabatu… egin dudala esatean, ez dizuet gezurrik esaten. Dagoeneko, eginkizun horretan “aditu” bihurtuta nauzue.

Mezu honetan esan nizuen bezala, WordPress 2.5 bertsioa berriki kaleratu dute eta sortuta nituen datu base horietako batean, instalatu nuen inongo arazorik gabe. Bertsio zaharragoak beste datu baseetan instalatuta nituen eta eguneraketa frogatu nahi nuen, “a pelo”. WordPress-eko gunean agertzen diren pausuak jarraituz, ongi burutu nuen eguneraketa hori.

Bada, gaur bertan, beste datu base bateko bertsio zaharra eguneratu dut beste sistema bat erabiliz: WordPress Automatic Upgrade izeneko pluginaren bitartez. Esperientzia oso ona izan da eta dena bikain joan da. Minutu gutxitan azken bertsioa instalatuta eta dena martxan nuen berriro.

Plugin honek dena egiten digu, baina aurretik jaitsi eta instalatu beharko dugu. Plugina instalatzeko ohiko bidea jarraituko dugu: fitxategia deskonprimitu, /wp-content/plugins/ direktiora igo eta gure admin gunetik plugina gaitu. Behin hori egin eta gero, “Kudeatu” eremuan, plugin hau lanean jartzeko “Automatic Upgrade” izeneko botoia ikusiko dugu. Hortxe klikatu eta ingelesez idatzitako testua agertuko zaigu esteka pare batekin, bata eguneraketa pausoz-pauso eta bestea automatikoki burutzeko. Nik pausoz-pausoko aukera hartu dut (beti hori gomendatzen dutelako) eta hauxe da plugin zoragarri honek egin didana:

  • Gunearen backup egin eta fitxategia deskargatzeko aukera eman dit.
  • Hurrengo pausoa emateko esan eta datu basearen backup egin eta berriro jaisteko aukera eman dit.
  • Jarraian, WordPress-etik azken bertsioa jaitsi, deskonprimitu eta igo egin dit (ziztu bizian, gainera)
  • Hurrengo “task”era pasatzeko esan eta plugin guztiak ezgaitu ditu
  • Jarraitzeko esan eta webgunea mantentze moduan jarri du (txartelak berak eskegi du)
  • Fitxategi zaharrak eguneraketarekin ezabatu ditu
  • Gure datu baseak eta gure guneak behar dituzten eguneraketa jarduera guztiak burutzen ditu
  • Azkenik, plugin guztiak eta gunea gaitzen ditu
  • Gunea eta datu basea eguneratuta dauzkagu eta dena martxan guk ezer egin gabe. Umetxo batek egiteko modukoa, benetan.

Nik plugin hau udan ezagutu nuen Plugin Lehiaketan hirugarren postua lortu zuenean, baina orduan frogatu nuenean, automatikoki egiten saiatu nintzen eta arazoak eman zizkidan. Egun hauetan, WordPress-eko milaka gune eguneratzen arituko dira eta, dagoeneko, hasita daude arazoak agertzen, kezkak eta, nola ez, gisa honetako soluzioak.

WordPress erabiltzen baduzue, biziki aholkatzen dizuet. Frogatuz gero, ez zarete damutuko.

WordPress 2.5 argitaratu da

Lehenengo egunean WordPress 2.5 RC1 bertsioaren berri eman genuen eta berehala RC2 bertsioa kaleratu zuten. Bada, hiru egun beranduago, 2.5 bertsioa atera dute. Ez da makala eman dioten erritmoa, ez?

Nik, dagoeneko, bertsio berri hau instalatu eta egiaztatu dut RC bertsioetan sumatu nituen akats txiki batzuk konponduta daudela. Orain, euskarazko bertsioaren zain gelditzen naiz.

RC2 bertsioa atera zen egun berean, Librezalekoek 2.5 bertsioa euskaratzeko deia egin zuten eta, oraintxe bertan, hauxe da euren Pootle itzultzeko zerbitzuan irakur daitekeena: 1504/2124 itzulirik (152 zuri, 468 zalantzan).

Beraz, aurki izango dugu guztion esku bertsio berri hau euskaraz. Abuzturako 2.6 bertsioa iragarrita dago.

Amaitzeko, bertsio berri honek dakartzan berrikuntza nagusienak laburbilduko dizkizuet:

  • Diseinu berria
  • Fitxategi bat baino gehiago batera igotzeko aukera
  • Pluginen eguneraketa zuzenean administrazio gunetik
  • Galeriak sortzeko aukera
  • Administrazioaren gune nagusia widget=en bitartez pertsonalizatzeko aukera
  • Cooki=en enkriptazioa
  • Igotako fitxategi multimedia antolatzeko liburutegia
  • WYSIWYG editore berritua eta kodea errespetatzen duena
  • Pantaila osoan idazteko aukera
  • Biltzaileak mezu nahiz orrialdeetan bilatzen du
  • Pasahitzen segurtasuna neurtzeko barra

Searchme, bilatzaile ikusgarria, baina…

Duela astebete, gutxi gorabehera, bilatzaile honen berri izan nuenean, beta fasean dagoen proiektuan parte hartzeko eskaera luzatu nuen. Gaur bertan jaso dut euren posta eta zerbitzua probatzen hasi naiz. Aitortu beharra daukat, ikusgarria iruditu zaidan arren, beta fasean dagoela oso erraz antzeman daitekeela.

Bilatzaile berri honek CoverFlow izeneko aurkezpena erabiltzen du bilaketaren emaitzak azaltzeko, nahiz eta ohiko bilatzaileen ikuspegia ere ikusteko aukera ematen duen. Dakizuen bezala, CoverFlow Apple-ek Mac-en Finder eta Itunes-en, besteak beste, erabiltzen duen aurkezpen mota bat da. Izan ere, Apple-ek 2006an eskubideak erosi zituen bere aplikazioetan jartzeko. Hori zer den ez dakienarentzat, Mootools Javascript erabiliz, antzeko zerbait egin daiteke eta hona hemen adibidea.

Dena den, eta egin ditudan frogen arabera, bilatzaile honek duen edertasunak ez du gainditzen beste bilatzaileek eskaintzen dituzten emaitzak. Eta bilatzaile batera jotzen dugunean, ez goaz edertasunaren bila, baizik eta emaitza onen bila. Alegia, bilatu nahi dugun informazioa ahalik eta azkarren lortu nahi dugu, eta ez dugu emaitzen artean denbora galtzen ibili nahi.

Egin ditudan frogetan ohartu naiz Web 2.0ko zerbitzu batzuen emaitzak oso ongi azaltzen dituela; adibidez, “Ordizia” bilatu dudanean, Ordiziako Udalaren webgunea ez da inon azaltzen, bai ordea gure ikastolako blogak, Flickr-en ditugun argazkiak, Odeo-ko podcast-ak, Slideshare-ko aurkezpenak… Hau da, zerbitzu horietan “Ordizia” etiketarekin gordetako elementuak oso ongi azaltzen dituen bitartean, ez du gauza bera egiten ohiko webguneekin ezta, zerbitzu guztiekin ere; adibidez, “Ordizia mapa” bilaketa egiterakoan ez dira inondik ere azaltzen “Ordizia” etiketarekin gordeta ditugun Tagzaniako mapak, Google Maps-ekoak… Beno, bai, blogetan txertatu ditugun mapak bai agertzen dira, baina ez zuzenean zerbitzu horietan gordetako mapak. Ordizia, oso txikia izanik, normaltzat jo dezakegu ez azaltzea, orduan, New York-ekin ariketa bera egitea pentsatu dut. Emaitzak ikusita ohartu naiz gauza bera gertatzen zela. Gutxienez, horretan, Ordizia New Yorken pare dago.wink

Laburbilduz, bilatzaile oso erakargarria, baina ikaragarrizko lana duena besteek eskaintzen dituzten emaitzen mailara iristeko. Nik garbi daukat Elebila, Google, del.icio.us … erabiltzen jarraituko dudala.

Oooops!!! Oporretan gaude eta gauzak erdizka egiten hasita gaude. Ahaztu egin zait esatea bilatzaile hau frogatu nahi duenak euren webgunera joan eta e-posta bidali beharko diela beta fase horretan parte hartu ahal izateko. Gero, beraiek gonbitea noiz bidaliko zain gelditu beharko du. Zorte on!!

Google Sky

Internet-en nabigatzen ari nintzela, artikulu hau aurkitu dut. ikusmina piztu dit eta orain hementxe aurkezten dizuet.

Google Sky, orain arte Google Earth-en erabili zitekeena, jadanik, web nabigatzaileetik kontsultatu daiteke gazteleraz eta beste hizkuntzetako edukiarekin.

Zerbitzu honetan, irudi historikoez gainera, datu edo irudi kapa desberdinen artean hautatu dezakezu; zeruko zona batzuetan, infragorri edo mikrouhinekin lortutako irudiak aktibatu ditzazkezu.

Google Sky bezala, beste hainbat zerbitzu eskeintzen ditu Google-k, geografia eta astronomiari buruz: Google Moon ilargia ikusteko; Google Mars, planeta gorria edo Marte begiztatzeko eta denok ezaguna izango dugun, Google Earth, Lurreko herri, hiri, lurraldeak, … ikusteko eta hauei buruzko informazioa eskuratzeko.

Espaziotik edo Lurretik, ibilaldi bat eman nahi baduzue, zerbitzu hauek erabiltzera animatzen zaituztet.