Google Sites, Jotspoten itxura berria

googlesites

Denbora luzez egon gara albiste honen zain. Duela hamasei bat hilabete, Googleek Jotspot zerbitzua erosi zuen. Writelyrekin gertatu zen bezala, Googleek Jotspoti bere “branding”a gehitu, hobekuntza batzuk txertatu eta epe labur baten ondoren, kalean izango genuela espero genuen gutako askok. Hamasei hilabete hauetan gauza asko aipatu dira aplikazio honen inguruan; bere izena Google Sites izango dela ere jakin genuen baina ideiarik ere ez genuen noiz izango genuen aplikazio berria erabilgarri. Tira, bada egun hori heldu da. Dagoeneko abian Google Sites izeneko zerbitzu berria.

Ez dut probatu oraindik, albiste hau bukatu bezain pronto jarriko naiz lanean, baina lehen itxura oso ona da. Techcrunchen irakurri dudan albistearen amaieran zera dio:

In an interview today, Google’s Management Director of Enterprise Matthew Glotzbach called the combined products under Google Apps a “Microsoft Sharepoint killer” because it’s allowing businesses to collaborate without all that expensive Microsoft software

Agian gehiegizkoa da horrelako zerbait adieraztea. Seguru nago enpresa mailan pakete hau baino potente eta sendoagoak diren aplikazioa asko erabiliko direla. Seguruenik Sharepoint asko egongo dira hortikan zehar; baina aplikazio hauen balorea ez dago euren prezioa baizik eta egiten den erabileran. Nire ikastolan duela dezentetik hasiak gara elkarlana bultzatzen, talde bezala funtzionatzen edukien sorreran, komunikazio mailan… Jarrera honi etekin handiagoa ateratzeko tresna garrantzitsua izango da Google Apps berri hau, dudarik gabe. Askotan esan dudan bezala, tresnak baino gehiago zerbitzuak, teknologia baino gehiago giza-harremanak dira eguneroko lanari ateratzen diogun etekina ahalik eta hobena izateko. Ziurrenik aplikazio bezala ez da punta puntakoa izango, baina ikastolan dagoeneko zabaltzen ari den lan filosofiari izugarrizko bultzada emango diola ziur nago.

Aplikazioak merezi duen arreta eta denbora eskaini ondoren, hona ekarriko ditut zeintzuk izan diren nire lehen inpresioak. Laister arte beraz.

Gmail ikusgarria

Nik uste dut oso gutxi izango direla Gmail posta zerbitzuaren kalitatea zalantzan jarriko dutenak, nahiz eta datuen erabilerarekin errezelo bat baino gehiago sortu. Portzierto, Hotmail edo Yahoo bezalako zerbitzuek ez didate konfiantza handiagorik ematen

Nolanahi ere, gaurko mezu honen helburua ez da posta zerbitzuen balorazio bat egitea, Bitelian aurkitu dudan bideo bat zuenganatzea baizik. Errusiar batzuek eginiko bideo zoragarri honekin, Gmail posta zerbitzuaren funtzionamendua oso era orijinalean ikusteko aukera daukagu. Ea tutorial guztiak era dibertigarri honetan iristen zaizkigun.

Eguneraketa: Posta zerbitzu hau geroz eta gehiago maite dut. Oraintxe bertan jakin dut bere txat zerbitzuan, “Invisible” egoera jartzeko aukera gehitu dutela. Amaitu dira, beraz, lanean ari zarenean, jendearen mezu indiskretoak. Momentuz, ingelesez bakarrik funtzionatzen du (nik horrela daukat nire Gmailen interfazea). Ikasle gogaikarri batzuek bakean utziko naute orain. ;-)

Ikas Komunitateak Kongresuan izan gara

Albiste pare bat ditut kontatzeko, bat ona bestea, ordea, txarra. Zeinekin hasiko naiz? Bada, azken honekin hasiko naiz, txarrarekin alegia.

Euskalduna Jauregian Euskal Herriko, Estatuko eta beste lurraldeetako mila berrehun irakasle eta adituak, gutxi gorabehera, bildu dituen kongresu honekOfline” bakarrik funtzionatu du. WiFi konexioa bazegoen ere, itxita eta erabili ahal izateko Euskalteli ordaintzeaz gain, prozedura nahiko korapilatsua. Hori lehenengo ustekabea. Bigarrenarekin txundituta gelditu naiz: IKTak Ikas Komunitateetan izeneko hitzaldian, hizlariek erakutsi nahi zituzten interneteko helbideak erakusteko ez zuten konexiorik. IE6 penagarria hortxe ibili da bere mezu triste hori behin eta berriro azalduz. Ez naiz gehiegi sartuko administrazioak horrelako jardunaldietarako hizlarien esku jartzen dituen ordenagailuak eta hauen Sistema Eragileak eta Softwarearekin, baina sare konexioa ez jartzearena oso larria iruditzen zait.

Zein motako ikas komunitateak eraikitzen ari gara? Gure ikastetxeetako hormetara mugatzen diren horietakoak? Akaso Internetek eskaintzen dituen aukerak Ikas Komunitateak sortzeko eta gizartean eragiteko ez dira hemen sartzen? Nik uste dut antolatzaileek aspektu hauek gehiago zaindu beharko lituzketela.

Oraindik ez dut ulertzen, gisa honetako ekintzetan, nola xahutzen den dirua horren erraz gauza anekdotikoetan: karpetak, axotak, koadernoak… denak logoa grabatuta, panelak logoarekin, catering kafea hartzeko… Hori bai, Internet bezalako “asiar luxua” nahi duenak ordaindu dezala eta kitto. Beharbada, jendea ez despistatzeko egingo dute.

Alderdi ezkorrarekin jarraituz, penagarria izan da Aragoiko Ariño-Alloza ikastetxeko irakasleen hutsegitea. Azken unean adierazi omen dute ezin zutela etorri. Izugarrizko ilusioak egin zidan beraiek zetozela jakiteak, aspalditik jarraitzen baitugu euren lan bikaina, batez ere Tablet PC eta Arbela Digital Interaktiboak erabiliz egiten dutena, baina horren ordez, hortzak zorrozteko moduko informazioa jaso dugu Lekeitioko Eskola Publikoaren eskutik. Sekulako baliabide pila (beste gauzen artean, 21 arbel digital 15 gela dituen LHko ikastetxe batean), hori bai, aitortu dutenez, egiten dutena gordeta dute :-( Hori ez dut uste Ikas Komunitatearen kontzeptua eta ideiarekin bat datorrenik, baina tira, horixe izan da IKTen inguruan kongresu honetan egin den aipamen bakarra. Etorkizuneko hezkuntza (eta ez naiz epe luzeaz hitz egiten ari) oinarri hauekin eraiki nahi badugu, berriro hankamotz geldituko garelakoan nago.

Beno, dena ez da txarra izan kongresu honetan eta, horregatik, bukaerarako alderdi positiboa utzi nahi izan dut.

Oso gauza interesgarriak entzuteko eta ikusteko aukera izan dugu. Esperientzia zoragarriak aurkeztu dira, oinarri teoriko sendoak azaldu zaizkigu. Baina zerbait goraipatu behar badut, nik azpimarratuko nuke Euskal Hezkuntza Sisteman lankide asko dagoela bere lanbidea maite duena, gauzak hobeto egiteko asmoa duena, zailtasunen aurrean etsipenean erori gabe irtenbideak bilatzen dituena… Hau da, askotan kritikatzen den irakasleon profesionaltasuna oso maila altuan uzten dutenak.

Izugarriak dira ikastetxe batzuetan egiten ari diren saiakerak eta horiek aurrera ateratzeko irakasleek erakusten duten grina eta kemena. Eskola demokratikoak, zentzu zabalenean, eraikitzeko xedez, eskolen funtzionamendua irauli nahi duten irakasleekin topatu gara eta aldaketa hori aurrera eramateko guztion konpromisoa bilatzen dutenak, baina euren burua aurretik jarriz eta adibidea emanez.

Giza baliabide hauekin, itxaropentsu egoteko arrazoi asko dago. Arantza bakarra, gisa honetako ekimenetan, oso gutxi dira lizentziatuen eremutik konprometitzen diren irakasleak. Akaso hauek ez al dute ikusten aldaketa horren beharra? Nik uste dut irakasleen eremu horretan gogoeta sakon baten beharra dagoela eta kalitatezko hezkuntza guztiontzat bermatzeko beste bide batzuk egon, badaudela, ikusi eta ezagutu beharko lituzketela. Eta horretarako, beste gauzen artean, honelako jardunaldietara joatea beharrezkotzat jotzen dut.

Unibertsitatea.net atariaren zerbitzu berriak

Atal berriak aurkezteko prentsaurrekoa Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Unibertsitatea.net atariaren zerbitzu berriak aurkeztu ditu gaur Donostian. Atari honen helburua komunitate unibertsitario euskaldunarentzat erreferentziala izango den gunea sortzea da. Bertan irakasleek, ikasleek, ikertzaileek, gurasoek eta abarrek hainbat zerbitzu topatuko dituzte: ikasketa bilatzailea, ikerketarako tresnak, apunte eta materialen txokoa, albisteak, blogak,… Gaur, goizeko 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu dira egitasmo berriak, ikasketa unibertsitarioei buruzko orientazio akademikoa eta ikasleei zuzendutako atala. Aurkezpenean parte hartzeko aukera izan dugunez, hona ekarri ditugu bertan hitz egindakoak.

Ekitaldian sartu aurretik, egin dezagun denboran atzera pixka bat. Duela urtebete edo, UEUkoak gurekin harremanetan jarri ziren Batxilergoko ikasleen orientazio mailako beharrak jakin nahian eta hortik hasita gaur arte harremana etengabea izan da beraiekin. Gauzak horrela, duela aste batzuk Iparrorratza zerbitzuaren berri eman eta ikasleekin baldintza errealetan probatzea eskaini ziguten. Eskatu eta egin, Jakintza Ikastolako DBHO 2ko ikasleak, euskaljakintzako kideak, buru-belarri probaketan sartu ginen eta gaur goizeko prentsaurrekoan gure esperientzia eta balorazioa azaltzeko aukera izan dugu.

UEUko zuzendaria den Lore Erriondo izan da hitza hartzen lehena: “Atari hau aurkeztean aipatu nuen bezala, asko gara komunitate unibertsitarioa osatzen dugunak: ikertzaileak, ikasleak, irakasleak, gurasoak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, laguntzaileak,…; baina askotan sakabanatuta egoten gara. Honegatik, aterpe asmo horrekin sortu genuen atari hau, elkargune, hartu-emanetarako, zalantzak argitzeko, nor garen jakiteko, egiten dugunaren berri izateko, trukerako, ikasteko, kalakan jarduteko, duda-mudan gabiltzanean iparrorratzarena egiteko, irakasteko, asmo berriak partitzeko, planak egiteko, lanean jarduteko, iritzi-trukean, sorkuntzan…

Konturatuko zineten bezala, batez ere ikasleei zuzendutako atalak estreinatzen ditugu oraingo honetan. Beraiek dira unibertsitateko protagonista nagusienetakoak, baina askotan beren beharrizanak albo batera geratzen dira. Guretzat komunitate unibertsitarioaren ezinbesteko protagonista dira eta horregatik, atal berri hauek beraientzat diseinatu ditugu neurri handian, ikasleen izaera bizia, iraultzailea, inkonformista, haize berritzailea eta barrabasa garatzeko tresna egokia eman nahi baitiegu.

Urte bete baino zerbait gehiago pasa da Unibertsitatea.net martxan jarri genuenetik. Tarte honetan komunitate unibertsitarioaren harrera beroak erakutsi digu proiektu honetan jarri genuen ilusioak eta egindako apustuak merezi izan duela. Gaur aurkezten dizkizuegun zerbitzuak gehituta, gainera, zalantzarik ez daukat atari honen erabilera biderkatuko dela, alorreko erreferentzia garrantzitsua bilakatu arte”.

Ondoren, Zuriñe Etxanobek, Unibertsitatea.net atariko arduradunak modulu berriak aurkeztu ditu. “Urtebete inguru da ataria martxan jarri genuenetik eta atariaren oinarri sendo diren hiru atal ditugu martxan:

  • Ziztu bizian gaurkotasunarekin lotura zuzena duen atala (blogak, berriak…)
  • Zer, non ikasi Euskal Herriko titulazioen gaineko informazioa eskaintzen duen atala.
  • Otarrea dokumentuak, apunteak… partekatzeko gunea.

Orain, hiru atal berri aurkezten ditugu:

IPARRORRATZA ORIENTAZIO-ZERBITZUA: Iparrorratza unibertsitateko ikasketen gaineko zalantzak bideratzeko gunea da. Unibertsitatera sartzear dauden, unibertsitatean dauden eta unibertsitatea bukatzear dauden ikasleei dago bereziki zuzendua. Bere alorrean bakarra da Iparrorratza: euskaraz, doakoa, online, pertsonalizatua… eta erantzuna ematerakoan inpartziala. Hori dela eta, ziur gaude izugarrizko arrakasta izango duela zerbitzu honek. Erabiltzaileak Galdera egin botoian klik egin eta modu errazean bideratu dezake bere galdera (Galdera egiteko aholkuak atala bisitatzea lagungarria izan daiteke galdera formulatzerako orduan). Unibertsitatea.net atariko orientazio-taldeak ahalik eta azkarren emango dio erantzuna galderari eta galdetzaileak helbide elektronikoan jasoko du erantzuna. Galdera publikoa denean argitaratu egingo da. Bestalde, eginda dauden galdera-erantzunetan ere informazio baliagarria aurkitu dezake erabiltzaileak hitz bidezko bilaketa eginez edo galdera ohikoenen FAQ atalean kontsulta eginez.

IKASLEEN TXOKOA: Ikaslearen izaerari lotuta doaz egoitza bilatzearen beharra, bigarren eskuko gauzak saltzeko eta erosteko beharra, aldizkako lanak bilatzeko beharra eta alde ludikoarekin lotutakoak ere. Beharrizan horiei guztiei erantzuteko ikasleak atariaren iragarki oholora jotzeko aukera izango du eta baita beste ikasleekin foroetan komunikatzekoa ere. Iragarki oholean sailkatuta daude iragarkiak: Bidaia, Etxea, Kotxea, Lana, Salerosi eta Praktikak. Batetik, erabiltzaileak iragarkiak kontsultatzeko eta iragarki egilearekin kontaktuan jartzeko aukera du. Bestetik, Iragarki gehitu botoian klik egin eta modu errazean gehitu dezake momentuan iragarkia. Foroekin, berriz, ikasleen arteko komunikazioa bultzatzea da asmoa.

ERREMINTA-KUTXA (Otarrearen azpiatala): Atal honetan, Interneten aurki daitezkeen euskaraz ikasteko eta ikertzeko baliabideak antolatu eta sailkatuta erakutsiko dira. Euskarazko baliabideei lehentasuna emango zaie, (esate baterako, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basearen tankerakoei), baina beste hizkuntza batzuetako eduki eta baliabide nagusietarako sarbidea eskainiko da.

unibertsitatea.net UEUko ordezkariek atal berrien erabilgarritasun erreala ikusi nahi izan dute publikora ekarri aurretik, eta hori dela eta, lehen aipatu dudan legez, gurekin frogatu dute Iparrorratza zerbitzua. Nik atari hau ikasleentzat orokorrean eta ertainetakoentzat bereziki izan daitekeen laguntza azpimarratu dut. Hauexek izan dira nire hitzak (gutxi gorabehera): “Unibertsitatea.net atariaren aurkezpen egunean adierazi genuen bezala, unibertsitate eta ikastetxeen arteko uztarketa eta sintonia ezinbestekoak dira. Gure harremanak zuzen-zuzenekoa izan behar luke esparru guztietan, besteak beste, guztion helburua delako ziurtatzea gure ikasleek kalitatezko hezkuntza integrala jasotzen dutela euren ikasle ibilbidearen bidezidor guztietan. Unibertsitate eta ikastetxeak bide beretik goaz, nahiz eta ibilaldiaren fase ezberdinetan egon. Zoritxarrez, urte askotan paraleloan ibili izan gara, ukitu txikiena izatera ere heldu gabe.

Hori dela eta, oso pozgarria izan zen UEUkoak orientazio arloan izan genitzakeen beharrak detektatu nahian eta iradokizun eske ikastolara etorri zitzaizkigunean. Baina oraindik gehiago poztu gintuen Iparrorratza egitasmoa martxan jartzear zeudela jakiteak; izan ere, zerbitzu berri hau gure beharrak asetzera dator neurri handi batean.

Iparrorratza zerbitzua Batxilergo 2ko ikasleekin baldintza errealetan probatzeko aukera izan dugu Jakintza Ikastolan. Ikasleek oso gustura hartu dute egitasmoa abian jartzea eta, zerbitzu berria probatu ondoren, ondorengoak dira azpimarratu nahi ditugun alderdiak:

  • Beharrezkoa ikusten dugu mota honetako zerbitzu bat. Gaur egun, arazoa ez da informazio eza, kontrakoa baizik. Udaberrian loreak bezala, sortzen dira sarean zehar edozer kontsultatzeko orientaziorako guneak; dena den, ikasleek klik batetik bestera ibili behar izaten dute, askotan noraezean. Iparrorratza zerbitzuak asko errazten du prozesu osoa; izan ere, gune bakar batera joz, behar duzun informazioa eskura baitezakezu.
  • Teknikoki aplikazioa oso erabilerraza da. Erabiltzaile arrunt batek, ordenagailu kontuetan ezagutza berezirik izan gabe, modu erraz eta erosoan egin dezake galdera. Gunean sartu, galdera egin sakatu, idatzi kezka, zure izena, helbide elektronikoa eta galdera bidali. Hori da egin beharreko guztia. Galdetutakoa publikoa ala pribatua izateko aukera ere ematen da. Nolanahi ere, oro har irakasleok ikasleei galdera publikoak egitea aholkatu beharko genieke, denok denongandik ikasi ahal izateko. Azken batean, ikasle askok zalantza berdintsuak izan ohi dituzte eta ikastetxe ezberdinetako orientatzaile eta tutoreak galdera berdinei etengabe erantzuten ibiltzea baino askoz ere egokiagoa da gune bakar batean zalantza horiek guztiak biltzea, edozein unetan edonork kontsultatu ahal izateko.
  • Ordenagailuaren atzean “pertsonak” egotea oso garrantzitsua da eta baita pertsona horiek “interes berezirik” gabekoak izatea ere. Jaso ditugun erantzunak erabat pertsonalizatuak dira (“Kaixo, Amaia”…) eta harreman zuzena nahiz elkarrizketa ahalbidetzen dute. Bestalde, eskaintzen den informazioa erabat neutrala da. Unibertsitate ezberdinak gure ikastetxeetara etortzen direnean, logikoa den bezala, euren eskaintza azaltzera mugatzen dira. Beraz, informazio orokor eta neutrala jasotzeko plataforma egokia izan daiteke hau.
  • Edonor, edonoiz, edonon erabil daiteke. Edozein pertsonak egin dezake galdera edozein unetan eta edozein lekutatik. Horrek ere, informazio bilketa izugarri arintzeaz gain, jende gehiago (ikasleak, gurasoak, irakasleak…) parte hartzera animatzen du.

Ez dago zalantzarik guraso eta irakasleoi ere ederki etorriko zaigula. Alde batetik, gurasoek zerbitzua erabiltzen badute, zuzenean lagun diezaieketelako euren seme-alabei etorkizunari buruzko erabaki egokia hartzeko orduan. Bestetik, irakasleoi ere bide berriak irekiko dizkigu informazioa lortzeko garaian; izan ere, adin horretako ikasleekin gabiltzanok garbi daukagu, noizbehinka, nekez erantzun ditzakegun zalantzak sortzen direla.

Jaio berria den Iparrorratza zerbitzuak arestian aipatutako aukera hauek guztiak ematen ditu. Modu eraginkorrean kudeatzen bada eta harrera ona badu, potentzialtasun handiko tresna izan daitekeela garbi dago. Hori dela eta, Jakintza Ikastolaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot UEUri egitasmo garrantzitsu honen ernatze eta jaiotzan parte hartzeko aukera eskaintzeagatik eta, bide batez, buruan dituzten ideia berriak gauzatzera animatu. Kalitatezko hezkuntza lortuko badugu, denok denongandik ikastea eta guztion kezka eta beharren berri izatea ezinbestekoa da. Horregatik, nire uste apalean, orientazioan ematen ari zareten aurrera pauso hau hezkuntzaren beste esparruetara eramateko gai izan beharko genuke.”

Amaitzeko, zorterik onena opa dizuegu ibilbide berri honetan, zuen arrakasta denona izango baita!

Inkestak egiteko modulu berria Google Spreadsheeten

inkestak

Google Docsen inguruan nire kideekin hitz egiten dudanean ia beti bukatzen dugu berdinean: MOffice edo OpenOffice bezalako aplikazioekin konparatuta, askoz ere aukera gutxiago eskaintzen dituela aipatuz. Egi ukaezina da eta, seguraski, izango da etorkizunean ere. Ziur nago hori ere oso garbi daukatela Googleeko garatzaileek. Merkatuko aplikaziorik potenteena, alegia, tresna eta aukeraz jositako tresna bat garatzea baino konpetentziak eskaintzen ez dituen zerbitzuak abian jartzea dute helburu nagusia. Eta horretan maixuak dira Googleekoak. Bitxia da benetan zerbitzu hauek kaleratu arte jarraitzen duten prozesua, izan ere, kasu gehienetan zerbitzu hauek euren eguneroko lanean erabiltzen dituztenak dira. Euren beharrak aztertu eta asetuko dituzten aplikazioak diseinatu eta garatzen dituzte. Aplikazioa findu dutenean, guztion eskura ipintzen dute euren lantokian denbora luzez erabiltzen eduki duten zerbitzua. Horixe da, adibidez, Google Chartekin gertatutakoa (gertuko adibide bat jartzearren) edota hemen aurkeztu nahi dizuedan zerbitzu berriarekin.

Izan ere, une honetan Google Spreadsheeten bitartez aukera daukagu inkestak sortu, partekatu eta, jasotako erantzunekin, datu taulak eta grafikoak modu automatikoan sortzeko. Formularioa sortzeko prozedura oso sinplea da:

  1. Kalkulu orri berria sortzen dugu lehenik
  2. Jarraian dokumnetua gordeko dugu.

  3. “Share” botoia sakatuko dugu eta irekiko zaigun leiho berrian, “Invite people” atalaren barruan zeuden ohiko bi aukeretaz gain berri bat ikusi ahal izango dugu: “to fill out a form”. Azken hau hautatuko dugu. Azpiko testu kutxa desagertuko zaigu eta formularioa sortzeko botoi bat ikusi ahal izango dugu.
  4. Botoia sakatuko dugu. pop-up bat irekiko zaigu inkesta osatzeko beharko ditugun aukera guztiekin: formularioaren izena, deskribapena eta galdera zerrenda. Galdera bakoitzarentzat hiru kutxa ikusiko ditugu: lehenengoan galdera bera joango da, bigarrenean bere deskribapena eta azpian erantzun mota desberdinak. Bost aukera ezberdin izango ditugu: testu librea (lerro batean edota paragrafo batean), erantzun bakarra edo anitzak hautatzea edota zerrenda batetik erantzun bat esleitzeko aukera. Ez dira aukera gehiegi baina inkesta sinpleak egiteko nahikoak.
  5. Edizioarekin amaitzerakoan, postaz partekatu ahal izango dugu sortutako formularioa ohi bezala.
  6. Jasotako emaitzak sortu dugun kalkulu orrian jasoko ditugu modu automatikoan, inkestak betetzen diren heinean. Jasotako datuekin grafikoak sortu eta hauen analisia egitea gauza sinplea bilakatzen da. Nahi izanez gero ere kalkulu orri hau argitaratu daiteke eta emaitzen lotura edonori bidali ahal izango diogu. Azkenik, eta horrela nahi izanez gero, beste edozein webgunetan enbotatzeko kodea ere erabili ahal izango dugu

Proba modura, hemen uzten dizuet inkestatxo bat nahi duenak betetzeko. Emaitzak azpiko leihoan ikusi ahal izango dituzue denbora errealean.

Tresna honek izugarrizko balioa izan dezake irakasleontzat. Izan ere, Google Apps erabiltzen dugunok, gure ikasleen kontaktuen zerrenda eskura izanik, oso modu sinplean prestatu ditzakegu galdetegiak edo inkestak, ikasleek euren posta elektronikotik zuzenean bete eta jarraian emaitzak bidaltzeko. Nire kasuan adibidez, ikasturte amaieran gaiarekiko izan duten asebetetze maila neurtzeko inkestatxo bat pasatzen diet. Mila buruhauste izaten ditut inkesta pretatzeko zein tresna erabili behar dudan erabakitzerakoan: erraza izatea, emaitzak modu anonimoan jasotzeko aukera ematea, etxetik betetzeko modukoa izatea… Oso garbi daukat zein den erabiliko dudan tresna aurten

Google Docs ez da munduko ofimatika aplikaziorik potenteena; baina ez dago munduan ofimatika aplikaziorik, Google Docsen antzera, gure eguneroko lana hainbeste errazten duenik. Horretaz ez daukat inongo dudarik.