Santa Anako jaiak hastera doaz

Asteburu honetan hasten dira ofizialki Ordiziako Santa Ana jaiak. Gaur eta bihar Haurren Egunak ospatzen ditugu. Bi egun hauetan zehar gure txikitxoek geldi egoteko astirik ez dute izango: txikien koadrila eguna, mozorro dantzaldia frontoian, aurreskua, danborrada… Ondoren, arnasa hartzeko egun batzuk datoz, eta datorren 24ean berriro ere jai giroa izango dugu herrian. IKTerook ekintzaz betetako lau egun hauetaz disfruta dezazuen opa dizuegu Ordiziar guztioi, bereziki, eta kanpotik bisitatzera etorriko zareten guztioi.

Eta parada aprobetxatuz gure ikastolako web orriari toke “juergista” bat ere eman diogu. Bisita ezazue!!! (Oharra: web orria era egokian ikusi ahal izateko Internet Explorer beharrezkoa da :sad: )

Ordizia: 2. frontoia???

Opor hauetan gure ikastola hankaz gora daukagu. Urtero lez, eraikina mantentzeko lanak hasita daude: infogela berri bat egokitu, hormak margotu, zaharkitutako altzariak aldatu, instalakuntza elektrikoa egokitu… Baina, zalantzarik gabe, egiten ari garen berrikuntza guztien artean deigarriena ikastolaren kanpoaldean egiten ari garena da: ikastolako jolastokia estaltzeko eta frontoia eraikitzeko obrak, hain zuzen ere.

Ordizia ez da oso herri handia baina frontoi bakarra izateak pilotazale asko inguruko herri txikietako frontoietara joatera derrigortu ditu. Gainera, bolada batean, udalak frontoia giltzapean jarri zuenez, Ordizian nahiko ahulduta zegoen pilotazaletasuna galtzeko zorian izan genuen. Ea ikastolak egin behar duen ahalegin handi honekin berriro suspertzen dugun gurea den kirol hau. Une honetan, 8-9 urteko pilotari bikainak ditugu eta konbentzituta nago frontoia ikastolan izateak gure harrobia indartuko duela eta agian urte batzuk barru entzungo dugu ordiziar batek Aimar Olaizolari koroa kentzen diola.

Bestalde, herritar guztientzat irekita egongo denez, ez da giro faltako ikastolako frontoian. Irakasleen artean ere, ordiziarrek herri txikietako irakasleei aspaldi desafioa bota zieten, baina azken hauek beldurtuta ez dira sekula ausartu. Orain aitzakiarik gabe gelditzen dira. Portzierto, Ordiziako bikotea bi IKTeroz osaturik legoke. Hemen ere saltseroak.

Hemendik aurrera obra hauen jarraipena egingo dut eta hemen nahiz ikastolako web orrialdean lanen berri izango duzue. Gaur hasiko naiz frontoiak erakusten duen aurpegia erakutsiz.

Frontoia

Weblogak irakaskuntzan: Muñoz de la Peñaren ikastaroa

Denbora bat daramat (azken hilabeteak gutxi gorabehera) weblogen mundua ezagutu eta honen mendean erorita, zorionez edo zoritxarrez (oraindik ez dut oso garbi!). Ikaskuntza-irakaskuntzaren ikuskera konstruktibista duen IKTero horietako bat naizen neurrian, hurrengo urtean nire gaietako bat jorratzeko webloga tresna erabiltzeko asmoa dudala behin baino gehiagotan azaldu dizuet nire postetan.
Denbora honetan, aipatutako alorrean lan interesgarria egiten ari direnen izenak eta weblogak ezagutzeko aukera ere izan dut: Carlos Tirado, José Luis Orihuela … Baina, gaur, bereziki Francisco Muñoz de la Peña irakasleari buruz hitz egin nahi dizuet. Izan ere, ostiralean irakurri nuen Bilbora ikastaro bat ematera zetorrela eta, ausardiaren ausardiaz, izena emateko deitu (epea, noski, aspaldi bukatuta zegoen) eta baiezkoa eman zidaten. Horrelaxe, bada, bertan izan naiz eta benetan interesgarriak iruditu zaizkit han ikusi eta ikasitakoak.

Muñoz de la Peña irakaslea

Muñoz de la Peña, Aula Tecnológica Siglo XXI Hezkuntza Atariaren sortzailea, gizon ireki eta ideiez betea da; Extremadurako azentu eta doinu bereziaz hitz egiten duena. Goiz osoa pasa zenezake berari entzuten, bere hitzek askatzen duten musikaltasunari adi…Baina gatozen harira!
Gaurkoan, hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, irakurketa-idazketaren didaktikarako tresna oparotzat aurkeztu eta weblogen abantailez hitz egiteaz gain, tresna hauek sortzeko sistema batzuk erakutsi dizkigu: Acelblog, Blogalia , Blogia, WordPress-ek kudeatutako Berriemaile eta beste asko. Halere, bereziki emozionatuta ikusi dugu azken egun hauetan ezagutu duen Zoomblog-arekin eta sakontasunean aztertzeari ekin diogu. Erabiltzeko oso erraza izateaz gain, baditu aukera batzuk nik beste batzuetan aurkitu ez ditudanak:

    zoomblog

    1. Testu editoreak “what you see is what you get” sistema erabiltzen du (word-en idazten arituko bazina bezala): ez du HTML hizkuntza erabiltzen.
    2. Artikulu bat idazteko ez dago administrazioan sartu beharrik, posta elektronikoaz bidal daiteke (ikasleentzat oso erosoa).
    3. Trackback automatikoa du (ez daukazu idatzi beharrik).
    4. Argazkiak eta irudiak txertatzea oso erraza izateaz gain, Flickr erabiliz, zure albumak osatu eta zuzenean argazkiak txertatzeko aukera ere ematen du.

Hitz batez, aukera mordo bat eskaintzen ditu!! Gainera, berak osatutako material interesgarri bat banatu digu patxadan azter dezagun (eta horixe da nik egin behar dudana artikulu hau publikatu ostean).
Amaitzeko esango dizuet asteazken, ostegun eta ostiralean irakaslea Donostian izango dela Hot Potatoes-en inguruan ikastaro bat ematen. Ezetz asmatu nork eman duen izena hara joateko? Nik, noski!

Hitzetatik ekintzetara

Teoria eta praxia
Teorietatik praxira.

Pedagogiaren munduan murgilduta ibili garenok, behin baino gehiagotan, argudiatu egin behar izan ditugu eginiko proposamenak, aurkeztutako proiektuak, emandako urratsak… Beti ere, maila teorikoan eta, askotan, proiektuak gauzatu baino lehen. Horrekin, pertzepzio ezkor bat zabaldu da hezitzaile askoren artean: nola justifikatu egin nahi dudan hori? Nik baino gehiago dakiten horiek zer esango ote dute? Egin nahi dudan hori aurrerakoia izango al da?… Bestalde, hainbat ikastetxek duten egitura bertikalak ere ez du gehiegi lagundu ekimen berritzaileen inplementazioan.

Balazta hauek oztopatu egin dute, ene uste apalean, irakaskuntzan diharduten irakasle askoren iniziatiba eta sormena, baita gurea ere. Askotan gertatzen zaigu oso garbi dugula zer egin eta nola nahi dugun baina, zergatia azaltzeko nahiko gaitasunik ez eta, gisa horretako “putzuetan” ez sartzeagatik, egin gabe edo proposatu gabe uztea. Bestetan berriz, eztabaida luze eta astunetan (antzuak esatera ez naiz ausartzen ) murgiltzera garamatzate.

IKTerook abantaila bikoitza dugu: alde batetik, gure ikastolako egiturak eta antolakuntzak erraztasunak ematen dizkigula gure ekimenak aurrera eramateko eta, bestetik, gure artean izaten ditugun eztabaidek oinarri teoriko sendo bat ematen digula gure proposamenak aurrera eramateko. Honi guztiari eransten badiogu gure taldearen lanerako filosofia logikoa da pentsatzea gure taldean teorizatzaileak baino gehiago ekintzaileak garela. Gure teoriarik hoberena gure lana izan da.

Horregatik guztiagatik, pentsatzen dut une honetan prestatzen ari garen proiektuak, gure artean nahiko justifikatuta daudela eta horiek ahalik eta ondoen prestatu eta aurrera eramatea izan behar dela gure eginkizuna.

Datorren ikasturtean, proiektu horiek gauzatzen ditugunean ikusiko dugu, orain arte gure proiektu gehienekin gertatu den bezala, tekno-eszeptikoak nola gerturatzen zaizkigun. Teoria hutsarekin nekez gureganatuko genukeen jendea, gure adibidea ikusita IKTen gurdira igo dira eta hortxe ari dira ikasleekin oso gauza interesgarriak egiten: DVD-ak, CD-ak, entziklopedia multimedia, aldizkari digitalak, bideogintza digitala… Une honetan batzuk webquestak prestatzen ari dira, beste batzuk blogak… baina hori ez da garrantzitsuena, batzuk aurreko urteetako jarduera eta proiektuekin ohartu dira metodologian aldaketa sakon bat egin behar dutela eta euren rola aldatu edo egokitu beharko dutela. Polita da, benetan, ikustea Lehen Hezkuntzako irakasleak nahiz Batxilergokoak kezka berdintsua dutela eta hori ekinaren ekinez lortu da, ez hitzaldi teorikoak ematen eta lana euren esku utziz.

Jolausengandik gauza asko ikasi dut, baita bere “maisua” izan nintzenean ere baina, guztietatik gehien eragin didana, zalantzarik gabe, lankideak erakartzeko eta motibatzeko erabiltzen duen metodologia eta hori aurrera eramateko hartzen duen lana eta patzientzia. Horregatik, ahaleginak egiten ari naiz bide hori urratzen eta, askotan lortzen ez dudan arren, burua gehiegi berotzen zaidalako eta pazientzia falta zaidalako, konpromiso serio bat hartu nahi dut nire buruarekin:

  • Opor hauetan proiektuak garatzen jarraitu
  • Denbora gutxiago eskaini teoriari eta gehiago praxiari
  • Azken hilabeteotan nire “kaskoa” berotu duten testuak aparkaturik utzi errealitatera itzuliz
  • Blog honetan posteatzen jarraitu
  • Nire burua justifikatzeko inongo aitzakiarik ez bilatu

    Abuztuaren amaieran ikusiko dugu hori guztia bete dudan ala ez.

Internet Osakidetzan???

Osakidetza

Azken asteotan senide bati egindako ebakuntza bategatik egun eta ordu asko igaro behar izan dut Donostia Ospitalean eta, ohikoa denez, lehenengo eguneko kezka bakarra ebakuntza horren eboluzioa izaten da. Gero, gauzak ongi doazenean, kasu honetan bezala, hantxe igaro beharreko denbora luze hori nola bete ez da txantxa. Egunkariak, aldizkariak, liburuak… erabilienak izan ohi dira eta dira.

Nik, egun hauetan, ikastolako eramangarri bat eraman dut lana aurreratzearren eta datorren ikasturterako proiektuak garatzeko esperantzaz baina, berehala ohartu nintzen internet behar nuela gauza asko egin ahal izateko. Ospitaleko pertsonalari galdetu nionean konektatzeko aukera ba ote zegoen, ordurako egiaztatuta nuen Wi-Fi konexiorik ez zegoela, harrituta gelditu nintzen jarri zidaten aurpegiarekin eta eman zidaten erantzunarekin: zer?, nola?, internet?… ez dakigu, ez dut uste… Hori bai, beti bezala, oso jarrera atsegina eta euren profesionaltasuna agerian utziz. Ezin kexatuko gara Osakidetzako pertsonalak eskaintzen digun zerbitzuarekin. Baina, munduko gauzarik zailena eta arraroena eskatu izan banu bezala sentiarazi zidaten. Une hartan ez nion beste munduko garrantzirik eman eta nire ohiko gauzetara itzuli nintzen.

Nolanahi ere, ez nuen erantzun hori ahaztu eta, lanean hasten nintzen bakoitzean, galdera bera egiten nion nire buruari: bizi garen informazio eta komunikazio gizarte honetan, nola liteke internet ez izatea honelako gune batean? Hemen, telefoniako kabina besterik ez dut ikusi!

Baina atzo, Ospitaletik atera eta kotxez nindoala irrati batean goi mailako arduradun bat teknologia berriez hitz egiten ari zen, ez dakit zein irrati zen ezta zein administrazioko kargua zuen ere baina, Goierriko tuneletan sartu aurretik eta konexioa galdu aurretik, botatako esaldia ongi barneratu nuen:

… en estos momentos se puede afirmar, sin temor a equivocarnos, que estamos en disposición de colocarnos en la vanguardia europea en el uso de las nuevas tecnologías…

Une hartan bururatu zitzaidan erantzuna ez dut hemen idatziko baina imagina dezakezue… Gure politikoek ahoa bete hortz hitz egiten digute gai hauetaz eta dominak banatzen dizkiete elkarri baina, oraindik faltan botatzen dugu politika eraginkor bat benetako bultzada emateko teknologia berrien erabilerari eta inplementazioari.

Bukatzeko, Osakidetzari ospitaleetan interneteko konexioa izateko aukera eskatuko nioke. Ez dut uste luxua denik. Argentinako senideekin telefonoz hitz egin behar izatea, berriz, bai. Ziur nago Osakidetzak beste lehentasunak izango dituela eta nik ez dut hori zalantzan jarriko baina, era berean, konbentzituta nago enpresa asko prest legokeela zerbitzu hori eskaintzeko eta horrek ez liokeela Osakidetzari kostu gehigarririk ekarriko.