Zergatik ikasten dute ikasleek?

Gaur egungo gizarte globalean, kanpo ebaluazioek mahai gainean ipintzen dituzten datuetan oinarriturik, eskola errendimendua etengabe neurtzen eta konparatzen ari garen garai honetan, kezka handia dago guraso, irakasle eta eskola erakundeen aldetik eskola porrota eta arrakastaren inguruan.

Gai hau hezkuntza komunitatean planteatzen den bakoitzean, lehenengo gauza datorkidana burura da argitu beharko genukeela lehenik zer ulertzen dugun eskola arrakasta bezala, izan ere, irudipena daukat oso ikuspegi desberdinak ditugula administrazio, guraso eta irakasleok. Blog honetan askotan aipatu dudan moduan, nik eskola arrakasta, diagnostiko frogetako emaitzetan datozen zenbaki hotzetatik baina harago, ikasle batek bizitzan topatuko dituen ikaskuntza egoera berriei autonomiaz aurre egiteko gai izatea da. Gaitasun hori eskuratzeak ikasleari ikaskuntza berriak bereganatu, autorregulatu eta pixkanaka-pixkanaka bere formazio pertsonalaren gaineko autonomia eta ardura areagotzea suposatu beharko luke.

Helburu hori lortzea faktore askoren menpe dagoela garbi dago:

  • Kanpoko faktoreak: irakasleok erabilitako metodologia desegokiak, porrotaren aurrean familiaren jarrera etsigarria edo jatorriz ingurune sozio-ekonomiko baxukoa izatea izan daitezke adibide batzuk, besteak beste.
  • Barruko faktoreak: arretarako zailtasunak, eskolarekiko interes falta, taldean lan egiteko ezintasuna, antsietatea kontrolatzeko arazoak izatea, izan daitezke horietako batzuk.

Baina faktore horiek guztiak (eta gehiago) hor egonda ere, eskola eta administraziotik horietako asko murrizten saiatzen bagara ere, garbi dago ikaslearen ikaskuntza prozesua gidatzen duten benetako faktoreak zeintzuk diren aztertzea ez dela erraza:

  • Zer dela eta jatorri sozio-ekonomiko konplikatuetako ikasleek eskolan arrakasta izatea lortzen dute?
  • Zergatik irakasleok erabilitako metodoak desegokiak izanda ere, ikasle batzuentzat horrek ez du oztopo nabarmenik suposatzen eskolan arrakasta lortzeko?
  • Zergatik ikasturte hasieran zailtasunak dituen ikasle batek, ikasturteak aurrera egiten duen heinean hobetzea lortzen du eta azkenik aurretik zehaztutako helburuetara heltzeko gai da?
  • Eta zergatik gertatzen da batzuetan aurreko guztiaren kontrakoa?
  • Zergatik ikasten dute ikasle batzuk eta zergatik ez beste batzuk? NON DAGO ARRAKASTAREN JATORRIA?

Beti interesatu zait gai hau. Izan ere, nire “ohiko” ikasle garaiko esperientzia ez zen beste munduko ezer izan. Ezin dut esan porrot egin nuen ikasle horietako bat izan nintzenik baina arrakastaren goiko definizio horretatik oso urrun nenbilela garbi daukat. Eta orain berriz, “ofizialki” ikasle izateari aspaldi utzi niola kontutan izanik, uste dut askoz ere prestatuagoa nagoela nire ikaskuntza prozesuaren gainera ardura izan eta erronka berriei autonomiaz erantzuteko. Zergatik da hori? Zergatik ikasten dut orain duela bizpahiru hamarkada egiten ez nuen bezala?

Azpian daukazuen dokumentu horretan pista oso interesgarriak ematen dira kontu honen inguruan. Arrakasta edo lorpen helburuen (“Objetivo de logro” erdaraz) kontzeptua jorratzen da bertan eta nola eskolan eta familian, helburu mota bati (objetivo de dominio) edo besteari (objetivo de desempeƱo) garrantzia gehiago ematen bazaio, horrek eragin zuzena izan dezakeen eskola porrotan.

Oso interesgarria eta argigarria guraso zein irakasleontzat.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.