Sekuentzia didaktiko berria: Jendaurrean Hitz Egiten

Garbi dago, ikus-entzunezko baliabideak nonahi aurkitu eta erabil daitezkeen gizarte honetan, gauzak ahoz txukun adieraztea idatziz jasotzea bezain garrantzitsua dela. Duela hamarkada batzurarte ahozko komunikazioa bigarren plano batean zegoen hizkuntzaren didaktikaren atal bat baldin bazen, gaur egun gauzak asko aldatu dira eta derrigorrezkoa dugu ahozko adierazmena idatzizkoaren maila berean ipintzea. Aspalditik dabiltza ikastolako Hizkuntz Proiektuko arduradunak lan horretan, ahozko komunikazioari protagonismo gehiago eman nahian ikasleek burutzen dituzten lanetan (arlo guztietan, ez hizkuntzetan bakarrik). Gertatzen dena da hizkuntza arloan adituak ez garenoi beti ematen digula beldur pixka bat kontu honek, izan ere, ez daukagu oso garbi (edo niri behintzat hori gertatzen zait) zeintzu irizpidetan oinarritu behar garen ahozko komunikazioaren egokitasuna baloratzeko orduan. Eta, nahiz eta bat etorri Hizkuntz Proiektutik datozkigun gomendio eta jarraibideekin, ni behintzat nahiko galduta nabil oraindik ahozko aurkezpen baten zuzentasuna, koherentzia edo kohesioa, besteak beste, ebaluatzeko.

Edonola ere, ikasleekin burutu dudan lehenengo proiektua Jendaurrean Hitz Egiten izenburua da. “Eta zertarako sartu da ba orduan horrelako saltsa batean?” pentsatuko du batek baino gehiagok sarreratxoa irakurri badu. Bada jendaurrean hitz egiteak alderdi komunikatiboarekin, hizkuntzaren erabilerarekin harreman zuzena gordetzen duen bezala, badago bigarren alderdi bat, formalagoa, ideiak antolatu eta azaltzeko moduarekin zerikusia gordetzen duena. Sinplifikatuz alderdi berbala eta ez-berbalak, biak dira beharrezkoak jendaurrean ahozko aurkezpen txukun bat egin nahi bada. Eta lehenengo alderdiari dagokionez hobetzeko asko baldin badaukagu (ikasle zein irakasleok) oraindik , aurkezpenaren antolaketa formalaren ikuspegitik uste dut oraindik handiagoak direla ditugun gabezi eta hobekuntza beharrak.

Ikastolan ikasleek burutzen dituzten ahozko aurkezpen gehienak, hauen forma eta antolaketaren aldetik (ez naiz ari orain hizkuntzari lotutako irakaskuntzei buruz), ikasleei inongo jarraibiderik eman gabe burutzen dira. Adin batetik aurrerako irakasle gehienok oso gutxitan (batzuk inoiz) izan dugu jendaurreko aurkezpen bat prestatzeko beharra. Esperientzia falta hori dela eta, hitzaldiaren gidoia eta egitura, erabiliko diren baliabideak, saihestu behar diren akatsak… modu ezberdinean tratatzen dira irakasle desberdinen artean. Irizpide desberdin horien adibiderik nabarmena ikasleek prestatzen dituzten diapositiba digitalen eduki eta diseinuarena izan daiteke. Irakasle batzuk, adibidez, aurkezpenak egiteko aplikazioak testu prozesadoreak izango balira bezala erabiltzen dituzte, ikasleei diapositibak testuz eta buletaz fusilatzea eskatzen diete. Beste batzuk, aurkezpenean idatzitakoa, zuzenean ahots altuan irakurtzea eskatzen diete. Badira ere, hondo kargatuak, animazio eta trantsizio nekagarriak erabiltzea behartzen dituztenak. Tira, irakasle bakoitzak, bere intuizioak esaten dionaren arabera, modu batera edo bestera gidatzen du ikaslearen lana, eta hauek azkenean, ez dakite oso ondo nondik eta nola heldu behar dioten lanari.

Beraz, kontzientea izanik nire mugetaz ahozko komunikazioari dagokionean, pentsatu nuen aurreko paragrafoan aipatutako kontu horietan laguntzeko gai izan nintekeela eta horrelaxe, azpian daukazuen sekuentzia didaktikoa prestatu nien nire ikasleei.

Egin salto sekuentziara

Pasa den astean amaitu genuen lanarekin. Balorazioa oso positiboa da. Beste edozein arlo edo proiektu lantzen denean gertaten den bezala, hemen ere ikasle batzuei gauza batzuk hobeto atera zaie beste batzuei baino, ikasle batzuk beste batzuk baina trebetasun handiagoa adierazi dute ideiak komunikatzerakoan, batzuei errazagoa egin zaie lan hau eta beste batzuei zailagoa… baina, orokorrean guztiek egin dute aurrera. Azpian dituzue ikasle batzuen diapositibak:

Sekuentziarekin amaitzeko ikasleek egindakoaren inguruan hausnartu behar izan dute: nik esango nukeĀ  lehenengo aldia dela autoebaluazio egituratu moduko bat egitea tokatzen zaiela. Eta nik ere horretarako erabiltzen dut blog hau. Beraz, hona hemen egindakoaren inguruko nire balorazioa:

  • Gorago esaten nuen bezala, orokorrean helburu nagusia lortu dela esango nuke. Ahozko aurkezpen baten prestaketaren oinarriak ezagutu, ulertu eta aplikatu dituzte guztiek. Gero, egia da bakoitzak esku desberdina duela diapositibak diseinatzerakoan, gaitasun komunikatzailea ere ez dutela berdina, gidoiaren prestaketan guztiek ez dute arreta eta lan berbera egin… baina alderdi horietan guztietan denek egin dute aurrera. Dena den ez dira bakarrik sekuentzia honi dagozkion helburuak bete. Bi urte ziklorako zehaztu nituen helburu orokorragoak eta garrantzitsuagoak ere bete direla esango nuke: mailako beste ikasleen aurrean seguru aurkitu dira, konfiantza irabazi dute eta euren autoestimua asko handitu da. Azken honek ni behintzat erabat asetuta utzi nau.
  • Atazaren definizioa exijentzia maila altuegikoa izan da, konkretuki aurkezpenaren iraupenari zegokion baldintza gehiegizkoa izan da. Orain arte ikasle hauek ez dute inoiz denbora baldintzarik bete behar izan euren aurkezpenetan. Lehenengo aldia izan da denbora neurtzea eskatu zaiena eta hogei minutuko denbora tartea luzeegia egin zaie guztiei. Hurrengo baterako hamar-hamabost minututara jaitsiko dut aurkezpenaren iraupena.
  • Aurrekoa esanda, gehienak ez dira hamabost minutuko muga horretara ere heldu. Eta arazoa jarraitzen dugu puntu berean izaten: aurretiko planifikazio lana oso azaletik egiten jarraitzen dugu. Kasu honetan aurkezpenaren gidoia behar bezala prestatzea zerbait kritikoa zen eta salbuespenen bat kenduta, gidoi gehienak nahiko azaletik eginda egon dira. Gidoian oinarrituta diapositibak sortu eta entsegu orokorra egitea tokatu zaienean jabetu dira ikasle gehienak zeinen motz geratu diren ezarritako helburutik. Baina ordurako beranduegi zen hasieran osatu gabe utzitakoa osatzeko. Tira, hurrengo baterako arreta handiagoa eskaini beharko diogu planifikazio fase honi.
  • Entsegu orokorra eta aurkezpen ofizialak izan dira unerik gogorrenak ikasleentzat. Berez, ohituta daude gelakideen aurrean aurkezpenak egitea baina oraingo bi saio hauetan, aurkezpena Lavalier mikro batekin egin dute, aurkezpenak aurrera pasatzeko urrutiko aginte batekin eta guztia bideoan grabatuta geratu da. Gainera, entzuleen artean beste irakasle batzuk ere egon dira eta eurek ere ikasleak balorazio matrizearen bitartez ebaluatu dituzte. Horrek guztiak, aurkezpen honi ukitu “profesional” bat eman dio, ikasleak uste baino gehiago estutu dituena. Baina ez naiz damutzen horrela egin izana. Ikasleek adierazi duten tentsioa eta seriotasuna lana egiterakoan gutxitan ikusi dut ikasle talde batean. Batzuentzat gehiegi izan bada ere (justifikazio gehiegirik ez zuten beldurrei aurre egitea kosta zaie) hurrengo baterako baldintza hauek bere horretan mantentzea erabaki dut.
  • Ikastolen Elkarteko adituak burua hausten duten bitartean zein izan behar den ikaslearen irteera profila Bigarren Hezkuntza amaitutakoan, nik garbi daukat norberaren ikaskuntza prozesua modu autonomoan kudeatzea eta ikaskuntzaren autorregulaziorako konpetentzia (ikasten ikasi) garatzea ezinbesteko helburu bi izan behar direla ikaslearentzat zehaztu nahi den profil horretan. Ez da gauza erraza jarraitutako ikas-prozesuaren inguruan ikasle bakoitzak jarraitu duen bidearen gaineko hausnarketa eraikitzailea egitea (are gutxiago lehenengo aldian) baina hala eta guztiz ere, positibotzat hartzen dut ikasleek egiten duten ahalegina euren lana autoebaluatzerakoan. Ea ikasturte amaierarako ariketa hau naturaltasunez egiten duten eta, bide batez, ikasleentzat baliagarria izaten den.
  • Bukatzeko, pena txiki batekin geratu naiz. Sekuentzia honek hizkuntza arloko irakasle baten ekarpenak behar ditu jendaurreko aurkezpena bere osotasunean landuta gera dadin. Banekien atal honetan hanka-motz geratuko zela eta hala izan da. Sekuentzia osatu eta aberastu beharko nuke eta hori bakar-bakarrik egin dezaket diziplina desberdinetako irakasle talde baten artean sekuentzia birplanteatuta. Ea noizbait lortzen dugun gure ikastolan, mintegi desberdinen arteko irakasle talde baten artean horrelako sekuentziak sortu, osatu eta aberastea. Hortxe dago ikastola moderno batek duen erronka nagusienetako bat; elkarlan multi eta metadiziplinarra.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.