Gaur goizean beste bideo interesgarri batekin topatu naiz. Virginiako John Hunter irakasleak 2011ko martxoan eskainitako TEDTalk bat topatu dut sarean. Bertan Hunter-ek duela 34 urte asmatu zuen World Peace Game izeneko eskola ekimen interesgarriaren berri izan dut. Azpian daukazue bere hitzaldia (erdarazko azpitituluak aukeran dituzue).
World Peace Game delakoarekin Hunter-ek bederatzi urteko haurrak rol joku batean murgiltzen ditu. Munduaren irudikapena izan nahi duen hiru geruza dituen mahai joko baten inguruan ipintzen ditu bere ikasleak. Bakoitzak rol zehatz bat hartzen du (lepotik zintzilik daramaten orritxoetan irakur daiteke nor ordezkatzen duen bakoitzak) eta horren arabera mundu mailan gertatzen diren arazo politiko, sozial, militar eta ekonomikoen inguruan ikasleak lanean ipintzen ditu. Azpiko bideoan daukazue gela barruan ikasleekin egiten duen lanketaren laburpen bat:
Pertsonaia desberdinen paperean sartzea eta hauek bizi dituzten arazoak simulatu eta hauen aurrean konponbideak erabakitzea haurrek naturaltasunez egiten duten zerbait izaten da, izan ere, umeentzat helduon bizitza simulatzea ohiko jolas bat izaten da. Beste modu batean bada ere, gazte eta helduoi ere gustatzen zaigu askotan besteen paperean sartzea: hortxe The Sims bideojokoa edo Second Life horren lekuko.
Ikaskuntza teknika bezala oso interesgarria iruditzen zait rol jokoa. Egia da irakasleon aldetik teknika honen oinarriak menperatzea eskatzen duela, prozesuaren bideratzaileak izaten jakitea beharrezkoa dela baina protagonismo gehiegirik hartu gabe, rol jokoaren bitartez zein helburu lortu nahi ditugun garbi izatea beharrezkoa dugula… eta horrek trebakuntza eta esperientzia minimo bat eskatzen duela. Baina hori lortzen badugu, uste dut horrelako metodologia bat ikaskuntza esanguratsua, ikaskuntza “autentikoa” lortzeko modurik aproposena dela. Eta autentikoaz hitz egiten ari naizenean ez naiz ari ikasitako edukien baliagarritasunaz bakarrik (hori ere bada arrazoi bat baina ez bakarra). Horrelako metodologia batekin adimen anitzak garatzen dira (intra eta interpertsonalak nagusiki), pentsamendu kritikoa mobilizatzen da (izugarri garrantzitsua gaur egun bizi dugun gizarte konplexu honetan), pentsamendu sortzailea areagotzen da (“creative thinking” deitzen diote anglosaxoiek) eta balore unibertsalen inguruko hausnarketa bultzatzen da (pakea, justizia, solidaritatea…) Aurreko batean aipatu nuen bezala, hauek dira niretzat XXI. mendeko ikastola idealaren zimenduak, azpiko irudian islatu nahi izan nuen bezala behin:
Irailean Mikelek eta biok elkarrekin emango dugun gai batean, rol jokoan oinarritutako proiektutxo bat aurrera eramateko asmoa daukagu DBH 3ko ikasleekin. Irakasle bezala ez dut inoiz horrelako teknikarik erabili gela barruan eta ikasleek ere uste dut ez dutela sekulan horrelako dinamika batean parte hartu ikastolan. Errespetu pixka bat ematen dit esperientzia berri honek baina ez diot beldurrik. Kontzientea naiz mahaiaren hirugarren hanka sendotzen ari naizela horrelako praktikekin eta orduan idatzi nuen bezala:
Bi urte dauzkat aurretik gutxienez, handik eta hemendik irakurritakoa praktikan jartzeko, hanka-sartzeetatik ikasteko, muturrekoren bat edo beste ere jasotzeko. Baina baita ere, zergatik ez, ondo egindako lanak ematen duen harrotasunaz gozatzeko, ikasten ari naizela egiaztatzeak ematen duen satisfazioaz disfrutatzeko, konfiantza hartzen joateko. Ez nago bakarrik gainera, inguruko lankideekin elkarlanean arituko naiz eta lortutako ondorioak guztion artean partekatuko ditugu, duela zazpi urte, blog honekin hasi gineneko izpirituari berriro helduz.
Hemendik hamabi hilabetera egindakoaren balorazio pertsonala hementxe bertan jasoko dut. Ikusiko dugu noraino eman duen honek guztiak.