uela hilabete batzuk, Ana Basterrak Leioako Berritzegune Nagusiak antolatzen dituen topaketetan parte hartzeko gonbitea luzatu zidan. Gela barruan teknologia nola erabiltzen dudan azaltzea animatuko ote nintzen galdetu zidan. Hain ohiko bihurtu diren hezkuntza sarao antzuekin alderatuta, hitzalditxo hau benetan praktikoa izan zitekeela pentsatu nuen; niretzat, orain arte teknologiarekin izan dudan harremanaren inguruan hausnartzeko baliagarria izan zitekeelako, eta bide batez, nire esperientzia pertsonala paradigmatikoa izan zitekeelako beste irakasle batzuentzat eta, agian, hauengan ere hausnarketa eragin zezakeelako. Horrela, Anari otsailaren 7an Leioan izango nintzela agindu nion.
Bi orduko hitzaldiak luzeak izaten dira, astunak gehienetan. Beldur nintzen entzuleak nire bizipen pertsonalekin ez ote nituen aspertuko. Ez dakit hala izan zen, ni behintzat horrela ez izaten ahalegindu nintzen
Azpian daukazue atzo erabilitako aurkezpena:
Ni gustura bukatu nuen atzoko esperientziatik. Nire xedea hitzaldira etorriko ziren irakasleei ilusio pixka bat transmititzea izan zen, besterik ez. Nire ikastolan bigarren hezkuntzako irakasle gehienak triste ikusten ditut, batzuk nazkatuta ere. Zaila egiten zait beraiena gerturatzea eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela adieraztea, euren egoera hori aldatzearen ardura ez dela bakarrik ikasle edo gurasoena, gu garela aldaketaren gakoa. Eta aldaketa horrek eragin zuzena norbaitengan badu, hori gugan dela, gure satisfazio eta asebetetze pertsonal eta profesionalean. Etxean hainbeste kostatzen zaidana, topaketetara agertu ziren irakasleei transmititzen ahalegindu nien. Ez dakit lortu ote nuen.
Eskerrak eman nahi diet Ana, Pilar eta Berritzeguneko gainontzeko lagunei, eskainitako harrera goxoarengatik. Eskerrak ere hitzaldira agertu ziren irakasle guztiei baina bereziki Gorka Azkarateri, atzo Twitterren utzitako hitz politengatik.
Nagusitan @jolaus bezalako irakaslea izateko gogoa izan dut gaur bihardaberandu.wordpress.com/2013/02/08/jok…
— gorka azkarate (@gorkaazk) 7 de febrero de 2013
Irakasle batek jaso dezakeen errekonozimendu politenetako bat izan zen zurea, Gorka.

Zorionak Jokin! Aldaketa posible dela sinesten duzunean eta ideia hori modu argian azaltzen duzunean, aldaketa posible dela erakusten diguzu. Segi horrela! Zure ikusioaz kontajiatzerik banu…
Ze erremedio Urko. Gauzak egunen batean desberin egingo ditugu sinistu beharrean nago. Urte asko (gehiegi) ditut oraindik lanbide honetan gauzak bere horretan jarraitu dutela pentsatzeko. Farmazia uzteko arrazoi nagusiena horixe izan zen: errutinaz betetako etorkizun profesionalak panikoa ematen zidan.
Irakaskuntzan gauzak ez direla aldatuko sinesten badut, farmazian bizi nahi ez nuen egoera errepikatzea etsituta nago. Eta ez dut hortik pasatu nahi. Farmazilari lana ez zen gehiegi motibatzen ninduen lanbidea; baina irakasle izatea ikaragarri gustukoa dut. Lanbidean bizirik mantendu nahi badut, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinestea behartuta nago. Ez dago beste erremediorik!
Gorkak esandakoak den dena adierazten du. Ez pentsa irakasle guztiok zuk bezalako ibilbide profesionala izan duten, are gehiago, gehienak bizitzaren konformitatearen barruan bizi dira (gara). Orain dela gutxi “TED” hitzaldi batean, gure burmuina aldaketak onartzeko prestaturik ez dagoela ikusi nuen, desoreka handia sortuz gero, egoera berri batean konpontzeko denboraldia behar da eta, nik gaineratzen dut, adorea ere bai. Segi aurrera!
http://www.ted.com/talks/beau_lotto_amy_o_toole_science_is_for_everyone_kids_included.html
Eskerrik asko Pilar
Polita eta oso adierazgarria bideoa. Nire ikasleei pasako diet.