Jakintza ikastolaren barne-antolaketa berria: azalpena

Lanbide guztietan gertatzen den moduan, gurean ere gorabehera handiak izaten dira irakasleok egite dugun ibilbide profesionalean. Alderdi horretatik, gure lanbidea ez da besteekiko desberdina. Nire kasu pertsonalean, behin edo behin adierazi izan dudan moduan, azken hiru urte hauek ez dira oso positiboak izan. Ariketa sanoa da, tartean behin, norberak egiten duenaren inguruan hausnartzea, beti ere hausnarketa hori hobekuntzaren abiapuntua bezala kontsideratuta eta ez kontuak inori eskatzeko asmoz.

Egia da gero ez dela erraza izaten balorazio horren emaitzak ingurukoekin partekatzea eta askok, kontuak eskatzera datozela uste dugunean “a la defensiva” jartzen gara, zaila izaten delarik gero eztabaida eraikitzaile minimo bat izatea. Gure lanaren ebaluazioa egiten zaigunean eta ebaluazio horren emaitzak komunikatzen zaizkigunean, ez gara ez, oso irekiak agertzen kasu askotan. Erroreak edo hain ondo egiten ez ditugunak frakasotzat hartzeko joera daukagu oraindik, hobetze prozesu baten abiapuntua izan daiteeen aukera bat baino gehiago. Eta nik uste dut hori bera dela gure ikasleei transmititzen dieguna euren ebaluazioa egiten dugunean. Baina tira, hori beste gai bat da.

Nire kasuan, ikusita teknologiaren arloan nituen espektatibak eta bultzatu nahi nituen baloreak lortzea zaila egiten ari zitzaidala, 2008an IKT dinamizatzaile bezala nituen ardura eta helburuen inguruko hausnarketa egiten hasi nintzen. Antzeman nituen arazoetako asko nire pertsonarekin zuzenean erlazionatuta zeuden, nire lan-egiteko eta izateko moduarekin. Baina beste askok arazo estrukturalak zirela garbi ikusten nuen, pedagogia, kudeaketa, antolaketa, baliabideen kudeaketa… eta antzekoekin erlazionatuta zeudenak. Askotan errazagoa egiten zaigu inguruan daukaguna aldatzea gu geu aldatzea baino eta baliteke hori ere nire erruetako bat izatea. Beraz, nire ikuspegiaren arabera ikastolak zer behar zituen aztertzen hasi nintzen eta 2009ko otsailaren hasieran zuzendaritzan izandako bilera batean azaldu nuen. Ziurrenik bilera hartan aurretik egin behareko lanak egin gabe eraman nituen, baliteke ere testuinguru hartan tonua eta moduak egokienak izatea, ziurrenik ere ez nuen jakin izan besteen lekuan ipintzen… kontua da bileratik nahiko frustratuta atera nintzela.

Frustrazio eta ezkortasun sentsazio horrekin ia urtebete egin nuen. Baina izatez nahiko kaxkagorra naiz eta niretzat hain ebidenteak ziren hobekuntza askoren inguruan eztabaidatu beharra genuen. Mikelek eta biok eman genizkion buelta batzuk gai horri. Analisi eta diagnostiko partekatu baten beharra ikusten genuen, gure ikuspegia osatu eta zuzenduko zuten irirtziak entzun nahi genituen eta, era berean, zein hobekuntza proposamen genituen besteek ere entzutea nahi genuen. Pertsonak, kanalak, moduak eta tonuak oraingoan desberdinak izan ziren eta emaitzak ere desberdinak izan ziren. Askoz ere asertiboagoak aurkeztu ginen eta bilerak ere, askoz ere aberatsagoak izan ziren.

2010eko martxotik ikasturte amaiera arte bilera ugari izan genituen eta gauza askotaz hitz egin genuen. Normala den moduan, gai potolo askotan ikuspegi desberdinak genituen, beste batzuetan irudipena daukat ere gauzak desberdin ulertzen genituela. Baina egon ziren baita ere, elkarguneak eta adostasunak hainbat puntutan. Hauek guztiak webgune batean biltzen joan ginen, poliki-poliki forma ematen.

Denbora pasa da bilera haiek izan genituenetik eta orain, denborak ematen duen perspektibarekin, nik esango nuke ondorengo biak izan zirela izan genituen adostasun puntu nagusiena:

  1. Egun daukagun zuzendaritzaren egiturak eta funtzioek ez dutela gehiegi laguntzen gizartean eta irakaskuntzan gertatzen ari diren aldaketak modu eraginkor eta adimentsuan kudeatzeko: gure zuzendariak dioen moduan “zuzendaritzak nahi baino gehiagotan, suhiltzaile lana betetzen gastatzen ditu denbora eta energiak” eta aukera gutxi geratzen zaizkio gero berrikuntza prozesuei eskaini behar zaien dedikazioa eskaintzeko.
  2. Langileok orohar aurkezten ditugun lan-ohiturak, lan-estiloak, aldaketak behar dituela, berrikuntza pedagogikoa gure ikastolan errelitate bat izatea nahi badugu behintzat: duela hamarkada batzuetatik hona ez da gehiegi aldatu gure eguneroko jarduna, ez gela barruan ezta langileon artean egiten ditugun bileren sistematika ere. Garai berriak bizi ditugu, gizartean aldakuntza sakonak gertatu dira, irakasle gazte berriak etorri dira ikastolara, baliabide teknologiko berriak ditugu eskura, zer den lana, zer formazioa eta zer aisia ez dago garai batean bezain garbi…

Abiapuntu horretatik, aukera desberdinak mahai gainean ipintzen joan ginen, egin zitekeenari buelta batzuk ematen hasi ginen, zer zen bideragarria eta zer ez, nola hasi gintezke beharrezkoa ikusten genuen aldaketa hori bideratzen.

Horrela, kontzienteak izanik aldaketak ez direla etorriko egun batetik bestera, aldaketaren kudeaketaren lehen urratsak ematen hasi ginen. Lehenengoa zera izan zen: aurrean ditugun erronkei arrakastaz erantzuteko egitura berri bat diseinatzea, ikastolak dituen lehentasunen arabera eratuko den eta beharezkoa ikusten genuen irakasleon jardun profesionalaren berrikuntza bultzatzeko ardura nagusiena izango duena. Bigarrena eta garrantzitsuena hauxe izan zen: ikastolako langileei diseinatutako egitura berria aurkeztu eta hauen oniritzia jasotzea.

Egindako bilera guztietan jasotako ekarpenekin, proposamenaren ildo nagusiak jasoko zituen txosten bat prestatzeko enkargua jaso nuen. Jakina denez zeinen luzeak eta astunak diren nire idatziak askotan, gehienera lau orri zituen txostena prestatzeko agindua jaso nuen. Tira, zin egiten dut inoiz baina gehiago ahalegindu nintzen gauzak laburbiltzen baina, hala eta guztiz ere, bost orri bete behar izan nituen azkenean 😉

Txostena, esan bezala, abiapuntu bat izan nahi zuen soilik. Bertan agertzen diren puntuetako gehienek azterketa eta analisi sakonagoa behar zutela garbi genuen, aurrera eramateko estrategia eta bide berrik aztertu eta zehaztea ezinbestekoa zela garbi zegoen, baina “declaración de principios” bezala uste dut baliagarria izan zela. Azpian daukazue txostenaren kopia bat irakurri nahi baduzue:

Behin lehenengo urratsarekin amaitu ondoren, irakasleen onespena jasotzea geratzen zen. Giza-baliabideen kudeaketa eta berrikuntza kontuetan dabiltzan profesionalek esaten dutenez, hauxe izaten omen da aldaketaren kudeaketan puntu kritikoenetako bat: langileek aldaketaren aurrean adierazten duten erresitentzia, nolabaiteko “konfort-egoeratik” irteteko azaltzen duten kontrako jarrera. Ekainean izan genuen asanblada batean aurkeztu zen proposamena eta bertan geunden irakasleen gehiengoaren oniritzia jaso zuen. Nik pertsonalki jaso nuen sentsazioa da irakasleok kontzienteak garela gauzak modu desberdinean egin beharrean gaudela, pixkanaka-pixkanaka gure lan egiteko modu “klasikoa” aldatu beharrean gaudela. Alderdi horretatik, uste dut, ikastolako irakasleek, beste behin, euren profesionaltasuna garbi adierazi zutela.

Beraz, amaitu berri den 2010-2011 ikasturtea izan da lehena modu berri honetan antolatu garena. Normala den bezala, bide berriak urratzen direnean, aurrean zer topatuko dugun jakitea ezinezkoa izaten da. Hori izaten da, kasu gehienetan, aurrera ez egitearen arrazoi nagusietako bat. Nik nahiago dut bidea egiten hastea; etapak gainditzen goazen bitartean, izandako akatsetatik ikasten joateko gai bagara, urte gutxi batzuren bueltan lorpenak agerian geratuko dira, beste askok bidea egiten hasi baino lehen oraindik motxila prestatzen dabiltzan bitartean. Nire balorazio pertsonla beste baterako uzten dut. Jarraituko du…

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.