Irakasleak irakasten saiatzen dira

Lagun baten semea Fisikako ikasketak egiten ari da. Oso emaitza onak lortu ditu orain arteko ikasturteetan eta, azkenekoa burutzeko, Finlandiara joan zen. Hango hezkuntza sistemak duen ospea zela eta, interes berezia nuen berarekin hitz egiteko eta zuzeneko inpresioak jasotzeko.

Ez naiz hasiko Finlandiako arrakastaren giltza zein den aztertzen. Horretarako, sarean arakatuz gero, milaka artikulu topatuko dituzue hango sistemaren bertuteak goraipatzen. Nire asmoa askoz ere xumeagoa da. Bertan dagoen ikasle baten bizipenen inguruko gogoeta txiki bat, besterik ez.

Berarekin hitz egiten eta hango bizipenen inguruko galderak egiten hasi bezain pronto, irakaskuntzan gabiltzanok eta perspektiba teknikoa ez dutenen arteko ikuspegi ezberdintasunaz ohartu nintzen. Ni metodologiaz, baliabidez, antolaketaz… mintzatzen nintzaion eta berak harriduraz begiratzen ninduen. Berak esaten zidan horrelakoetan ez zegoela alde handiegirik (nik pentsatzen dut aldea egonda ere, berak ez zuela horrelakoetan erreparatu bere interesetatik urrun gelditzen baitira gai horiek).

Bere aurpegia ikusita eta esaten zizkidan gauzak entzunda, ondorengo galdera egin nion:

– Zer izan da, bada, hango esperientziaz azpimarratuko zenukeena?

Bere erantzuna lakonikoa bezain biribila izan zen:

– Irakasleak!

Pentsa dezakezuenez, erantzun hori entzunda, nire jakin-mina piztu eta galdera gehiago egiteari ekin nion. Ez dut elkarrizketa osoa hemen aireratuko, baina transmititu zizkidan ideia garrantzitsuenak bai. Horra hor esan zizkidan gauza deigarrienak:

  • Finlandiara joan arte, Institutuan eta EHUn egokitu zitzaizkidan irakasleekin nahiko gustura nengoen, baina Finlandiakoak ezagututa, kolorerik ez dago.
  • Hango irakasleak irakasten saiatzen dira eta hori lortzearren, era guztietako ahaleginak egiten dituzte. Hemen, dakitena erakusten saiatzen dira, baina zuk ikasten duzuna bigarren planoan gelditzen da.
  • Hemengo irakasleek, baita jatorrenak ere, beti zure gainean daudela sentiarazten dizute, hangoek ez. Hangoak zure parean jartzen dira eta eguneroko jokabidean hori transmititzen dizute.
  • Hemengo irakasleek, autonomia sustatzeko, “búscate la vida” da gehien erabiltzen dutena. Hangoek, bidea egiten uzten dizute, baina beti aldamenean dituzula sentiarazten dizute. Bide horretan eginiko akatsak normaltasunez hartzen dituzte eta aurrera egiteko aitzakiatzat erabiltzen dituzte.
  • Askotan, zurekin batera ikasten ari direla demostratzen dute eta errealitate hori poztasunez komentatzen dute. Hemengoak, berriz, orojakileak direla demostratzen eta euren mugak ezkutatzen saiatzen dira.
  • Ikasleren bat, une batean, zailtasunak dituela ikusiz gero, duten guztia jartzen dute arazo horri buelta emateko. Askotan, irakasle ezberdinak elkartzen dira ikasleari behar duen laguntza eskaintzeko. Irakasleen jarrera hori ikusita, ikasleen erreakzioa ia beti oso ona izaten da. Hemengo institutu eta fakultateetan hori pentsaezina da.
  • Hemengo irakasleek bezala, hango irakasleek ordutegi bat dute, baina han hori ez da oztopo izaten beraiengana iristeko. Ohikoa da ordu horietatik at ikasleekin lanean aritzea, elkarrizketak burutzea…

Horiek guztiak eta beste batzuk entzun ondoren, burura etorri zitzaidan lehen ideia izan zen ikasle horrek kontatutakoa “Ikaslea hezkuntza prozesuen ardatz” kontzeptua irudikatu besterik ez zuela egin. Ikasle horrek hori bizi egin duela eta sentiarazi diotela. Horregatik, gainontzekoa (metodologia, baliabideak…) akzesorioa egin zaio. Berarentzat nahikoa izan da bere ikas prozesuaren jabea dela eta prozesu horretan “lagun” batzuk aldamenean izango dituela sentitzea. Eta horixe da hemen, gure hezkuntza sisteman, inoiz sentitu ez duena.

Horregatik, kezka bat datorkit burura; gure artean, bukaezinak diren gogoeta “sasipedagogikoetan” sartuta gabiltzan bitartean, gure ikasleek eskatzen digutena beste zerbait da. Sinpleagoa eta egingarriagoa.

Zertarako konplikatu horrenbeste? Zergatik horrenbeste eztabaida gure artean? Zergatik ez dugu entzuten ikasleen ahotsa?… Nik pentsatzen dut hori gertatzen dela irakasleok hezkuntzaren gunea garela sentitzen dugulako. Guk dakigu ikasleek zer behar duten, guk finkatzen ditugu euren helburuak, guk erabakitzen dugu zein metodologia erabiliko dugun… guk, guk, eta guk. Beti guk. Baina hori ez da okerrena, ez horixe. Askotan, hori ere ez dugu egiten eta besteen esku uzten dugu. Argitaletxe eta administrazioek finkaturikoak gureak egiten ditugu eta lasai asko gelditzen gara.

Horregatik, ikasle horrekin izan nuen elkarrizketak garbi utzi dit, sarritan eta modu erretorikoan, aipatzen dugun “ikaslea gure jardunaren ardatz” esaldiak izugarrizko garrantzia duela eta gure eguneroko lanera ondorio handiak dakartzala. Baina ez dakit denok jabetzen ote garen.

Ierarkizatutako erakundeak dira gure ikastetxeak non ikasleek eta irakasleok, oraindik orain, turuta baten agindupean hasten eta amaitzen ditugun gure saioak, non ikasle eta irakasleon jokabidea eta jarduna goitik behera araututa eta baldintzatuta dauden, non ikastaldeak osatzeko erabiltzen den irizpide bakarra adina den, non testuliburuek guztion jardunaren gidariak izaten jarraitzen duten, non partaidetza eta erabaki organoetan ikasleen rol dekoratiboa aldatzeko ezer gutxi egiten den… Benetan pentsa dezakegu gure ikastetxeetan ikasleak direla gure jardunaren ardatz?

Hori egia bihurtu nahi badugu, egiturazko aldaketak derrigorrezkoak ditugu, baina hori iragarri nuen mezurako utziko dugu.

Argitaratzailea

Mikel Etxarri

Lehen Hezkuntzako irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.