endeari galdetzen badiogu zer izan den, modu positiboan, eskola garaian gehien markatu duena, erantzunetan sekula ez dugu liburu baten aipamena entzungo edo hitzaldi batena edo beste edozein baliabideena. Ia beti irakasle baten aipamena izango da entzungo duguna. Izan ere, ikasle baten arrakastarako bidean gehien laguntzen duenak ez du baliabideekin zerikusirik. Aitzitik, irakasle batek transmititzen duen pasioa, erakusten duen interesa eta jakin-mina edo ikasleekin lortzen duen harreman pertsonala dira ikasleen inplikazioa lortzen dutenak eta hauen bizitzan eraginik handiena izango dutenak.
Askotan, ikastetxeetako kalitatearen adierazleak izendatzen ditugu, ebaluatzen ditugu, ebaluatzeko tresna berriak proposatzen ditugu, hobekuntza planak diseinatzen ditugu… eta ez naiz izango horri guztiari ezezko borobila estaera etorriko dena, baina iruditzen zait konplikatzeko dugun joera hori alboan uzten hasi beharko genukeela.
Adibidez, era ezberdinetako ebaluazioetan irakasleok dugun garrantzia eta arrakastaren giltzarri nagusieneako bat bezala oso modu nabarmenean agertzen bagara, goazen behingoagatik ondorengo galdera egitera:
Konektatzen ari dira irakasleak euren ikasleekin?
Beti gogoratuko ditugun irakasle horiek zer arraio zuten arrasto hori uzteko?. Beharbada, era askotako erantzunak topatuko genituzke eta batzuk irakasle harren goxotasuna azpimarratuko duten bitartean, beste batzuk ez dute sekula ahaztuko irakasle hark zuen trebetasuna egoera zailenetan ere umoreari heltzeko edota beste hark zuen prestutasuna ikasleak laguntzeko edo une magiko ahaztezinak sortarazten zituen irakasle bitxi hark edo…
Horregatik, zaila da ispilu bakar bat topatzea gisa horretako irakasleek zutena/dutena ezagutzeko. Beharbada, gune honetan topatu nituen ezaugarri horietako asko izango zituzten nik gogoratzen ditudan irakasleek. Zuei zer iruditzen zaizue?
1. Irakasle horiek helburu garbiak dituzte
Ezagutzen ez dugun leku batera bidaiatzean, nola dakigu bide zuzena edo okerra daramagun? Trafiko seinaleak, mapak, GPSa… ditugu hori jakiteko. Bada, hezkuntzaren munduan helburuak modu argian esplizitatzeak trafikoko seinaleen rola betetzen du. Eta irakasleak prestatzen duen plana, mapa edo plano bat bezalakoa da. Plan bat egiteak ez du esan nahi sormen falta, sormena loratzen lagunduko duen marko bat baizik.
2. Irakasle horiek oso garbi dute “zertarako” egiten duten
Egunero gure lanean %100en egotea ezinezkoa da eta, batzuetan, bizitza aspergarria da. Zertarako hori garbi duten irakasleek ikuspegi orokorra ikusteko gai dira eta egun zail, astun eta aspergarri horien gainetik aurrera ateratzeko erraztasuna dute, izan ere, euren begiradak beste perspektiba bat du.
3. Irakasle horiek berehalako erantzunik gabe bizitzeko gai dira
Oso gogorra da gelan dena ematen dugunean, epe-motzeko emaitzak ez ikustea. Berehalako satisfazio horren menpe bizi diren irakasleak oso erraz erre daitezke eta ilusioa galtzeko arrisku handia izango dute. Horregatik, komenigarria da ez ahaztea ikaskuntza, harremanak eta hezkuntza esfortzu konplikatuak direla, lorategi baten hazkuntza bezalakoa. Denbora behar da eta, tarteka, lokatza zapaldu eta zikindu ere, loratzeko.
4. Irakasle horiek oso ongi dakite ikasleei noiz kasu egin eta noiz ez
Bere ikasleak entzuten ez dituen irakasleak porrot izango du. Modu berean, ikasleei beti kasu egiten dien irakasleak porrot egingo du. Ez da samurra bereiztea eta noiz entzun behar zaien eta noiz esan behar zaien ezetz jakitea, baina irakasleak perspektiba zabalagoa izan behar du eta erabili beharko du.
5. Irakasle horiek jarrera baikorra dute
Energia negatiboak sormena zapuztu besterik ez du egiten eta porrota eta beldur-haztegia da. Irakasle on horiek baikorrak dira, optimismoa transmititzen dute eta bizitasun sentsazioa darie baita une zailetan ere. Baikortasun hori sormen-haztegi bat da.
6. Irakasle horiek euren ikasleen arrakastaren zain daude
Kontzeptu hau antzekoa da gurasoentzat ere. Ikasleek eurengan sinetsiko duen norbait behar dute. Gehiago dakien pertsona bat behar dute eta euren trebetasunak aktibatzeko ekintza gehiago. Porrota onartzen den testuinguru bat behar dute eta itxaropen altuak. Horrek ikasleak motibatuko ditu eta jarritako asmo handiko helburuetarantz bultzatuko ditu.
7. Irakasle horiek umore-sena dute
Umore eta gatz handiko pertsonek arrasto sakona uzten dute. Frustrazioa eta estresa murrizteaz gain, jendeari bere egoera beste ikuspegi batekin ikusteko aukera ematen dio.
8. Irakasle horiek gorespen eta laudorioak neurriz eta inteligentziaz erabiltzen dituzte
Laudorioek eragina galtzen dute behar ez denean erabiltzen baditugu edo gehiegi erabiliz gero. Ikasleek gure onespena behar dute, baina ezin dugu goratu lan bat egin dezakeenaren erdia dela dakigunean. Horregatik, gorespenak neurriz eta inteligentziaz erabili behar dira.
9. Irakasle horiek oso ondo dakite arriskuak hartzen
“Pittin bat harago joan direnek dakite noraino irits daitekeen” dio esaera batek. Arriskuak hartzea arrakastaren parte bat da. Ikasleek ere ikusi behar dute irakasleak gauza berriak probatzen dituela eta porroten kasuetan ikusi behar dute hori nola kudeatzen duen. Ikaskuntza hori, lantzen ari diren ikasgaiak bezain garrantzitsuagoa da.
10. Irakasle horiek kontsistenteak dira
Koherentzia ez dugu “inmobilismo”arekin nahastu behar. Koherentzia da esaten duzuna egitea, arauak ez dituzula aldatzen egoeraren arabera, zure ikasleek zuregan konfiantza izan dezaketela. Askotan, zaharkitutako metodoetan tematuta dauden irakasleak euren koherentziaz harro egon daitezke, baina hori temakeria mozorrotuta besterik ez da.
11. Irakasle horiek hausnarketa egiten dute
Zaharkitutako irakasleak ez bihurtzeko, irakasle hauek bere denbora hartzen dute darabiltzaten metodoen inguruan eta bere ikasleekin lortzen duten konexioaz hausnartzeko. Hausnarketa hori ezinbestekoa da hobetzeko esparruak detektatzeko eta zuzentzeko.
12. Irakasle horiek aholkulari bat bilatzen dute eurentzat
Hausnartzen duen irakaslea desanimatu daiteke aldamenean babesa eta laguntza eskainiko dion norbait ez badu. Aholkulariak izan daitezke “Bai, zure gogoeta horiek zuzenak dira” edo “Ez, oker zaude, ez al zara konturatzen…” gisako iruzkinak egingo dizkiotenak eta ikuspegi ezberdin bat eskainiko diotenak.
13. Irakasle horiek gurasoekin komunikatzen dira
Guraso eta irakaslearen arteko elkarlana giltzarria da ikaslearen arrakastarako. Horregatik, irakasle hauek bide bat irekita dute gurasoekin komunikatzeko edo hauek irakaslearengana joateko. Gurasoek eta irakasleak bat egiten dutenean, zailagoa da ikaslea ahazten joatea.
14. Irakasle horiek euren lanarekin gozatu egiten dute
Oso erraz identifika daiteke bere lana maite duen irakaslea. Kutsatzen den energia barreiatzen dute. Zure lana gustatzen ez bazaizu edo motibazioa galarazi dizun zer edo zer badago, saiatu hori identifikatzen. Beharbada, ez du zerikusirik eskolarekin eta, askotan, irakaskuntzarekiko maitasuna berreskura daiteke doikuntza txiki batzuk eginez gero.
15. Irakasle horiek ikasleen beharretara egokitzen dakite
Ikasgelak etengabe aldatzen ari diren izaki bizidunak bezalakoak dira. Egunaren arabera, ikasleen bizipenen arabera edo eguraldiaren arabera… egokitzapen edo aldaketa batzuk egin beharko dira ikasleak “engantxatuta” mantentzeko. Aurretik eginiko plana aldatu behar baduzu, ez hartu zure aurkako eraso gisa eta ez ahaztu helburua zein den.
16. Irakasle horiek begi onez ikusten dituzte gelan eginiko aldaketak
Inoiz ez al zara etxeko edo logelako dekorazioaz nekatu? Eta ez al da egia berrantolaketa edo aldaketa txiki batzuekin espazio berri baten sentsazioa dugula? Bada, gure ikasgelan horrelako aldaketak eginez, efektu berdina lortuko dugu eta ikasleen interesa berpizteko ere baliagarria izango da.
17. Irakasle horiek tresna berriak arakatzeko denbora hartzen dute
Teknologiaren aurrerapenarekin, gelara eraman daitezkeen era guztietako baliabide eta tresna ditugu. Ikasleek tresna horiei ez diete beldurrik. Zuk ere ez diezu beldurrik izan behar eta ezin diezu ikasleei aukera hori kendu. Izan ere, teknologiaz inguratzen dituen mundu batean hazten ari baitira eta ezin dizkiegu ukatu euren errealitate horretara behar dituzten gaitasunak.
18. Irakasle horiek babes emozionala eskainzen diete euren ikasleei
Askotan, gure ikasleek ezagutza edo informazio dosi bat baino gehiago, gure laguntza edo babes emozionala behar izaten dute. Ikasleekin konexio emozional hori lortuz gero, errazago izango da gure aholkua aintzat hartzea. Ikasleek irakasle bat behar duten bezala, aholkulari edo kontseilari bat ere behar izaten dute eta.
19. Irakasle horiek eroso sentitzen dira ezezagunaren aurrean
Ikasle handiagoekin aritzen diren irakasleei batez ere, ezezagun ugari dituzten gaiekin aritzea tokatzen zaie. Dena erabat lotuta ez dagoen egoeretan ere jakin beharra dago ondo funtzionatzen.
20. Irakasle horiek ez dituzte gurasoak etsaitzat hartzen
Zoritxarrez, askotan, guraso eta irakasleen arteko harremanak mehatsuz edo mesfindantzez beteta izaten dira. Era askotako gurasoak dauden arren, eta batzuk euren seme-alaba gehiegi babesten duten arren eta irakaslearen akatsak azpimarratzeko joera duten arren, gehienek euren seme-alabarentzat hoberena besterik ez dute nahi. Horregatik, norbere buruarengan konfiantza izan beharra daukagu eta oso garbi izan behar dugu beti ezin dugula gurasoek eskatutakoa egin.
21. Irakasle horiek ikasgela dibertigarria bihurtzen dute
Ez da beharrezkoa beti “serio” agertzea. Noizean behin, umore punttu bat gehitzea komeni da. Gure gizatasuna erakutsiz, konfiantzan eta errespetoan oinarritutako harreman bat erakitzen baita. Dibertigarria eta hezitzailea ez dira kontrajarriak.
22. Irakasle horiek era integralean irakasten dute
Irakaskuntza ez da hutsean gertatzen. Testuingruan ematen diren baldintzak aintzat hartu behar dira: estresa, egoera emozionalak, familia… Era guztietako estrategiak erabil ditzakegu gure ikasleengana iristeko, baina ikasleren batek egoera pertsonal zail bat bizi badu eta normal jokatzen badugu, seguru ez garela beregana iritsiko.
23. Irakasle horiek beti jarraitzen dute ikasten
Irakasle horiek beti lortzen dute denbora autoikaskuntzarako. Horrek, euren ezagutzak indartzeaz gain, ikasleen posizioan ere jartzen ditu eta ikas prozesuaren perspektiba mantentzen laguntzen du.
24. Irakasle horiek moldeak hausteko gai dira
Irakasle askok nolabaiteko horma bat eraikitzen dute euren metodoen inguruan eta ez dira ausartzen hortik ateratzen. Gogoratzen ditugun irakasleak askotan ateratzen dira hortik eta beste esparruetara irekitzen dira beharrezkoa dela ikusten dutenean.
25. Irakasle horiek euren profesioaren jabe dira
Irakasle horiek euren ikasgaien inguruko ezagutza tekniko sakonak izateaz gain, ezagutza metodologiko-pedagogikoak izateaz arduratzen dira. Horretarako, jakin-mina bizirik mantenzen dute eta inoiz ez dute aukerarik galtzen ikasten jarraitzeko.

Sarrera polita. Garbi dago irakasleen kalitatean datzala hezkuntzaren kalitatearen zatirik handiena.
Je, je, je.
Agian puntu gehiegi… perfekzioaren bidea lortzeko. Nolakoak zarete Jakintzakoak, ideiak laburtzeko ikastaroa ongi etorriko litzaizueke
Nik gutxi batzutan bilduko nituzke: ikasleak errespetatu, beraiekin enpatizatu, motibatzen jakin, lana gustura hartu, umorea… umore sanoa, jakin mina izan…BOKAZIOA hitz batean.
Nire ustez, hori baino gehiago da Fultxo. Bokazioaz hitz egiten dugunean maitasunaz hitz egiten ari gara, gure lanbidearekiko maitasunaz, alegia. Eta pertsonen artean agertzen den maitasunarekin gertatzen den moduan, honek gorabeherak izaten ditu bizitzak aurrera egiten duen heinean.
Gaztetan maitemintzen garenean, gure bikotea idealizatu egiten dugu, gure ondoan dagoena gu nahiko genukeen modukoa dela sinetsi nahi izaten dugu. Eta hor barruan daukagun guztia ematen ahalegintzen gara. Bizitzak aurrera egiten duen heinean eta gure idealizazioaren eta errealitatearen arteko distantzia handitzen doan heinean, hasierako maitasun hori moldeatzen joaten da, aldatzen joaten da eta sentimenduak prozesu honekin batera aldatzen joaten dira.
Bokazioarekin gauza bera gertatzen da. Gure lanbidean hasten garenean badira honen alderdi erromantikoari begira bakarrik egoten direnak, irakaskuntza idealizatu eta beraien espektatiben arabera ulertu nahi izaten dutenak. Irakasle izatea euren betiko bokazioa izan dela diote hauetako gehienek. Baina gure lanbidearekiko duten pertzepzioa poliki-poliki eraldatzen doa eta ezagutzen duten errealitatea beste bat dela jabetzen hasten dira. Eta ibilbide horretan, askotan, maitasun hori eraldatzen doa eta, batzuetan, galtzen.
Inguruan ditut ikaragarrizko ilusioz irakasle lanetan hasi ziren asko. Batzuk oraindik barruan argitxo hori piztuta dute baina ikaragarri frustratuta dabiltza, ezinez, neurri batean etsituta. Duela 30 urte ezagutu zuten eskola hartan, irakaslea izatea ikaragarri maite zuten. Errealitate hartan gainera, ikaragarri baliagarri sentitzen ziren eta buruan zuten irakasle irudia bat zetorren eskolan eskatzen zenarekin. Baina hamarkada hauetan gauzak asko aldatu dira. Gizartea asko aldatu da, ikasleak erabat desberdinak dira, bitartekoak inoiz baino ugariagoak dira … eta hori gutxi balitz, inguruan dituzten irakasle batzuk (ni, adibidez) beraiek maite duten irakasle rol hori aldatu behar dutela esaten diegu. Horrek sekulako tentsioa sortzen die barruan: maitemindu ziren lanbidea goitik behera aldatu dela onartzea kosta egiten zaie.
Barruan sua piztuta mantentzen dute oraindik (ikustea besterik ez dago zenbat ordu pasatzen dituzten ikasleei laguntzen, apunteak prestatzen, esplikazioak ematen, etxeko-lan extrak bidaltzen, hauek zuzentzen…) baina konturatzen ari dira elkarrenganako maitasun hori galdu egin dela. Lanbideari eskaintzen dioten guztiak, bueltan ezer gutxi ekartzen duela sentitzen dute. Eta hori, oso frustrantea da.
Ze sarrera polita eta ze iruzkin ederrak!
Agian gehiegi emoten dugu momentuan oso gutxi hartzeko, baina denbora pasatzen denean eta zure ikasleak pertsona heldu moduan ikusten dituzunean frustazio guztiak segidan pasatzen dira… eta denboraren iraute azkarraren konszientzia sentitzen dugu soinean jeje
Ikasle batek esan zidan gauzarik ederrena zein den ba al dakizue? Urte batzuk geroago topo egin -berak ordurako alabatxo bat ere bazuen- eta aitortu zidan gazte garai haietan ez zidala kasu gehiegirik egiten baina egun batean zerbaiten bila hasi eta konturatu zela nik bete niola motxilatxo bat baliapide, esperientzia, emozio, gogo eta abar ugarirekin eta hari esku botatzen hasteak ireki zizkiola begiak. Ederra iruditu zitzaidan eta guztiz nire lana justifikatzen duelakoan nago.
Egokia iruditu zait idazkia, batez ere, gauzak zentratzeko, ze demonio!
Adibide ederra Xabier. Askotan ikasleen motxila betetzen ibili beharrean gu izaten gara gurea bete nahi izaten duguna, ikasle horrek behar duena gugandik jaso dezan. Hori bai, beraien motxila edukiz betetzen saiatzen gara, ondo bete gainera! Hori izaten baita askoren ustetan, bizitza oparo eta arrakastatsua izateko ikasle batek behar duen gauza bakarra. Enpin.
[...] gutxi IKTeroak blogean mezu bat argitaratu nuen eskola utzi eta gero gogoratzen ditugun irakasleek zituzten ezaugarrien inguruan. Bada, gaur [...]
[...] mezu batean irakasleen eta ikasleen arteko konexioak duen garrantziaz mintzatu ginen eta ahazten ez diren irakasle horiek dituzten ezaugarri batzuk iradoki genituen. Bada, gaurkoan, [...]