Gaitasun handiko ikasleak eta ikaskuntza kooperatiboa

Haurraren lehen etapetan ikaskuntza taldean burutzen den prozesu bat bezala ulertzen bada ere, honek etapa eta zikloak gainditzen dituen heinean, ikas-prozesuak bere alderdi sozial hori erabat galtzen joaten da. Aldaketa hori nabaritzen hasten da Lehen Hezkuntzako azkeneko zikloan eta nabarmena egiten da Bigarren Hezkuntza osoan eta Goi Mailako ikasketetan, batez ere, unibertsitatean.

Oraindik orokorra ez bada ere, badirudi azken urteotan, kontu hori poliki-poliki aldatzen doala. Bigarren Hezkuntzan metodologia aktiboek eta hauekin batera ikaskuntza kooperatiboak lekutxo bat hartzen hasi dira. Goi Mailako ikasketa teknikoetan, batez ere, proiektuetan oinarrituta ikaskuntza eredua geroz eta garrantzitsuagoa den estrategia batean bihurtzen ari da. Eta gizartean, oro har, interneten alderdi sozialaren bilakaeraren eskutik, konektibismoa bezalako planteamenduak (eta honi lotutako PLE edo MOOC bezalako kontzeptuak) agerian uzten ari dira gizarte modernoan ikaskuntza elkarrekin gertatzen den prozesu bat bezala ulertu behar dugula.

Tamalez, badirudi hezkuntzan, gizarteko beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, badirudi argitaletxeak direla gertatzen ari den aldaketa horri bizkarra ematen dioten bakarrenetakoak. Hauen kasuan, euren negozio modeloa bizirik mantentzeko, derrigorrezkoa dute euren materiala ikasle bakoitzaren motxilan gordeta egotea. Gainera, material hau ikaslearen ekarpenekin osatzea bilatzen dute. Horrela, ikasleak egiten duen lana bera izaten da, ikasmaterialari DRM ezartzen diona eta, aitzakia horrekin, ikasturtea berria hasten denean, ikasle guztiak material berria erostera behartzen dituzte. Industriaren helburua negozio eredu horri ahalik eta etekin gehien ateratzea den bitartean, zaila izango da argitaletxeen aldetik orain arte defendatu duten eredu didaktiko tradizional indibidualistatik ateratzea. Kontrakoa, makillaje hutsa besterik ez da.

Aurrekoan esaten nuen bezala, ikasmaterial espezifiko baten erabileran euren praktika didaktikoa oinarritzen duten ikastolek nekez emango diote irtenbide egoki bat ikastolan duten ikasleen aniztasunari. Ikastola hauek (eredu didaktiko oso tradizionala, kontserbadorea eta elitista izaten dutenak askotan) etapa amaieran, PISA azterketan edota hautaprobetan, esate baterako, lortzen dituzten kalifikazioak erabiltzen dituzten arrakastarako indikatzaile nagusienak bezala (Wert ministroaren erreformak egin nahi duen moduan). Ikastola aurrerakoietan, berriz, arrakastarako indize oso desberdinak erabiltzen dituzte gehienek; eskolaratzen diren ikasle guztien garapen kognitibo eta afektiborik gorenena lortzen saiatzen dira eta, honen eskutik, ikasle guztiek etapa amaitzea edo hautaprobetara joateko aukera izatea bilatzen dute, inor bidean baztertuta utzi gabe.

TEAM
TEAM

Ikastola moderno hauek aspalditik ulertu dute ikaskuntza prozesua askoz eraginkorragoa dela taldean burutzen dena. Ikasle guztiengandik garapen akademiko nahiz pertsonal gorenena lortu ahal izateko, berdinen arteko kooperazioa eta irakaslearen tutore edo gidari lana funtsezkoak direla badakite. Ez da ezer berria, bestalde. Vygotskiren planteamenduak aurrera eramatea besterik ez da. Ikasle bakoitzaren ZDParen garapena ezin da eman bere gertuko ikas-komunitatetik kanpo, desberdinen arteko elkarlanik gabe. Ikastola aurrerakoi hauentzat, ikaskuntza kooperatiboa ikasleen aniztasunari erantzuteko tresna nagusia da eta euren Hezkuntza Proiektuaren ardatza izaten da.

Ikastola elitistetan ordea, ikaskuntza kooperatiboa alternatiba bat bezala ikusten da kasu hoberenean. Hauetan, ikasle bakoitzak bere kabuz egiteko gai dena neurtzen pasatzen da denbora eta gehienetan, giro konpetitiboa zabaltzen da ikasleen artean. Gutxitan kontenplatzen da ikastola hauetan ikaskuntza kooperatiboa ikasle guztiek (gaitasun altukoak nahiz baxuagokoak) euren garapen akademiko nahiz pertsonala maila gorenera heltzeko bide bat bezala. Gehienera jota, etekin akademiko baxuko ikasleekin probatu daitekeen esperimentu moduko bat kontsideratzen dute, euren kalifikazio baxuak puzteko proba moduko bat. Etekin akademiko altuko ikasleekin ez diote zentzurik aurkitzen ikaskuntza kooperatiboari. Ikasleen gaitasunak are eta nabarmenagoak izan, are eta zentzu gutxiago dauka gelakideekin elkarlanean aritzea. Horrek beraien emaitza bikainetan eragin negatiboa besterik ezin dezake eduki. Ikasle “eredugarri” hauek ere, ez dituzte begi onez ikusten kontu hauek. Kooperatzeak, agian, euren ahulguneak agerian ipintzea ekar dezake eta horrek gelan duten statusarekin amaitu dezake.

Eta kontu honek geroz eta kezkatuago nauka. Izan ere, ikaskuntza kooperatiboa aniztasunari erantzuteko biderik egokiena dela aipatzen denean, irakasleen gehiengo batek, Gauss-en kanpaiaren azpiko muturrean ageri den ikasleen %15 hori edukitzen du buruan. Badirudi, kanpaiaren beste muturrean dauden ikasleei ez zaiela jarraipen pertsonalizaturik egin behar. Ez dakit beste zentroetan gauza bera gertatzen den, baina gurean geroz eta nabarmenagoak dira gaitasun altu edo oso altuak dituzten ikasleekin agertzen diren arazoak. Urtetan, kezkatuta ibili gara eta gure indar guztiak ipini ditugu, edukiak jaso/ulertu/prozesatu/bueltatze prozesu horretan arazoak adierazi dituzten ikasleekin eta oso gutxitan arduratu gara, kalifikazio onak atera dituztenekin. Duela gutxi arte, “gaitasun altuak/arazo gutxi” binomioa ohikoa izaten zen. Betidanik pentsatu izan dugu garapen akademiko eta pertsonala eskutik doazela. Baina geroz eta nabarmenagoak dira ikasle hauen artean ageri diren jarrera arazoak, arazo afektiboak, harremanetakoak, elkarbizitzakoak…

Ni neu, kontu hauetaz pentsatzen jartzen naizenean jabetzen naiz oso gutxitan arduratu naizela ikasle tipologia honen…

  • … ezaugarri intelektualetaz.
  • … aurre-ezagutzetaz
  • … ikaskuntza estilo eta estrategietaz
  • … motibazioetaz
  • … autokontzeptu eta estima pertsonalaz
  • … ingurune familiarraz

Eta noizbait kezkatu banaiz, kezka horiek bigarren plano batean geratu dira emaitza akademikoak onak izan direnean. Eta txarrak izan direnean, gehienetan inpotentzia da sentitu dudana. Zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko errekurtsoak baditudala kontziente naizen bezala, ikasle hauekin zer egin eta nola jokatu erabakitzerakoan galduta sentitu izan naiz ia beti.

Bada nik uste dut ikasle tipologia honekin ere, Vygotski-ren teoriak zuzenean direla aplikagarriak. Gaitasun altuko ikasle hauen potentzialtasun osoa (akademikoa eta pertsonala) benetan garatu nahi bada, ikasle hauek kooperatuz eta kooperatzen ikasi behar dutela. Ikaskuntza kooperatiboa gaitasun handiko ikasleen garapen integrala lortzeko eredu baliagarria dela uste dut.

Hala uste dut nik eta hala uste dute ere, Alcalako Unibertsitateko irakasle talde batek. Irakasle talde honek, Pryconsa Fundazioarekin eta SM Fundazioarekin batera, azpian uzten dizuedan dohaineko liburua argitaratu dute pdf formatuan (nik dakidala, ez da existitzen paperezko bertsiorik oraindik). Liburua luzea da eta oraindik osorik irakurri ez badut ere (oporretan amaitzeko asmoa daukat) orain arte irakurritakoa oso interesgarria iruditu zait.

Lehenengo lau kapituluak nahiko orokorrak dira. Lehengo hiruetan gaitasun altuak definitzen dira, identifikatzeko aholkuak ematen dira eta gelan nola jokatu behar dugun azaltzen da. Laugarrenak eskola inklusiboa, barneratzailea, izatea zer suposatzen duen azaltzen du. Hurrengo lau kapituluetan ikaskuntza kooperatiboaren ingurukoak dira, beti ere, gaitasun altuko ikasleen ikuspegi batetik aztertuta. Azkeneko hiru kapituluetan adibide praktikoak proposatzen dira. Interesgarriak dira, baita ere, azkeneko bi anexoak. Gelan aurrera eraman daitezkeen teknika edo egitura kooperatibo desberdinen zerrenda aurkituko dugu bertan, batzuk dagoeneko nahiko ezagunak direnak saltsa hauetan ibilita zaudetenontzat.

Gaiarekin interesatuta baldin bazaudete, botaiozue bistazo bat azpiko dokumentuari, merezi du eta:

http://ikteroak.com/wp-content/uploads/2013/03/Alumnos-con-altas-capacidades-y-aprendizaje-cooperativo.pdf

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.