Etengabe errepikatzen da teknologia berrien benetako integrazioa irakaskuntzan ez dela posiblea izango irakasleriaren formaziorik gabe. Hala eta guztiz ere, ez dirudi irakasleriaren formazioan xahutu diren bitarteko guztiek (dirua eta denbora, batez ere) eragin zuzena izan dutenik gure ikasgeletan, jarduera berritzaile, motibagarri eta efikazagoen sorreran.
Alegia, badirudi berrikuntza teknologikoak ez duela erlazio zuzenik izan berrikuntza didaktikoarekin. Aitzitik, esan daiteke proiektu berritzaile ezagunenetako askoren atzean irakasle “freelance” ugari topa daitekeela, proiektuaren garapenean izan dituzten formazio beharrei modu autonomoan erantzuna ematen jakin dutenak. Tamalez, proiektu hauetako gehienak, abiapuntu hori izan dutela eta, berrikuntza “irlatxoak” besterik ez dira izaten akademizismoa nagusi den hezkuntzaren itsaso zabalean (nabarmena, batez ere, bigarren hezkuntzan), normalean ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin uztartu gabe egoten direlarik. Baina utz dezagun gai hau beste baterako; gaurkoan irakasleon formazioa izango dugu hizpide eta.
Oraindik nahiko hedatua dago irakasleen artean badirela halako “egi absolutu”, “jakin beharreko kontzeptu unibertsal” batzuk denok ikastera derrigortuta gaudenak. Are gehiago oraindik, ikaskuntza hortara heltzeko modu bakarra dagoela uste dutenak, gehienetan memorizazioari lotutako prozesu errepikakorren garapenaren eskutik. Horrela gure gelako jarduna pentsaera horren eredu garbia izaten da; ikasle talde osoari ezartzen dizkiogu helburu berberak eta denei eskeintzen diegu helburu horietara heltzeko metodologia berbera. Sarean hainbestetan aipatu izan den bezala, industri aroko eskola eredua da oraindik nagusia gure artean; etorkizun profesionalean “aginduko zaizkien lanak betetzeko” ikasle guztiak eduki berberez beteriko motxila batekin bidali nahi izaten ditugu eskolatik. Ez dut erabat ezkorra izan nahi nire apreziazioetan; onartu behar dut ikasle bakoitzari egokitutako ikaskuntza eredu pertsonalizatuak (hainbestetan aipatu dugu aniztasunaren trataera) garatzeko ahaleginak ikusten direla baina oraindik egoera horren orokortzea utopia bat da gure artean.
Bitxia da ikustea zeinen desberdin kontenplatzen dugun irakasleok ikaskuntzaren kontu hau (formazioa, azken finean) ikasle rola hartzea dagokigunean. Alde batetik, gure ikasleekin aplikatzen dugun eredu bera aplikatu nahi izaten diogu ikastolako profesionalon formazioari. Hemen ere badira halako jakingai “unibertsal” batzuk, irakasle guztiok derrigortuta gaudenak ikastea eta ikaskuntza hori bideratzeko bide bakarra guztioi formatu bereko ikastaroak eskaintzea dela pentsatzen dugu. Baina gero izaten dira komeriak: ikasleen kasuan nabarmena den bezala, irakasle gehienentzat eredu “uniforme” honek ez du balio izaten dauden motibazio eta inplikazio eza egoera gainditzeko eta klaseko “erritmoa motz geratzen zaienentzat”, berriz, askotan denbora galera bat besterik ez du suposatzen. Ez ditut datu zehatzak baina esango nuke Jakintza ikastolako irakasleriaren gehiengo baten pertzepzioa dela ohiko ikastaro formatu klasikoek ezer gutxi aportatzen diotela gure eguneroko praktikari, oso generikoak izaten direla gehienetan (gure benetako beharretatik urruti) eta ez dutela errespetatzen irakasle bakoitzak bere ikaskuntza prozesuan behar duen erritmo propioa. Eta egoera hau bitxia dela diot, izan ere, guretzat zalantzan ipintzen dugun ikaskuntza eredu hau delako ikasleekin praktikan jartzen duguna.
Irakasleok ikaskuntza eredu moderno eta efikazak behar ditugu benetako berrikuntza didaktikoa aurrera eraman nahi badugu. Irakasleon aniztasunari erantzungo dion formazio ereduen eskutik, beharbada, gai izango gara eredu hori bera gure ikasleekin aplikatzeko. Egon naizen hitzaldiren batean edo bestean, zuzendariren batek, honen harira, zera galdetu dit: “eta hori nola egiten da?”. Beti berdin erantzuten dut; ez dago irtenbide ezagunik, arrakastara %100ean eramaten duenik. Dakiguna da oraingoak ez diola balio erantsirik ekartzen irakasle komunitateari kasu gehienetan, beraz, egoera hori gainditzeko bide berriak urratu behar dira. Nire uste apalean, bidea egiten hasi aurretik ikastetxe bakoitzak irizpide batzuk zehaztu beharko lituzke, komunitate osoan onartutakoak eta horien arabera formazio estrategia berdinak jarraitzea eramango dituena irakasleria parte hartuko duen ikaskuntza prozesu desberdinetan. Gainditu beharreko oztopoak agertuko direla garbi dago baina heltzen diren moduan gainditzeko esfortzua egin beharko da. Ebidentea dena da formazioaren arazoa “kronikoa” bihurtzeko egoeran dagoela alternatibarik planteatzen ez bada.
Eta zeintzuk izan daitezke bidea egiten hasi aurretik eskola komunitatean aztertu daitezkeen puntuak?. Bada nik hemen botatzen ditut batzuk, pentsatzen dut batzuekin ez zaretela ados egongo edo agian beste ikuspegi desberidn batzuk ere izango dituzuela. Nahi baduzue bota iruzkinetan zuen iritzia:
- Ikaskuntzaren energia motibazioa da. Hori nik neuk egiaztatu dudan zerbait da. Garbi dago nahi ez duenak ez duela ikasiko, baina era berean, garbi daukat beti daudela ikaskuntza esparru desberdinak irakasle desberdinen motibazioa pizten dutenak. Hauek guztiak aintzat hartzeko ahalegina hartu beharko luke ikastetxeak, formazio plan orokor baten diseinuarekin, gehiengoaren behar/motibazioei erantzungo diena eta, bide batez, irakasle plantilaren bilakaera ikasturtetik-ikasturtera nolakoa den adierazteko balioko duena, hutsuneak eta indarguneak identifikatzeko balioko duena.
- Ikasteko motibazioa ez da “per se” agertzen den zerbait. Normalean helburu jakin batzuen lorpenari lotutako zerbait izaten da. Aurretik zehaztutako helburu jakin batzuetara heltzeko baliagarria den formazioak benetan asetzen ditu pertsonak. Horrela, benetako ikaskuntza egiteari lotuta etortzen da. Denok dakigu entzutearekin, irakurtzearekin, errepikatze soilarekin ezer gutxi ikasten dugula. Horrela, irakasleen adostasunarekin aurrera atera beharreko proiektuetan, helburuen lorpenean adierazitako inplikazioak ekarriko du benetako motibazioa.
- Ikuspegi honetatik, prestakuntza jarduerek autonomia maila handiagoa izan behar dute eta egunerokotasunean sortzen diren egoeretara kontextualizatuta egon behar dira. Egoera berri horiek, behar berriak ekarriko dituzte eta ondorioz, ikaskuntza behar berri horiek asetzeko estrategiak definitu beharko dira “in situ”. Nola neurtuko dugu orduan formazioaren eraginkortasuna?” galdetuko dute batzuk. Bidean topatuko diren egoeretatik arrakastaz irteteko erabilitako estrategiak eta aurretik zehaztutako helburuen lorpen mailak izango dira formakuntza eredu berri honi lotutako indikatzaile nagusienak. Langileok izango gara ikaskuntza prozesuaren ebaluatzaile nagusienak; hausnarketa kolektiboa burutuz, ibilbidean izandako ikaskuntza pertsonalaren gaineko ebaluazioa eginez (proiektuari lotutako halako portfolio batekin, adibidez) eta gurekin batera lanean aritu diren langileen koebaluazio prozesuen eskutik.
- Ikaskuntzaren oinarrizko osagaia errorea da. Kuriosoa da baina gure ikasleekin naturaltasunez onartzen dugun axioma hau, ez dugu gurea egiten irakasleok hartzen ditugun konpromisoak aurrera atera nahi izaten ditugunean. Gezurra dirudi baina jarrera hau nik uste nuena baina askoz ere barneratuagoa dago irakasleen aldetik. Berrikuntza prozesuen aurrean bideari ekiteko beldurrez izaten direnak agertuko diren faktore desberdin guztiak ondo lotuta ez badaude; “ezin da biderik hasi ez badago ziurtasunik arrakasta bermatuta egongo dela” pentsatzen duten irakasleak asko dira. Nire iksupegitik hori, berrikuntzarako balaztarik nagusiena izateaz gain, ezinezkoa izateaz gain, bideari hasiera ez emateko argudio nagusiena izaten da gehienetan. Benetako ikaskuntza behin bidea hasita gertatzen da; egindako erroreak gainditzeko ahaleginak uzten duen posoa ezin da beste ezerekin ordezkatu. Horixe da gure ikasleei esaten dieguna; zergatik ez diogu hori bera gure buruari aplikatzen?
- Ikastea izan daiteke seguraski, gaur egungo gizarte modernoan, balore garrantzitsuenetako bat. Etengabe aldatzen ari den gizarte batean, egoera berrietara egokitzeko gaitasuna klabea da. Egokitze prozesu horiek formazioaren eskutik etorriko dira nagusiki. Egoera bakoitzaren aurrean, zeintzuk diren norberaren ikaskuntza beharrak identifikatzea eta hauei arrakastaz aurre egiteko martxan jarri behar dituen estrategiak eta jarrerak, modu autonomoan identifikatu eta aurrera eramatea (ikaskuntzaren autorregulazioa, metakognizioa edo, azken finean, ikasten ikastea), izan daiteke XXI. mendeko profesionalen konpetentziarik garrantzitsuena. Eskola erakundeak, barne formazio prozesuetara, alegia, formazio prozesu informaletara irekita egon behar dira. Gehiago oraindik eskolek prozesu horiek erraztu, bultzatu eta babestu beharko lituzkete. Niretzat ez dago formazio saio informal baterako geratu diren irakasle talde baten argazkia ikustea bezain irudi pozgarriagorik.
- Azkenik, eta hori nire ikasleekin nik neuk egiaztatu dudan zerbait da, funtzionatzen ez duen eredu bati teknologia eransteak, ez du eredu hori hobetzen, aitzitik, okerrera eramaten du. Teknologiaren erabilera, ikasi nahi ez duenak behar duen aitzakia izaten da bere jarrera justifkatzeko.
Gure lanean egotearen logikatik, egitearen logikara pasatzen goazen heinean ziur nago joango dela aldatzen gure formazio eredu zaharkitua. Ez dut ukatzen honek denbora bat eskatuko duenik baina bidea egiten hasi beharko genuke gaurtik bertan. Ohiko formakuntza eredu tradizionalarekin, azken finean, oinarrian dagoen benetako arazoari irtenbide bat eman gabe gelditzeaz gain, jarrera inmobilistak edo atzerakoiak tapatu/ezkutatu besterik ez ditugu egingo.