Bat, bi eta….hiruuu! Zorionak!

hiru urteAste osoa daramat buruari bueltaka, gaurko eguna dela eta, zer idatzi ez dakidala. Iragana eta oraina alderatzen pasa dut denbora. 2004-2005eko ikasturte hartan, blog hau martxan jarri aurretik, nolakoa zen nire egunerokoa, nire eginkizuna irakasle bezala gogoratu dut eta gaur bizi dudan errealitatearekin alderatzen ahalegindu naiz. Buff, zenbat aldatu diren gauzak hiru urte hauetan

Garai hartan hementxe nenbilen, jo ta su IKTekin erlazionaturiko prozesuen definizio eta egituratzearekin. Urrezko Qrako kanpo ebaluaketa bat izan behar genuen eta hantxe nenbilen fluxu diagramak, indikatzaileak…  eta abar definitzen. Gogoan dut Mikel eta biok denbora luzez ibili ginela “Teknologia berrien identifikazioa eta ezagutzaren kudeaketa prozesua” definitu nahian; orduko eztabaida eta solasaldi luzeak gogoratu ditut eta nola, lehenengoz, komentatu genuen blog bat martxan jartzearen prozesu honen bitarteko bat bezala. IKT taldeko bilerak etorri zaizkit ondoren burura. Zeinen gustura sentitzen nintzen nire lankideekin bilera haietan; orduko gaiak gaur egungoak baino sinpleagoak baziren ere, taldeko dinamika, bileren giroa, gaur egungoak baino biziagoak izaten ziren. Bilera horietako batean informatika gelara igo ginen; bakoitzak bere ordenadorea hartuta, lehenengoz ezagutu genuen gure taldeko bloga, alegia, ikastolan deitzen ziguten bezala, IKTeroen bloga. Harridura, lotsa… eta batzuen kasuan, kuriositatea antzematen zen nire kideen aurpegietan. Baina, denek egokia iksuten zuten, aurretik definitu genutuen helburuak lortzeko, tresna baliagarria izan zitekeela bloga. Ikastolatik etxera (oraindik bajan nengoela gogoratzen dut) pozik joan nintzen, lankideekin esperientzia polita eta aberatsa izan ondoren.

Ez ziren egun asko pasa, IKT dinamizatzaile bilera batera deitu gintuztenerarte. Orduan ikastolok gure intranetaren garapenean buru-belarri murgilduta genbiltzan eta bilera horretan proiektua garatzeko Foru Aldundiak ematen zizkigun diru-laguntzen inguruko informazioa eskaini behar zitzaigun. Ikastolen Elkarteak, Carmelo Balda frontoiaren ondoan zeukan egoitza zaharrean egin genuen bilera Gipuzkoako dinamizatzaile talde batek. Esan bezala, egun gutxi ziren gure blogan argitaratzen hasiak ginenetik eta, hain ilusionatuta nenbilen ni garai hartan, bileraren amaieran honen berri ematea otu zitzaidala. Desilusio txiki bat jaso nuen, izan ere, nire kideek apenas eskaini zioten arreta minimo bat azaldutakoari. Gogoratzen dut han zeudenetako batzuk “blog” hitzak zer esan nahi zuen jakin ez eta zer zen galdetu zidatela. Ezagutza partekatzeko tresna oso baliagarria izan zitekeela esan nien (aurrean aipatuta prozesuarekin nola lotu genuen esplikatu nien), gure ikastoletako paretetatik irten eta komunitate osoari gure ezagutza zabaldu eta bide batez, komunitatetik informazioa biltzeko balioko zuela esan nien. Tira, ez zidaten ulertu eta onartu beharrean, desilusio puntu batekin atera nintzela bilera hartatik. Ikastolan nire kideekin batera hartutako erabaki hark zerbaitetarako balioko ote zuen pentsatzera ere heldu nintzen. Donostiatik Ordiziarako bidean aurrera egitea merezi zuela erabaki nuen eta horrelaxe eman genion hasiera honi guztiari.

Gaur gure blogak hiru urte bete ditu. Hiru urte hauetan bizitakoak eragin zuzena izan du nire formazio profesionalean eta pertsonalean, nire lanerako filosofian, arazoak enfokatzeko moduan, harreman pertsonaletan, autoestimuan… Eta garrantzitsuena, nire motibazioa lanean eta gauzak hobe egiteko nahia izugarri hazi dira. Eta norbaitek pentsatzen badu esaten ari naizena gehiegizkoa dela nire ingurukoekin hitz egitea besterik ez du egin behar.

Baina zentratu gaitezen blog honek epe honetan izan duen bilakaeraz. Hiru urte hauetan gure blogan 459 bidalketa argitaratu ditugu eta hauetan, guztira, 793 iruzkin idatzi dira. Ekarpenak erabiltzaile askok egin badituzte ere (Axularreko Larre eta Xarneguk, adibidez, 22 bidalketa idatzi dituzte), nagusiki Maite (80 ekarpen), Mikel (168 ekarpen) eta ni (182 ekarpen) izan gara bloga hornitzen lan gehien hartu dugunok. Guztira, 62417 bisitari izan ditu blogak eta hauen artean 119.372 orri bisitatu dituzte. Azken urtean, bisitarien kopuruan igoera nabarmen eman da, azpian ikus daitekeen bezala. Epe honetan, asteko 647 bisitariko batezbestekoa izango dugu, alegia, 90 bisitatik gora eguneko.

stat1

Denbora honetan euskal blogosfera izugarri handitu da. Eta horrelakoetan gertatzen ohi den bezala, asko dira sarean aurki daitezkeen rankingak. Denok dakigu sailkapen hauek ez dutela balio gehiegirik baina, gure kasuan badira datu batzuk nahiko harrigarriak direnak, irakaskuntza mundutik sortu den webgune batentzat. Alianzo etxeak kudeatzen duen zerrendan, adibidez, gure bloga Euskal-Herriko blogen artean 19. aurkitzen da. Euskaraz idazten diren blogen artean gurea bigarrena agertzen da Sustaturen atzetik. Baina, datu guztien artean harrigarriena iruditzen zaidana, estatu espainolean argitaratzen diren hezkuntzarekin erlazionaturiko blogen zerrendan IKTeroak zazpigarren postuan aurkitzea, juxtu Planeta Educativoren ondoren eta estatuan izen eta ospe handia duten blog askoren aurretik. Ez didazue ukatuko, datu hau nahiko esanguratsua dela kontutan izanik gure soilik euskaraz idatzitako bloga dela. Tira, horrelakoak ikusteak satisfazio puntu bat ematen duela ezin dizuet ukatu.

Satisfazio asko ematen digun bezala, azken urte hauetan sarean izan ditugun errekonozimenduak, zuzeneko aipamenen bitartez nahiz sarien bitartez. Blogarekin hasi ginenetik kontaezinak dira Maite, Mikel eta hiruok eman ditugun hitzaldiak, egin ditugun aurkezpenak, azken finean, bizi izan ditugun esperientzia berriak. Lan asko egin dugu azken urte hauetan, agian gehiegi (galdetu bestela nire emazte eta semeari ;-p) baina esfortzua merezi izan duela garbi daukat.

Tira, amaitu baino lehen eskerrak eman gure ekarpenen jarraitzaileak zareten guztioi. Topikazo bat esatera noa baina egi galanta da. Blog batekin umetxo batekin bezala gertatzen da, bere geneak gurasoengandik jasotzen ditu baina hezi eta hazi ingurunearen baldintzen menpe egiten da; bada blogak ere berdin, atzean dauden blogarion geneekin jaiotzen da baina heldutasunera heltzeko irakurle eta jarraitzaileak behar ditu eta tarteka, zergatik ez, goxokiren bat edo beste behar izaten da. Gu jarraitzaile eta lagunez inguratuta sentitzen gara eta zorroa goxokiz beteta daukagu. Zer gehiago eskatu daiteke? Mila esker guztioi.

Beste sari bat Jakintza ikastolarentzat

Bada bai, horrelaxe da. Eta berriro Euskaljakintza dugu albistearen protagonista, nola ez. Izan ere, atzo gauen pertsona/elkarte web orri onenaren Diariovasco.com saria irabazi zuen.

Erraz ahaztuko ez dugun gaua izan zen atzokoa. IKTeroon komando batek (Mikel eta biok) gure proiektuaren berri Zamudion ematen genuen bitartean, EnpresaDigitalak antolatutako azken jardunaldian, bigarren komando bat ere (Maite eta Manu, ikastolako zuzendaria eta, martxa honetan, etorkizuneko IKTeroa) Donostiara desplazatu zen ikasle talde batekin batera. Bai Zamudiora baita Donostiara ere joateko aukera izan bagenuen, dudarik gabe, azken urteotan egindako lanaren ondorio zuzena izan da. Eta zalantzarik gabe esan dezaket, bietatik Ordiziara bueltatu ginela gauzak ondo egiten ari garen sentsazioarekin. Mikelek egun hauetako “tourné”an azaldutakoaz aurrerago idatziko dut. Gaur Maitetaz soilik hitz egin nahi dizuet.

Harrigarria bezain polita izan da bi urte pasatxo hauetan Maitek izan duen bilakaera bere irakasle eginkizunean. Zer dira, bada, bi urte irakaslearen bizitza profesional osoari erreparatuz gero? Zoritxarrez, irakaskuntzan aldaketak oso motel ematen dira, ziklo luzeak behar izaten dira irakasle lanean aldaketa esanguratsuak gertatzeko. Horregatik diot, apenas bi urte pasa direnean, Maitek egindako lanak horrelako oihartzuna izatea harritzeko modukoa dela. Nik uste dut ez Maitek ezta gutako optimistenak ere, 2005eko uda hartan Maitek bere eguneroko jarduna goitik behera aldatzea erabaki zuen egun haietan, ez lukeela imajinatu ere egingo erabaki harrek horrelako ondorio pozgarriak ekarriko lituzkeenik. Teknologiari esker, irakaskuntza aro berri batean sartzen ari garela garbi dago: teknologia irakaskuntza metodoen aldaketaren eragile nagusia izateaz gain, aldakuntza hauen komunikazioa eta partekatzea inoiz baino azakarragoa gertatzea bermatzen du. Maite eta bere lana, horren eredu garbiak dira.

Maiteren esperientzia oso oso polita izan da ere. Izugarrizko lana egin du Euskaljakintza aurrera ateratzeko. Oso ondo dakigu hori bere esfortzua gertutik jarraitu dugunok; ni pertsonalki erabat harrituta nago Maitek duen lanerako kapazitatearekin. Baina, nondik atera du Maitek lanerako behar duen “gasolina” hori? Nik esango nuke bere ikasleengandik jasotzen duela. Hiru ikasle promozio desberdin pasa dira dagoeneko Euskaljakintzatik eta ikustekoa da, urte batean bai bestean ere bai, zenbat ilusiorekin hartzen duten ikasleek Euskaljakintza bizirik mantentzearen ardura, zeinen identifikatuta dauden denak Maiteren proiektuarekin. Eta ez didazue ukatuko hori dela irakasle batek bere eguneroko lanean jaso dezakeen satisfaziorik handiena. Maitek erakutsi digu, irakaslea motibatuta sentitzeko ez direla beharrezkoak soldatak altuagoak, dirulaguntzak, formazioa, edo ez dakit nik zer beste aitzaki. Irakasle batek gauzak ondo egiteko behar duen gauza bakarra ikasleak engantxatzea da eta helburu horretan, gure lana eta gogoa da giltzarri bakarra. Eta Maitek hor bete-betean asmatu du.

Beti esan dugu gure filosofia elkarlanean eta partekatzean oinarrituta dagoela. IKTeroon ezaugarri nagusiena dela esango nuke nik. Baina ez dugu ahaztu behar ikastola barruan baditugula lankide mordoa filosofia horrekin ere bat egiten dutenak. Euren animo, laguntza eta bultzada ematen ahalegintzen dira behin eta berriro (nik behintzat horrela bizi dut). Etapa pozgarria bizitzen ari gara gure lanbidean eta uste dut, neurri batean behintzat, badela euren meritua ere (Mikelek aipatzen duen “iceberg” hori :wink: etortzen zait burura). Horregatik, uste dut barrura gehiago begiratu behar dugula eta gure lankideek eskaintzen diguten laguntza, gure lana behar bezala burutzeko, gehiagotan eskertu beharko geniekeela. Izan daitezela horrelako sariak ere, gure lankideei merezi diegun esker ona adierazteko eta taldeko espiritua sendotzeko aitzakia

Nire aldetik ez daukat besterik. Zorionak Maite, ondo merezitako saria jaso duzu, seguru ez dela azkenekoa izango. Disfrutatu eta parteka ezazu zure poztasun hori zure inguruko guztiekin.

Nire ikastola 2.0 da

Aurreko astean Gasteizen, gaur Donostian eta ostegunean Zamudion, Enpresa 2.0 izeneko jardunaldietan hizlari gisa aritzea egokitu zait.

Aurreko egunean, jardunaldi hauen inguruko aipamen bat egin nuen eta gure aurkezpenaren laburpen bat ere egin nuen.

Kontua da, bi hitzaldi pasa eta gero, autokritikarako unea iritsi dela. Oso garbi dago: jendaurrean hitz egiteko dohaia nigandik urrutik pasatu zen jaio nintzenean, eta hobetzeko saiakerak egin ditudan arren, ezinezkoa egiten zait. Urduritasunak jaten nau eta luzatu nahi ditudan ideiak korapilatu egiten zaizkit (ahazten ez ditudanean). Nire mahaikide diren Julen eta Markoren mailara iristea gustatuko litzaidake, baina dena ez da posible izaten beti.

Horregatik, mezu honekin, garbi utzi nahiko nuke zabaldu nahi dudan mezua: gure ikastola ez da ikastola arrunt bat, ikastola 2.0 baizik, eta horrek ikaragarri pozten nau eta ikastola honetako kidea izateak harro sentiarazten dit.

Zer esan nahi dut Ikastola 2.0 horrekin? Bada, ziur baten batek pentsatuko duela tresnetaz ari naizela, hau da; blogak, wikiak, jario batzaileak, markagailu sozialak… Eta neurri batean, horrela da, tresna horiek gure eginkizuna betetzen laguntzen baitigute, baina hori baino askoz ere gehiago da erakunde 2.0 izatea. Nik behintzat, pentsatzen dut hori baino gehiago behar dela ikastola 2.0 izateko:

  • gizartearekin duen konpromisoa betetzen ahalegintzen den ikastola
  • ezagutza partekatzen duena eta filosofia hori zabaltzen ahalegintzen dena
  • zailtasun edo arazoen aurrean irtenbideak bilatzen dituena
  • pertsonekiko konfidantzan eta askatasunean oinarritzen dena
  • pertsonen konpromisoa bultzatu eta aitortzen duena

Hori eta askoz gehiago da gure ikastola eta horixe da nik zabaldu nahi nuen mezua.

Bukatzeko, nigan konfiantza jarri duten guztiei publikoki eskertu nahi diet, baina bereziki uztailean hasi eta oraindik buru-belarri ikastolako proiektu gogor eta luze batean lanean ari direnentzat. Zuen adibidea ikastolako kide guztiontzat akuilu bat da eta gure ikasola 2.0agoa egiten baituzue.

IKTeroak Enpresa 2.0 jardunaldian

Bihar, Miñanoko Teeknologia Elkargoan eta Araba Enpresa Digitalak antolatuta, Enpresa 2.0 izeneko jardunaldia ospatuko da eta gure ikastolak bere aurkezpena egingo du.

Egia esan behar badugu, bertara joateko gonbitea jaso genuenean, kudeaketa eta etengabeko hobekuntzarekin zerikusia izango zuelakoan geunden, baina berehala ohartu ginen hori baino gehiago nahi zutela. Gure ikastolak arlo horretan duen eskarmentuaz gain, Web 2.0ko aplikazioen erabilerak ibilbide horretan izan duen eragina eta gure ikastolari eginiko ekarpena eta enpresa munduarentzat interesgarriak izan daitezkeen esperientziak azaltzea nahi dute.

Eta horixe da bertan azaltzen saiatuko garena. Ez da lehenbiziko aldia gure ikastolaren esperientziak enpresa munduarekin partekatzen ditugula, baina bai ordea Teknologia Berrien ikuspegia tartean dela. Hori dela eta, guri egokitu zaigu lan honen ardura nagusia eta horretan aritu gara buru-belarri azken egunotan.

Gurekin batera, Julen Iturbe arituko da saioa irekitzen eta Marko Txopitea saioaren azken hitzaldian. Ez dakit hauen pareko maila emateko gauza izango ote garen, baina ahalegin guztiak egingo ditugu euren mailara hurbiltzeko.

Bihar erabiliko dugun aurkezpenak gauza gehiegirik esaten duenez, jarraian, hitzaldian aipatuko ditugun puntu nagusien laburpen bat jartzen dizuegu.

Hasieran, gure ikastolaren inguruko datu batzuk eta azken urteetako ibilbidea laburtuko dugu. Jarraian, gure ikastolaren egungo egoera eta etorkizunerako erronkak aipatuko ditugu.

Sarrera honen ondoren, ibilbide horretan Web 2.0ko tresnen erabilerak gure ikastolari eskaini diona eta beste erakundeentzat baliagarriak izan daitezkeen aspektuak jorratzen hasiko gara. Atal honi hasiera emateko, JARRERA 2.0 izenaz batailatu dugunarekin hasiko gara. Hemen, gure ikastolan garatzen ari den jarrera aktiboa eta eraginkorraz mintzatuko gara. Segidan, informazioa eta ezagutzaren kudeaketaz eta horretan Web 2.0ko aplikazioek hartzen duten protagonismoaz ariko gara. Jarraian, ezagutza eta informazioarekiko erakundeek azaltzen duten jarreraz hitz egingo dugu. Partekatzearen garrantzia azpimarratuko dugu. Ildo beretik jarraituz, egungo teknologiek lan munduan ahalbideratzen dituzten aukera berriak (merkatu berriak, harremanak, negozio aukera berriak…) aipatu eta Web 2.0ko aplikazioen erabilerak ekar ditzakeen abantailak azaltzen ahaleginduko gara. Jorratuko dugun beste atal bat bisibilitatearena izango da. Izan ere, Web 2.0ko aplikazioen erabilerak erakunde bati bisibilitate hori lortzeko egundoko aukera ematen baitio. Azkenik, berrikuntzaren gaia jorratuko dugu. Web 2.0ko aplikazioen erabilerak gure ikastolara ekarri dion berrikuntzarako grina eta kontzientziazioa ez da nolanahikoa izan eta horixe ere partekatuko dugu.

euskaljakintza: diariovasco.com sariketako finalista!

euskaljakintzaZorioneko gaude berriz ere! Duela gutxi lortutako Espiral sariaren oihartzuna itzali gabe dagoenean, beste berri on batekin natorkizue: Diariovasco.com sariketan finalistak gara! Diariovasco.com Sariak DIGITAL VASCA S.L.ren lehiaketa bat da (ikus oinarriak). Bere helburua Internet sustatzea eta baliabide honen bidez jarduerak garatzen dituztenen lanaren kalitatea eta esfortzua aitortzea da. Antolatzaileek bost kategoria ezberdinetan egingo dute errekonozimendua eta kategoria bakoitzerako sari bakarra emango dute epaimahaikideek. Hauxek dira/gara finalistak kategoria ezberdinetan:

Enpresa web orri onena: AFM, Gurutzeta sagardotegia eta Inasmet.

Instituzio web onena: Ataungo Udala, Donostiako Udala eta Irungo Udala.

2.0 web orri onena: Astindu, Euskaltube eta Nireblog.

Pertsona/Elkarte web orri onena: Broute Mag, Vasco de Camping elkartea eta euskaljakintza.

Web publizitate kanpaina onena: Ikea, Renault eta Toyota.

Publikoaren Sarian parte hartzen dutenen artean Punta Canara bidaia bat zozketatuko da

Diariovasco.com-ek, era berean, web onenarentzat ‘Publikoaren saria’ izeneko saria ezarri du. Sari honen irabazlea zein den erabakitzeko erabiltzaile bakoitzak bere botoa eman ahal izango dio 12 web orri finalistetako bati. Erabiltzaile bakoitzak behin bakarrik parte hartu ahal izango du bozketa-prozesu honetan eta ezinbesteko baldintza izango da Diariovasco.com-en izen emanda egotea. ‘Publikoaren sari’ berezi hau erabiltzaileen boto kopuru gehien jaso dituen webak jasoko du, berdin delarik zein kategorietakoa den. Erabiltzaileen parte hartzea sustatzeko, Publikoaren sarian parte hartzen duten erabiltzaileen artean bi lagunentzako Punta Canara bidaia bat zozketatuko da.

Amaitzeko, aitortu beharrean nago, irabazi edo ez irabazi, guretzat ohore handia izan dela finalera iristea eta hainbat orri bikainen artean gurea ipintzea. Mila esker hori ahalbidetu duzuen guztioi eta zorte on gu guztiontzat!