IKTeroak abian jarri genuenetik hilabete bat igaro da eta, gure iritziz, balorazioa egiten hasteko garaia heldu da. Gure artean, astearte honetan, egingo dugun bileran hitz egingo dugu baina zuen iritzia behar-beharrezkoa dugu. Horretarako Jakintza Ikastolako web orrialdean inkesta bat jarri dugu gure ekimen honen inguruko balorazioa eman dezazun. Dena den, tresna horrek dituen mugak direla medio, askoz ere aberatsagoa litzateke zuen ekarpenak, iritziak hemen bertan txertatzea. Horretarako, oso sinplea den erregistroa bete beharko zenuke. Anima zaitez eta baloratu gure lana!!!
Kategoria: Jakintza ikastola
Ikaswebek aurrera darrai
Dagoeneko urtebete igaro da Ikasweb izeneko aplikazioa eta bere zerbitzaria gure ikastolan inplementatu genuenetik. Ikastolen Elkarteak bultzaturiko ekimen honek apustua handia suposatu zuen ikastola guztientzat eta Jakintzak bereak egin zituen ekimen berritzaile honen helburu guztiak.
Aplikazio berri horren ahalmenak ikusita apustu garbia egin genuen eta hasiera hasieratik lanari ekin genion. Oztopoak oztopo, aplikazioaren ezaugarri nagusiak ezagutzen hasi ginen eta, moduluen garapena planifikatu ondoren, diseinatzen hasi ginen. Gai hauek guztiak guretzat arrotzak ziren arren, ilusiorik ez zen falta eta ordura arte ezezagunak ziren PHP, CSS, XHTML, MYSQL, … bezalako terminoak ezagutzen hasi ginen. Lan neketsua eta gogorra izan arren, 2004-2005 ikasturte hasierarako gure intranetaren atal asko Ikasweb aplikazioarekin kudeatzen hasi ginen: agenda, zerrendak, albisteak, foroak, baliabideak, argazkiak,… Tresna honekin, gure bileren antolakuntza burutzen dugu, prozesuen jarraipena egiten da, kilometraia eta dieten kontrola burutzen dugu, ordezkapen eta baimenen jarraipena kudeatzen da, baliabideen erretserba egiten dugu, …
Tresna horiek egokitzen eta garatzen ari ginen bitartean, aplikazio honen beste alderdia garatzen hasi ginen, web orrrialdea, hain zuzen.Hasierako helburua abendua bazen ere, otsaila arte ez genuen lortu webaren garapen osoa. Zailtasun izugarriak gainditu behar izan genituen eta, azkenean, web orrialdea ireki genuenean, domeinuarekin beste arazo bat izan genuen. Azkenean, hori konpondu genuenean hobekuntzak eta modulu berriak sartzeari ekin genion. Garapen fase honetan murgilduta gaudelarik, berrikuntza sakon eta klabeak iristen ari dira. Aste honetan bertan, Outlook Web Access -en bitartez ikastolan dugun korreo zerbitzariarekin konektatzen hasi gara edozein lekutik. Honen atzetik beste berrikuntza bat datorkigu; gure karpeta pertsonala erabiltzeko aukera. Honek, gure korreoa kudeatzeko aukera berriak zabaltzearekin batera, lanaren antolakuntzan aldaketa sakonak ekar ditzake.
Bestalde, aplikazio honen garapenak ez du etenik eta dagoeneko, frogatzen hasi gara modulu berri bat: Ikasnot. Honekin irakasleok, gurasoek eta ikasleek kudeaketa akademikoaren jarraipena egiteko aukera izango dute.
Etorkizunak dakarkigunari buruz ezer gutxi esan dezakegun arren, garbi dago prozesu honek bueltarik ez duela eta, epe ertainean, aplikazio honekin ikastolako lan guztiak burutzeko aukera izango dugula bai ikastolatik bertatik bai interneteko konexioa duen edozein ordenagailutik.