Segurtasun kopiak Ubuntun

Gaur bertan, Genbetan, Back In Time izeneko aplikazioaren berri izan dut. Mezuan diotenez, aplikazio horrek ez du Mac-en Time Machine-k duen interfaze ikaragarria, baina funtsean harrek egiten duenaren berdina egiten du.

Bada, hori ikusita, nire segurtasun kopiak egiten hasi beharko nukeela pentsatu dut. Di-da batean, hemendik deb paketea jaitsi, klik bikoitza egin eta segundo gutxitan instalatuta nuen.

Programa abiarazteko “Aplikazioak – Sistemaren tresnak” hautatu eta bertan topatu dut. Aplikazioa abiarazten dugun lehen aldian, oinarrizko konfigurazioa egiteko eskatzen digu. Lehenik eta behin, zein karpetan gorde nahi ditugun gure segurtasun kopiak jarriko dugu (pantailaren goialdean). Segidan, zein direktorio edo karpeten kopiak egin nahi ditugun zehaztuko dugu (pantailaren ezkerraldean) eta zein baztertu nahi ditugun (pantailaren eskuinaldean). Jarraian, eta pantailaren erdialdean, finkatu nahi dugun maiztasuna adieraziko dugu. Azkenik, pantailaren behealdean, kopiak ezabatzeko zenbat denbora igaroko duen edota zenbat espazio libre izango dugun gure diskoan. Aitaren batean konfigurazioa amaituta dago.

Hori egin eta gero, azpiko irudian ikusten dugun pantaila azalduko zaigu. Ezkerraldean egindako segurtasun kopien zerrenda kronologikoki antolatuta azalduko zaigu. Erdialdean, ordenagailuak dituen lekuak eta segurtasun kopiak gordetzen dituenak. Eskuinaldean, leku horietan dauden fitxategiak. Agian, lehen segurtasun kopia egitea komenigarria da. Nik halaxe egin dut, behintzat.

Ikusten duzuen bezala, estetikoki zerikusirik ez du izango Mac-en Time Machine dotorearekin, baina oso erraza, intuitiboa eta praktikoa da.

Ikasys Proiektua Jakintzan

Makina bat zailtasun gainditu ondoren, Ikasys izeneko proiektua abian da gure ikastolan.

Proiektu hau Ikastolen Elkartearen eskutik iristen zaigu eta bere garapenean gure ikastolak oso parte hartze handia izan du. Ikastolako irakasle guztiok milaka jarduera presatzen aritu ziren iazko ikasturtea eta, hori gutxi balitz, bi irakasle 6 hilabetez Ikastolen Elkartera joan ziren proiektuaren xehetasun guztiak zehaztera eta erabilgarritasuna bermatzera.

Aurten, proiektua gure ikastolara iritsi da. Bi armairu mugikorrak 52 ultra-eramangarriz hornituta (bat Ikasys proiektua lantzeko eta beste bat Txanelako IKT jarduerak burutzeko) ekarri ditugu. Horretaz gain, bi arbel digital interaktiboak dagozkien proiektore, eramangarri eta lanparekin ere jarri ditugu. Beraz, egundokoa da gure Lehen Hezkuntzak dituen baliabideak metodologia berritzaileetan eragiteko. Gainera, erabiltzen ditugun ordenagailu txiki horietan, UBUNTU izeneko sistema eragile askea eta euskaraz erabiltzen dugu. Horrekin, jorratuko dituzten gaiak lantzeaz gain, software askearen erabileran ohitzen eta trebatzen hasten dira txiki-txikitatik, software pribatiboak sortarazten duen menpekotasun maltzurrarengandik askatuz.

Ikasys Proiektura itzuliz, aurten, 17 ikastola gara proiektua jorratuko dugunok. Izan ere, Ikastolen Elkartea eta EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea)ren gidaritza, jarraipen eta kontrolpean pilotu gisa arituko gara. Dagoeneko, hasierako froga bi egin zaizkie eta astero-astero EHUko kide bat gure geletan egongo da proiektuaren jarraipena egiten. Amaieran, beste froga bat egingo zaie eta lortutako datu guztiekin proiektuaren balorazioa gauzatuko da. Beraz, oso lan sakona proiektu honen atzean dagoena eta espektatiba oso handiak zabaldu dituena ikastolon komunitatean.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago bere webgunean topa dezakezue: Euskaraz edo Gazteleraz.

Software askea Jakintza ikastolan

FOSS

Ikasturte berezia bizitzen ari gara aurten gure ikastolan. Izan ere, software askearekin soilik eratuta egongo den sarearen migrazioaren lehenengo fasean murgilduta gabiltza irailetik hona. Iazko ikasturtearen amaieran, ikastolako irakasle guztiekin adostuta hartu genuen erabaki baten ondorioz, bizpahiru urteko epean ikastolako zerbitzari eta ekipo guztiak software askearekin funtzionatzen ipintzeko konpromisoa hartu genuen. Ziurrenik gure ikastolan azkenaldian hartu dugun erabaki garrantzitsuenetako bat izan da eta, noski, ez da izan gauetik goizera hartu den erabaki bat.

Urtarriletik ekaina bitartean IKT taldean sakon aztertu dugun gai bat izan da migrazioarena. Epe horretan jarraitutako prozedura, modu laburrean, hauxe izan da:

  1. Urtarriletik martxo bitartean, informazioa biltzeari ekin genion. Antzeko prozesua jarraitu duten erakundeen esperientziak biltzen ahalegindu ginen, migrazioa justifikatzen zuten arrazoiak argitzen ahalegindu ginen.. Informazio hori guztia ZirIKTeroen gunean biltzen joan gara. Nik neuk nire eramangarrian Ubuntu instalatzeko erabakia hartu nuen (gaur egun ez naiz damutzen orduan hartutako erabakiarekin); zertaz hitz egiten ari garen jakiteko norberak aplikazioak probatzea bezalakorik ez dago
  2. Bildutako informazio guztiarekin migrazioaren faseak definitzen ahalegindu ginen, kontzienteak izanik fase hauek, beti ere, uneko abagunearen menpekoak izango zirela. Horrela, ekaina bitartean, migrazioaren arrazoiak justifikatzen zituen dokumentu marko bat diseinatu, eta bertan zetorren informazioaren inguruan, etapetan eztabaidatzeko proposamena egin genuen. Ekainean, klaustro osoa bildu eta aurtengorako migrazioarekin arre edo so egingo genuen erabakitzeko, bilera data zehaztu genuen ere.
  3. Klaustro osoko bilera horretan, ikastolako langileek, proposatzen zen migrazio prozesuarekin aurrera egitea erabakitzen bagenuen, garapen osoa bi urtetan zehar burutzea proposatzen genuen. 2008-09 ikasturterako, sei aplikazio konkretu erabiltzeko proposamena jartzen genuen mahaiaren gainean. Planteatu genituen aplikazio guztiak askeak ez badira ere, ordaindu beharreko lizentziarik gabeko aplikazioak izateko konpromisoa hartu genuen. Hauexek dira zehaztu genituen aplikazioak: OpenOffice, Firefox, GApps (GMail kontu bat ikastolako domeinuari lotuta), 7zip, Adobe Reader eta CD/DVDak grabatzeko aplikazio bat, K3B adibidez. Azkenik, 2009-10erako zerbitzariak nahiz bestelako ekipo guztiak GNU/Linux distribuziopean edukitzea proposatu genuen. Azken urrats hau eman aurretik, ezinbestekoa ikusten genuen 2008-09an, ikastolako sare osoaren auditoria sakon bat egitea, migrazioaren azken urrats honetan egon zitezkeen arazoak identifikatu, ondoren hauekin zer egingo dugun erabakitzeko. Horrela, informe horren arabera, azken fase hori urtebetean burutu ordez, bi urtetan bana genezake; lehenengoan zerbitzariak migratuko genituzke soilik eta hurrengoan ekipo guztiak.

Prestatu genuen lehen informea irakasle guztiei zabaldu zitzaien eta etapaz-etapa bertan zetorrenaren inguruan eztabaidatu genuen (mentalizazio eta sensibilizazio lan bikaina IKT taldeko kide guztiek egin zutena hemen). Azkenik, ekainean guk proposatutako migrazio planak langileria osoaren oniritzia jaso zuen. Udaz geroztik hortxe ari dira gure ikastolako irakasle eta ikasle guztiak lehen aipatutako aplikazioak erabiltzen (egia esan, 7zip eta CD/DVD grabatzaileak datorren urterako uztea erabaki dugu). Salbuespen bakarra administrazioko postuak izan dira. Horiekin azterketa sakonagoa egin beharrean gaude oraindik.

Tira, askotan esan dut baina beste behin goraipatu nahiko nuke nire lankideen jarrera. Berdin dio goi-mailako nahiz behe-mailako IKT profileko irakasleak izan, etapa batekoak zein bestekoak, denek heldu diote erronkari adorez eta pazientziaz beteta. Une honetan daukagun arazo potoloena formula editorearena da; ekuazio konplexuak sortzeko OpenOffice-ek duen editorea ez da batere intuitiboa eta Word-eko editore bisulean ohituta dagoen erabiltzaile bati oso konplikatua egiten zaio kodean eskua sartzen ibiltzea. Bai ikasle baita zenbait irakasleekin ere, fitxategien formatu kontuekin arazotxo batzuk izan dira baina ez da beste munduko ezer izan. Ohitura piska bat hartzen goazen heinean segituan menperatuko dugun zerbait izango da hori. Jaso dezatela, beraz, bai ikasle eta baita irakasleek ere nire eskerrik beroena, azaltzen ari diren jarrera eraikitzaile eta konprometituarengatik eta, bide batez, ahalegin horrekin nire lana errazteagatik.

Amaitzeko, hementxe uzten dizuet iazko ikasturte amaierarako prestatu genuen eztabaidarako dokumentua. Funtsean, migrazioaren justifikazioa azaltzen da bertan. Hiru atal nagusitan banatzen da:

  • Lehenengoak Hezkuntza irekiaz hitz egiten du. Gure ikastolaren izaerarekin lotutako puntuak aztertzen dira bertan eta proposamen zehatz bat luzatzen zaio ikastolako komunitateari: gure Hezkuntz Proiektuan ikastola irekiaren aipamena egitea gure eskaintzen berezitasun nagusienetako bat bezala.
  • Bigarren atalean, migrazioa justifikatzen duten hainbat arrazoi “praktiko” zerrendatzen dira. Gehienak erabiltzaileak gertutik bizi/biziko dituen gertaerekin zerikusia dute.
  • Azkenik, hirugarren blokean software askea irakaskuntzan zergatik den komenigarria erabiltzea azaltzen da. Hauetako asko seguru entzungo zenituztela, Mikelek aurrekoan jarri zuen bideoan agertzen zen Richard Stallmanen ahotik.

Esan bezala, hementxe ipintzen dizuet dokumentua, zuen ikastetxeetan antzeko eztabaida bat sortzeko lagungarria izango zaizuelakoan. Aurten beste bi informe prestatu beharko ditugu; hauek ere txoko honetan ipiniko dizkizuet amaituta ditudanean.

DOKUMENTUA: Software askean oinarritutako sistema baten inplementazioa Jakintza ikastolan: justifikazioa