Euskaljakintza edublog txapeldun!!!

Zorionak!!!

Orain dela bi urte Maite triste zebilen. Bere ikasgaiarekin ez zuen asmatzen eta ikasleekin lortu nahi zituen helburu batzuetatik urrun gelditzen zela ikusita, bere egonezina nabaria zen.

– Ezin dut horrela jarraitu!, aldatu beharra daukat, baina zer egin dezaket?… -errepikatzen zuen etengabe-.

Jolaus eta biok blog bat martxan jartzera animatu genuen eta bere ohiko 500000 galdera erantzun eta gero, lehen urratsak ematen hasi zen. Uda osoa pasatu zuen bere proiektua diseinatzen, edukiak sortzen, baliabideak txertatzen… eta irailerako dena pronto zuen. Baina zailena gelditzen zitzaion, hau da, gelan sartu eta ohiko metodologia aparkatuta utzi eta bide berriari ekin.

Eta hortxe bete-betean asmatu zuen. Planteamendua goitik-behera irauli eta mugarik gabeko ausardiaz jokatu zuen. Hori bai, lan horretan, iazko ikasle taldearen laguntza azpimarragarria izan zen, gauzak erraztu zituztelarik. Gauza bera esan beharko genuke aurtengo taldeari buruz, izan ere, iazkoen lekukoa hartu eta lanari gogoz eutsi baitiote.

Bi urteko ibilbide honetan, Euskaljakintza ezaguna egin da euskal blogosferan eta, batez ere, euskal hezkuntzaren munduan. Horren ondorioz, kontaezinak dira Maitek eskaini behar izan dituen hitzaldiak, ikastaroak… Hauei guztiei bere formaziorako egin dituenak gehitzen badizkiegu, IKT eta Batxiko bulegoetan bere argazkia jartzearen arrazoia ulertuko duzue.

Beno, bada, hori gutxi balitz, oraingo honetan ez dakit zer egin beharko dugun. Izan ere, aurrekoan esan nuen bezala, estatu mailako I Espiral Sarien finalisten artean sailkatu eta gero, “Blogs de aula” atalean TXAPELDUNA gelditu da.

Ikaragarria!!! eta merezita, bai horixe!!!

Saritutako blogen artean ez dago beste blog euskaldunik eta Euskaraz eginiko blog bat gisa honetako sari bat irabaztea ez da makala eta meritu guztia Maiterena eta bere ikasleena da. Bejondeiela!!!

Euskaljakintza, edublog finalista

Seik kudeatzen eta aurrera daraman Euskaljakintza bloga Espiral Sarian finalerako hautatu dituzten 50 blogen artean sailkatu da.

Honezkero jakingo duzue 2. Batxilergoko Euskara ikasgaia lantzeko erabiltzen duela eta era guztietako baliabideak eta artikulu oso interesgarriak topatuko dituzuela bertan. Guztiz gomendagarria.

Honek, ikasleek nahiz irakasleek ongi egindako lana aitortzeko balio dezala. Izan ere, zailtasunak-zailtasun, proiektu bat besterik ez zen hura gorpuzten joan da eta, egun, sarean topa daitekeen gunerik interesgarrienetarikoa bilakatu da. Zorionak Maite, lan bikaina egiten ari zarete eta!

Ah, eta blog hau baloratzen ez duen arren (gehiegi litzateke hori), sari horren epaileen artean estatuko irakasle blogari garrantzitsuenak daude eta horien artean, gure ezagun bat. Ea identifikatzen duzuen. wink

Informatikari Euskaldunen Bilkura 07

Dagoeneko zuetako askok jakingo duzuen bezala, datorren ostegunean Informatikari Euskaldunen bilkura izango da. Gu ere hantxe izango gara web 2.0ren inguruan gure esperientziaren bat azaltzeko prest. Beraz, lerro hauetaz baliatuz, parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Bide batez, hementxe doakizue ekitaldirako prestatutako blogetik ateratako hainbat zehaztapen, den-dena jakiteko klikatu hemen:

Hamaika urte joan dira informatikari euskaldunak biltzeko lehen topaketak egin zirenetik. Aurten, maiatzaren 10ean, VI. edizioa izango da, eta gai nagusitzat Web 2.0 hemen hartu da. Jakina denez, web 2.0, teknologia multzo bat ez ezik, jarrera berri bat ere bada; horregatik, seigarren bilkura honen egitarauan, bi ikuspuntuoi buruz, teknologikoari zein filosofikoari buruz, alegia, jardungo duten hizlari adituak aurkituko ditugu. Hitzaldiak ez ezik, web 2.0 tresnak erabiliz izandako esperientzia aberasgarriak eta azken aldian garatu diren aplikazio berriak bilkurako parte hartzaileei azaltzeko aukera ere izango da. (…)
Hori guztia dela eta, jardunaldian parte hartzera animatzen zaitugu, benetan uste baitugu informatikan euskaraz jardun nahi dugunok biltzea garrantzi handikoa dela, elkarren interesak, arazoak eta kezkak nondik norakoak diren jakin dezagun.

Nori zuzendua: Informatikari (zentzu zabalenean hartuta) euskaldunak: softwaregile, erabiltzaile, ikasle, irakasle, teknikari eta abar, eta abar

Eguna: Maiatzaren 10a

Tokia: Miramoneko Teknologi Elkartegia. Mikeletegi pasealekua 56 1. 20009 Donostia

Egitaraua:

8:45-9:15 Harrera
9:15-9:30 Jardunaldien aurkezpena

Lehenengo hitzaldi-saioa
9:30-11:30 WEB 2.0 sarrera. Joxe Arantzabal (Mondragon Unibertsitatea)
Interneten izaera aldatzen ari diren formatu eta mikroformatuak. Gorka Julio (Elurnet)
Euskara interneteko 36. hizkuntza. Garikoitz Araolaza (Codesyntax, UEU)

11:30-12:00 Atsedenaldia/kafea

Saio PARALELOAK:

WEB 2.0 esperientziak
12:00-12:25 Euskaljakintza: 2.0 irakaskuntzan. Maite Goñi (IKTeroak taldea eta Ordiziako Jakintza ikastola)
12:25-12:50 TOLOSALDEA eta pantailaren atzealdeko estrategia. Iñigo Balerdi (TOLOSALDEA Goimailako LH Institutua)
12:50-13:15 zabaldu.com albistegi kolektiboa Arkaitz Zubiaga (Informatika ingeniaria, UNEDeko hirugarren zikloko ikaslea)
13:15-13:40 Tagzania eta Blogak: bi adibide praktiko. Josu Azpillaga (CodeSyntax)

Software produktuen aurkezpena
12:00-12:25 Ikasys. Naiara Maya eta Ainara Urrutia (Gipuzkoako Ikastolen Elkartea)
12:25-12:50 IMK: Itzulpen-memorien komunitatea. Ibon Aizpurua (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, UEU)
12:50-13:15 CorpEus eta EusBila, amarauna euskarazko corpus erraldoi gisa kontsultatzeko tresnak. Igor Leturia (Elhuyar Fundazioa, UEU)
13:15-13:40 Matxin: gaztelaniatik euskara itzultzeko teknologia software librean. Aingeru Mayor eta Mikel Lersundi (UPV/EHU)

13:45-15:30 Bazkaria

Bigarren hitzaldi-saioa
15:30-16:50 Euskal Herria 2.0. Iratxe Esnaola(Deustuko Unibertsitatea)
Web garapen arinerako tresnak: AJAX, Ruby on Rails eta MVC paradigma. Jatsu Argarate (CodeSyntax)

Mahai-ingurua

17:00-18:00 Internet 2.0 hemen eta munduan
Patxi Gaztelumendi (Kazetaria, UEU)
Aitor Soroa (EHU, UEU)
Eneko Astigarraga (Deustuko Unibertsitatea, Codesyntax

Prezioa: Doako sarrera, nahitezkoa izango da izena ematea.

Ikastolen XIV. Jardunaldi Pedagogikoak

Gaur, Iruñeako Baluarten, Ikastolen Elkarteak antolaturiko XIV. Jardunaldi Pedagogikoak hasi dira. Aurten, Jardunaldi hauen ardatza Lehen Hezkuntza da.

Gaurko saioetan izan naizenez, ahaleginduko naiz laburpentxo bat egiten. Ea asmatzen dudan.

Hasierako ekitaldira pittin beranduago iritsi banaiz ere, nahikoa izan da Tontxu Campos Sailburuak esandakoa entzuteko. Ohiko mezuen artean, europar markoari buruz eta esperientziak partekatzeari buruz esandakoa azpimarratuko nituzke. Konpetentzien inguruko lanketa (Euskal Curriculumak hori bultzatzen du) ez da gauza berria, baina eguneroko lanean betetzen ote dugun nire errezeloak ditut. Bestalde, esperientzi bikainak partekatzeko beharraz aritu da eta beharrezkotzat jotzen du horretarako foro bat sortzea. Bada, sortu ezazu, pentsatu dut neure artean, zuk horretarako eta gehiagorako ahalmena daukazu eta. Gu parte hatzeko prest geundeke.

Atariko ekitaldiaren ondotik, lehen saioa Xabier Garagorriri egokitu zaio eta ohiko maixutasunez aritu da Konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzaz. Euskal Curriculuma erreferentea izanik, beste administrazioek proposatzen dutenarekin alderatu du. Hortxe garbi ikusten da ildo beretsua daramatela guztiek, beraz, aukera historiko baten aurrean egon gaitezke. Nolanahi ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela esan du eta horretarako beharrezkotzat jotzen du guraso eta irakasleon formazioa.

Jarraian, David Duran (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) izan da hitza hartu duena. Oso azalpen zehatza eta adibidez horniturik. Berdinen arteko tutoretza: desberdintasuna ikasbide izan da bere solasaldiaren gaia eta gauza asko azpimarratuko nituzkeen arren, bere esaldi bat aipatuko dut hemen:

Irakastea ikasteko oso era eraginkorra da. Eman diezaiegun gure ikasleei eta euren gurasoei aukera hori.

Azpimarragarria ere, Eskoziako ikasleek eta Kataluniako ikasleen artean aurrera daramaten Interneten bidezko tutorizazioa hizkuntzak lantzeko. Elkarri laguntzen diote gaztelera eta ingelesa ikasteko prozesuan.

Atsedenalditxoaren ostean, talde lanaren txanda iritsi da eta hitzaldietan agertutako gaiei buruzko galderak prestatu dira. Jarraian, bozeramaileek galderak egin dituzte eta oso emankorra izan da tarte hau zalantzak argitzeko.

Otordurako tarte bat hartu eta berehala hasi da bigarren zatia. Hemen, protagonista nagusia Ikastolok diseinatutako eta ekoiztutako Txanela Proiektua izan da. Benetan, proiektu bikaina. Lastima webgune propioa oraindik ez izatea.

Sarreraren ostean, Fultxok, Bianako Erentzun Ikastolako irakaslea eta IKTero saltseroak, bere ikasleekin Wikiekin egiten dituen esperientziak azaldu eta IKTek gure eguneroko jardunean eskaintzen dizkiguten aukerak modu bikain batez erakutsi dizkigu. Gainera, bere umore puntua bazkalosteko saioan eskertu da.

Bukatzeko, Orereta eta Zarautzko ikastolako ordezkariek Txanelaren inguruan aurrera eraman dituzten beste esperientziak aurkeztu eta azaldu digute.

Biharko saiora ez dut joaterik izango, baina ostegunean hantxe izango naiz. Komunikazio arloa izango da jorratuko den gaia eta konpetentzia horretan IKTen erabilera txertatuta dagoenez, gure ikuspegia emateko aukera izango dugu. Izan ere, arratsaldeko saioan gure ikastolako esperientzia eta ikuspegia azalduko baitugu. Ea gaurko azalpenak bezain argia egiten dugun.

Internet Explorer nazkatu arte

Internet Explorer ez da nire gogoko nabigatzailea, baina diseinu bat aurrera atera baino lehenago ezinbestekoa izaten da froga batzuk egitea nabigatzaile ezberdinetan eta Explorer-en kasuan, gutxienez, bi bertsio frogatzen ditut: 6. eta 7.a.

Honekin, arazo bat izan nuen IE7 instalatzerakoan. Izan ere, 7. bertsioa instalatu nuen unean, aurreko bertsioa desagertu egin zen nire ordenagailutik.

Gauzak honela, bi bertsioak batera martxan jartzea ba ote zegoen ikertzen hasi nintzen. Ez nuen denbora gehiegirik itxaron behar izan soluzioa aurkitzeko: Cristalab izeneko blogean aurkitu nuen erantzuna. MultipleIE izeneko aplikazioa da, hain zuzen ere. Prozesua oso erraza da:

Nik masokista punttu bat dudala aitortuko dizuet eta bertsio guztiak hautatu nituen. Hori dela eta, irudian ikus dezakezuen bezala, nire ordenagailuan 3.0, 4.01, 5.01, 5.5, 6 eta 7 bertsioak martxan ditut. Egia esan, 6 eta 7 dira gehien frogatzen ditudan bertsioak, baina baten batek interesa badu edota garai zaharrak gogoratu nahi baditu, aukera du denak batera martxan jartzeko.

Gogoratzen dituzue garai hartako mezuak? Bada, ez dira desagertu, ez horixe!

Sentsazio fuerteak nahi badituzue, badakizue, frogatu eta instalatu bertsio guztiak. Gure gaztarora bueltatzeko aukera paregabea baita.