Aitormena (Unplugged version)


Ez dira betiko garai onenak,

Ez dira, ez. Eta ez naiz ari ekonomia kontuez. Gauza hauetaz dakitenek diotenez, krisiak gripea bezalakoak dira; aurretik txertoa hartuta egonda ere, etorri behar badira, etortzen dira. Eta behin harrapatzen zaituenean egin daitekeen gauza bakarra, sintomak kontrolatzea izaten da. Horrela, gripearen antzera, krisiak etortzen diren bezala joaten omen dira. Bada tira, antzeko egoera batean murgilduta nabil ni azkenaldi honetan.

Ez zaizue inoiz gertatu sekulan baino seguruago sentitzea zuengan, etor daitezkeen arazoen aurrean inoiz baino prestatuagoa ikustea zuen burua, konfiantzaz beteta egotea etorkizunari aurre egiterakoan eta, era berean, murgilduta zaudeten proiektu guztiak okerreko bidetik ateratzea? Bada horrelako egoera xelebrean murgilduta azkeneko hilabetetan.

azken finean gizaki hutsak gara,

Saltsa honetan hasi nintzenean zerbait errepikatzen banien nire ingurukoei, denok daukagula gure inguruan eragiteko ahalmena eta, tresna berriei esker, gai ginela eragin hori hezkuntza sistema osatzen dugun kide guztienganaino zabaltzea zen. Horrela elkarlanaren filosofian oinarrituta, hezkuntza sistemaren aldaketaren eragile izan gintezkeela errepikatzen nien behin eta berriro.

Duela lau urte horrelakoez hitz egitea fikzioa zen irakasle gehienentzat. Gogoan dut nire anaia Tomasekin zenbat eztabaida izaten nituen gai honen inguruan. Inozo bat besterik ez nintzela, lan-orduetatik kanpoko lan egitea diru extrarik jaso gabe tontoek bakarrik egiten dutela esaten zidan, behin baino gehiagotan. Zer erantzun horrelako argudioen aurrean? Nik beti ikuspegi beretik erantzuten nion,a legia, berak ematen zituen arrazoiak zirela neurri handi batean gure lanari desprestigioa ekarri diotenak. Irakaskuntzak jarrera derrotista ugari aurkezten zituela eta beharrezkoa zela izpiritu baikorra hedatzea, eredu positiboak transmititzea, gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakustea.

Ez da erraza horrelako filosofiarekin bat egitea baina hortxe hasi ginen Mikel, Maite, Koro eta laurok, gure lanarekin inguruko bazterrak harrotu nahian, Supermanen kapa gorria jantzita, mundua aldatuko genuela pentsatuz. Lau urte pasa dira harrez gero eta zer gertatu da gure inguruan? Bada ezer gutxi. Izan ere, erakundeen dinamika zaharkituak eraldatzeko, sistema behar duen berrikuntza eragiteko, lau irakasleren lana baino gehiago behar da. Azken finean, irakasle soilak gara, gauza txikiak egiten ditugu eta kasu gehienetan, burokratek ezer gutxi dakite honi buruz eta, inguruan zer gertatzen den baldin badakite, ezer gutxi dakite aldakuntzaren kudeaketari buruz

barearen ostean dator ekaitza,

Apirilaren 11an egingo ditu lau urte gure blog honek. Zein urruti geratzen den gure bloga ia inork irakurtzen ez zuen garai hura; orduan bai bizi ginela lasai!. Nire irakasle ohiko lanaz gain bloga zen esku artean nuen proiektu bakarra. Denbora nuen lasai idazteko, burutik pasatzen zitzaizkidan burutapen edota hausnarketa guztiak bertan idazteko. Satisfazio handia izan zen niretzat ohartzea poliki-poliki gure ekarpenek geroz eta jende gehiago erakartzen zituela hona, ingurukoek gure lana estimatzen zutela ikusteak hasierako filosofiari heltzeko behar genuen bizigarririk handiena zen.

Horrela, komunitateari eskainitako dedikazioa eta denbora areagotzen joan zen. Aurrera eramandako proiektuen zerrenda zabaltzen joan zen eta kanpotik etortzen zitzaizkigun kolaborazio eskaerak ere. Eta konpromisoak areagotzen joan ziren heinean frustrazioen zakua betetzen hasi zen. Udaraz geroztik arrapaladan etorri dira bata bestearen atzetik.

Esperantza handia nuen ipinita irakasleon artean sortu genuen Zirikteroen ekimenean. Horrelako sare batekin, irakasle guztiok daukagun inguruan eragiteko ahalmen horretaz jabetuko ginela espero nuen, irakasleek ere gure blogarekin nik bizi izandako satisfazioak biziko zituztela espero nuen eta horrek, era berean, bakoitzak duen gertuko lankideengan jarraipena izango zuela sinistu nuen. Dedikazio handia eskaini nion proiektuari, partaidetza bultzatu, eztabaida dinamizatu, jendea animatu… beharrezkoa izaten da horrelako proiiektuak martxan ipintzen direnean. Pasa den urtarrilean urtebete bete du proiektuak eta sentsazio gozoak baino gehiago, gaziak izan dira nagusi. Udara partetik hona apenas egon da mugimendua, apenas egon dira ekarpenak eta egon diren ekarpen interesgarri batzuei apenas eskaini zaie arreta (oso ona Fultxoren azken ekarpena).

Ez da erraza izan, ezta ere, Ikastolen Elkarte mailan izandako esperientzia. Ez da sekretua ez nagoela oso ados Ikastolen Elkarteak IKT arloan jarraitzen duen filosofiarekin. Egia da eztabaidaren bat edo beste izan dugula baina beti ere, izpiritu eraikitzaile batetik enfokatuta, argidoak ematen, taldeari onura ekar dakiekeen proposamenak mahai gainean jartzen. Nituen helburu guztien artean nagusienetako IKT dinamizatzailearen figurari behar zaion garrantzia, babesa eta laguntza bilatzea izan zen. Baina nonbait zerbait gaizki egin dut, izan ere, pasa den udaran izandako bilera baten ostean nire lankide batzuen aldetik errezelo eta mesfidantza handiak sumatu nituen. Nahiko kaxkatuta ateranintzen bilera hartatik eta denbora dezente behar izan nuen hangoa asimilatzeko. Denborarekin perspektiba pixka bat hartu dut; konturatu naiz oso zaila dela Ikastolen Elkartean dagoen izpiritu endogamiko eta korporatiboarekin puskatzea. Horixe da Elkarteak garai berrietara egokitzeko duen trabarik handiena. Eta ondorio garbi bat atera badut, horrekin puskatzeko, ilusioa eta borondatea baino gehiago behar direla da.

Eta horrela EGAko aferara heltzen gara. Eta honek bertan behera botatzen ditu nire teoria eta espektatiba guztiak. Maiteri gertatu zaionaren ondoren, nola defendatu ditzaket elkarlanaren filosofia, komunitatearekiko konpromisoa eta antzeko paranoiak nire lanideen aurrean? Nola transmititu orain ingurukoei komunitatearen mesedean egindako lanak, modu batera edo bestera, onurak ekarriko dizkiotela gure eguneroko lanari? Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiaren atzean balorazio asko egin daitezke; niri pertsonalki pena gehien ematen didana, inmobilismoa justifkatu nahi dutenek behar zuten aitzakia lortu dutela. Horrelako erabaki sinple batekin, bertan behera bota dituzte gauzak beste modu batera egin daitezkeela pentsatzen dugunon arrazoi guztiak. Zer kontatu behar diet nik orain ingurukoei?

udaberri berririk ez guretzat.

Laister sartuko gara urtarorik politenean eta gure ikastola zuzendaritza taldearen berritze prozesuan murgilduko da. Asko dira gure ikastolak bizi izan dituen aldaketak azken urte hauetan, asko dira kudeaketa eredu berriak ekarri dituen onurak. Baina egia da, baita ere, hobekuntzaren izpirituak ez duela zentzurik, atzera begira bakarrik jarraitzen badugu. Ez gara bakarrik irakasleak egokitu behar datozen garai berrietara, ezin dugu irakasleen gain soilik utzi ikastolaren eraldaketaren ardura. Eraldaketa prozesu horretan lidergoa eramango duen talde bat behar da, aurretik izango ditugun erronkei aurre egiteko ondo prestatuta egongo dena, etorkizuna baldintza egokitan eraikitzeko beharrezkoak diren baliabideak eskura izango dituztenak.

Eta nire ustez arlo horretan badugu zer hobetua oraindik. Ikastolan egin ditudan hamaika urte hauetan ez da sekula gai hauetaz hitz egin; ez dugu sakondu zuzendaritzaren berritze prozesuaren inguruan, ez dugu hitz egin arlo pedagogikoaren koordinazioaz (konpetentzien hezkuntzan oinarritutako ereduan berriaren aurean ezinbesteko gaia), ez dugu aztertu zuzendaritzak nola burutzen duen giza baliabideen eta ezagutzaren kudeaketa, ez dugu hitz egin barne formazioari eman behar zaion enfokeazeta honek izan dezakeen eraginaz berrikuntzan, ez dugu sekulan hitz egin arlo hauetan guztietan zuzendaritzako kideek izan ebhar dtn formazioaz…

Tira, aurtengo udaberria ezberdina izango delakoaren esperantzaz, ordu batzuk pasa nituen honi guztiari buelta pare batzuk ematen. Informazio bildu eta geurera ekarri, ditugun alde ahulak identifikatu eta horiek guztiak paperean jaso. Ordu dezente joan zitzaizkidan zeregin horetan eta, egia esanda, ez nuen esperantza handirik horrelakorik gehiegirako balioko zuenik. Ostegunean aurkeztu genuen Koro eta biok gai hau zuzendaritza bileran.

Bileratik frustrazio eta ezintasun sentsazio handiekin atera nintzen. Lekuz kanpo sentitu nintzen tarte batzuetan, besteetan azaldutakoak ez zirela ulertzen ikusi nuen eta, beste batzuetan, egindako proposamenek suposatzen zituzten aldaketen aurrean beldurra eta erreflexu falta ikusi nituen.

Denborak aurrera etengabian,

Kuriosoa da. Oraingo perspektibarekin zein desberdin ikusten diren gauzak. Duela lau urte, zeinen berde nengoen oraindik, zeinen esperientzia gutxi eta, era berean, zeinen baikor sentitzen nintzen etorkizunaren aurrean. Ziur aski lotura zuzena egongo da ezjakintasuna eta ametslaria izatearen artean.

Denborarekin, prestatuagoa sentitzen joan naizen bitartean, amets egitetik gauzak benetan burutzeko aukera izatea pasa dut. Hasierako utopia haiek egi bihurtzeko aukera erreala dagoela ikusten duzu. Baina orduan jabetzen zara, ingurukoen errealitatea zuk bizi duzunaren desberdina dela. Eta jabetzen zara ingurukoengan eragiteko aukera galdu egin duzula, besteek oso urruti ikusten dituztelako zuretzat hain arruntak izan daitekeen hainbat gauza. Denborak aurrera egiten du bai, baina aldaketa hori abiadura ezberdinena gertatu dela egiaztatzeak frustazio handiak sortzen ditu.

ta orain ezin eutsi izan giñana,

Ez dago atzera bueltarik, tamalez. Asko aldatu da nire bizitza azken lau urte hauetan. Uste dut lehen nuen ilusio eta freskotasuna galdu egin dudala. Asko kostatzen ari zait hasierako motibazioari heltzea gure blog honetan idazterakoan. Une honetan gainezka sentitzen naiz.

Ez dut denborarik ditudan konpromiso guztiei erantzuteko. Momentu batzuetan lanez gainezka ibili naizelako eta, beste batzuetan, adore nahikorik ez dudalako izan saltsa berrietan sartzeko, kontua da batzuek egin dizkidazuen kolaborazio eskaerak erantzunik gabe geratu dira. Hemendik barkamena eskatzen diet denei.

Ingurukoekin harremana ere aldatu egin da. Etxean dakite honetaz inon baino gehiago. Loinaz eta Enekok ere merezi dute nire denboraren zatitxo bat, orain arte eskaini diedana baino dezente gehiago. Mikelekin ere garai batean genuen komunikazioa faltan botatzen dut. Denbora eskaini beharrean nago hauei ere.

rutinaren morroiak bihurtu gara,

Lan egiteko modu batera ohitu naiz, autonomoa eta autosufizientea. Komodoa sentitzen naiz lan egiteko modu horrekin baina lan egiteko modu honek inguruan dudan errealitatearekin talka egiten duela entitzen dut. Eta ingurukoekiko asinkronia falta horrek dezente kezkatzen nau. Izan ere, bide horretatik jarraituz, frustrazioak etengabe jasotzeko arriskua daukat. Izan ere, lan egiteko modu honen ondorioz sortzen diren itxaropenak asetuta izatea oso gauza konplikatua da, ingurukoentzat egiten ditudan planteamenduak oso arrotzak bihurtzen direlako gehinetan eta horrek mesfidantza eta beldurra sortzen die zurekin lanean daudenei.

Eta ez dut errutina horrekin jarraitu nahi. Nire lanean satisfazioak behar ditut eta horretarako bide berriak probatu behar ditut. Aukeretako bat sarean zehar nire burua promozionatzea izan daiteke, autobombo piska bat eman. Ez da zaila hori. Interneten tripak ezagutzen ditut eta ez litzateke gauza konplikatua izango. Egiten dudan lan guztia etekin pertsonala ateratzeari dedikatu; badira horrela jokatzen duten irakasle askok, nik deitzen ditudan “blogfesor star” horietako asko, internetetaz baliatu direnak euren protagonismo egarria asetzeko. Baina hori ez da nire estiloa.

laztana, lehen baino lehen aska gaitezan.

Ez daukat oso garbi oraindik nola enfokatu etorkizuna, baina garbi daukat gauza batzuk aldatu beharrean nagoela. Alde batetik, blog hau eta bestelako proiektuak alde batera uzteko asmoa daukat, bolada batean behintzat. Denbora luzez nire buruari jarri diodan halabeharrezko lotura horiekin eten nahi dut gauzak zerbait argitu arte. Behin eta berriro idatzi, ekarpenak egin… presio hori alde batera utzi nahi dut.

Bigarren helburu bezala, dedikazioaren eta gauzatuko ditudan proiektuen artean oreka bat bilatzea jarri diot nire buruari. Une honetako egoera nahiko frustrantea da eta ez dauka zentzurik bide berdinetik jarraitzea. Jokabideak eta eragite ardatzak birplanteatu beharrean nago eta horrek denbora baterako behintzat. Web 2.0 euforia amaitzen ari den une honetan, hurrengo geltokia Web Semantikorena omen da. Tira bada, ni neu ere, bilakaera horretan, euforiatik gauzen muinetarapasatu beharrean nago.

Denborak esango du erabaki hori baliagarria izan den niretzat, nire familia eta lagunentzat eta partaide naizen eskola komunitate osoarentzat.

I’m a PC

Denok ikusi ditugu Microsoft-ek I’m a PC izeneko kanpainan argitaratu dituen bideoak. Oso ohikoa ez bada ere, 8 urteko ikasle batek gai hau atera zuen Ikasys proiektuan erabiltzen hasi diren Acer Aspire One ultraeramangarri berriak ikusi zituzten lehen egunean. Ordenagailuak piztu eta eurentzat ohikoa ez zen pantaila bat zabaldu zitzaienean, era guztietako iruzkinak egiten hasi ziren. Zer da hau? Euskaraz dago! Musika politagoa dauka!… Ikasle batek etxean zer edo zer ikusita eta entzunda zeukanez, protagonismoa hartu eta azalpenak ematen hasi zen. Egia esateko, dena nahasten zuten eta gaia patxada gehiagorekin jorratu beharko genukeela pentsatu nuen.

Pentsatu eta baita egin ere. Ondorengo bi bideo hauek ikusi eta eztabaidatzeari ekin genion.

Open Source »

Richard Stallman »

Han sortu zen bideo hau egiteraen ideia. Egia esan behar baldin badut, ez dakit ikasle hauek zenbateraino jabetzen diren gai honetaz, baina “kontrakanpainaren” ideia gustatu zitzaien eta gidoia berehala ekoiztu zuten. Ainhitzeren letra dotorea txartelak egiteko aprobetxatu eta listo. Hortxe duzue emaitza.

Oharra: Guk ere, Microsoft-ekoek bezala, bideoa Mac batekin editatu dugu. Inkoherentzia ez dadila izan euren patrimonioa!

“Pixka bat es mucho” bene-benetan?

Ega 07-08 azterketakGaur goizean zur eta lur geratu naiz Administraziotik dei bat jasotzean. EGAko 2008ko azterketak saretik kentzeko eskatu didate, hori bai, egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortu ondoren. Liburu argitaratu berriak “bere ibilbidea egin arte” ezin izango dut denon eskura ipini, hau da, hemendik urte bat edo bi igaro arte nire ordenagailuan gorde beharko dut egindako lana, eta EGAko azterketariek ezingo dute eredu berria ezagutu liburua erosi ezean.

Oihartzun handia izan du egunotan ariketak sareratzearen kontua (1, 2, 3…); agi denez, bati baino gehiagori ondo letorkioke materiala klik batera izatea. Beraz, baliabide horiek erabiltzeko asmoa zenutenoi adierazi nahi dizuet, jasotako eskaera eta argudioekin bat ez etorri arren, onartzea baino ez zaidala geratzen eta oraintxe bertan saretik kenduko ditudala, Administrazioak atzera sareratzea begi onez ikusi arte. Dena den, hausnarketarako hainbat puntu utzi nahi dut:

  • Administrazioarekin bat egiten dugu gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko asmoan. Agian, ameslari hutsak izateagatik, guk ez ditugu zailtasunak ikusten partekatzen dugun xedea lortze aldera.
  • Egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortuta, ez al luke Administrazioak berak material hori denon eskura doan ipini behar?
  • Hainbeste ordu, lan, giza eta ekonomia baliabide gure herrian euskara eta teknologia berriak sustatzeko, eta trabak ipini behar al dizkiogu bi horiek uztartzen dituen egitasmo eskuzabal bati?

Amaitzeko, garrantzitsuena baliabide hauek denon eskura egotea iruditzen zaigunez, egindako lan guztia Adminsitrazioaren esku ipini nahi dugu. “Pixka bat es mucho“, guk gehiago nahi dugu.

Partekatu dokumentuak OpenOffice.orgekin

Duela aste batzuk izan genuen dinamizatzaile bileran OpenOffice.org/Microsoft Office ofimatikako paketeen inguruko aurkezpen interesgarri bat izan genuen SolidRockIt enpresako Iñigo Quintanaren eskutik. Software pribatibotik askerako migrazioan aintzat hartu beharreko atal ezberdinen azterketa egiten aritu ginen eta bertatik ondorio interesgarriak atera nituen. Lehenengoa, eta garrantzitsuena agian, OpenOffice.orgen inguruan ezer gutxi ezagutzen nuela izan zen eta, ondorioz, fundamentuzko iritzi bat izateko orain baino sakonago ezagutu behar nuela garbi ikusi nuen. Esan eta egin. Alde batetik, jario berriak gehitu ditut nire agregatzailera eta bestetik, aplikazioa nire eramangarrian instalatu dut.

Aste batzuk aplikazioa erabiltzen pasa ondoren, lehen inpresioa, OpenOffice.orgek aurretik nituen espektatibak bete dituela izan da, alegia, primerako aplikazio baten aurrean nagoela konturatu naiz. Gainera, aplikazio bizia dela ere egiaztatu dut, izan ere, asko dira bere inguruan sortzen ari diren zerbitzu eta gehigarri berriak. Jarraian hauetako biren inguruan hitz egingo dizuet.

  • ooo2gdooo2gd luzapena: OpenOffice.orgerako luzapen honen bitartez Google Docsera/etik dokumentuak esportatu/inportatzeko aukera daukagu. Aukera interesgarria dudarik gabe, izan ere, gure dokumentuak OpenOffice.orgen edizio tresna aurreratuarekin ekoiztu dezakegu jarraian gure Google Docseko kontura igo eta beste erabiltzaileekin partekatu ahal izateko. Alderantzizko prozesua burutzea ere posiblea da luzapen honekin. Ooo2gd-ren instalazioa oso sinplea da; nahikoa da luzapenaren 0.6 bertsioa hemendik jaistea eta jarraian Tools/Extension Manager menura jotzea. Bertatik gehitu ahal izango dugu gdocs-0.6.oxt fitxategia inongo arazorik gabe. Beno, egia esan lehenengo ahaleginean kale egin dut, izan ere, instalatu berri dudan Ubuntu 7.10 bertsioan, Java Runtime Environment delakoa instalatu gabe nuen eta sistemak errorea bueltatu dit. Synaptic pakete kudeatzailea erabiliz burutu dut JRE 1.6ren instalazioa eta ondoren, OpenOffice.orgera bueltatu eta Tools/Options/Java lekuan JRE 1.6_03 gaitu dut. Hemendik aurrerako guztia primeran joan da. Oinarrizko menuan Google Docs izeneko aukera berri bat ikus daiteke. Googleeko kontuan dugun erabiltzaile izena eta pasahitza sartu ondoren (nik Google Appserako dudana txertatu dut eta arazorik gabe onartu dit) dokumnetuak di-da batean igo eta jaisten dira.
  • ooo2gd(2)
  • Ulteo: oraindik probatzeko aukerarik izan ez dudan arren (betatesterrentzat soilik dago irekita oraindik) zerbitzu honi EyeOSen antza hartzen diot nik. Ulteok halako idazmahai birtual bat eskaintzen du, edozein ordenagailutik konekta gaitezkeelarik nabigatzaile soil baten laguntzarekin. Behin idazmahaian aplikazio ezberdinak probatzeko aukera izango dugu. Hauetako bat OpenOffice.org izango da. Honaino ezer berririk ez. Ulteoren ekarpen nagusiena hauxe da: Google Docsen antzera, OpenOffice.org modu kolaboratiboan erabiltzeko aukera eskaintzea. Hau da, Ulteoren zerbitzarietan instalatutako OpenOffice.orgen lanean ari den erabiltzaile batek nahi dituen erabiltzaile guztiak gonbidatu ahal izango ditu dokumentu baten gainean aldiberean eta modu kolaboratiboan lan egiteko. Dokumentu bat amaituta dagoenean Print aukeran klikatuz, egindakoa pdf fitxategi batean jaitsi ahal izango dugu.
    Ulteo

    Tira, egia da antzeko zerbitzua eskaintzen dutela aurrean aipatutako Google Docs edota Zoho Suite berak ere baina Ulteok badu ezberdintasun interesgarri bat: aurrekoak baino edizio tresna potenteagoak aurkezten ditu, izan ere, OpenOffice.org bera erabiltzen du editore bezala. Horrela, edizio maila konplexuagoak burutu ditzakegu azken hau erabiliz. Nik dagoeneko zerbitzuan izena eman dut; ea zorte piska batekin aplikazioa erabiltzeko gonbidapena jaso eta probatzeko aukera dudan. Kontatuko dizuet.

“EGA 2008 azterketak” sarean

Ega 07-08 azterketakAurrekoan adierazi nuen legez, egun gutxi falta dira EGAko hurrengo azterketa deialdirako, 34 zehatzago izateko, eta, laguntza guztia eskasa izan ohi denez, hementxe dituzue 2008ko azterketa guztiak klik batera. Baina has gaitezen hasieratik.

Pixkanaka-pixkanaka azken urteetako liburuak sareratzen joan gara. Behin EGA 03-04 azterketak eta EGA 05-06 azterketak ipinita, irrikaz nengoen azken liburua esku artean izateko; izan ere, azterketa prestaketan dabilen orok jakingo duen bezala, azken urtean hainbat aldaketa txertatu da, eta zertxobait entzunda banuen ere, eredu berriaren adibiderik ez nuen. Aldaketa nabarmenenak ahozko proban eta orain arteko sinonimoetan eman dira; dena den, hiru aipatuko ditut labur-labur:

  1. Lexikoa (orain arteko Sinonimoak). Testu labur batean txertaturik, markatutako hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan
    harturik aukeratu behar da baliokidea (ikus lexikoaren adibidea).
  2. Irakurriaren ulermena. Iaz arte testu bakarra ematen zen eta horri buruzko 10 galdera erantzun behar ziren (aukera anitzekoak). Eredu berrian testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko hainbat galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratzea, lotura egokiak egitea (ikus irakurriaren ulermenaren adibidea).
  3. Ahozko Proba. Lehenengo atala mantendu (gai baten ahozko azalpena), eta bigarrena erabat aldatu dute. Iaz arte, bigarren atal honetan, testu baten laburpena egitea eskatzen zuten; orain, berriz, bat-bateko elkarrizketa saioa. Aztertzaileek gai bat eskainiko diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan arituko dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte hartu ahal izango dute, galderak eginez. Azterketariak, bien artean, hamar bat minutuz arituko dira (ikus ahozko probari buruzko informazio gehiago).

Bada, duela aste pare bat ikastolara liburu berria iritsi zen eta, nahiz eta osoa pasatzeko astirik ez izan (2007ko azterketek Aste Santuko oporrak arte itxaron beharko dute), azterketa gainean dugunez, 2008koak lehenbailehen sareratu nahi izan ditugu. Hortaz, hemendik aurrera, euskaljakintzako alboko barran (ariketak atalean) eta euskaljakintza EGA txokoan egongo dira eskuragarri.

Gehiago honen inguruan: