Konpetentzia digitala: kontzeptuak argitzen

Informazio eta ezagutzaren gizarteak aldaketa sakonak ekarri ditu gure eguneroko errealitatearen arlo guztietara: nola eskuratu eta partekatzen dugun informazioa, nola egiten dugun lan, nola definitzen ditugun elkarlanerako harremanak, nola komunikatzen garen eta nola erlazionatzen garen norbanakoen artean edota gure instituzio eta erakundeekin. Garbi dago gauzak asko aldatu direla denbora gutxian.

Aldaketa hauek, ondorio bezala, norbanakoaren gainean eskakizun eta betebehar berriak dituzte ondorio bezala: ikasi, profesionala izan edo XXI mendeko hiritarra izatea, duela hamarkada bat existitzen ez ziren konpetentzia desberdinen beharra ekarri du. Informazioaren Gizarteak ezagutza berriak eskatzen ditu, trebetasun berriak eta, nagusiki, jarrera berriak, konpetentzia digitalaren testuinguruan kokatzen direnak.

Jada 2000ko martxoan, Lisboako Europar Kontseiluan dagoeneko konpetentzia digitalaren beharraren inguruko lehenengo aipamena egin zen:

“Hiritar orok informazioaren gizarte berrian bizi eta lan egiteko beharrezkoak diren ezagutzak izan behar ditu”.

Estatu Batuetako ISTE erakundeak 2007an aurkeztutako txosten batean gaurko ikasleek, geroz eta digitalagoa den mundu batean eraginkortasunez ikasi eta bizitza ahalik eta emankorrena izateko, barneratuta beharko lituzketen jakintza eta gaitasunen inguruko estandarrak definitu zituen:

  1. Pentsamendu kritikoa izan, ezagutza eraiki eta, teknologia erabiliz, produktu eta prozesu berritzaileak garatu.
  2. Modu kolaboratiboan lan egin eta komunikatzeko ingurune eta bitarteko digitalak erabili, baita distantziara ere, norberaren ikaskuntza prozesuaren mesedean baina, baita ere, besteen ikaskuntza prozesuen eragile bezala.
  3. Informazioa lortu, ebaluatu eta erabiltzeko tresna digitalak erabili.
  4. Pentsamendu kritikoan oinarritutako trebetasunak erabili ikerketa prozesuak planifikatu eta bideratzeko, proiektuak administratzeko, arazoak konpontzeko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa den informazioa lortzeko tresna eta baliabide digital egokiak erabiliz.
  5. Teknologiarekin harremana gordetzen duten giza, kultura eta arlo sozialeko gaiak ulertu eta jokabide etiko eta legalak praktikatu.
  6. Teknologiari lotutako kontzeptu, sistema eta oinarrizko funtzionamenduaren inguruan ezagutza egiaztatu.

Gizarte modernoak gaitasun berriak eskatzen ditu, beraz, hortik herrialde desberdinetako curriculum ofizialetan konpetentzia digitalaren presentzia derrigorrezkoa bezala ikustea. Eta, noski, gurea ez da salbuespena.

Konpetentzia digitala nola definitzen den eta zeintzu ezaugarri dituen aztertzen denean nahiko garbi ikusten da, eredu desberdinek iturri beretik edaten dutela, alegia, gehienek ISTEk zehaztutako estandarren bidetik egiten dute. Hainbat ñabardura gorabehera, konpetentzia digitalaren definizioa eta zehaztapena nahiko antzekoa da leku gehienetan.

Orain arte irakurri ditudan planteamenduen artean aberatsena eta ikastolan praktikan jartzerako interesgarrienetakoa, Boris Mir-ek ematen duena izan daiteke. Berak, ondorengo definizioa ematen du konpetentzia digitalarentzat:

“Konpetentzia digitala ezagutza, trebetasun eta gaitasunen konbinazioa da, balore eta jarrerekin batera, testuinguru digitaletan eta tresna digitalekin, helburuetara eraginkortasunez heltzeko”

Boris Mir-ek konpetentzia digitala bost azpikonpetentzietan (“dimentsio” hitza erabiltzen du berak; azpikonpetentziak direla iruditzen zait niri. Zer iruditzen zaizue zuei?) banatzen ditu, bakoitza helburu orokor batzuekin (gaitasun) lotuta dagoelarik. Berak aipatzen dituen “dimentsio” eta “gaitasun” horiek, hauek izango lirateke:

  1. Ikaskuntzaren dimentsioa: informazio ezagutzan bihurtu eta honen asimilazioarekin lotuta dago. Ikuspegi honen arabera ikasle eta irakasleok gai izan beharko ginateke baliabide digitalekin ikasi eta ezagutza, produktu eta prozesu desberdinak sortzeko.
  2. Informazioaren dimentsioa: ingurune digitaletan informazioa lortu, ebaluatu eta erabiltzearekin erlazionatuta dago. Ikasle eta irakasleok gai izan beharko ginateke formatu digitalean dagoen informazioa lortu, ebaluatu eta antolatzeko.
  3. Komunikazioaren dimentsioa: komunikazio interpertsonala eta sozialarekin lotutakoa. Gai izan beharko ginateke ingurune digitaletan komunikatu, erlazionatu eta elkarlanean aritzeko.
  4. Kultura digitalaren dimentsioa: ezagutzaren gizartearen praktika sozial eta kulturalekin, baita hiritartasun digitalarekin ere erlazionatuta dago. Horrela, modu arduratsu, seguru eta zibiko batean aritzeko gai izan beharko ginateke.
  5. Teknologiaren dimentsioa: alfabetizazio teknologikoa eta ingurune digitalen ezagutza eta kontrola. Ikasle eta irakasleok gai izan beharko ginateke gailu eta lan-ingurune digitalak kudeatu eta erabiltzeko.

Gaitasun hauetako bakoitzaren deskribapen sakonagoa oraindik egiten du Borisek. Azpiko aurkezpenean ikus ditzakezue bost dimentsio hauen inguruko xehetasun guztiak:

Borisen planteamendua interesgarria iruditzen zait, marko orokor batetik abiatuta, zehaztapen handiko maila batera iristen delako. Helburuak nahiko ondo definituta daude eta ez da oso konplikatua helburu horien lorpenerako indikatzaileak ezarri eta hauen ebaluazioa zehaztea. Beraz, ikastola bakoitzak bere curriculum propioaren diseinuan oinarri bezala erabiltzeko moduko eredua da, norberak egindako ekarpenekin moldatu eta osatu daitekeena.

Bestelako iturriak kontsultatzen badituzue konturatuko zarete konpetentzia digitalaren inguruko hausnarketa, gutxi gorabeherara, kasu guztietan ildo beretik doala. OCDEk, adibidez, antzeko definizioa ematen du baina bere txostenean konpetentzia honentzat soilik hiru dimentsio jasotzen ditu. Madrilgo CRIF Las Acacias-eko taldekoek, adibidez, lau dimentsio zehazten dituzten konpetentzia digitalarentzat.

e-konpetentzia eta hiritar multialfabetatuak

Baina badago konpetentzia digitalaren ikuspegi desberdin bat, konpetentzia digitala ulertzeko beste modu bat niretzat oso interesgarria dena, izan ere, inguruan ezagutzen ditudan gehienek teknologia eta baliabide digitalekin duten edo izan duten bilakaera ulertzeko balio dit. Ikastolako kideok behar dugun konkrezio mailatik gorago dago agian baina, era berean, ikastolako kideok non gauden eta nondik jo behar dugun ulertzeko oso baliagarria iruditzen zait. Konpetentzia digitala alfabetizazio anitzen arteko elkarreragin eta bilakaera prozesu bat bezala uler daiteke, modu honetara.

Tradizionalki alfabetatizazioa, gizakiok, denbora eta espazioan zehar, testu bitartez elkar komunikatzeko daukagun trebetasunari deitu izan zaio. Horrela, pertsona alfabetatu bat, gai da hizkuntza idatziz erabiltzeko; pertsona alfabetatuak badaki bere hizkuntzan irakurtzen, idazten eta ulertzen. Baina teknologiaren garapenak, batez ere, alfabetizazio behar berriak ekarri ditu (inprenta izan daiteke adibide nagusietakoa) Ikusentzunezkoen garapena lehenik, konputagailu eta aplikazio informatikoen presentzia ondoren eta digitalizazioaren orokortzea azkenik, gizakion arteko harremanak zeharo desberdinak izatea eragin du eta horrek ohiko alfabetizazio tradizionalaz gain, bestelako alfabetizaio berrien beharra ere ekarri du.

Horrela, XXI. mendeko hiritar e-konpetente bat, hiritar multialfabetatua izan behar du. Azpian dituzue alfabetizazio hauek eta euren arteko harremanak adireazten dtuen grafikoa (eskematxo hau egiteko Cristobal Coboren eta David Alvarezen ekarpenetan oinarritu naiz)

Alfabetizazio anitzak
  1. Alfabetizazio teknologikoa: ikasketetan, lanean, aisian edo komunikazio prozesuetan teknologia berriak (bai hardware baita softwareari dagokionez ere), autonomoki, arduraz, segurtasunez eta modu eraginkorrean erabiltzeko gaitasuna. Konpetentzia digitalaren alderdi praktikoarekin lotuta dago, erabilerarekin, gehienetan protokolo eta arau jakin batzuen jarraipenarekin barneratzen dena; tutorial eta eskuliburu gehienek alfabetizazio mota honi lotuta egongo lirateke, adibidez. Heldutasun teknologikoa ingurune formaletan jaso izan da (ikastoletan alderdi hau da nagusiki landu dena azken bi hamarkadetan, bai ikaslee eta baita irakasleen aldetik ere) baina modu informalean ere. Iritzi pertsonala bada ere, digitalki konpetenteak diren irakasleetaz hitz egiten dugunean, oraindik ere, konpetentziaren alderdi hau bakarrik kontenplatzen dugula.
  2. Alfabetizazio audiobisuala: komunikazio-lengoaia desberdinetan jasotako informazioa dekodetzeko eta, era berean, edukiak sortzeko gaitasuna. Aurrekoaren jarraipena izan daiteke, izan ere, eduki sorreran, batez ere, trebetasun teknologiko minimo bat beharrezkoa izaten da. Zine, irrati, telebista edo publizitatearen inguruko lanketa ikastoletan ez da zerbait berrria, aspalditik lantzen den zerbait da. Aro analogikoko dekodetze/sortze prozesuen ezaugarriak ikaragarri aldatu digitalazioaren eta interneten eraginez (anglosaxoiek “media literacy” eta “new media literacy”-ren arteko desberdinketa egiten dute)
    • Gizartean multimedia edukien kontsumoa ikaragarri hazi dela errealitate bat da (ikusi besterik ez dago zenbat denbora pasatzen duten gure gaztetxoek YouTuben).
    • Informazioa azaltzeko modu bisual berriak sortu dira: infografiak, denbora lerroak, simulazioak, 3D ingurune birtualak (Second Life, esate baterako).
    • Digitalizazioak, interneten bilakaerak ikusentzunezko edukien gordailu amaigabe bat bezala eta gailu elektronikoen bilakaerak, edukien sorkuntza eta zabalkundea edonoren esku ipini dute. Sortzaile izatea gaur egun edonoren esku dagoen zerbait da, ume zein heldu.
  3. Alfabetizazio informazionala: informazioa bilatu, hautatu, prozesatu eta kritikotasunez erabiltzeko gaitasuna, formatu desberdinetan eta iturri digital desberdinak erabiliz, gauden testuinguruaren arabera. Alegia, testuinguru jakin batetan eta ataza konkretu baten aurrean nolako informazioa behar den erabakitzeko gaitasunarekin lotuta egongo litzateke. Informaziora heldu (bilatu), irakurketa signifikatiboa (ebaluatu), kalitatezkoa eta fidagarria dena gorde (hautatu) eta egoera berrietan erabili (aplikatu) eskolan pendiente daukagun zerbait da. Egia da bide horretan hasiak garela, poliki-poliki, baina oraindik nahiko urruti gaudela iruditzen zait, batez ere, irakasleriaren kasuan.
  4. Alfabetizazio digitala: informazioa modu kritiko, kreatibo eta berritzaile batetan kudeatu eta berrerabiltzeko gaitasuna. Goi-mailako pentsamenduari lotutako gaitasuna, aurreko hiruen gainean dagoena eta hiruen beharra duena. Mashup eta remixen gizartean bizi gara, berrerabilpenaren kultura da nagusi. Ikastolan oraindik informazioa pakete itxietan eskaintzen diegu ikasleei, hartzaile pasibo bihurtzen ditugu. Berezkoa duten kuriositate eta sormenarekin amaitzen du eskolak. Gehiago oraindik, bertuteak izan beharko liratekeenak “heldutasun faltarekin” nahasten ditugu askotan. Tira, hori beste kontu bat da. Maila honetan landu beharko lirateke, noski, eduki libreen gaia, lizentziak eta hauen inguruan egun dauden arazoak… ikasleekin baina irakasleekin ere. Irakasleok maila honetara heltzeko ahaleginik egiten ez badugu, nekez ulertuko dugu zer den gaztetxoekin landu beharko duguna.
  5. e-kontzientzia: bizi dugun aro digitalak, informazioaren eta ezagutzaren esparruan, hiritarrongan duen eragina ulertzeko gaitasuna. Alfabetizazio ezberdinen mailakatze honetan gorantz egiten dugun heinean, gure presentzia digitala areagotzen doa, gure identitate digitala sendotzen doa. Presentzia digital honek gaur eta etorkizunean gure izaera eta bizimoduan eragina duela/izango duela ulertzea eta horren arabera jokabide egokiak azaltzea beharrezkoa dugula kontzienteak izatea, ezinbestekoa da XXI. mendeko gizartean. Bizi dugun aro berri honetan “digitalki kontzientea” izatea, identitate eta erreputazio digitalarekin, ingurune berrietan murgilduta ibiltzeak izan ditzakeen ondorio etiko eta legalekin, bizitza osorako ikaskuntza beharrarekin… lotuta dago

Amaitzeko, goiko eskema horretan ez dut txertatu alfabetizazio tradizionalari lekurik utzi baina nonbait txertatzekotan egon naiz. Alfabetizatu digitalak izatetik oso urruti dauden irakasle eta espezialista askok oso kritikoak dira internetek (erru guztiak internetenak omen dira) idazmenan eta irakurmenan dituen eragin negatikoekin; geroz eta okerrago idazten omen dute gure gaztetxoek. Nik ez dut ikuspegi hori partekatzen. Ingurune digitalak dituen ezaugarri propiak ahaztu egiten zaizkigu irakurmena eta idazmena ikasleekin lantzen dugunean eta, era berean, garrantzia berezia hartzen du ahoz nahiz gorputz bitarteko komunikazioak. Oso gazte murgiltzen dira gaurko haurrak ingurune digitaletan eta oso azkar hasten dira gailu berriak erabiltzen. Ez da berdin idazten sarean edo saretik kanpo (ez da guza bera email bat edo paperean idatzitako gutun bat, blog batean idatzi edo iruzkin kritiko bat euskarako klasean), oso konnotazio desberdinak dituzte sareko idatziek ala kanpoko idatziak (nor dago atzean, nork idazten du, zer bilatu nahgi du…), irakurmen hipertestuala liburuen irakurmen linealarekiko desberdina da (saltoka irakurri, zati txikiak gehienetan; liburuak irakurtzeko moduarekin erabat desberdinak da), grafiak eta testua idazteko gailuak erabat desberdinak dira (zentzurik ba ote du arkatza erabiltzea gaur egun?)… Hiritar digitalki konpetenteak behar baditugu, derrigorrezkoa da ohiko alfabetizazioari ere enfoke zabalagoa eskaintzea eta gizarte digitalak dituen ezaugarri berrietara egokitzea.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.