Aurreko egunotan Donostian izandako “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda ikastaroaren inguruan bi mezu (1 eta 2) argitaratu genituen, baina ikastaroaren amaieran burututako mahai-inguruan ateratako gai garrantzitsuenak aipatu gabe gelditu ginen eta gaur saiatuko gara hori bukatzen.
Esan genuen bezala, J. F. Lukas moderatuta, Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aramendi (EHU) izan ziren mahai inguru horretan aritu zirenak. Kristau eskolen ordezkari bat ere aurreikusita zegoen, baina ez zuen etortzerik izan eta hiru horiek izan ziren “Euskal Curriculuma eta eskolen hobekuntza” gaiaren inguruan mintzatu zirenak.
Lehen txandan Pello Aramendi izan zen hitza hartu zuena eta jarraian doazen aspektuak aipatu zituen:
- OCDEk bere kanpo ebaluazioetan erabiltzen dituen adierazleak ez dira nahikoak eskola bat ona den edo ez esateko. Beraz, emaitza horiek tentu handiz hartu eta aztertu behar dira.
- Espainian zor historikoa dago hezkuntzarekiko. Izan ere, oso gutxi inbertitu da eta oraindik ere egoera ez da hobetu.
- Euskadin eta Nafarroan, hobeto gauden arren, gure erreferenteak diren beste lurraldeekin alderatuz, urruti samar gaude.
- Eskola porrotaren datuak negargarriak Espainian eta EAEn nabarmen hobeak, baina oraindik ere bide luze bat dago eremu horretan hobetzeko.
- 0-2 urteko etapa EAEn eta Nafarroan hedatzen eta indartzen jarraitu beharko genuke.
- Ikastetxeek autonomia eskasa (publikoetan areagotu egiten da arazoa) dute eta administrazioak duen jarrera zurruna aldatu beharko luke.
- Gertuko administrazioari (udalak eta diputazioak) rol garrantzitsuagoa eman behar zaie.
- Irakasleen rola derrigorrez aldatu beharra. Proiektuarekiko atxikimendua eta konpromisoa azaltzen duten irakasleak zaindu eta mantendu.
- Ebaluazioaren (barnekoa nahiz kanpokoa) kultura garatu behar da hobekuntza tresna gisa.
- Curriculuma egokituta landu eta ez finkatuta datorrena argitaletxeetatik edo administraziotik. Gutxieneko ezagutzak finkatu, zehar lerroetan jorratzen dena ere aintzat hartu (bizikidetza, osasuna, euskal izaera…).
- Testu liburu kontsumitzaile hutsak diren irakasleekin amaitu eta irakasle sortzaileak bultzatu behar dira.
- Inertziaz egiten diren hainbat gauza birplanteatu behar dira, hala nola; aniztasunaren trataera, orientazioa, ikasturteak promozionatzeko edo errepikatzeko gaia, harrera programak…
Jarraian, Abel Ariznabarretaren txanda iritsi zen. Honek zituen 10 minutu horietan dena sartu nahi izan zuen eta, jakina, formula bateko kotxe baten abiaduran mintzatu zen eta oso zaila egin zitzaigun oso ondo prestatuta eta egituratuta ekarri zuen diskurtsoa jarraitzea. Noski, apunteak hartzea zailagoa izan zen. Hala ere, nik uste dut esandako ideia garrantzitsuenak jaso ahal izan nituela. Horra hor:
- Oro har, EAEn eta Nafarroan eskola onak ditugu. Ez horren onak, ordea, gure antzeko beste lurraldeekin alderatuz gero.
- PISA bezalako proben emaitzak epe labur batean hobetzea ez da gauza zaila. Administrazioak helburu hori lortzeko politika bat bultzatuz gero, lortzen da. Hori frogatzeko hori egin duten lurralde batzuen adibideak jarri zituen.
- Horregatik, ezinbestekoa da goitik beherako inpultso hori, behetik datorrena alboratu gabe.
- Izugarrizko balioa eman zion Ebaluazio diagnostikoari. Izan ere, irakurketa sakon bat eginez, oso ondorio esanguratsuak atera daitezke. Ikastolen Elkartean bide horri heldu omen diote.
- Ikastetxeen autonomiaz asko hitz egiten bada ere, kontu handiz tratatu beharreko gaia eta ez du begi onez ikusten gai hori besterik gabe planteatzea. Beste aspektu gehiago aintzat hartu beharko lirateke eta.
- Hobekuntzarako klabe garrantzitsuena gela da. Izan ere, bertan gauzatzen dira prozesu guztiak.
- Antolaketari dagokionez, garrantzia handia lidergoari eta irakasleen gaitasunari eman zien.
- Antolaketa orokorrak koherentzia izan behar du bilatzen dugun ikasle irteera profilarekin eta lortu nahi ditugun emaitzekin.
- Euskal Curriculuma ikastolen ikurra baino gehiago da. Euskal ikuspegia bermatzeaz gain, konpetentzietan oinarrituta dago.
- Materialgintzan Ikastolen Elkartearen lana goraipatu zuen eta arestian aipatutako helburuen lorpenaren mesedean ekoizten direla adierazi zuen.
- Horrekin batera, irakasleentzat formazio sakona eskaintzen dute. Ekoiztutako unitate berriak esperimentatu eta ebaluatu egin dira. Hobekuntzak ondorioztatu dira eta dena prest dute DBH 1eko eguneroko lanean txertatzeko.
- Ikastolek “Integrazioaren Pedagogia”ren aldeko hautua egin dute.
- Finkatutako ikasleen irteera profila konpetentzien bidez lortu nahi da.
- Azken finean, lortu nahi dena hauxe da: emaitzak hobetu, ikastolak gaitze prozesuan jarri eta egun dauden tarteak murriztu ekitatea hobetuz.
Abelen “zaparrada”ren ondoren, Xabier Mendizabalen txanda iritsi zen. Hau lasaiago eta inongo aurkezpenik gabe aritu zen. Hori bai, gauzak ozenkiago esan daitezke, baina argiago…
- Ikastetxe publikoek eskola inklusiboaren aldeko apustu garbia egiten dute. Horrek markatzen euren zeregina.
- Hezkuntza kalitatea konpetentzia kognitiboaz harago doan zerbait izanik, emaitza hutsetatik harago ez doazen planteamenduek ez dute lekurik eta ez datoz bat euren printzipioekin.
- “Instrukzioa” bakarrik ebaluatzea ez da bidezkoa. Ikuspegi integrala behar da.
- Administrazioan sartzen diren guztiek “euren arrastoa” utzi nahi izaten dutenez, indarrean dauden proiektu batzuk baztertzen dituzte inongo irizpide garbirik gabe eta egitasmo berri batzuk ezartzen dituzte. Horrek berrikuntza prozesuak oztopatu besterik ez ditu egiten.
- Zerbitzu publiko bezala, baliabideen erabilera eraginkorra egin behar dugu. Erantzukizuna gure gain hartu eta ez administrazioaren gain utzi. Azken finean, administrazioaren baliabideak GUZTIONAK dira.
- Konpetentzia “ez kognitiboak” gartuz gero, konpetentzia kognitiboak ere hobetuko dira. Horregatik, azken hauetan gehiegi zentratzeak ez du merezi.
- Kalitatezko ikastetxe batean, denek dakite zer egin, nola jokatu… Ez dago zalantzarako tokirik.
- Ebaluazioaren kultura beharrezkoa da, baina barnean eta gure errealitatera egokituta dagoena egiten dena, batez ere.
- Zuzendariaz ez dute hitz egiten. Bakarrik “Zuzendaritza Taldea” ulertzen dute eta horri ematen diote garrantzia. Horrekin batera, taldeak aurkezten duen “Zuzendaritza Proiektua” izugarrizko balioa du.
- Ezinbestean, erantzukizun kolektiboa behar da (administrazioa, ikuskaritza, berritzeguneak, ikastetxeak…
- Noski, horretan sinisten dutenek AUTONOMIA eskatzen dute, baina ez dute ulertzen autonomia hori nolabaiteko diskriminazioak sortzeko (pribilegiatuak), prozesu integratzaileak (ekitatea bermatzeko) garatzeko baizik.
- Administrazioaren zurruntasunarekin AMAITU beharra dago.
- Ez da posible irakasle bat konprometituta dagoenean, proiektu berritzailetan murgilduta dabilenean, ikastetxeari ekarpen ugari egiten dionean… ikastetxeak inongo eskumenik ez izatea bere jarraipena bermatzeko.
- Egun dauden formazio zirkuituetan, teoriko eta aditu asko ikusten da, baina nekez ikusten dira praktika onak, berritzaileak eta arrakastaz burutu dituzten irakasleak. Ezinbestekoa da pertsona horiek hor sartzea formazio praktikoagoa eta irakasleen errealitateari lotutakoa izateko.
Hiru mahaikideek hitz egin ondoren, galderen txanda iritsi zen. Baina gehienetan gertatzen den bezala, horretarako oso denbora gutxi gelditu zen eta saioa ia ordu erdiz luzatu behar izan zuten.
Egia esan, jendeak eginiko galderen aurrean, mahaikideen erantzun gehienek aurreko saioetan esandakoa berresten zuten eta oso gauza berri gutxi atera zen. beharbada, deigarria egin zitzaidan ikastola batean aritutako eta orain publiko batean dabilen andereño baten iruzkina. Berak esan zuenez, publikoa ezagutu duenetik maitemintzen ari dela bertan arnasten den giroarekin eta askatasunarekin, baina faltan botatzen duela ikastoletan bizi den euskaltasuna. Bere iritziz, Eskola Publikoak ahalegin berezi bat egin beharko lukeela hori konpontzeko.
Iruzkin horren aurrean, noski, ikastetxe publikoen ordezkariak aipatu zuen horren inguruan lan handia egin dela eta euren printzipioetan hori beti presente dagoela eta ados zegoela bere adierazpen horrekin, baina era askotako oztopoei aurre egin behar izaten dietela eta bidean daudela. Adibide gisa, “A” ereduarena aipatu zuen. Administrazioak eredu hori kentzen ez badu, ezinezkoa egingo zaie aipatutako euskal izaera hori bermatzea. Beste alde batetik, ikastetxe publiko askotan gertatzen ari da etorkin kopuru izugarri handia dutela eta, hori gutxi balitz, bazterketa sozialetik datozen ikasle gehienak ere hartzen dituztela. Horrekin egiten duten esfortzua ere aitortu behar zaiela eta esfortzu hori beste sareetako ikastetxeekin partekatu beharko litzatekeela. Hau da, lan horren zamarik handiena ikastetxe publikoen esku gelditzen bada, ezin da gero kritikatu euskal izaera hori bultzatzen ez dutenik.
Tira, horraino bi egun horietan jaso nuena. Ahaleginak egin ditut hizlariek adierazitakoa islatzen eta, batez ere, esan zutenaren espiritua jasotzen. Konturatuko zinetenez, nire iritzi pertsonala ez dut eman eta aseptikoa izaten ahalegindu naiz. Horregatik, nire hurrengo asmoa bertan bizi izandakoa eta entzundako guztiaren aurrean sentitu nuena eta pentsatzen dudana esatea izango da. Ea bihar hori argitaratzeko astirik dudan.