Tutoriala: nola egin infografia bat

Duela hilabete bat edo telefono dei bat jaso nuen Goierri Telebistatik (GiTB). Ordiziako azokaren 500. urteurrena dela eta saio berezi batzuk prestatzeko asmoa zutela jakinarazi zidaten. Saio horien postprodukzio prozesuan, bideoei ikastolan egin genuen infografian erabilitako diseinua emateko asmoa zutela eta niri ea zer iruditzen zitzaidan galdetu zidaten. Proposamena ondo ikusteaz gain, infografiaren lizentziak eskatutakoa gauzatzeko baimena eskaintzen zuela adierazi nien.

Kontuak gero etorri ziren. Artxiboaren kopia bat Illustrator edo Freehand formatuetan bidaliko ote nien galdetu zidaten. – “Illustrator? Freehand? Ez, ez, guk ez dugu horrelakorik erabili!” – esan nien. –“Horiek tresna konplikatuegiak dira ikasleekin gelan erabiltzeko. Gu, baliabide sinpleak erabiliz,  prozesua ahalik eta errazena izaten ahalegindu gara.” – komentatu nion GiTBko teknikariari. Azalpena ahoz egiteko luzeegia izan zitekeela eta postaz erantzungo niola prozesua azalduz agindu nion, ea horrekin zerbait aprobetxatu zezakeen edo.

Duela bi egun GiTBk ekoiztutako Azoka 5.00 saio bereziaren berri izan nuen eta ohartu nintzen emandako hainbat argibide praktikan jarri dituztela bideoaren ekoizpenean. Hementxe bideoa:

Gero konturatu naiz GiTBkoentzat baliagarriak izan diren azalpen horiek, baliagarriak izan daitezkeela, era berean, eskoletan infografiak diseinatu nahi dituzten ikasle zein irakasleentzat. Esan bezala, diseinu prozesua erraza izaten ahalegindu nintzen; esago nuke DBHko edozein mailako ikasleek burutzeko modukoa dela. Ia denbora guztian ikasleak erabiltzen ohituta dauden aplikazioak erabili ditugu eta, irudi bektorialen kasuan ezik (hor agian konplikazio puntua altuxeagoa izan daiteke), ikasleei azapen gehiegirik ematea ez da beharrezkoa izan. Irakasleren bat zalantzatan baldin badago, balio dezala hurrengo mini-tutoriala, aurrera egiten laguntzeko. Animo!

Hementxe azpian ipintzen ditut, infografiaren alderdi teknikoan, emandako urratsen deskribapena:

0. DISEINUAREKIN HASI AURRETIK: Infografia dotore bat ekoizteko, diseinu lana bezain garrantzitsuagoa (edo gehiago) da aurretik burutu behar dena.  Gure kasuan, jaraitu dugun prozesuaren deskribapen globala aurrekoan idatzitako bidalketa honetan azalduta dago. Diseinuarekin espreski hasi aurretik nik esango nuke bereziki garrantzitsua dela ikasleekin bi alderdi jorratzea: batetik, infografian agertuko diren elementu bisualen oinarrizko ezagutza izatea (batez ere, koloreen identifikatzaileak eta irudien bereizmenak duten garrantzia) eta bestetik, datu iturri esanguratsu eta anitzak lortu eta hauen interpretazioa egokia egitea. Ikasleak kontzientziatu behar ditugu diseinuan detaile txikienak ere bere garrantzia duela eta transmititu nahi dena modu atsegin eta orijinalean egitea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa dela transmituta nahi den informazioa esanguratsua izatea. Eta hori bakarrik lortzen da datuen analisiari behar duen denbora eskainiz. Lan astuna da, bai, baina arrakastarako ezinbestekoa.

1. EDIZIO PROGRAMA EGOKIA HAUTATU: Esan bezala, goi-mailako edizio tresnak daude. Hauetan trebatuak diren ikasleak badituzue, ez pentsatu bi aldiz eta aurrera hauekin. Gure kasua ez zen hori, ordea. Gauza bat garbi banuen zen, oinarrizko edizio tresnarekin ez ginela gehiegi konplikatuko. Horregatik erbaki genuen Google Draw erabiltzea.

Ikastolan erabiltzen dugun Google Apps-en barruko tresna bat izanik, oso erraza da dokumentua sortu eta ikasle guztiekin partekatzea. Horrela dokumnetu bakar baten gainean guztiok genuen editatzeko aukera, aldiberean edo bakarka, ikastolan geundenean baita etxean geundenean ere. Ediziorako baliabide gutxi ditu baina hori abantaila bat ere izan da, izan ere, ikasleak ez dira gehiegi agobiatu kontu honekin. Edizio aukera aurreratuagoak behar izan ditugunean, beste tresna edo bide batzuetatik konpondu ditugu GDrwa-ren gabeziak.

2. IDAZMAHAI PRESTATU: Hurrengo urratsa idazmahaia prestatzea da. Atal hau garrantzitsua da. Infografia poster handi batean inprimatzeko asmoa genuen, gutxi gorabehera metro bat inguruko zabalerakoa. Inprimatzeko bereizmen minimoa 300 ppp-koa izanik, horrek 12000 pixel inguruko idazmahai bat prestatzea eskatzen zuen (100cm/2,54cm= 39,37 hazbete; 39,37×300=11811 pixel). GDraw-n hori egitea oso erraza da. Idazmahaiaren beheko eskuin izkinatik tira eginez, idazmahaia nahi bezain handia egin daiteke. Behin handitutakoan, ordea, ez dago uneko idazmahaiaren neurria zuzenean jakiteko modurik. Arazo hori konpontzeko, idazmahaiaren dimentsioetara egokitutako irudi bat prestatu eta jarraian pdf formatuan esportatu ondoren, bere neurria zenbatekoa zen egiaztatzen genuen. Horrela, neurri desberdinak probatu ondoren 11687×9125 pixeleko idazmahaia prestatzera heldu genuen.

Elementuak modu txukun eta ordenatu batean antolatzeko komeni da idazmahaia zutabetan banatzea. Hasieran zortzi zutabetan banatzea pentsatuta bagenuen ere gero, lortutako informazioari zukua ateratzen joan ginen arabera (azokaren inguruan espero genuena baina informazio gutxiago lortu genuen), sei zutabekin nahikoa izan zitekeela erabaki genuen. Zutabeak banatzeko egokiena edizio programek dituzten gida lerroak erabiltzea da baina GDraw-k ez dauka horrelakorik. Arazo hori di-da batean konpondu genuen. Edozein edizio programarekin oso erraz egin datekeen irudi bat prestatu genuen eta GDraw-ra igo genuen (kontuz, irudiek gehienera 2000 pixeleko zabalera izan dezakete). Hondoa beltzez bete genuen eta gainean igotako irudia jari genuen erreferentzia modura. Irudi hori erabili genuen zutabeen txantiloi modura. Lana amaitutakoan irudia hondotik kendu genuen eta listo!

Azokaren inguruko lan batean derrigorrezkoa da plazaren aipamena egitea. Mikelen gomendioari jarraituz, hondoan plazaren argazki bat ipintzea erabaki genuen, hainbeste urtetan azokaren bilakaeraren lekukoa izan dena hain zuzen ere. Esku artean erabili genituen argazki guztien artean Wikipedian jasotakoa erabiltzea erabaki genuen. Argazkiekin filigranak egiten dituzten aplikazio berri horietako batekin (ez dut gogoan orain zein erabili nuen baina edozein erabil daiteke antzeko efektuak lortzeko) irudia zuribeltzera pasa genuen, komiki itxura emanez. Jarraian, koloreak inbertitu genizkion eta intentsitatea %20ra jaitsi genion, gainean agertuko ziren grafikoekin nahasmenik sor ez zedin.

3. KOLORE PALETA ESLEITU: Infografían erabiliko genuen kolore paletari buelta batzuk ematen ibili ginen. Horretarako ikasleei Color Scheme Designer aplikazioarekin saltseatzeko proposatu nien. Proba batzuen ondoren ikasleek kolore paleta desberdinak proposatu zituzten, oso atseginak gehienak. Kontu honen inguruan dezente eztabaidatu ondoren, Ordiziako Azoka webguneak erabiltzen dituen kolore paleta nagusitik tiratzea erabaki genuen, alegia, zuria, beltza, berde argia eta marroia. Azken bi kolore hauek, batez ere, gure azokaren funtsa oso modu egokian sinbolizatzen zutela iruditzen zitzaigun, alegia, kolore berdeak landareak eta barazkiak nagusiki, eta marroiak lurra eta baratza. Kolore bi hauen HEX identifikatzaileak lortzeko Colorzilla, Firefox-erako gehigarria erabili genuen. Horrela, erabiliko genituen lau kolore nagusiak hauek izan ziren:

  • Zuria: #FFFFFF
  • Beltza: #000000
  • Berdea: #90c200
  • Marroia: #906A33

Gelan ikasleekin aztertu genituen infografia askotan jabetu ginen maiz erabiltzen direla kolore baten deribazio edo aldaerak. Sortuko genituen barra edo sektore diagrametako batzuetan, adibidez, horrelakorik erabili behar izango genuela pentsatu genuen. Horrela, Color Scheme Designer webgunearen horri nagusian gure berdearen HEX identifikatzailea sartu ondoren, “Adjust Theme” fitxan klikatu eta goran agertzen den “Preset” zerrenda luzetik, “High Contrast” aukeratu genuen. Aplikazioak gurearekin egoki konbinatzen duten kontraste altuko lau kolore berri proposatu zizkigun, bakoitzaren HEX kodearekin (“Color List” fitxan klikatuta agertzen dira). Gauza bera egin genuen marroiarekin.

Infografiari diseinu homogeneo bat eman nahi bagenion, ikasleek garbi zuten lau kolore hauen edota euren aldaeren artean soilik aukeratu ahalko genuela. Datuak eskura modu errazean izan zezaten, GDocs bat partekatu genuen denon artean.

4. TIPOGRAFIA MOTA ERABAKI: Tipografia da GDraw-ek duen muga nagusienetako bat. Testu soila tipografia bakar batekin adieraz daiteke (Arial uste dut dela) eta Wordart moduan txertatuta bakarrik aukeratu daiteke tipografia desberdinen artean (nahiko aukera gutxiganera). Esan beharrik ez dago ezinezkoa dela tipografia propio erabiltzea, ez bada aurretik rasterizatzen eta irudi moduan igotzen. D’Elikatuz-eko arduradunekin harremanetan jarri ginen eta 500. urteurrenerako diseinatutako logo berrien estilo liburua bidali ziguten. Bertan, logoekin batera Aller tipografia erabiltzea gomendatzen zen. Tipografia hau erdiko hitz lainoan eta hiru blokeen izenburuetan erabili genuen bakarrik, bi kasuetan irudi moduan igota. Agertzen den beste tiporafia guztia GDraw-ren oinarrizko letra-mota da.

5. HITZ LAINOA SORTU: Sarean oso ezaguna da Wordle web aplikazioa. Testu zati bat ematen zaio eta bertan datozen hitzak arakatu ondoren, hauekin halako mosaiko moduko bat eraikitzen du non hitz bakoitzaren tamaina testuan errepikatzen den kopuruaren araberakoa izaten den. Tagxedo beharbada ez da Wordle bezain ezaguna baina askoz ere aukera gehiago eskaintzen ditu hitz lainoak konfiguratzerakoan. Tagxedo Silverlight-en gainean dabil. Firefox edo Chrome erabiltzen baduzue Windows edo MacOS sistemetan, ez duzue arazorik izango nabigatzailean behar duzuen plugina instalatzeko. Linuxpean Moonlight gehigarria instalatu beharko duzue Firefoxekin bazabiltzate baina baliteke arazoak izatea (Firefox bertsio batzuetan ez dabil).

Tagxedon ia edizio aukera guztiak dira pertsonalizagarriak. Gure kasuan, hitz lainoaren testu iturria Ordiziako Azokaren webgunea izatea pentsatu gunean. Azken finean, gure azokaren nortasuna eta izaera azaltzeko bertan idatzitakoa egokiena izan zitekeela uste genuen. Hitz lainoari “500K” logoaren itxura eman genion, horretarako aurretik “Shape” menutik logoa igoz. Hitzen tipografiarako aurrean aipatutako “Aller” letra-mota aukeratu genuen eta koloreetarako berdeen eskala kromatiko osoa aukeratu genuen. Oinarrizko erretoke batzuen ondoren (alfa kanala aktibatu, alegia, hondoa gardena bihurtu eta beste gauzatxo pare bat) PNG formatuan gorde eta GDraw-era igo genuen.

Goiko irudi honi, hondo gardena zuen “500K” logoa gainezarri genion, erdiko irudia gehiago destakatzeko. Irudi hori infografiaren bihotza izango zela erabaki genuen eta horregatik erdi-erdian kokatzea erabaki genuen. Bertatik aterako lirateke hiru datu bloke nagusietarako lokailu edo konektoreak, hala nola, “Ekoizleak”, “Prdiuktuak” eta “Bezeroak”.

6. PIKTOGRAMAK ETA BARRA DIAGRAMAK: Barra eta sektore diagramen diseinuak ez zuen lan gehiegirik suposatzen baina piktogramen kontua desberdina zen. Zerotik sortzea zen aukera bat (lan asko) edo irudi moduan igotzea (gero GDraw-wn kolorea aldatzea ez zen posible) bestea. Puntu honetan zorte piska bat izan genuen. GDocs-en dauden txantiloi publikoetan bilaketa bat egin ondoren Infographics Toolbox izeneko txantiloi bat aurkitu genuen. Bertan zeuden guk behar genituen piktograma arruntenak baita infografiak ekoizteko beste hainbat baliabide grafiko gehiago ere. Txantiloi honekin piktogramak eta barra diagramak erabiltzea gauza sinplea bihurtu zen: copy&paste zuzen bat egin eta gero koloreak aldatu, hori zen egin beharreko guztia.

7. BESTELAKO GRAFIKOAK: Ekoizle eta Produktuen blokeko bi denbora diagramak eta azpiko sektore diagramak Microsoft Excel erabiliz egin genituen. Eta zergatik Excel eta ez Calc edo Google Spreadsheet? Azken hau zen aukerarik hoberena hasiera batean. Datu bilketa eta iragazi prozesuen ondoren, lortutako balio guztiak Spreadsheet-en igota genituen. Datu hauetatik abiatuta grafikoak sortzea gauza sinplea zen eta oso intuitiboa. Ikasleek berehala hartu zioten trankiloa. Baina grafikoak sortu ondoren, minimoki bada ere, hauek editatzea beharrezkoa zen (koloreak, izenburuak… ) eta Spreadsheet-ek ez dauka horrelakorik egiteko aukerarik. Horregatik baztertu genuen aukera hau eta ia arrazoi berdinarengatik Calc ere. Grafikoen edizio sakona egiteko ez dago Excel bezalakorik: kolore pertsonalizatuak, hondo gardenak, banaketa lerroak aldatu, eskalak moldatu, tipografia esleitu… eta amaieran grafikoak PNG formatura esportatzea Excel-ekin bakarrik egin daiteke. Horrelaxe sortu eta editatu genituen bost grafiko horiek.

8. KARTOGRAMAK: Hemendik aurrerako uratsak izan ziren konplexuenak eta denbora gehien eraman zutenak. Kartograma guztien oinarri bezala Wikipedian aurkitu daitezkeen bi SVG irudi bektorial erabili genituen: Euskal Herriko mapa mutua eta Gipuzkoako udalerrien mapa. Mapa hauek moldatu eta bertatik guk behar genituenak sortzea nire lana izan zen. Inskape erabili nuen horretarako. Prozesua hiru urratsetan laburbildu daiteke:

  • SVG-ak Inkscape-n ireki eta herrialde, bailara eta udalerrien arteko mugak ezabatzen joan, kartograma bakoitzaren beharren arabera
  • Mapetako zonalde bakoitza gure paletako kolore batekin bete.
  • Irudi bektoriala 300 ppp-ko PNG fitxategietara esportatu (GDraw-en egindako irudiak SVG formatura esporatzen badu ere,  ezin dira bertara SVG irudiak zuzenean inportatu)

9. BESTELAKO IRUDIAK: Geratzen diren irudi guztiak SVG grafikoetatik aterata daude.  Guztiak OpenClipart-etik aterata daude. Bertako irudi guztiak domeinu publikokoak dira eta PNG nahiz SVG formatuetan jaitsi daitezke. Bilaketa sinple batzuen ondoren, eskura nituen barazki, gazta, fruitu eta bestelako irudi guztiak Inkscapen editatu eta besrriro ere bereizmen handiko PNG irudiak bezala esportatu nituen. Kokapena eta tamainarekin asmatzea zen geratzen zen gauza bakarra

10. BI LOGOAK: D’Elikatuz-eko arduradunek bidalitako bi TIFF fitxategiak Inkscape-n laguntzaz irudi bektorialetan bihurtu nituen. Hauetatik logoetako hizkien ingeradak bakarrik hartu genituen eta kolore zuriarekin bete genituen. Hauek ere PNG moduan esportatu genituen (aurrean ez dut aipatu; PNG irudi formatua da bakarra bitmap-ekoen familian, pixel gardenak izan ditzakenak).

11.ITURRIAK, EGILEAK, LAGUNTZAILEAK ETA LIZENTZIA: Hauxe zen buketzeko pendiente genuen gauza bakarra. Infografiak egiten direnean bereziki garrantzitsua izaten da aurkeztutako informazioa zein iturrietatik lortu den aipatzea; egindako lanaren fidagarritasuna baloratzeko ezinbestekoak dira, baita transmititzen den informazioaren “sesgoa” ulertzeko ere. Kontu hauek ikasleei asko kostatzen zaie ulertzea; uste dut kontu hauei egun ematen zaiena baino garrantzia gehiago eman behar diegula eskoletan. Interneten aroan, informazioaren aurrean jarrera kritikoa izatea hezkuntzan pendiente daukagun ataletako bat da.

Bitxikeria bezala aipatu taldean eztabaida sortu zela lanari jarri behar genion lizentzia erabakitzea tokatu zitzaigunean. Ikasleek Copyright-a izatea nahi zuten; egia esan, beste aukerarik ez zuten ezagutzen beraz beraientzat normalena zen Copyright-a jartzea. Creative Commons lizentziak, adibidez, inoiz entzun gabe zituzten eta Copyleft-a are gutxiago oraindik. Genituen aukera desberdinak gainetik azaldu nizkien, zituzten alderdi postibo eta negatiboak azalduz. Azkenean CC-by lizentzia ipini genion. Ez zeuden guztiak erabat konbentzituta erabaki honekin. Baina gero, gure lana han hemenka aipatua eta zabaldua izan zenean konturatu ziren zein garrantzitsua den lan bati lizentzia egokia ipintzea. Kontu hau aitzakia bezala hartuta, jarraiko egunetan aspalditik gordeta nuen webquest hau Derechos de autor – Derechos a la cultura aurrera eramatea proposatu nien ikasleei. Oso esperientzia polita izan zen eta uste dut ikasleentzat probetxuzkoa izan zela.

12. WEBERAKO BERTSIO LUZEA: Hasieran esan dudan moduan, gure asmoa infografia gelko paretan ipintzea zen. Ez zitzaigun burutik pasa, norbaitek bere webgunean jartzea nahiko zuenik. Baina egindakoa blogan idatzi ondoren, blogetara hobe egokitzen den infografia luze tipiko bat prestatzerik bat ote genuen proposatu ziguten. Egia esan GDraw-wn hori egitea oso erraza izan zen. Jatorrizko sei zutabeak bitara txikitu genituen (lehen aipatutako idazmahairen beheko izkinatik tiratuz) eta jarraian, bloke bakoitzeko elementuak taldekatu ondoren, bata bestearen azpian ipini genituen, azpiko bertsioa lortuz.

Ordiziako Azokaren V. Mendeurrenaren infografia (bertsio luzea)

Esperientzia gogoangarria Goierriko Lanbide Eskolan

Tamalez gure lanbidean ez dugu bizipoz gehiegirik izaten. Azkenaldi honetan irakasleok nahiko ernegatuta gabiltzala uste dut. Inguruan krispazio punttu bat ere nabaritzen dut, egiten ari garenarekin gehiegi gozatzen ez dugularen seinale. Sentsazio horrekin ibili naiz ni ere azken urte hauetan. Baina aurten murgilduta nabilen proiektu berria behar nuen ihes-balbula izan da. Esperientzia bikaina izaten ari da, oso aberasgarria eta guztiz gomendagarria. Gazte nintzeneko izpiritu ipurtarin hura berreskuratu dut, klaseak iraultzea animatu naiz eta, bide berriak lan dezente suposatzen badu ere, emaitzekin erabat asetuta geratzen ari naiz. Eta atzokoa irakasle bezala gutxitan bizi izan dudan aparteko egun horietako bat izan zen.

Talde berriarekin lanean hasi baino lehen garbi nuen metodologia aktiboen aldeko apustua egin nahi nuela eta horixe egiten saiatu naiz orain arte. Oraintxe bertan murgilduta gabiltza laugarren proiektuan. Aurrekoak proiektuak sinpleak izan badira ere (kohesio jarduera batzuk, arazoen ebazpenean oinarritutako proiektutxo bat eta, azkena, webquest bat) oraingoan maila bat gorago igo nahi izan dut eta PBL metodologiarekin ausartu naiz. Hauxe da, hilabete honen hasieran, nire ikasleei planteatu nien erronka:

Birziklatutako plastikozko botilak erabiliz, eguzki-energiaren laguntzaz ureztatze sistema autonomoa duen baratza hidroponiko bat muntatzea.

Helburu nagusi honekin batera, taldeko bederatzi ikasleen artean produktu hori ekoiztu eta salduko duen enpresa edo elkarte aukera desberdinen artean guretzat egokiena zein izango den erabakitzea ere eskatu nien. Azpiko dokumentuan daukazue proiektuaren ardatz nagusienak zehazten dituen dokumentua:

Jaitsi pdf dokumentua

Aurreko proiektuetan lan-talde heterogeneoak erabili izan baditut ere, proiektu honetarako egokiagoa iruditu zitzaidan ikasleen profilen arabera, hauek hiru talde homogeneoetan banatzea. Hiru talde horiei helburu eta zeregin zehatzak planteatu nizkien. Bakoitzari zehaztutako helburu espezifikoen arabera eta enpresan erabiltzen den terminologia propioa erabiliz, departamentu teknikoa, produktu edo ekoizpen departamentua eta marketing eta kontabilitate departamentuak izenak erabiltzea erabaki nuen, taldeei halako ofizialtasun kutsu bat eman nahirik.

Aste batzuk daramatzagu proiektuari nondik heldu erabakitzen eta aurre egin beharko diegun arazo posibleak aurreikusten. Planifikazio fase honen ezaugarriak beste baterako utzi ditut. Dena den, gauza jakina da fase honen ezaugarri nagusia arazoei aurre egiteko beharrezkoa den informazioa biltzea izaten dela.

IKTen inguruan saltsatan gabiltzanok, joera izaten dugu internet erabiltzeko gure arazoen konponbiderako baliabide nagusi bezala baina irudipena daukat, horrelako proiektu potoloetan murgiltzen garenean, internet informazio iturri bezala ez dela baliabiderik egokiena. PBL metodologian planteatzen diren erronkak konplexuak izaten dira, sortzen diren arazoak mota askotakoak eta askotan, konponbide erraza ez dutenak. Arazo horien soluzio egokia sarean topatzea ez da erraza, batez ere, proiektua garatzeko denbora epea aste pare batekoa bakarrik denean. Horrelakoetan, gehienetan irakasle orojakilearen papera hartzera jotzen dugu eta gu izaten gara behar duten guztia ikasleei transmititzen dieguna. Arrazoi honexegatik ez gara ausartzen askotan, saltsa konplikatuegitan sartzen, ez dadin gertatu gero ez garela gai gure ikasleek eskatzen digutenari erantzuteko. Bada proiektu honetan hasi ginenean, garbi neukan nik neuk ez nuela behar bezala menperatzen jorratzen ari garen gaiaren inguruko zirriktu guztiak baian konfidantza nuen bilatuko genuela bidea topatuko genituen arazoei aurre egiteko.

Identifikatu genituen zailtasunen zerrenda luzetik, alderdi teknikoari lotutakoak ziren nagusienak; baratzaren egitura erabaki, ur-zirkuitua diseinatu eta bere elementuak aukeratu eta, azkenik, ur-ponpa martxan jarriko duen sistema elektrikoaren ezaugarriak (plaka fotoboltaikoa eta tenporizadorea barne) zehaztu. Internet motz geratzen zitzaigun horri guztiari irtenbidea bilatzeko bi astetan. Zera pentsatu nuen orduan: zergatik ez jo gaian aditua den norbaitengana genituen arazoak konpontzen laguntzeko? Enpresa bat bezala funtzionatu behar bagenuen, hauetan arrunta izaten da hainbat zerbitzu azpikontratatzea. Beraz, zergatik ezin genuen guk ere gure “I+G+I”-a 😉 kanpoko norbaiti azpikontratatu? (hori bai, musutruk alegia, “a coste cero” 🙂 )

Gogoratu nintzen Amaia nire lankideak bazuela kontaktu bat Goierriko Lanbide Eskolan Injenieritza ikasten ari zena eta beste taldekide batzuekin batera Urbiako borda batean ura lurrazpitik igotzeko ur-ponpa baten diseinua eginda zuena. Hortxe genuen gure arazoak konpontzeko behar genuen informazio iturririk egokiena.

Esan eta egin. Amaiaren bitartez  beraiekin harremanetan jarri ginen eta prest agertu ziren genituen kezkak, zalantzak eta arazoak konpontzen laguntzeko. Ikasleek email bat bidali zieten gure proiektuaren berri emanez,  oinarrizko azalpentxo batzuekin eta aurreikusten genituen arazoen deskribapen labur batekin. Egun batzuk hartu zituzten gure proiektuari buelta batzuk emateko eta jarraian, atzo goizerako geratu ginen, Goierriko Lanbide Eskolan bertan.

Goizeko hamarretarako hantxe geunden, eraikin berriaren atarian. Ikasleen aurpegietan halako errespetu/lotsa/urduritasun sentsazio bat antzematen zen, gehiago aregaotu zena oraindik  Juankar agertu zenena eta guretzat espreski erreserbatutako gelara eraman gintuenean. Ño, ez nuen imajinatuko unibertsitatean sartzeak horrelako inpresioa eragingo zienik nire ikasleei! Juankar, Alex eta Asier oso gertukoak agertu ziren, oso atseginak eta ikasleek asko eskertu zuten hori. Berehala lasaitu ziren eta jasotako azalpenak arretaz entzutera pasa ziren di-da batean.

Juankar izan zen lehena azalpenak ematen. Baratzaren egituraren inguruan aholku batzuk eman zizkigun: egitura osatzen duten elementu desberdinen kokapenaren inguruko krokis bat egin zigun, ur deposituaren barnean ur-ponpa non kokatzea komeni zen azaldu zigu, lorontziak bertikalki zintzilikatzeko proposamen interesgarri bat bota zigun, ur-hoditik lorontzietara ura tantonaka erortzeko sistema bat ere esplikatu zigun… guztia oso modu didaktiko eta errazean azalduta.

Ondoren Alex-en txanda heldu zen. Berea zen toreatzeko zezenik zailena; kalkuluak egiteko fisikako erlazio matematikoak azaltzea egokitu zitzaion. Berak esplikatu zigun zein bide jarraitu behar genuen ur-ponparen potentzia kalkulatzeko. Energiaren kontserbazio printzipioaz hitz egin zigun, energia zinetikoa eta potentzialaz ere aritu zen. Ur-hoditik joan behar den uraren abiadura, kaudala eta hodiaren sekzioaren azaleraren arteko erlazioa azaldu zigun, energia totala nola kalkulatu eta ondorioz ponpak egin beharreko lana nola deduzitu ere esplikatu zigun. Eta hemendik, ponparen potentzia.

Azkenik, Asierrena izan zen atal elektrikoa azaltzeko ardura. 5 W-tako plaka fotoboltaiko bat eraman zuen gelara. Erregulatzailea deitzen den gailutxo bati lotuta joan behar dela ohartarazi zigun. Plakaren eta termostatoaren arteko lotura ere nola egin ikusi genuen. Materiala erosteko gune bat ere proposatu zigun.

Ia bi orduko saio batera joan ginen, nire ikasleak ohituta daudenerako, luzea, trinkoa eta mamitsua. Niri tokatuko balitzaidake klase hori ematea, uste dut ikasleak ez zutela ezta ordu erdia aguantatuko atentzioa galdu gabe. Baina erabat harrituta geratu nintzen ikasleek azaldu zuten jarrerarekin. Aurretik esan nien aipatutako gauza asko koadernoan jaso beharko lituzketela baina ez dira apunteak hartzera ohituta dauden ikasleak oraindik. Ikusi behar zitzaien gure irakasle berrien azalpenak jasotzen erabat kontzentratuta, apunteak hartzen, Juankar-ek egindako eskemak koadernoan kopiatzen, Alexek idatzitako formula matematikoak kopiatzen, gure irakasleek tarteka botatzen zituzten galderei erantzuten… Gutxitan ikusi dut ikasle talde bat (edozein mailatakoa) atzokoa bezalako ia bi orduko klase bat, hauek eskaini zioten arretarekin jarraitzen. Erabat txundituta utzi ninduten nire ikasleek. Uste dut, atzoko esperientziaren ondoren, plaka fotoboltaiko eta ur-ponpaz gain, beste gauza askoren inguruan ere ikasi zutela.

Baina ez ziren eurak bakarrik atzoko esperientziatik ikasi zutenak. Atzokoa ikaskuntza garrantzitsua izan zen niretzat ere. Konturatu naiz zeinen garrantzitsuak diren detaile txikiak, ikasleen ikaskuntza prozesuaren gaineko motibazioa pizteko:

  • Ikastolako eremu fisikotik kanpora eraman ikaskuntza prozesua: badakit ez nagoela ezer berririk asmatzen ari, asko direla honetaz aspalditik jabetuta daudenak eta praktikan ipintzen dutenak. Baina niretzat lehenengo aldia da ikasleak gelako lau paretetatik ateratzen ditudala “klase ematera”. Ikaskuntza ikastolako espaziotik kanpo ere (unibertsitatean, gure kasuan) gerta daitekeela ikasleei erakustea uste dut oso garrantzitsua dela. Eta lehenengo aldia izanda, ahaleginak merezi izan duelakoan nago.
  • Irakasle rola ikastolaz kanpoko adituen esku utzi: ikastola eta ikastolaren testuinguruarekin zerikusia ez duen norbaitek hartzen duenean irakaslearen rola, ikasleen inplikazioa areagotu egiten dela ikusi dut. Atzoko esperientzian behintzat halaxe izan zen. Baliteke Juankarek, Alexek eta Asierek adierazi zuten ikasleekiko gertutasuna eta jatortasuna horretan eragin handia izatea. Baina nik uste ikasleek ere halako predisposizio batekin zeudela, irakasle berriek halako seriotasun puntu bat ematen zioten atzoko kalseari.
  • Ikaskuntza arazoen ebazpenetara enfokatu: hasieran pentsatu nuen gauza asko ikasiko zituztela ikasleak Goierriko saioan. Eta ziur nago hala izan zela. Baina uste dut benetako ikaskuntza orain etorriko dela, gure irakasle berriek transmititu zigutena aplikatzen hasten garenean. Lanean hasten garenean uste dut barneratuko dituztela kaudala, energia eta potentzia bezalako kontzeptu berri horiek. Uste dut, gauzatu behar den zerbaiten aurrean sortzen diren arazoak konpontzea denean helburua, ikasleek benetan ateratzen dietela etekina atzo bezalako saioei.

Esan dudan moduan, ez dut ohiturarik izan orain arte, ikasleak ikastolatik kanpora ateratzeko ikastea. Egia esan, orain arte erabili dudan metodologiarekin beharrik ere ez dut izan. Baina atzoko esperientzia hain izan zen gogoangarria, uste dut ez dela azkeneko aldia izango ikasleak rutinatik atera eta kanpora eramango ditudala ikaskuntza esperientzia berriak bizitzera.

Amaitu aurretik eskerrak eman nahi nizkieke Juankar (eta, bide batez, Amaia nire lankideari ere, bera izan baita honen guztiaren konplize nagusia), Alex eta Asierri, nire ikasleei atzoko esperientzia polita bizitzeko aukera emateagatik. Eskerrak eman nahi dizkiet eskaini diguten laguntza eta adierazi duten borondate onarengatik, ikasleekiko izan zuten gertutasunarengatik eta emandako aholku eta jarraibide guztiengatik. Uste dut nire ikasleek denbora luzean ez dutela ahaztuko Goierriko Lanbide Eskolan atzo bizitako esperientzia. Eskerrik asko hirukote!

Magnitudeen gymkhana

Tira, jarduerak argitaratzen hasteko unea iritsi da. Nik diseinatutako jarduerak eta IKTekin lotutakoak argitaratuko nituela esan banuen ere, hasteko, IKTak erabiltzen ez dituen Eldako CEFIREk diseinatutako jarduera batekin hasiko naiz. Guk, jarduera euskaratu eta egokitu besterik ez dugu egin.

Duela bi urte, bat ere ezagutzen ez nuen LH 3. mailako irakasle izatea egokitu zitzaidan. Ikasle helduekin ohituta nengoen eta nahiko gogorra egin zitzaidan arren, gogoz ekin nion erronkari eta, aitortu beharra daukat, gozatu egin nuela. Adin honetako ikasleek asko eskatzen dute, baina askoz ere gehiago da ematen dizutena.

Matematikako saioetan, berehala ohartu nintzen magnitudeekin arazo latza zegoela. Bat batean, arrotz egiten zitzaizkien magnitudeekin jarduera batzuk burutu behar zituzten. Dena oso abstraktua egiten zitzaien eta magnitude askoren izenak guztiz ezezagunak ziren beraientzat. Egoera ikusita, erosketak egitera joaten ote ziren galdetu nien. Gehienek ezetz esan zidaten. Gutxi batzuk ohituta zeuden erosketak egiten, baina ia denek aitortu zidaten gauzak enbasaturik erosten zituztela. Hau da, ez ziren joaten gertuko harategira 200 g txorizo edo urdaiazpikoa erostera, guk egiten genuen moduan. Hau da, ohartu nintzen, magnitudeak ez zituztela “bizi”, ez zituztela inoiz erabiltzen eta, are gutxiago, ez zutela ezer neurtzen.

Hori ikusita, gauzak neurtzen jarriko nituela erabaki nuen. Ikasleak jabetuko ziren zentimetro bat metro bat baino txikiagoa zela edo gramo bat kilogramoa baino txikiagoa. Gauza ezberdinak inprobisatu nituen, baina ez nuen lortzen lanketa horri formatu egoki bat ematen.

Azkenean, Eldako Gymkhana hori aurkitu nuenean, euskaratu eta praktikara eramatea erabaki nuen. Kontua da, arrazoi ezberdinengatik, Matematika hori aurtengo ikasturtera arte ez dudala berriro jorratu. Horregatik, ikasturte honetan, Matematika Dialogikoak izeneko saioetan hori jorratzen hastea erabaki dut. Hasi besterik ez dugun arren, bistan da bete-betean asmatu dugula. Ikasleak izugarri motibatuta eta inplikatuta daude, magnitudeak “bizi” egiten dituzte eta hauek neurtzeko tresna ugariren erabileran trebatu egiten dira…

MAGNITUDEEN GYMKHANA

Maila: LH 3. maila, baina fitxak aldatuz gero, LH eta DBHrako baliagarria izan daiteke.

Gymkhana honen bitartez, ikasleak manipulatzen jarriko ditugu eta gure gertuko ingurunean topatzen ditugun magnitudeen neurketan trebatuko dira. Hori ez da helburu bakarra izango eta jarraian jartzen dizkizuegu lortu nahi ditugun helbururik nagusienak.

Helburuak

  1. Neurtzeko teknika eta tresna ezberdinen funtzionamendua ezagutu.
  2. Gertuko inguruneko magnitude ezberdinen neurketa burutu.
  3. Emaitzen aurreikuspenak egin (hipotesiak) errealitatera geroz eta gehiago hurbilduz.
  4. SMHko unitate ezberdinak ulertu eta hauen arteko erlazioak aurkitu.
  5. Idatzitako aginduak ulertu eta burutzeko gauza izan.
  6. Emaitzak, zuzentasunez ahoz nahiz idatziz adierazi.
  7. Esfortzu intelektuala, txukuntasuna eta zuzentasuna eskatzen dituzten jarduerak taldean arrakastaz burutzea.
  8. Elkarlanaren bitartez, norberaren eta besteen dohainak eta mugak ezagutu eta onartu.

Materiala

Edozein tresna edo objektua baliagarria izan daiteke denbora, luzera, azalera, edukiera, tenperatura edo bolumena neurtzeko.

Gutxienez, hauxe lortu beharko dute:

  • Sukaldeko balantza (platerak dituena)
  • Baskula bat (bainukoa)
  • Kaleko termometroa
  • Termometro klinikoa
  • Bainuko termometroa (ume txikientzat erabiltzen den horietako bat)
  • Zinta metrikoak (jostunenak, zurginenak…)
  • Zinta metrikoa luzea (Soinketan erabiltzen den bezalakoa)
  • Erregelak, kartaboiak, eskuairak eta zirkuluerdi graduatuak (transportadoreak)
  • Jogurt poteak
  • Fluidoak (ura eta artatxikia edo alpistea)
  • Hondarrezko erlojua
  • Sukaldeko erlojua
  • Kronometroa duen erloju digitala
  • Egutegi bat
  • Moztutako angeluak
  • Pentaminos irudiak.
  • Tangram piezak
  • Sukaldeko neurriak hartzeko ontziak
  • 1, ½ eta ¼ litroko ontziak neurtuta
  • Erantzun orriak
  • Proben txartelak
  • Sukaldeko papera

Denboralizazioa

6 – 8 saio bitarteko iraupena izango du, nahiz eta beste jarduerekin tartekatu daitezkeen. Gainera, bikote batzuek besteek baino azkarrago amaituko dute. Horregatik, bestelako jarduerak prestatuta izan beharko ditugu horretarako.

Jokoaren garapena

Aurretiko fasea

Ikasleei neurtzeko baliagarriak izan daitezkeen tresnak eta objektuak etxetik ekartzeko eskatuko zaie (zaharrak eta berriak). Gurasoekin ikertu beharko dute euren funtzionamendua.

Lehen saioa

Ikasle bakoitzak gainontzekoei azalduko die etxetik ekarri dituen tresnen funtzionamendua, zertarako balio duten, nola izena duten…

Gelan, erakusketa bat antola daiteke. Jarraian, jokoan erabiliko direnak hautatuko dira eta balio ez dutenak edo erabiliko ez ditugunak etxera bueltatuko dituzte. Hautatutakoak erakusketan eta guztion eskura egon behar dute.

Bigarren saioa eta hurrengoak

Bikoteak antolatuko dira eta lan eremua izendatuko zaie (beti berdina izango da).

Emaitzen orri bana ikasle bakoitzari emango zaio eta bikoteko bi kideen izena jarriko dituzte.

Jokoaren mekanika azaltzen zaie:

Bikote bakoitzak txartel bat ausaz jasoko du. Orrian, galdera idatziko dute, pentsatu eta aurreikuspena idatziko dute (hipotesia).

Behin hori egin eta gero, beharrezkoa aurreikusten duten materiala hartu eta lanean has daitezke.

Erantzuna dutenean, orrian idatziko dute eta materiala jaso ondoren, eskua altxatuko dute.

Irakasleak esango die erantzun zuzena den edo ez. Zuzena bada, beste txartel bat emango die. Zuzena ez bada, berriro ikertu beharko dute. Ez dute laguntzarik jasoko beharrezkoa ez den bitartean (egokiena, pistak ez ematea hirugarren ahalegina egin arte).

DENEK bukatu behar dituzte froga guztiak eta arrakastaz.

Oso baxu hitz egin behar da, ezin da korri egin eta material oso ongi zaindu behar da (ongi garbitu eta jaso)

Azken saioa

Jokoari buruzko solasalditxo bat burutuko dugu. Froga politenak, zailenak…

Egin dituzten aurkikuntzen azalpena, bai magnitudeei dagokienez bai materialen erabilerari dagokionez, burutu beharko lukete.

Amaitzeko, bikote bakoitzak froga berri bat asmatuko du. Egokienak jokoan txertatuko dira.

Oharrak:

  • Guretzat, oso garrantzitsua izan da jarduera hau jolas bezala aurkeztea. Ez dakit psikologikoa den, baina hitz magiko hori erabilita, ikasleak gehiago motibatu eta inplikatzen dira.
  • Jolas honetan ez dago galtzailerik, guztiok irabazten baitugu. Beraz, presa eta larritasuna alde batera utzi. Gogoan izan esperimentazioak bere denbora eskatzen duela.
  • Hanka sartzeak ez dira negatiboak, alderantziz, ikasteko aukera ematen digute. Nik “Gaizki egitea ez dago gaizki” esaldia ia letania bezala errepikatzen diet eta gelako arbela digitalean jarrita dugu.
  • Bikoteak mantendu jarduera osoan zehar, baina bikote bakoitzeko idazkaria saio bakoitzean aldatu beharko dute.
  • Etxetik ekarritako material guztiekin txoko bat prestatu eta ikasle arduradun bat izendatu dugu material guztiak behar bezala zaintzeko.
  • Fitxategietan doazen angeluak, Tangram-eko fitxak… guk handitu, fotokopiatu eta koloretako kartoi mehetan inprimatu ditugu. Gero moztu eta plastifikatu ditugu.
  • Gure dokumentuan doazen frogak LHko 3. mailako ikasleentzat pentsatuta dago, baina fitxa horiek editatuz, beste edozein mailarako egokitu daitezke. Egileek, LH eta DBHrako aurreikusten dute.
  • Dokumentazioa PDF eta, editatu nahi dutenentzat, ODT formatuan jarri dugu.

3. mailako ikasleak gymkhana hau lantzen ari zirela, beste bideo baterako irudi batzuk grabatu zituzten eta handik beheko bideo hori egin dugu. Ez da gauza handiegirik ikusten, baina baliagarria izan daiteke ideia bat egiteko. Beste egun batean bideo bat grabatuko dugu jarduera hauen nondik norakoak hobeto islatuz.

Dokumentazioa

Dokumentazioa ikusteko, klikatu irudietan.

Beno, gaurkoz nahikoa izango da. Hurrenak, Google Maps-ekin zerikusia izango du. Ea noizko jartzen dudan.

EGUNERAKETA

Jarduerak 0.1 izeneko wiki bat zabaldu dut hemen argitaratutako jarduera guztiak biltzeko eta zuen ekarpenak jasotzeko. Wikia erabat irekita jarri dut zuek nahi duzuen guztia egin ahal izateko.

Magnitudeen gymkhana wikian