Esperientzia gogoangarria Goierriko Lanbide Eskolan

Tamalez gure lanbidean ez dugu bizipoz gehiegirik izaten. Azkenaldi honetan irakasleok nahiko ernegatuta gabiltzala uste dut. Inguruan krispazio punttu bat ere nabaritzen dut, egiten ari garenarekin gehiegi gozatzen ez dugularen seinale. Sentsazio horrekin ibili naiz ni ere azken urte hauetan. Baina aurten murgilduta nabilen proiektu berria behar nuen ihes-balbula izan da. Esperientzia bikaina izaten ari da, oso aberasgarria eta guztiz gomendagarria. Gazte nintzeneko izpiritu ipurtarin hura berreskuratu dut, klaseak iraultzea animatu naiz eta, bide berriak lan dezente suposatzen badu ere, emaitzekin erabat asetuta geratzen ari naiz. Eta atzokoa irakasle bezala gutxitan bizi izan dudan aparteko egun horietako bat izan zen.

Talde berriarekin lanean hasi baino lehen garbi nuen metodologia aktiboen aldeko apustua egin nahi nuela eta horixe egiten saiatu naiz orain arte. Oraintxe bertan murgilduta gabiltza laugarren proiektuan. Aurrekoak proiektuak sinpleak izan badira ere (kohesio jarduera batzuk, arazoen ebazpenean oinarritutako proiektutxo bat eta, azkena, webquest bat) oraingoan maila bat gorago igo nahi izan dut eta PBL metodologiarekin ausartu naiz. Hauxe da, hilabete honen hasieran, nire ikasleei planteatu nien erronka:

Birziklatutako plastikozko botilak erabiliz, eguzki-energiaren laguntzaz ureztatze sistema autonomoa duen baratza hidroponiko bat muntatzea.

Helburu nagusi honekin batera, taldeko bederatzi ikasleen artean produktu hori ekoiztu eta salduko duen enpresa edo elkarte aukera desberdinen artean guretzat egokiena zein izango den erabakitzea ere eskatu nien. Azpiko dokumentuan daukazue proiektuaren ardatz nagusienak zehazten dituen dokumentua:

Jaitsi pdf dokumentua

Aurreko proiektuetan lan-talde heterogeneoak erabili izan baditut ere, proiektu honetarako egokiagoa iruditu zitzaidan ikasleen profilen arabera, hauek hiru talde homogeneoetan banatzea. Hiru talde horiei helburu eta zeregin zehatzak planteatu nizkien. Bakoitzari zehaztutako helburu espezifikoen arabera eta enpresan erabiltzen den terminologia propioa erabiliz, departamentu teknikoa, produktu edo ekoizpen departamentua eta marketing eta kontabilitate departamentuak izenak erabiltzea erabaki nuen, taldeei halako ofizialtasun kutsu bat eman nahirik.

Aste batzuk daramatzagu proiektuari nondik heldu erabakitzen eta aurre egin beharko diegun arazo posibleak aurreikusten. Planifikazio fase honen ezaugarriak beste baterako utzi ditut. Dena den, gauza jakina da fase honen ezaugarri nagusia arazoei aurre egiteko beharrezkoa den informazioa biltzea izaten dela.

IKTen inguruan saltsatan gabiltzanok, joera izaten dugu internet erabiltzeko gure arazoen konponbiderako baliabide nagusi bezala baina irudipena daukat, horrelako proiektu potoloetan murgiltzen garenean, internet informazio iturri bezala ez dela baliabiderik egokiena. PBL metodologian planteatzen diren erronkak konplexuak izaten dira, sortzen diren arazoak mota askotakoak eta askotan, konponbide erraza ez dutenak. Arazo horien soluzio egokia sarean topatzea ez da erraza, batez ere, proiektua garatzeko denbora epea aste pare batekoa bakarrik denean. Horrelakoetan, gehienetan irakasle orojakilearen papera hartzera jotzen dugu eta gu izaten gara behar duten guztia ikasleei transmititzen dieguna. Arrazoi honexegatik ez gara ausartzen askotan, saltsa konplikatuegitan sartzen, ez dadin gertatu gero ez garela gai gure ikasleek eskatzen digutenari erantzuteko. Bada proiektu honetan hasi ginenean, garbi neukan nik neuk ez nuela behar bezala menperatzen jorratzen ari garen gaiaren inguruko zirriktu guztiak baian konfidantza nuen bilatuko genuela bidea topatuko genituen arazoei aurre egiteko.

Identifikatu genituen zailtasunen zerrenda luzetik, alderdi teknikoari lotutakoak ziren nagusienak; baratzaren egitura erabaki, ur-zirkuitua diseinatu eta bere elementuak aukeratu eta, azkenik, ur-ponpa martxan jarriko duen sistema elektrikoaren ezaugarriak (plaka fotoboltaikoa eta tenporizadorea barne) zehaztu. Internet motz geratzen zitzaigun horri guztiari irtenbidea bilatzeko bi astetan. Zera pentsatu nuen orduan: zergatik ez jo gaian aditua den norbaitengana genituen arazoak konpontzen laguntzeko? Enpresa bat bezala funtzionatu behar bagenuen, hauetan arrunta izaten da hainbat zerbitzu azpikontratatzea. Beraz, zergatik ezin genuen guk ere gure “I+G+I”-a šŸ˜‰ kanpoko norbaiti azpikontratatu? (hori bai, musutruk alegia, “a coste cero” šŸ™‚ )

Gogoratu nintzen Amaia nire lankideak bazuela kontaktu bat Goierriko Lanbide Eskolan Injenieritza ikasten ari zena eta beste taldekide batzuekin batera Urbiako borda batean ura lurrazpitik igotzeko ur-ponpa baten diseinua eginda zuena. Hortxe genuen gure arazoak konpontzeko behar genuen informazio iturririk egokiena.

Esan eta egin. Amaiaren bitartez Ā beraiekin harremanetan jarri ginen eta prest agertu ziren genituen kezkak, zalantzak eta arazoak konpontzen laguntzeko. Ikasleek email bat bidali zieten gure proiektuaren berri emanez, Ā oinarrizko azalpentxo batzuekin eta aurreikusten genituen arazoen deskribapen labur batekin. Egun batzuk hartu zituzten gure proiektuari buelta batzuk emateko eta jarraian, atzo goizerako geratu ginen, Goierriko Lanbide Eskolan bertan.

Goizeko hamarretarako hantxe geunden, eraikin berriaren atarian. Ikasleen aurpegietan halako errespetu/lotsa/urduritasun sentsazio bat antzematen zen, gehiago aregaotu zena oraindik Ā Juankar agertu zenena eta guretzat espreski erreserbatutako gelara eraman gintuenean. Ƒo, ez nuen imajinatuko unibertsitatean sartzeak horrelako inpresioa eragingo zienik nire ikasleei! Juankar, Alex eta Asier oso gertukoak agertu ziren, oso atseginak eta ikasleek asko eskertu zuten hori. Berehala lasaitu ziren eta jasotako azalpenak arretaz entzutera pasa ziren di-da batean.

Juankar izan zen lehena azalpenak ematen. Baratzaren egituraren inguruan aholku batzuk eman zizkigun: egitura osatzen duten elementu desberdinen kokapenaren inguruko krokis bat egin zigun, ur deposituaren barnean ur-ponpa non kokatzea komeni zen azaldu zigu,Ā lorontziak bertikalki zintzilikatzeko proposamen interesgarri bat bota zigun, ur-hoditik lorontzietara ura tantonaka erortzeko sistema bat ere esplikatu zigun… guztia oso modu didaktiko eta errazean azalduta.

Ondoren Alex-en txanda heldu zen. Berea zen toreatzeko zezenik zailena; kalkuluak egiteko fisikako erlazio matematikoak azaltzea egokitu zitzaion. Berak esplikatu zigun zein bide jarraitu behar genuen ur-ponparen potentzia kalkulatzeko. Energiaren kontserbazio printzipioaz hitz egin zigun, energia zinetikoa eta potentzialaz ere aritu zen. Ur-hoditik joan behar den uraren abiadura, kaudala eta hodiaren sekzioaren azaleraren arteko erlazioa azaldu zigun, energia totala nola kalkulatu eta ondorioz ponpak egin beharreko lana nola deduzitu ere esplikatu zigun. Eta hemendik, ponparen potentzia.

Azkenik, Asierrena izan zen atal elektrikoa azaltzeko ardura. 5 W-tako plaka fotoboltaiko bat eraman zuen gelara. Erregulatzailea deitzen den gailutxo bati lotuta joan behar dela ohartaraziĀ zigun. Plakaren eta termostatoaren arteko lotura ere nola egin ikusi genuen. Materiala erosteko gune bat ere proposatu zigun.

Ia bi orduko saio batera joan ginen, nire ikasleak ohituta daudenerako, luzea, trinkoa eta mamitsua. Niri tokatuko balitzaidake klase hori ematea, uste dut ikasleak ez zutela ezta ordu erdia aguantatuko atentzioa galdu gabe. Baina erabat harrituta geratu nintzen ikasleek azaldu zuten jarrerarekin. Aurretik esan nien aipatutako gauza asko koadernoan jaso beharko lituzketela baina ez dira apunteak hartzera ohituta dauden ikasleak oraindik. Ikusi behar zitzaien gure irakasle berrien azalpenak jasotzen erabat kontzentratuta, apunteak hartzen, Juankar-ek egindako eskemak koadernoan kopiatzen, Alexek idatzitako formula matematikoak kopiatzen, gure irakasleek tarteka botatzen zituzten galderei erantzuten… Gutxitan ikusi dut ikasle talde bat (edozein mailatakoa) atzokoa bezalako ia bi orduko klase bat, hauek eskaini zioten arretarekin jarraitzen. Erabat txundituta utzi ninduten nire ikasleek. Uste dut, atzoko esperientziaren ondoren, plaka fotoboltaiko eta ur-ponpaz gain, beste gauza askoren inguruan ere ikasi zutela.

Baina ez ziren eurak bakarrik atzoko esperientziatik ikasi zutenak. Atzokoa ikaskuntza garrantzitsua izan zen niretzat ere. Konturatu naiz zeinen garrantzitsuak diren detaile txikiak, ikasleen ikaskuntza prozesuaren gaineko motibazioa pizteko:

  • Ikastolako eremu fisikotik kanpora eraman ikaskuntza prozesua: badakit ez nagoela ezer berririk asmatzen ari, asko direla honetaz aspalditik jabetuta daudenak eta praktikan ipintzen dutenak. Baina niretzat lehenengo aldia da ikasleak gelako lau paretetatik ateratzen ditudala “klase ematera”. Ikaskuntza ikastolako espaziotik kanpo ere (unibertsitatean, gure kasuan) gerta daitekeela ikasleei erakustea uste dut oso garrantzitsua dela. Eta lehenengo aldia izanda, ahaleginak merezi izan duelakoan nago.
  • Irakasle rola ikastolaz kanpoko adituen esku utzi: ikastola eta ikastolaren testuinguruarekin zerikusia ez duen norbaitek hartzen duenean irakaslearen rola, ikasleen inplikazioa areagotu egiten dela ikusi dut. Atzoko esperientzian behintzat halaxe izan zen. Baliteke Juankarek, Alexek eta Asierek adierazi zuten ikasleekiko gertutasuna eta jatortasuna horretan eragin handia izatea. Baina nik uste ikasleek ere halako predisposizio batekin zeudela, irakasle berriek halako seriotasun puntu bat ematen zioten atzoko kalseari.
  • Ikaskuntza arazoen ebazpenetara enfokatu: hasieran pentsatu nuen gauza asko ikasiko zituztela ikasleak Goierriko saioan. Eta ziur nago hala izan zela. Baina uste dut benetako ikaskuntza orain etorriko dela, gure irakasle berriek transmititu zigutena aplikatzen hasten garenean. Lanean hasten garenean uste dut barneratuko dituztela kaudala, energia eta potentzia bezalako kontzeptu berri horiek. Uste dut, gauzatu behar den zerbaiten aurrean sortzen diren arazoak konpontzea denean helburua, ikasleek benetan ateratzen dietela etekina atzo bezalako saioei.

Esan dudan moduan, ez dut ohiturarik izan orain arte, ikasleak ikastolatik kanpora ateratzeko ikastea. Egia esan, orain arte erabili dudan metodologiarekin beharrik ere ez dut izan. Baina atzoko esperientzia hain izan zen gogoangarria, uste dut ez dela azkeneko aldia izango ikasleak rutinatik atera eta kanpora eramango ditudala ikaskuntza esperientzia berriak bizitzera.

Amaitu aurretik eskerrak eman nahi nizkieke Juankar (eta, bide batez, Amaia nire lankideari ere, bera izan baita honen guztiaren konplize nagusia), Alex eta Asierri, nire ikasleei atzoko esperientzia polita bizitzeko aukera emateagatik. Eskerrak eman nahi dizkiet eskaini diguten laguntza eta adierazi duten borondate onarengatik, ikasleekiko izan zuten gertutasunarengatik eta emandako aholku eta jarraibide guztiengatik. Uste dut nire ikasleek denbora luzean ez dutela ahaztuko Goierriko Lanbide Eskolan atzo bizitako esperientzia. Eskerrik asko hirukote!