Prosumer-aren gainbehera

Aurrekoan komentatzen nuen sentsazioa daukadala, nahiz eta inoiz baino informazio iturri gehiago izan, nahiz eta inoiz baino askatasun gehiago izan informazioa sortu eta partekatzeko, ez ote gabiltzan sartuta halako burbuila informatibo batean non barruan bueltaka dabiltzan informazio pilulak ez ote diren guk uste duguna baina homogeneoagoak, uniformeagoak eta bideratuagoak.

Aipatzen nuen orduan ere sentsazioa nuela ohiko hedabide tradizionalak geroz eta indartsuago eta hobe kokatuagoak ikusten nituela interneten orokorrean, baina sare-sozialetan bereziki. Interneten gertatu zen hasierako eztanda sozial hark lekuz kanpo harrapatu bazituen ere hedabide horietako bat baino gehiago, uste dut denborarekin jakin izan dutela egoerari buelta ematen, batez ere, sare sozialen garapenaren eskutik. Datu zehatzak ez baditut ere, inpresioa daukat ohiko hedabideetatik irteten diren artikuluen barreiaketak sareetan zehar gora egin duela azkenaldian.

Twitter eta telebista: geroz eta antzekoagoak?

Web 2.0ren eztanda blogen eztandaren eskutik etorri zen. Guztiok pasa ginen eduki kontsumitzaile pasibo izatetik eduki sortzaile izatera; informazio fresko, berri eta originala nonahi aurki zitekeen orduan. Prosumer bilakatu omen ginen guztiok. Baina idaztea lan nekeza da, denbora eskatzen du eta, askotan, ez da horretarako gogo gehiegirik izaten ohiko lanaldiarekin amaitu ondoren. Horrela, blog pertsonal askok pertsiana bota dute azkenaldi honetan. Bakarrik geratu dira betidanik erreferentetzat hartu izan diren blogak; hauenak izaten dira, baita ere, handik eta hemendik bueltaka ibiltzen diren artikuluetako asko.

Beste fenomeno bitxi baten garapena ere nabarmendu da azkenaldi honetan; blogarien elkarteak edo kolaborazioak marka baten inguruan. Hortxe ipini daitezke adibide bezala The Huffington Post Estatu Batuetan, edota Neumattic Espainian edo agian ZuZeu edo Sustatu bera ere, Euskal Herrian. Gune hauek guztiek ezaugarri nagusi bi dituzte: argitaratze maiztasun handia eta sare-sozialekin zuzeneko uztarketa, norantza bietan gainera, artikuluak zabaltzeko botoiak nonahi ipiniz baina baita ere sareetan egindako iruzkinak blogetara ekarriz. Sona handiko autoreak, informazio jario jarraia eta sareekin lotura zuzena, kontaktu edo lagunekin etengabeko komunikazioa bermatuz, euren edukien protagonismoa sarean goiko mailan mantentzea lortzen dute.

Prosumer-on aldetik egon den edukien ekoizpenaren beherakadarekin, alde batetik, eta aurrean aipatu diren fenomeno horien bilakaerarekin, irudipena daukat sarea ez dela duela urte batzuk bezain plurala, bezain heterogeneoa, bezain aberatsa. Susmoa daukat internetekin ere ez ari ote den gertatzen beste komunikabide guztiekin gertatutakoaren antzekoa: alegia, ez ote garen informazio kontsumitzaile pasiboak bihurtu, gure nahi, gogo edo gustuen “share”a neurtzeko “Atsegin dut” edo “RT” edo “Follow”, edo “Lagun egin” edo “bit.ly” edo “ow.ly”… edo beste edozein botoi edo esteka klikatu besterik egiten ez dugunok.

Informazioaren demokratizazioa aipatzen genuen internet berriaren ezaugarri nagusietako bat bezala duela zazpi urte; pluraltasuna, askatasuna, izpiritu kritikoa…. Benetan hainbesterako izan dela iruditzen zaizue?

OHARRA: kontu hauek aspalditik buruan bueltaka banituen ere, berriro hasi zaizkit bueltaka The Truth about Twitter: It’s The Evening News artikulua irakurri ondoren. Artikulu horretan agertzen den esaldi hau askotan pasa zait burutik azkenaldian:

Twitter is more like TV than you’d think

Zuzena eta zehatza, ezta?