Goiburu hori duen ikastaro batean izan naiz gaur goizean Donostian. Ikastaroa, EHUko Uda Ikastaroetako bat da eta han jasotako ideia batzuk, komentatu nahiko nituzke.
Ikastaroaren aurkezpen orrian, jarraian doan azalpena agertzen da:
Dagoeneko 40 urte pasa dira Colemanek bere ikerketa argitaratu zuenetik. Bertan, familien maila sozioekonomiko eta kulturalak ikasleen errendimenduan duen eragina frogatu bazuen ere, ondoren egindako ikerketek eskolaren funtzionamenduarekin erlazionatutako eragileek ere duten garrantzia azpimarratu dute. Ikerketa hauen ondotik, eskolaren hobekuntzara bideratutako azterketak ere sortu ziren. Bien uztarketen ondoren ekitatearen arazoari ere erantzun egin nahi izan zaio. Beraz, ikastaro hau honako galdera hauen erantzunak aurkitzen saiatuko da: 1) Nazioartean egindako ikerketetan zeintzuk izan dira eskolen eraginkortasuna azaltzen duten faktoreak. 2) Faktore berberak al dira gure erkidegoan eragiten dutenak? 3) Nola lortu daitezke eskola hobeak denentzat? 4) Gure testuinguruko erakundeek nola ikusten dute euskal curriculuma eta eskolen hobekuntza?.
J.F. Lukas Mujika (EHU) eta Karlos Santiago Etxeberria (EHU) izan dira lehen saioan aritu direnak, bigarrenean, Araceli Angulo (ISEI-IVEI) eta LUIS LIZASOAIN (EHU) eta Jon Lopez Armendariz (Berritzegune Nagusia) hirugarrenean. Hizketan ongi moldatzen diren arren, erakutsi dituzten aurkezpenak negargarriak izan dira. Bitxia egin zait, “hobekuntza”, “berrikuntza”, “eraginkortasuna”… bezalako gaiak mintzagai diren ekitaldi batean, gaur “jasan” behar izan ditugun hiru aurkezpenak ikustea. Ekitaldi horietan, noiz arraio ikusiko ditugu aurkezpen duinak?
Harira. Lehen bi saioetan, egiten ari diren ikerketa batzuen inguruko informazioa eman dute eta, bukaeran, ikerketa baten behin-behineko emaitzak azaldu dizkigute. Eta hauek dira, estatistika datu uholde baten ondoren, nire interesa piztea lortu dutenak.
Lehenik eta behin, ikastetxe baten eraginkortasuna neurtzeko orduan nazioartean aintzat hartzen diren irizpideak interesgarriak iruditu zaizkit. Izan ere, selektibitateko emaitzak edo bestelako emaitza akademikoak ez dira inon agertzen. Horra hor aipatu dituztenak:
- Komunitate-izaera
- Hezkuntza-lidergoa
- Eskola- eta ikasgela-giroa
- Aurreikuspen altuak
- Curriculum-kalitatea/irakaskuntza-estrategiak (estrategia didaktikoak, ahaleginak, aniztasunaren trataera eta atzeraelikadura)
- Ikasgelen antolaketa
- Ikaslearen jarraipena eta ebaluazioa
- Irakasleen garapen profesionala
- Familien esku-hartzea
- Baliabideak
Ea ikastetxeei, behingoagatik, burutik kentzen zaien emaitza akademikoak propaganda gisa erabiltzearen ohitura zaharkitu hori!
Bada, bigarren saioan eman dituzten ikerketen emaitzak, antzeko irizpideak erabili omen dituzte. Diagnostiko frogen emaitzetan nabarmendu diren ikastetxeetan burutu da ikerketa (lagina egokia omen zen era guztietako eta EAEko hiru lurraldeetako ikastetxeak ordezkatuta baitzeuden).
Kontua da, ikerketa horren arabera, espero zitekeenaren gainetik nabarmen dauden ikastetxeek komunean dutena ondorengoa dela:
- Ikasleen arreta pertsonalizatua
- Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa
- Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa
- Denboraren kudeaketa
- Eskola giroa
Esplikatu dutenez, nabarmendu diren ikastetxe guztietan errepikatzen diren aldagai horiek izan daitezke euren arrakastaren giltza.
Ikasle bakoitzak merezi duen arreta jasotzen du eta, ikastetxe horietan guztietan, helburua ez da aurkezten direnak gainditzea, baizik eta IKASLE GUZTIAK aurrera egitea.
Zuzendaritza taldeei dagokienez, oso garbi gelditu da bere lidergoa ezinbestekoa dela eta emaitza bikainak lortu dituzten ikastetxe guztietan, lidergo sendo bat dutela. Beraiek dira aldaketen sustatzaileak, irakasle guztiak inplikatzen eta animatzen dituztenak, formazioa “kaskadan” abian jartzen dutenak, proiektu berritzaileak ezartzen dituztenei laguntza eta babesa ematen dizkietenak…
Bestalde, irakasle taldeetan gardentasuna eta informazioaren fluxu iraunkorra azpimarratzen dira. Honekin batera, euren arteko koordinazioa egituratuta eta mota guztietako formazioa (euren artekoa ematen dena goraipatu dute) lan ordutan.
Gainera, denboraren kudeaketa ere agertzen da aldagai bezala. Esan dutenez, ikastetxe horietan, denbora ez da alferrik galtzen, bilerak emaitzak lortzeko egiten dira eta “betelanak” desagerrarazi dituzte.
Azkenik, ikastetxearen giroa aipatu da. Giro on hori ikastetxearen aspektu guztietan arnasten omen da: geletan, bulegoetan, instalazio guztietan, gurasoekin dituzten harremanetan…
Ikusten duzuen bezala, aldagai horietan guztietan emaitzen inguruko inongo aipamenik egin ez dugun arren, aspektu horiek sustatuz eta zainduz, lortzen diren emaitzak bikainak dira.
Goiza amaitzeko, administrazioaren aurpegiaren txanda Berritzegune Nagusiko Zuzendariaren eskutik heldu zaigu.
Honen esanetan, ikastetxe hobeak lortzeko, eduki curricularrak, metodologia tradizionalak eta ikastetxeen antolaketa zurruna goitik-behera aldatu beharko genituzke.
“Hitz magikoak” (berrikuntza, inklusiboa, kalitatea, partekatuta, dialogikoa, kooperatiboa…) askoren ahotan dauden arren, oztopo ugari daude horiek guztiak aldatzeko edo ezartzeko:
- Sistema zurruna (ordutegiak, adinaren araberako taldekatze uniformea, irakasle/gela/ikasgaia tridentean oinarritutako eskemak…)
- Eskola antolaketa (zuzendaritza talde probisionalak, hauen formazio eskasa, talde horien motibazio eza eta ezjakintasuna, irizpide politikoen arabera osatutako taldeak, egitura bertikalak, ikasleen eta gurasoen parte hartze sinbolikoa…)
- Metodologia zaharkituta (testu-liburuen nagusitasuna, irakasleek jarraitzen dute lanketaren ardatz izaten, edukien errepikapena nagusitzen da oraindik, sormena edo iritzi kritikoa bezalako kontzeptuek baztertuta segitzen dute…)
- “Berrikuntza” hitza propagandarako erabiltzen da. Foiletoak berriztapen proiektuz beteta agertzen badira ere, horretan gelditzen dira kasu gehienetan.
- Praktika onak orokortzeko zailtasunak. Egokitzapen bat behar dute praktika guztiek eta ezin dira bere horretan inportatu eta ezarri.
- Berrikuntza guztiek irakasleen errutinaren haustura suposatzen dutenez, hauek izaten dira etsairik nagusienak.
- Berriztapen proiektu asko ezarri eta kentzen dira “modak” aginduta eta inongo ebaluaziorik ez da egiten.
- …
Zailtasun horien aurrean, administrazioak zer egin dezake?
- Zurruntasuna leundu (aurrerapausoak ematen dituzten ikastetxeei erraztasunak eman).
- Irakasle berritzaileak lehenetsi eta saritu (beste sektoreetan ohikoa dena, irakaskuntzan ezinezkoa dirudi. Norbaitek ulertuko luke Pediatra batek Geriatra batek baino gutxiago kobratzea? Bada irakaskuntzan zenbat eta ume txikiagoekin lan egin, orduan eta gutxiago kobratzen dute. Errekonozimendu ekonomikoa giltzarri ez bada ere, promozionatzeko beste neurriekin batera, lagunduko luke eta irakasleen konpromisoa areagotuko litzateke).
- Abian jartzen diren proiektuak, programak… ebaluatu lortu nahi den helburuaren arabera.
Bukatzeko, berrikuntzak arrakasta izateko baldintzak aipatu ditu:
- Berrikuntzak ikastetxeak dituen egitura guztietara iritsi behar dira. Ezin da utzi irakasle berritzaile gutxi batzuen esku. Horiek erre egiten baitira eta uzten dutenean, berrikuntza ezer ezean gelditzen da.
- Administrazioak bultzatutako Berrikuntza Proiektuen burokraziarekin amaitu.
- Berrikuntza formazioarekin lotu. Horretarako, arestian aipatutako berdinen arteko formazioa (kaskadan burututakoa hobesten da) da ondoen egokitzen dena eta arrakastarik handiena lortzen duena.
- Zuzendaritza talde sendoaren garrantzia. Iraunkortasun handiko taldeak behar dira, ongi formatutako jendeaz osatutakoak, konpromiso handiko irakasleak bilduko dituena eta ikuspegi irekia izango dutenak.
Honaino gaur goizean jasotakoa. Hamaika aldiz, hamaika tokitan, hamaika gaiak jorratuz… eta mezu berdintsuak etengabe errepikatzen diren arren, nekez ikus daitezke berrikuntza horren printzak.