Emozioak

Ekain negar batean eta garrasika esnatu da. Amesgaiztoren batek aterako zuen Morfeoren besartetik. Bere oihuak etxean zehar zabaltzen dira eta bere sehaskaren ondora iritsi bezain laster nire besoak eskaini dizkiot, lasaitu dadin. Baina ez da nahikoa. Nire epeltasunak ez du bere negarra eteten. Azkenean, ama etorri eta bere bularraldean aurkitu du kontsolamendua. Zer den ama izatea! Egunaren desordu hautan bada ere, gozatzen dut ama-semearen arteko sinbiosiari begira. Umea bere amatxoren lepoa sendo estutzen du, babes bila, baina minik eman gabe. Amak, aldiz, hitz goxoekin mintzatzen zaio, berriro lokartu dadin. Eta inbidia sanoa sentitzen dut (inbidia sanorik badago, behitzat!). Inbidia bikoitza. Batetik, amak haurrarengan duen eragin eta berarekiko duen erlazio estuagatik. Eta bestetik, Ekainek bere emozioak adierazteko duen askatasunarengatik.

Jaio zenetik hilabete batzuk pasa dira eta uste dugu jada ikasi dugula bere negarraren arrazoiak bereizten: noiz den mina, noiz gosea, logura eta abar. Eta bere negar-anpuluak eteten saiatu izan gara beti, emaitza ezberdinak lortuz. Eta denborak aurrera egin ahala, Ekainek irribarre egiten ere ikasi zuen. Bere emozio batzuk adierazteko modu berria. Gurasoei lerdea dario hasteko moduko irribarrea. Apurka-apurka, bere emozioak adierazteko bideak aurkitzen eta perfekzionatzen doa gure txikia. Baina bere inguruan orbitatzen dugun helduok horiek modu egokian garatzen uzten ez diogula pentsatzen hasita. Eta uste dut egunero ikusten dudan zerbait dela.

Kontua da, Ekainek barre egiten duenean, gu ere pozten garela eta irribarre hori denboran luzatzea nahi izaten dugula. Aldiz, petraldu eta denagatik kexa denean, lasaitzeko edo isiltzeko bide azkarrak bilatzen ditugu. Kexatzea egokia izango ez balitz bezala. Negarra, ekidin beharreko zerbait balitz bezala. Eta espresatzeko aukerak eskaini ordez, emozioak estaltzen hasteko bizitzaren bide luzearen hasieran kokatzen dugu. Eta bide hori sekula amaituko ez den susmoa dut. Adinean gora egin ahala, bere emozioak azaltzeko moduak, uneak eta lekuak neurtuagoak izango dira. Debekatuak bezala. Halaxe ikusten dut nik, behintzat, nire inguruko haur, gazte eta helduengan.

Azken aldiko joera da (edo hala iruditzen zait niri, gaia berria delako niretzat) emozioen inguruko heziketa. Bat batean, gure ikasleen eta gureak propioak diren emozioak nola kudeatu ikasteari ekin diogu, buru-belarri. Egunero sortzen zaizkigun arazo edo gatazkak konponduko dituen baliabidearen bila. Lasaitasuna ekarriko digun mirariaren bila. Eta hori guztia oso positiboa eta lagungarria dela ukatu gabe, uste dut oinarrizkoena ahaztu zaigula: egun, oraindik, bizi garen gizarte honek emozioak adierazteko “debekua” ezarri digu. Ez dakit tradizio kristau batean oinarrituta egon delako, edo beste faktore sozio-ekonomiko-politikoak izan direlako, baina izan dela uste dut bene-benetan. Sentitu izan duguna eta nola sentitu dugun adieraztea bekatua izan da beti. Eta emozio horiek barru-barruan gorde eta aurrea egin behar izan dugu. Halako heziketa jaso dugu, etxean, nola eskolan.

Horregatik, batzuetan, harrituta ikusten dut nola ikasi nahi dugun emozio horiek kudeatzen ikasi, garrantzitsuena ahaztu zaigunean: emozioak adierazten ikastea. Lerro hauetatik emozioen adierazpenaren defentsa sutsua egin nahi dut. Utz diezaiegun ikasleei espresatzen, nahiz eta modu  trakets eta baldarrean izan, gero ere beraiek bide aproposagoak bilatzen ikas dezaten. Horren ordez, sentitzen dutena erreprimitzen dugu. Pikutara bidali behar gaituzte, utz diezaiegu horixe egiten! Gure lana ez du izan behar hori isiltzea, hori egiteko bide aproposak bilatzen laguntzea, inguruan dituzten pertsonak mindu gabe. Horrela, eta bakarrik horrela, uste dut emozioetan oinarritutako benetako heziketan batean murgilduko garela. Mesedez, utziozue Ekaini negar egiten, negar egin behar badu; barre egiten, barre egin behar badu; haserretzen, haserretu behar badu. Baina erakutsi diezaiogun hori modu konstruktibo batean egiten. Egoera bakoitzetik zerbait ikasi dezan. Sentitzen duena espresatzeko makilik jaso ez dezan. Mila esker.