Haritz Alzolari esker ezagutu dut Pachi Tamer. Goiko bideoa ikasleekin batera hausnartzeko alderdi interesgarri mordoa eskaintzen dituen baliabidea iruditu zait, Giza Hezibidean, adibidez, erabil daitekeena.
Ziurrenik askok gogoratuko dituzue etxean gurasoei behin baino gehiagotan entzundako esaldi xelebre edo askotan errepikatzen zituzten komentario xelebreak. Oso ondo jakin gabe zergatik, garunean betirako grabatuta geratzen zaizkigu eta, noizean behin, egoera jakin batzuetan, gogora etortzen zaizkigu. Nire aitak bazuen bat nirekin askotan erabiltzen zuena eta azken egunetan buruan bueltaka darabilkidana. Saltsa berrietan murgiltzen nintzenean, “tú, como siempre, arrancada de caballo y parada de burro”esaten zidan erdaraz, behin baino gehiagotan.
Orduan ez nion kasu gehiegirik egiten aitari baina uste dut bazuela arrazoi puntu esaten zidan horretan. Izan ere, motibatzen nauten egoera berrien aurrean, bi aldiz pentsatu gabe, lanean jartzen naiz. Txinparta pizten zaidanean, ikaragarri ilusionatzen naiz eta ingurukoak ere, ni bezala, erabat inplikatuta egongo direla sinisteko joera izaten dut. Nik ditudan espektatibak besteek ere partekatzen dituztela pentsatzeko ohitura daukat eta nire aldetik ipintzen dudana, besteengandik jasoko dudanaren parean egoteko itxaropena izaten dut. Eta batzuetan nire ilusioa kutsakorra izatea lortzen badut ere, beste askotan ez da horrela izaten eta hori gertatzen denean, gehienetan, amore ematen bukatzen dut. Hasierako ilusioa berehala galtzen dut eta ekimen gehienak erdibidean geratzen dira.
Askotan aipatu dudan moduan, azken bi urte hauek oso emankorrak izan dira nire garapen profesionalari dagokionez. Irakasle bezala hobetzeko Aniztasun Curricularreko (AC) talde batekin lan egitea benetan baliagarria izan zitekeela pentsatzen nuen eta halaxe gertatu da. Hasierako ilusio hori bizirik mantendu da azken bi ikasturte hauetan, nagusiki ikasleen aldetik jaso dudana erabat asetuta utzi nauelako maila profesionalean baita maila pertsonalean ere.
Aurten taldea aldatu egin da, ikasle berriak ditut eta egoera aldaketak ematen direnean askotan gertatzen den moduan, tentsioak eta konfliktoak sortzen dira. Irakasleok jakin badakigu ikasle promozioen artean desberdintasunak egoten direla, oraindik nabarmenagoak, beharbada, ACko taldeen kasuan, talde hauek osatzen dituzten ikasleen profil akademiko eta pertsonalak anitzagoak izaten baitira. Oraingo taldea aurrekoarekiko oso desberdina da eta oso konplikatua egiten ari zait dagoeneko ohituta nengoen gelako dinamika lortzea. Dagoeneko bi hilabete pasa dira ikasturtea hasi zenetik. Nire espektatibak eta nire ikasleek dituztenak ez datoz bat eta eskaini/jaso balantze pertsonala ez dut orekatua denik sentitzen.
Egun hauetan dena pikutara bidaltzeko gogoa behin baino gehiagotan etorri zait burura. Ikasle hauekin egiten dudana benetako balio pedagogiko eta hezitzailerik ba ote duen zalantzan ere jarri izan dut. Irakaslerian hain tipikoa den “balones fuera” egiteko tentazioa ere eduki dut: errua gurasoena da, ikasleak alfer hutsak dira, gizartea da erruduna eta nik horren aurrean ezin dut ezer egin…, bezalako aitzakietan erortzeko tentaldia ere izan dut.
Beraz, aitak hainbestetan aipatzen zidan “parada de burro” hark, berriro ere egi bihurtzeko boleto asko dituela konturatu naiz. Eta oraingoan ez diot aitari arrazoia eman nahi. Antzeko egoeretan egon naizen beste askotan faltatu izan zaidan hausnarketa egitea derrigorezkoa dela uste dut. Hausnarketa hau bi planotan egin behar dudala iruditzen zait:
Nire betekizunaren balorazio pertsonal bat:
Labur esanda, ikasleei hainbestetan eskatzen diegun eta irakasleoi horrenbeste kostatzen zaigun autorregulazio edo autoebaluazio ariketa bat egitea beharrezkoa ikusten dut. Orain ez dut gogoratzen non baina behin hauxe irakurri nuen: “Irakasle batek merezi dituen ikasleak ditu” Egi galanta. Eta aurtengo taldearekin erabat asetuta ez banago, baliteke horretan nik neuk ere nire ardura izatea. Orain arte nire betekizuna baloratu beharko banu, alderdi hauek ikusiko nituzke hobetu beharrekoak bezala:
Etengabeko konparazioekin bonbardatu ditut nire ikasleak: duela bi urte, bide berri honi ekin nionean, nire ikasleen jokabideak “neurtzeko” aurreko inongo erreferentziarik gabe hasi nintzen. Oraingo taldeak, ordea, aurrekoaren erreferenteak ditu eta hauek gainera, oso maila altukoak dira. Horrela oraingo ikasleen jokabideak nahiko nituzkeenak ez direnean, segituan konparatzen ditut aurreko taldekoenekin. Gehiegitan aurpegiratu diet iazko taldeak eurek baino hobeto funtzionatu zutela kasu gehienetan. Eta uste dut hori ez dela bidezkoa; ez nago plano berean eta baldintza berdinetan baloratzen ari bi promozioak.
Exijentzia maila altuegia jartzen ari naiz gauden garairako: iazko ikasturtea nola amaitu genuen ikusita, aurtengorako ipinita nituen espektatibak oso altuak ziren, duela bi urte nituenak baina dezente altuagoak. Baina taldea berria da, oraindik ohiko metodo tradizionalera ohituta daude eta gure estilo propiora egokitzeko denbora behar dute. Nik bi ikasturteko eskarmentua daukat; nire ikasleek zero patatero oraindik. Ez da zilegia nire ikasleei, hain denbora gutxian, egoera berri honetara egokitzea eskatzea. Denbora behar dute.
Ez ditut ekitatez tratatu nire ikasleak: puntu honekin beti izan ditut nire kezkak. Gelaren aurrean jokabide edo jarrera desegokiak dituzten ikasleak identfikatzea ez zait inoiz gustatu. Horregatik, kontu hauek askotan gelaren aurrean, modu orokorrean planteatzeko ohitura izaten dut. Baina AC taldean burutzen ditugun proiektu guztiak talde-lanean burutzen dira eta taldeen funtzionamendua egokia izateko elkarreragin positiboa egotea ezinbestekoa da. Eta horrela ez denean, elkarreragin positibo hori oztopatzen dituzten jokabide pertsonalak agerian utzi behar direla uste dut, ikasleak besteen aurrean epaitu gabe baina bai garbi utziz nortzuen jokabideak diren talde-lana oztopatzen dutenak.
Ez dut lehenengo proiektua behar bezain ongi prestatu: aurrekoan komentatzen nuen bezala, baliteke lehen proiektu hau orain arte martxan jarri dudan konplexuenetako bat izatea. Eta horrela izanik, uste dut dudala behar bezala prestatu, batez ere, kontutan harturik ikasle talde hau PBL metodologian hasiberria dela. Baliteke proiektuak merezi zuen prestakuntzan motz geratzea eta ziurrenik ikasleei babes handiagoa eman behar nien, kontutan izanik beraientzat lehenengo aldia zela antzeko esperientzia baten aurrean egoten zirela..
Nire jarrera ikasleen aurrean, gehienetan, oso ezkorra izan da: irakasleok ikasleengan izaten ditugun aurreiritziak alde batera aspaldian utzi nituela uste nuen. Baina talde honekin agian ez naiz erabat “legala” izan alderdi horretatik. Nire atentzioa jarrera disruptiboena duten ikasleengana zuzendu dut eta horrek taldearen aurrean beti ezkor eta konfiantzarik gabe agertzea eragin dit.
Konponbideak bilatu:
Aurreko guztia esanda, onartu behar dut aurtengo taldean ditudan ikasleak zailak direla. Gelako jarduna normaltasun giro batean mantentzea kostatzen ari zaigu. Ikasle disruptiboen eragina iazko taldean baina nabarmenagoa da aurten eta, horrelako klase giro batekin, ez da erraza bestelako helburuak lortzea. Horrelakoetan irakasleok zuzenean barne arautegira jotzen dugu askotan. Paper batean idatzita dagoena besterik gabe aplikatzen dugunean, arazoa beste bideetatik konpontzeko ditugun gabeziak estaltzeko balio izaten digu. Beste batzuetan, goi-mailako estamentuetara jotzen dugu, “ahalguztidunaren” aholku eta babesaren bila edo erabakiaren gaineko ardura gu ez garen norbaiti delegatzeko asmoz. Kasu batean zein bestean, konponbideak kanpotik etortzea espero izaten dugu. Baina ikasleekin ditugun jarrera arazoak gureak dira, gu gara arazo horien parte eta gurea da arazo horri, gure ekintzen bitartez, irtenbide bat emateko ardura. Galdera da, “zer egin dezaket nik ikasleekin bizi dudan errealitatea aldatzeko?”
Ez dago errezeta magikorik, badakit. Gauza bat garbi baldin badaukat da ikasleak eurak inplikatu behar ditugula gelan adierazten duten jarrera aldaketan; nortasunak moldeatzen lagundu dezakegu, baina aldaketa ikasle horren eginkizun pertsonala da. Ikuspegi hori galtzen badet, jai daukat.
Kontu honi buelta batzuk ematen ari nintzela, Alberto del Mazoren blogan argitaratutako artikulu interesgarri honekin egin nuen topo. Bertan, Carmen Y. Reyes psikologaren lana aipatzen du. Bere iritziz, ikasleei garbi utzi behar zaie gela barruan adierazten duten jokabideak beraien hautua dela. Baina, era berean, ulertarazi behar zaie (eta irakasleok ere garbi eduki behar dugu) jokabide hori aldatzea beraien esku dagoela eta gainera GAI DIRELA . Carmenek horrela azaltzen du ingelesez:
“Once children understand that they choose their behavior, they also understand that they can change their behavior. Psycho-educational teachers believe that strengthening children’s coping and social problem solving skills is therapeutic. The psycho-educational or therapeutic model is one of social problem solving and socio-emotional growth rather than disciplining and punishment.”
Kontzientzia hori barneratu eta praktikan jartzea ez da ikasleek bakarrik egin behar duten bide bat, irakasleok ere zeregin horretan lagundu dezakegu. Nola? Bada Carmenek jokabide disruptibo horiek kudeatzeko irakasleok jarrai ditzakegun hamazortzi printzipioen zerrenda bat proposatzen digu. Azpian ipintzen ditut, nire iritziz interesgarrienak izan daitezkeenak (zerrenda osoa hemen aurki dezakezue):
Ikasleekin daukagun harremana erabiltzen dugun hizkuntzaren araberakoa da. Harreman terapeutiko eta hezigarriak eragin nahi baditugu, hizkuntza positiboa erabili behar dugu.
Erabiltzen ditugun mezu eta lexiko kritiko edo negatiboak, positiboak diren mezu eta hiztegiarekin ordezkatzen baditugu, ikasleen jokabidea moldeatu dezakegu eta gelaren gaineko kontrola handitu egiten dugu.
Gela barruan sortzen diren jokabide disruptibo desberdinen aurrean modu desberdinean erantzuteak irakaslearen konpetentzia sendotzen du. Ikasleen jokabide disruptiboen aurrean nola jokatuko dugun erabakitzeko ahalmena da irakasleok daukagun botererik garrantzitsuenetako bat (hauxe bera, adibidez, aurten egiaztatu dudan puntu bat izan da)
Joakibde disruptiboa duen ikasle batek, jarrera disruptiboa du, alegia, ez da ikasle disruptiboa. Beste hitzetan, arazoa bere jarrera da, ez ikaslea (hau askotan ahaztu egiten zaigu)
Jokabide disruptiboak alda daitezkeen akzioak dira.
Ikasleek jokabide disruptibo gutxiago adierazten dituzte euren jarrera kontrolatzeko gaitasuna (autokontrola eta autogestioa) dutela sinesten dutenean.
Ikasleak jarrera aldaketarako eta autokontrolareko prestatuago sentitzen dira euren esfortzuak zerbaitetarako balio duela konfiatzen dutenean.
Amaitzeko, hemezortzi printzipio jasotzen dituen zerrenda horri, nik beste bat gehituko nioke: “Askotan, jarrera disruptibo horiek gela barruko testuinguru jakin batean sortzen dira. Testuinguru horiek aldaezinak direla pentsatzea, arazoa betikotzea ekar dezake. Testuinguru berriak eragitea, ikasle disruptiboen alderdi positiboak ezagutzeko modu baliagarri bat izan daiteke” (eta hau ere, nik neuk egiaztatu dudan zerbait da)
Tira, irakasleok gela barruan bizi ditugun jokabide hauek konpontzeko modu BAT dagoela, konponbide BAT dagoela esatea, tontakeria galanta dela badakit. Horregatik ez dut arautegietan edo aurrez definitutako zigorretan eta antzekoetan sinesten, aurrerago esan dudan moduan, jokabide oker bakoitzak, irtenbide propio bat behar duelako. Baina bai iruditzen zait Carmenek aipatzen dituen printzipio horien bidetik joan daitekeela gure gelan ditugun arazoen konponbidea. Zaila dela, bai, baina inondik inora ezinezkoa!
Ekain negar batean eta garrasika esnatu da. Amesgaiztoren batek aterako zuen Morfeoren besartetik. Bere oihuak etxean zehar zabaltzen dira eta bere sehaskaren ondora iritsi bezain laster nire besoak eskaini dizkiot, lasaitu dadin. Baina ez da nahikoa. Nire epeltasunak ez du bere negarra eteten. Azkenean, ama etorri eta bere bularraldean aurkitu du kontsolamendua. Zer den ama izatea! Egunaren desordu hautan bada ere, gozatzen dut ama-semearen arteko sinbiosiari begira. Umea bere amatxoren lepoa sendo estutzen du, babes bila, baina minik eman gabe. Amak, aldiz, hitz goxoekin mintzatzen zaio, berriro lokartu dadin. Eta inbidia sanoa sentitzen dut (inbidia sanorik badago, behitzat!). Inbidia bikoitza. Batetik, amak haurrarengan duen eragin eta berarekiko duen erlazio estuagatik. Eta bestetik, Ekainek bere emozioak adierazteko duen askatasunarengatik.
Jaio zenetik hilabete batzuk pasa dira eta uste dugu jada ikasi dugula bere negarraren arrazoiak bereizten: noiz den mina, noiz gosea, logura eta abar. Eta bere negar-anpuluak eteten saiatu izan gara beti, emaitza ezberdinak lortuz. Eta denborak aurrera egin ahala, Ekainek irribarre egiten ere ikasi zuen. Bere emozio batzuk adierazteko modu berria. Gurasoei lerdea dario hasteko moduko irribarrea. Apurka-apurka, bere emozioak adierazteko bideak aurkitzen eta perfekzionatzen doa gure txikia. Baina bere inguruan orbitatzen dugun helduok horiek modu egokian garatzen uzten ez diogula pentsatzen hasita. Eta uste dut egunero ikusten dudan zerbait dela.
Kontua da, Ekainek barre egiten duenean, gu ere pozten garela eta irribarre hori denboran luzatzea nahi izaten dugula. Aldiz, petraldu eta denagatik kexa denean, lasaitzeko edo isiltzeko bide azkarrak bilatzen ditugu. Kexatzea egokia izango ez balitz bezala. Negarra, ekidin beharreko zerbait balitz bezala. Eta espresatzeko aukerak eskaini ordez, emozioak estaltzen hasteko bizitzaren bide luzearen hasieran kokatzen dugu. Eta bide hori sekula amaituko ez den susmoa dut. Adinean gora egin ahala, bere emozioak azaltzeko moduak, uneak eta lekuak neurtuagoak izango dira. Debekatuak bezala. Halaxe ikusten dut nik, behintzat, nire inguruko haur, gazte eta helduengan.
Azken aldiko joera da (edo hala iruditzen zait niri, gaia berria delako niretzat) emozioen inguruko heziketa. Bat batean, gure ikasleen eta gureak propioak diren emozioak nola kudeatu ikasteari ekin diogu, buru-belarri. Egunero sortzen zaizkigun arazo edo gatazkak konponduko dituen baliabidearen bila. Lasaitasuna ekarriko digun mirariaren bila. Eta hori guztia oso positiboa eta lagungarria dela ukatu gabe, uste dut oinarrizkoena ahaztu zaigula: egun, oraindik, bizi garen gizarte honek emozioak adierazteko “debekua” ezarri digu. Ez dakit tradizio kristau batean oinarrituta egon delako, edo beste faktore sozio-ekonomiko-politikoak izan direlako, baina izan dela uste dut bene-benetan. Sentitu izan duguna eta nola sentitu dugun adieraztea bekatua izan da beti. Eta emozio horiek barru-barruan gorde eta aurrea egin behar izan dugu. Halako heziketa jaso dugu, etxean, nola eskolan.
Horregatik, batzuetan, harrituta ikusten dut nola ikasi nahi dugun emozio horiek kudeatzen ikasi, garrantzitsuena ahaztu zaigunean: emozioak adierazten ikastea. Lerro hauetatik emozioen adierazpenaren defentsa sutsua egin nahi dut. Utz diezaiegun ikasleei espresatzen, nahiz eta modu trakets eta baldarrean izan, gero ere beraiek bide aproposagoak bilatzen ikas dezaten. Horren ordez, sentitzen dutena erreprimitzen dugu. Pikutara bidali behar gaituzte, utz diezaiegu horixe egiten! Gure lana ez du izan behar hori isiltzea, hori egiteko bide aproposak bilatzen laguntzea, inguruan dituzten pertsonak mindu gabe. Horrela, eta bakarrik horrela, uste dut emozioetan oinarritutako benetako heziketan batean murgilduko garela. Mesedez, utziozue Ekaini negar egiten, negar egin behar badu; barre egiten, barre egin behar badu; haserretzen, haserretu behar badu. Baina erakutsi diezaiogun hori modu konstruktibo batean egiten. Egoera bakoitzetik zerbait ikasi dezan. Sentitzen duena espresatzeko makilik jaso ez dezan. Mila esker.
Azken urtetan nire ikasleak izan diren guztiek dakiten bezala, etxerako lanen inguruan dudan iritzia ez da oso ona, batez ere tradizionalki bidaltzen ditugun etxerako lan errepikakor eta aspergarri horiekiko dudan iritzia.
Bada, iritzi hori izan arren, ez naiz libratzen eta “mea culpa” ozen bat bota nahiko nuke. Izan ere, gurasoek etxerako lanak eskatzen zizkidatela aitzakitzat hartuta, maiztasun handiz horrenbeste gorrotatzen ditudan lanak bidaltzen aritu bainaiz eta, behin baino gehiagotan, astakeriak ere bidali izan ditut. Inoiz ez dut inongo ahaleginik egin nire iritzia lankideen aurrean plazaratzeko ezta nire ikasleen gurasoei nire ikuspegi kritiko hori azaltzeko ere. Nire ikasleen aurrean, nire burua zuritu nahian edo, hor bai, hor askotan esan dut benetan pentsatzen dudana.
Baina aurreko astean, ikaskuntza kooperatiboaren inguruko barne formazio saio bat burutzen ari ginen ikastolan eta, halako batean, gai hori atera zenean, nire iritzia ematera animatu nintzen. Neurri batean, etxerako lanen isiltasunezko “armairutik atera” nintzen. Nire iritziz, gai hori “tabu” bat bihurtuta zegoen eta inork ez zuen ezer zalantzan jartzen, betidanik egin denaren jarraitzaile akritiko eta robotizatu gisan jokatzen genuen.
Bada, gure artean izandako eztabaidaren ondoren, gordeta nituen dokumentu eta helbide ezberdinetara jo nuen gaiari beste oinarri batzuekin heltzeko asmoz. Irakurri dudan guztia asimilatu eta antolatu ondoren, nire iritzia plazaratu nahi dut.
Hasteko, irakurri dudan guztiarekin, nire iritzia ez da aldatu, alderantziz, indartu eta sendotu dela esan beharko nuke. Izan ere, oraindik ez dut ebidentzia bakar bat ere topatu etxerako lanak onuragarriak direla esateko. Alderantziz, datu guztien arabera, kaltegarriak direla esan dezakegu hanka sartzeko beldurrik gabe.
Hasteko, gustatuko litzaidake jarraian datozen bideo hauek ikustea. Luzeak badira ere, oso gomendagarriak dira eta PISAko ebaluazioetan arrakasta itzela lortzen duten bi eredu ezberdinak hobeto ezagutzeko aukera paregabea.
Finlandia
Korea
Bideo hauek ikusi badituzu eta Finlandiaren aldeko apostua egiten baduzu, seguru asko jarraian datorrena soberan izango duzu, baina Koreakoa bada erakartzen zaituena, argudioak prestatu beharko ditut “alde ilun” horretatik ateratzeko. Has gaitezen, bada.
Topatu dudan lehen gauza bitxia izan da ikustea estatuan etxerako lanak denfendatzen dituzten gehienak oso konterbadoreak direla esparru ideologikoan. Horien artean, sutsuenei, “Hezkuntzako Tea Party” deituko nieke nik eta, une honetan, Wert Legea defendatzaile amorratuak dira. Kontuz zeinekin ari zareten etxerako lanak defendatzen!
Eta bigarrena, etxerako lanak defendatzen dituztenek erabiltzen dituzten argudioak frogatzeko inongo ebidentziarik ez dutela eskaintzen.
Tira, kontua da irakurri dudanarekin ondorengo irudian ikus dezakezuen mapa mentala osatzen hasi nintzela. Ez dakit oso garbi gelditzen den, baina nire ideiak eta datuak antolatzeko oso lagungarria egin zait niri. Jatorrizko neurrian ikusteko, egin klik irudiaren gainean.
Orain, saiatuko naiz laburtzen bertan jasotakoa.
Laburragoa denez, etxerako lanen aldekoek aipatzen dituzten argudioak azaltzen hasiko naiz:
Esfortzua: kultura hedonistaren aurrean, esfortzuaren balioa transmititzeko baliabide garrantzitsu bat da.
Diziplina: etxerako lanak egiteak diziplina eskatzen du eta gure ikasleek horrenbetse behar duten balio hori eskuratzeko oso lagungarriak dira.
Lan ohiturak: etxerako lanak egitean, gerora begira ezinbestekoak izango dituen lan oiturak eskuratzeko ezinbestekoak dira. Etxerako lanak egin ezean, nekez lor daitezke lan ohitura egokiak.
Autonomia: ikasleak bere zereginari aurre egin behar dio eta, horretarako, bere autonomia erabili behar du. Alegia, agintzen diotena egitean, bere autonomia garatzen doa.
Antolaketa: etxerako lanak egiteko, ikasleak bere denbora planifikatzen, antolatzen… ikasi behar du. Hori dela eta, bizitzarako ezinbestekoa den gaitasun hori lortzeko oso lagungarriak dira.
Emaitzak: arestian esandakoa betetzen dituen ikasleak, emaitza hobeak lortuko ditu. Beraz, etxerako lanak egitea emaitza hobeak lortzeko bide garranzitsu bat da.
Sarrera esan dudan bezala, hori guztia esaten dutenean, ez dute inongo ebidentziarik eskaintzen. Batez ere, emaitzei dagokienean. Izan ere, ez baitago inongo ikerketarik baieztapen hori frogatzen duenik.
Orain, has gaitezen kontrako iritzia dutenek aipatzen dituzten argudioak.
Hasteko, etxerako lanek hezkuntza-sistemaren porrota adierazten dute, ikasleek eskolan landu beharko lituzketen lanekin gainkargatzen dituztelako. Hezkuntza-sistemak dituen mugak agerian uzten dituzte, izan ere, ikastetxeetan egiten dena nahikoa ez dela esplizitatzen dute. Agian, egin behar dena ez da ikasleak gainkarga horrekin zigortzea, eskola barruan egiten dena eta egiten den modua aldatzea baizik. Baina, noski, bigarren aukera horrek lan handiagoa eskatzen du eta irakasleok ez gaude horretarako, ezta?
Bestalde, irakasle gehienek agintzen dituzten etxerako lanek oso kalitate txarra dute, ez dira pertsonalizatuak izaten, ikasle batek izan ditzakeen hutsuneak betetzeko ez dute laguntzen eta, gainera, kasu gehienetan, denbora gehiegi eskatzen dute.
Jarraian, sarean topatu ditudan etxerako lanen aurkako argudio garranzitsuenak:
Ez da inongo abantaila pedagogikorik frogatu: egin diren ikerketek LHrako ez dute hori frogatzen, kontrakoa baizik. Eta DBHtik aurrera ikus daitekeen abantaila hain da txikia… Laburtuz, desabantailak abantailak baino handiagoak dira.
Eskolarekiko jarrera ezkorra sustatzen dute: ikasle askorentzat etxerako lanen zama jasanezina bihurtzen da eta eskolarekiko jarrera ezkorra garatu besterik ez dute egiten. Okerrena, jakin-mina, motibazioa eta gauza berriak ikasteko interesa ere galtzen hasten direla.
Denbora librea murrizten da: ikasleak “full-time” bihurtzen ditugu. Eskolaz kanpoko jarduerek eta etxerako lanek ikasleen “denbora librea” betetzen dute eta honek duen balio hezitzaileaz ahaztu egiten gara.
Ikasleen garapenerako beste aukerak kendu: esparru akademikotik at gelditzen diren gainontzeko esparruak jorratzeko aukerarik gabe gelditzen dira ikasle asko. Familia askotan etxerako lanei ematen zaien garrantzia eta lehentasuna direla eta, ikasleen pasioak edo zaletasunak bigarren edo hirugarren mailako gaitzat hartzen dituzte guraso askok.
Ekitatearen etsaiak: etxerako lanen ardura familien esku gelditzean, oso errealitate kultural eta sozial ezberdinekin egiten dute topo. Familia guztiek ez dute ez aukera ez ahalmen berdina euren seme-alabak “laguntzeko” eta hauen arteko ezberdintasuna areagotu besterik ez da egiten.
Familiako giroa zapuztu: ukaezina den errealitate bat da hau. Etxe askotan, seme-alaben etxerako lanek liskarrak, giro txarra, zigorrak, tentsio uneak, estresa… eragiten dituzte, etxeko giroa arnastezina bihurtzeraino.
Familiari denbora kendu: familia askotan oso denbora gutxi gelditzen zaie kide guztiak elkarrekin egoteko. Denbora horretan, seme-alabek etxerako lanak egin behar badituzte, denbora hori murriztu besterik ez da egiten.
Aniztasunari ez dute erantzuten: egin diren ikerketen arabera, kasu gehienetan, etxerako lanak uniformeak izaten ohi dira. Hau da, gela bateko ikasle guztientzat etxerako lan berdinak agintzen zaizkie. Nola ezkontzen da hori horrenbeste aldarrikatzen den aniztasunaren trataerarekin?
Gurasoekiko menpekotasuna: zailtasunik handienak dituzten ikasleek ez dute nahiko gaitasunik agindutako lanak autonomiaz egiteko. Horrek gurasoekiko menpekotasun handia sortarazten du. Bitxia da autonomia gehien garatu behar duten ikasleek, menpekotasuna besterik ez dutela garatzen ikustea.
Rolak irauli egiten dira: ikaskuntza prozesu guztietan seme-alabek euren lorpenen berri gurasoei ematen dizkiete. Bada, etxerako lanekin, seme-alabek eskolan eginikoa gurasoei erakutsi partez, eskolan ikasten ez dutena gurasoek seme-alabei erakutsi behar izaten diete.
Gertuko errealitatearekin harreman eskasa: aztertutako etxerako lan gehienek zerikusirik ez dute ikasleek bizi duten errealitatearekin. Horrek, noski, ikasleen interes falta areagotu besterik ez du egiten.
Beste hezkuntza eredurako ateak itxi: etxerako lanen giltzarrietako bat gelan egiten den ondorengo zuzenketa da. Horrek, saio askoren denbora tarte zabal hartzen duenez, bestelako zeregin interesgarriagotan eta emankorragotan aritzeko aukera kendu egiten du. Zenbat gauza egiteko aukera izango genuke zuzenketa horiek gure saioetatik kenduz gero?
Kontrako nahiz aldeko jarrera dutenek, gainera, bestelako ekarpenak ere egiten dituzte. Batzuk erabat kentzearen alde dauden bitartean, beste batzuk etxerako lanei ez dizkiete ateak ixten, beti ere, jarraian doazen baldintzak errespetatuz gero:
Curricularrak ez diren gaiak jorratu ere: curriculum tradizionaletatik at bizitza dagoenez, esparru horiek ere jorratu beharko lituzkete etxerako lanetan.
Ezagutza librea sustatu: gaur egun eskura ditugun aukerei ezin diegu bizkarrik eman eta gure ikasleak ezagutza librea eraikitzeko eragile aktiboak bihurtzeko lagundu beharko lukete etxerako lanek (adibidez, Wikipedian ekarpenak egin).
Tresna kolaboratzaileak erabili: etxerako lanek ikasleen arteko elkarrekintza sustatu beharko luketenez, tresna kolaboratzaieen erabilera indartzera bideratuta egon beharko lukete.
Proiektuen inguruko lanketa: eskolan landu beharko lituzketen proiektuekin lotura izan beharko lukete. Hau da, proiektu horien planifikazioan, garapenean, ikerketan… lagundu beharko luketen etxerako lanak izan beharko lituzkete.
Erantzukizuna eta iraunkortasuna sustatu: nor bere buruarekin eta ikaskideekin arduratsu eta erantzukizunez jokatzera animatu beharko lukete, eta ez antsietateak edo presioak eraginda burutzea.
Ohitura osasungarriak sustatu: kirol jarduerak, dantzak, elikadura osasuntsua, erlaxazio jarduerak… egitera animatu beharko lukete.
Erabakiak hartzeko irizpideak: ikasleek erabakiak hartzera eta, noski, hauek hartzeko garaian irizpide ezberdinak erabiltzera animatu beharko lituzkete.
Jakin-mina piztu: arestian esan dugu, normalean agintzen dituzten etxerako lanek jakin-mina zapuzten dutela. Bada, justu kontrako efektua bilatu beharko lukete. Horretarako, ikasleak ikertzen, produktu ezberdinak ekoizten, erronkak gainditzen… jarri beharko lituzkete.
Informazioa kudeatu ezagutza eraikitzeko: etxerako lanek informazioaren kudeaketa eraginkor bat sustatu beharko lukete, ikasle bakoitzak bere ezagutza propioa eraikitzeko.
Denbora antolatu eta planifikatu: etxerako lanek ikasleen denbora antolatzen eta planfikatzen lagundu beharko lukete. Horretarako, bitartekoak ere eman beharko genizkieke zeregin bakoitzari eskaini beharreko denbora kudeatzen eta planifikatzen ikas dezaten.
Ideien,emozioen eta bizipenen adierazmena: etxerako lanek aukera erreala eman beharko lukete ikasleen ideiak eta sentimenduak modu ezberdinetan adierazteko. Adierazmen aukera guztientzat ateak irekita egon behar dira eta ez betiko bideentzat soilik.
Irudimena eta sormena: irudimena eta sormena sustatzeko balio ez duten etxerako lanek, ekarpen eskasa egingo dute. Hori dela eta, irakasleek etxerako lanak bidali baino lehen, ondo planifikatu beharko lituzkete, betiko errutina eta lan errepikakor horietan ez erortzeko.
Denboraz mugatuak: gaur egun, etxerako lanek sekulako denbora tartea hartzen dute bai egiteko bai zuzentzeko. Bada, egitekotan, denbora tarte mugatuak eta laburrak hartu beharko lituzkete.
Eta zuk, zer diozu? Betiko ohiturari eustearen alde al zaude? Orain arte agindu dituzun etxerako lanak birplanteatzeko prest al zaude? Beharrezkoa al da gai honen inguruko eztabaida serioa gure komunitatean?
Gai honen inguruan topatu ditudan esteka interesgarriak:
Gaurkoa azalpen eguna izan da Bertigardenekoentzat. LH 3. eta 4. mailako ikasleak etorri dira gure azken proiektua bisitatzera eta nire ikasleen zeregina izan da orain arte egindakoaren berri ematea, nola hasi ginen, nola egin dugun aurrera eta nola amaitu dugun guztiarekin, tartean izandako arazotxoak nola konpondu ditugun adieraziz ere. Bost talde pasa dira bi ordutan, Julen bigarrenean etorri da.
Nire ikasleak hortxe ibili dira baratzaren egitura nolakoa den esplikatzen, zer dela eta aukeratu ditugun letxuga eta marrubiak, nola funtzionatzen duten eguzki-plakak eta ur-ponpak… Haur guztiek jarraitu dituzte arretaz emandako azalpenak. Baina bigarren taldeko ikasleak (LH 3koak) besteak baina hiztunxeagoak azaldu dira, gauza gehiago galdetu dituzte. Euren bi andereñoek ere lagundu dute, galderak eginez eta gelan landu dituzten hainbat gauza gogoratuz. Energia elektrikoaren sistema azaltzen ari ginela, ni ere galdera bat egitea animatu naiz:
– Eguzki-plakak zuzenean eguzki energia energia elektrikoan bihurtzen badu eta ondorioz, ur-ponpa martxan jar badezake, zergatik pentsatzen duzue jarri dugula bien artean pila bat? – tira, galdera gehiegi pentsatu gabe bota dut, pentsatuz gehiengo batek jakingo zuela erantzuna. Baina gehienak pentsakor geratu dira, nonbait ez zeukaten oso garbi pilaren funtzioa zein ote zen.
Hiru ikaslek altxatu dute behatza euren iritzia emateko. Lehenengo biak aurre-aurrean zeuden eta arretaz ari ziren azalpenak jarraitzen baina ez dute asmatu erantzunarekin. Hirugarrena Julen izan da, taldearen atzealdean zegoen, ia ezkutuan, azalpenak urrutixeagotik jarraitzen ari zela zirudien. Erantzuteko txanda eman diodanean, bi andereñoak horretaz jabetu dira eta isiltasuna eskatu die beste ikasle guztiei. Horrekin ulertu nahi izan dut dut Julen ez dela askotan animatzen dena bere iritzia ematea. Konturatu naiz Julenentzat une garrantzitsua izan zitekeela eta denok jarri gara berari entzuten.
Andereñoei kasu eginez, guztiok isildu gara eta Julen bere iritzia ematen hasi da. Urduri zegoen, hitz-totelka hasi da, kostatu zaio esan nahi zuena adieraztea. Baina azkenean egin du, baita ondo egin ere!!
– Gauan, eguzkirik ez dagoenean, motorrak funtzionatu ahal izateko da beharrezkoa pila – esan du Julenek. – Gauetan bakarrik? – galdetu diot, Julenen unea zela jabetuta. – Edo zerua lainoz estalita dagoenean – erantzun du berak. – Ba bai Julen, halaxe da, bete-betean asmatu duzu erantzunarekin. Zorionak! – esan diot, andereñoen arteko txutxumutxuek eta harridura aurpegiek Julenek gaur egindakoa oso arrunta ez zela aditzera ematen zidatelarik.
Hortik aurrera nik jarraitu dut azalpenarekin. Julen aurrera etorri da, ez da atzean geratu. Gertutik ikusi eta ezagutu nahi zuen egindako guztia, ez zuen detailerik galdu nahi. Hasierako lotsa galduta, zituen zalantza guztiak botatzen hasi da. – Zertarako da hodi hori hori? – galdetu dit. Esplikatu diet bere funtzioa ura berriro depositura eramatea dela. Ura gorantz ur-ponparekin bultzatzen dugula esplikatu diet ere eta ur depositutik atera dut ponpa eurek ikusteko. Julen segituan gerturatu da ur-ponpa nolakoa zen ikustea. Birak ematen dituen motor bati lotutako helize sistema bat dela esan diet. – Eta helizeak nola daude horrela edo horrela? – galdetu dit Julenek bere bi behatzak gurutzean ipintzen zituela, hasieran etzanda eta gero zuzen. – Horizontalean daude Julen – erantzun diot zuzenean.
Ez nuen Julen ezagutzen baina gurekin egon den hamabost minututan mutiko argia eta azkarra dela iruditu zait. Bere begi txiki eta ilunekin ez du detailerik galdu (ezta atzealdean zegoenean ere), guztia ezagutu nahi izan du eta guztia ondo ulertu duela iruditu zait. Jakin-min eta kuriositate handiko zortzi urteko haur azkarra iruditu zait, nirekin egon den hamabost minutu horietan.
Eta halaxe berretsi didate bi andereñoek saioa amaitu dugunean. Baina…, aiii “baina” horiek! Julenek arazotxo batzuk ere baditu (nork ez, ezta?). Irakasleoi hainbeste gustatzen zaigun ikasle “estandar”aren profiletik kanpo geratzen da. Beste askori gertatzen zaien moduan, ez da gelan ixil-ixilik, geldi-geldi, mueble baten moduan egotera ohitzen; bere ikasteko modua ikastolak eskatzen dionarekiko oso desberdina da; hainbat gaietan oso azkarra da baina aspertu egiten da eta ondorioz beste gauza batzuetan pasatzen du denbora. Tira, bere adineko beste haur askok bezala, beste mota bateko eskola eskatzen duen haur bat da. Halere, bi andereñoek esan didate asko hobetu duela azkenaldian eta gaurko esperientziak horretan ere asko lagunduko diola.
Baina ni ukituta igo naiz gure bulegora. Goiza pasatu dut Julen burutik kendu ezinik. Ziur nago hemendik aurrera izango dituen maisu eta andereñoek, orain artekoek bezala, buru-belarri jardungo direla Juleni laguntzen. Badakit batzuk dagoeneko ari direla “iraultza” txiki bat prestatzen adimen anitzak kontutan hartzen dituzten sekuentziak diseinatzen, gelako aniztasunari erantzun bat eman nahian, ikasle guztien ikasteko modu desberdinak aintzat hartuz. Badakit ere ikastolak dituen baliabide eskasak bere esku ipintzen ahaleginduko dela hobekuntza prozesuan aurrerantz egin dezan. Dudarik ez daukat guztiok bustiko garela dituen arazotxo horiek konpon ditzan. Baina beldur naiz, Julenek aurretik duen eskola ibilbide luzean, berriro protagonista izateko aukerarik izango ez ote duen, bere buruaz harro egoteko aukerarik berriro biziko ote duen. Beste modu batera esanda, horrelako ikasleei erantzuteko egun ipintzen diegun neurri zuzentzaileekin, ez ote diren geroz eta ezkutuagoan geratuko orain agerian dituen gaitasunak. Irakasleok gauzak “ondo” egitea zer ulertzen dugun ikusita, kezkak ditut ez ote den eskola bera izango Julenek (eta Julen bezalako beste haur askorekin) dituen gaitasunekin poliki-poliki bukatuko duena.
Aniztasunaz hitz egiten dugunean oraindik askok pentsatzen dute heterogenotasuna homogeneizatzea dela helburua, ikasleek dituzten izkinak leundu eta forma ematen joatea, guztiak itxura bereko harri bitxi bikainak bihurtu arte. Baina ez gara jabetzen harri bitxi horietako bakoitzak bere dirdira eta kolore propioak dituela, eta guztiei eskaini behar diegula dir-dir egiteko aukera berdinak. Askotan pentsatzen dut, irakasleok leuntze eta uniformatze prozesu horretan, ikasle askok berezkoa duten dirdira horrekin ez ote dugun akabatzen. Uste dut gauza hauek birplanteatu beharko genituzkeela benetan eskola inklusibo bat izatea baldin bada gure helburua.
Julen gaur zu ezagutzeko aukera izan dut. Oraindik zazpi-zortzi urte geratzen zaizkit zure irakaslea izateko baina ez zait gaurkoa inoiz ahaztuko. Elkarrekin egoteko unea heltzen denean denon aurrean kontatuko dut gaur guztioi erakutsi diguzuna.