PBL baten ataza ikasleekin batera definitzen

Azken proiektuaren inguruan egiten nuen hausnarketan aipatzen nuen bezala, nire ikasleekin burutu ditudan sekuentzien fase desberdinen zehaztapena nik bakarrik burututako lana izan da orain arte. Atazaren deskribapenetik hasita, honen gauzatze faseraino egin beharreko ibilbide osoa nik neuk diseinatu eta definitu dut ia proiektu guztietan. Ia diot, izan ere, iaz burutu genuen azken proiektuan (baratza hidroponikoarena) ikasleek beste proiektuetan baina protagonismo gehiago izan zuten proiektuari forma eman eta aurrera eramaterakoan. Baina orduan ere, atazaren zehaztapena eta taldekideek izango zituzten rol desberdinen deskribapena nik erabaki nituen.

Gogoa neukan, ikasleekin batera, proiektu bati goitik behera forma emateko. Atazak, rolak, faseak, helburuak… elkarrekin erabaki eta landu nahi nituen. Eta halaxe egin dut hasi berri dugun azken proiektuan. Joan den astean, hain zuzen ere, atazari forma ematen pasa dugu eta, egia esan, oso esperientzia interesgarria izan da.

Banekien ikasleei proposatu behar niena zerbait berria zela beraientzat. Atazari forma ematen laguntzeko erabili nahi nituen teknika batzuekin dagoeneko ohituta bazeuden ere, ipini nien helburua gainditzeko horrekin bakarrik nahikoa izango ote zen nire zalantzak nituen. Horregatik, erronka txiki hori mini-ataza modura planteatzea erabaki nuen. Hementxe ipintzen dizuet “ataza zehazteko ataza” honetan ;-), ikasleek jarraitu zuten prozesuaren fase guztien deskribapen laburra:

  1. Egon vs. Egin
    Egon vs. Egin

    Lehenik eta behin, dagoeneko mila aldiz esandakoa gogora arazi nien berriro ere: proiektuetan oinarritutako metodologietan orain arte agindu zaiena alde batera uztea derrigorrezkoa dela. Alegia, orain arte, irakasleok halaxe eskatuta, gelan eduki behar izan duten jarrera alde batera utzi eta, juxtu-juxtu, kontrako muturrera pasatzea eskatu nien. Itxura batean gauza erraza dirudi baina, hainbeste denbora pasa dutenean gelan egonean, egiten hastea asko kostatzen den zerbait izaten da. Hainbeste denbora pasa ondoren irakasleak agindutakoaren zain, norberak bere zereginei autonomiaz heltzea ez da aste batzuetan lortzen den zerbait.
  2. Bukatutakoan, nire “speech” txikia entzutea tokatu zitzaien. Niri zuzenean esan ez badidate ere, susmoa neukan nire ikasle batzuentzat gelan egiten ari ginena ez zela “benetako ikaskuntza”. Alegia, “lan serioa” besteena zela; gurea, berriz, “ondo pasatzea”. Ikastea zerbait “serio eta gogorra” bezala ulertzen zutela uste nuen. Esplikatu nien orain arte burutu ditugun proiektu guztiak, curriculum ofizialak, etapa eta ziklorako, zehazten dituen helburuen inguruan eraiki ditudala. Bai, egia da, curriculuma bere osotasunean ez dugula bete, eduki kontzeptualei soilik erreparatzen badiegu behintzat. Baina egia da ere, ohiko metodologia tradizionalarekin ari diren ikasleek ez dutela, inondik inora, curriculuma bere osotasunean betetzen. Prozedura eta jarrerekin lotutako eduki asko landu gabe uzten dituztela eta konpetentzia orokorrak garatzetik gu baino askoz ere urrutiago dabiltzala. Baina nire ikasleak ez dira kontu hauetan espezialistak (martxa honetan, halere, baliteke ikasturte amaierarako didaktikaz irakasle askoren parean jartzea) 😉 Horregatik, begiak ireki eta benetako errealitatea zein zen ulertzen laguntzeko, curriculum zahar batetik jasota nituen helburuak (arlo, ziklo eta mailakoak)) txosten batean ipini eta ikasleei kopia bana pasa nien. Azpian daukazue dokumentua.

    Arlo eta zikloko helburuak

    Batzuk ez ziren txostenaren erdira heldu ere. Ez da harritzekoa!, niri ere izugarri kostatzen zait horrelako totxoak irakurtzea 😉 Ikasle batek helburu horiek ezertarako balio ez zutela esan zidan. Gauzak ez nahasteko erantzun nion nik, gauza bat helburuak direla eta bestea horiek lortzeko irakasleok jarraitzen dugun bidea. Beste ikasle batzuei, txostena irakurtzen ari ziren bitartean, irribarrea antzeman nien aurpegian. Irribarre txiki horiekin zerrendako helburuetako asko ezagunak egiten zitzaizkiela ulertu nahi izan nuen. Uste dut, batzuentzat, sorpresa izan zela hori egiaztatzea.

  3. Jarraian, proiektuak diseinatzeko erabiltzen dudan txuletaren kopia bana eman nien. Eskema ikusi zutenean harrituta geratu ziren batzuk. Eskemaren ezkerreko zutabeari bakarrik erreparatzeko esan nien. Bertan, proiektu baten garapenak dituen fase desberdinak deskribatzen zirela esplikatu nien eta beraiek fase horien guztien diseinuan parte hartuko zutela azaldu nien. Horretarako fase horien oinarriak ezagutzea ondo etorriko zitzaiela esan nien.
    Sekuentzia didaktikoaren faseak
    Sekuentzia didaktikoaren faseak

    OHARRA: bai, badakit. Arloko helburuak eta sekuentziaren diseinurako goiko eskema nire ikasleei banatzea ez dela “irakasle normal” batek egingo lukeen zerbait. Ikasle gizajoak! A ze irakasle xelebrea tokatu zaien!. Bada bai, halaxe da. Nire ikasleek gelan egiten dutena logika batekin diseinatuta, zentzu batekin eginda dagoela, ulertzea nahi nuen. Nire lana ez dela inprobisazioaren ondorioa konturatzea nahi nuen. Txosten horiek ikasleen eskura ipiniz, uste dut egiten dugun lanketa beraiek uste zutena baino “serioagoa” dela ulertzeko baliagarria izan dela; gure estilo propioarekin gu ere ikasten ari gara.

  4. Behin zati “teorikoarekin” amaitu ondoren, landuko genuen arlo, jakintzagai, esparru, zientzia edo delakoa erabakitzeko unea zen. Gaia aukera librekoa zen baina baldintza batzuk bete behar ziren:
    • Aukeratutako gaiak aurretik banatutako txostenean agertzen ziren etapako helburu eta edukiekin lotura gorde behar zuen.
    • Lehen urrats batean, gaiaren aukeraketa pertsonala izango zen. Bakoitzak bere proposamena eraman beharko zuen gero, talde osoan egingo genuen “asanbladara”.
    • Azkenik, taldekide guztien ekarpenak entzun ondoren, guztion artean proposamen konkretu bat adostu beharko zuten.

    Ideia sorta zabala jasotzea espero nuen, egia esan, baina uste baino gehiago kosta zitzaien proposamen originalak botatzea. Garuneko armiarma sareak kendu nahian, sekuentzia bilduma luze hau eskaini nien, ea hortik ideia freskoak ateratzen zituzten. Baina horrekin ere, nahiko eskas. Gehienek azken hilabete hauetan niri entzundako antzeko proposamenak bota zituzten. Horien artean bazegoen bat, aurrera eramateko guztion adostasuna jaso zuena (sorpresa hartu nuen honekin). Aho batez erabaki zuten hurrengo asteetan landuko genuen gaia: ELIKADURA OSASUNTSUA eta DIETAK.

  5. Prozesuaren azkeneko fasera heldu ginen. ZER EGINgo genuen erabaki eta deskribatzea faltatzen zen. Urrats hau gauzatzeko moduari forma pixka bat eman nahi nion, izan ere, modu librean orain arte egindako antzeko dinamikekin lortu ditugun emaitzak ez dira oso positiboak izan. Ez da harritzekoa, egia esan. Proiektuak taldean adostu, zeregin konkretuak erabaki eta definitzea, helduoi ere ikaragarri kostatzen zaigun lan bat da. Prozesua nik bideratuko nuela erabaki nuen. Egia esan ez nuen oso garbi nola egituratu azken urrats hau. Baliteke lortu ziren emaitza baino hobeagoak lortu izana, imajinazioa eta sormena pizteko teknikaren bat erabili izan banu. Honen ordez, aurretik erabilitako bi tekniken remix bat aurrera eramatea erabaki nuen. 1-2-4 egitura kooperatiboa berriro erabiltzea erabaki nuen baina proposamenen kontrastea, analisi kritikoa eta berdinen arteko ebaluazioa bultzatzeko, sasi-DAFO batekin osatu nuen. Horretarako Bihotz Gaztea ikastolako Ibon Burgoak diseinatutako taula bat berrerabili nuen. Ikasleek garbi eduki zezaten zein zen jardueraren helburua, zeintzuk bere faseak eta zeintzuk kontutan hartu beharreko alderdiak, azpiko txostenaren laguntza izan zuten.

    http://ikteroak.com/wp-content/uploads/2013/01/Atazaren-definizioa.pdf

    Jarduerarekin amaitutakoan sentsazio gazi-gozoekin geratu nintzen. Hementxe egindakotik ateratako ondorio batzuk:

    • Asko kostatu zitzaien “ZER EGIN” eta “ZER IKASI”-ren artean dagoen aldea ulertzea. Ikasitakoa egindakoaren eskutik lortuko dugula ulertzea zaila egin zitzaien. Alegia, proiektua aurretik ikasitakoaren aplikazio bezala ulertzen dute, horrelaxe egin baitute orain arte. Baina gure planteamendua juxtu-juxtu alderantziz izan nahi zuen.
    • Oso zaila egiten zaie, baita ere, bikotekidearen proposamenaren analisi kritikoa egitea. Asko kostatzen zaie jasotzen duten proposamenari bi buelta eman eta izan ditzakeen hobekuntza posibleak idatzi eta bikotekideari azaltzea. Ikastolan daramaten hamalau urte hauetan oso gutxitan jarri dira horrelako dinamika baten aurrean, beraz, ez da kosta egitea. Egungo gizartean pentsamendu kritikoa garatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait; ez da izango, beraz, azkeneko aldia horrelako teknikak gela barruan landuko ditugunak.
    • Aurrekoarekin lotuta, dinamika hauek agerian ipintzen dituzte ikasleek dituzten bertute edo gaitasun ezkutu asko, bizitzarako oso garrantzitsuenak direnak gehienak eta ikasleak ikastolan daudenetik azaleratzeko modurik izan ez dutenak. Badira ikasle batzuk, adibidez, kontsentsua bilatzeko dohain berezia dutenak. Badira beste batzuk, lagunen ekarpenak entzun, enpatia adierazi eta tonua altxatu gabe, iritzia ematen dakitenak. Elkarrekin bizitzen ikastea bada garatu nahi den oinarrizko konpetentzietako bat, garbi dago dinamika hauek primerako tresnak direla helburu horretan. Tamalez, baliteke nire ikasleen adin bereko (eta zaharrago) ikasle gehienek ikastola uztea gaitasun hauek sekulan mobilizatu beharrik izan gabe.

    Talde biek proposamen bateratu bana lortu ondoren, talde osoak burutuko zuen atazari forma ematea geratzen zitzaigun. Azken urrats hau talde osoan egin genuen eta, aurreko faseetan ez bezala, azkeneko honetan nik ere parte hartu nuen, moderatzaile/bideratzaile rolarekin. Azken jarduera hau burutzeko primeran etorri zitzaigun gelan daukagun arbel zuri erraldoia. Bertan jaso genituen proposamen eta bertan jasotzen joan ginen guztion artean egindako ekarpenak. Azken emaitza azpiko irudian uzten dizuet:

    Atazaren deskribapena: eskema (egin klik neurri handiagoan ikusteko)
    Atazaren deskribapena: eskema

Datorren astean atazaren definizio zehatza jaso, prozesuaren faseak ondo definitu (zenbaki gorriz adierazten direnak goiko argazkian), rolak esleitu eta zereginak zehaztu eta epemugak zehaztuko ditugu. Proiektuak egingo duen bidearen xehetasun guztiez informatuta edukiko zaituztegu.