Gaitasun handiko ikasleak eta ikaskuntza kooperatiboa

Haurraren lehen etapetan ikaskuntza taldean burutzen den prozesu bat bezala ulertzen bada ere, honek etapa eta zikloak gainditzen dituen heinean, ikas-prozesuak bere alderdi sozial hori erabat galtzen joaten da. Aldaketa hori nabaritzen hasten da Lehen Hezkuntzako azkeneko zikloan eta nabarmena egiten da Bigarren Hezkuntza osoan eta Goi Mailako ikasketetan, batez ere, unibertsitatean.

Oraindik orokorra ez bada ere, badirudi azken urteotan, kontu hori poliki-poliki aldatzen doala. Bigarren Hezkuntzan metodologia aktiboek eta hauekin batera ikaskuntza kooperatiboak lekutxo bat hartzen hasi dira. Goi Mailako ikasketa teknikoetan, batez ere, proiektuetan oinarrituta ikaskuntza eredua geroz eta garrantzitsuagoa den estrategia batean bihurtzen ari da. Eta gizartean, oro har, interneten alderdi sozialaren bilakaeraren eskutik, konektibismoa bezalako planteamenduak (eta honi lotutako PLE edo MOOC bezalako kontzeptuak) agerian uzten ari dira gizarte modernoan ikaskuntza elkarrekin gertatzen den prozesu bat bezala ulertu behar dugula.

Tamalez, badirudi hezkuntzan, gizarteko beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, badirudi argitaletxeak direla gertatzen ari den aldaketa horri bizkarra ematen dioten bakarrenetakoak. Hauen kasuan, euren negozio modeloa bizirik mantentzeko, derrigorrezkoa dute euren materiala ikasle bakoitzaren motxilan gordeta egotea. Gainera, material hau ikaslearen ekarpenekin osatzea bilatzen dute. Horrela, ikasleak egiten duen lana bera izaten da, ikasmaterialari DRM ezartzen diona eta, aitzakia horrekin, ikasturtea berria hasten denean, ikasle guztiak material berria erostera behartzen dituzte. Industriaren helburua negozio eredu horri ahalik eta etekin gehien ateratzea den bitartean, zaila izango da argitaletxeen aldetik orain arte defendatu duten eredu didaktiko tradizional indibidualistatik ateratzea. Kontrakoa, makillaje hutsa besterik ez da.

Aurrekoan esaten nuen bezala, ikasmaterial espezifiko baten erabileran euren praktika didaktikoa oinarritzen duten ikastolek nekez emango diote irtenbide egoki bat ikastolan duten ikasleen aniztasunari. Ikastola hauek (eredu didaktiko oso tradizionala, kontserbadorea eta elitista izaten dutenak askotan) etapa amaieran, PISA azterketan edota hautaprobetan, esate baterako, lortzen dituzten kalifikazioak erabiltzen dituzten arrakastarako indikatzaile nagusienak bezala (Wert ministroaren erreformak egin nahi duen moduan). Ikastola aurrerakoietan, berriz, arrakastarako indize oso desberdinak erabiltzen dituzte gehienek; eskolaratzen diren ikasle guztien garapen kognitibo eta afektiborik gorenena lortzen saiatzen dira eta, honen eskutik, ikasle guztiek etapa amaitzea edo hautaprobetara joateko aukera izatea bilatzen dute, inor bidean baztertuta utzi gabe.

TEAM
TEAM

Ikastola moderno hauek aspalditik ulertu dute ikaskuntza prozesua askoz eraginkorragoa dela taldean burutzen dena. Ikasle guztiengandik garapen akademiko nahiz pertsonal gorenena lortu ahal izateko, berdinen arteko kooperazioa eta irakaslearen tutore edo gidari lana funtsezkoak direla badakite. Ez da ezer berria, bestalde. Vygotskiren planteamenduak aurrera eramatea besterik ez da. Ikasle bakoitzaren ZDParen garapena ezin da eman bere gertuko ikas-komunitatetik kanpo, desberdinen arteko elkarlanik gabe. Ikastola aurrerakoi hauentzat, ikaskuntza kooperatiboa ikasleen aniztasunari erantzuteko tresna nagusia da eta euren Hezkuntza Proiektuaren ardatza izaten da.

Ikastola elitistetan ordea, ikaskuntza kooperatiboa alternatiba bat bezala ikusten da kasu hoberenean. Hauetan, ikasle bakoitzak bere kabuz egiteko gai dena neurtzen pasatzen da denbora eta gehienetan, giro konpetitiboa zabaltzen da ikasleen artean. Gutxitan kontenplatzen da ikastola hauetan ikaskuntza kooperatiboa ikasle guztiek (gaitasun altukoak nahiz baxuagokoak) euren garapen akademiko nahiz pertsonala maila gorenera heltzeko bide bat bezala. Gehienera jota, etekin akademiko baxuko ikasleekin probatu daitekeen esperimentu moduko bat kontsideratzen dute, euren kalifikazio baxuak puzteko proba moduko bat. Etekin akademiko altuko ikasleekin ez diote zentzurik aurkitzen ikaskuntza kooperatiboari. Ikasleen gaitasunak are eta nabarmenagoak izan, are eta zentzu gutxiago dauka gelakideekin elkarlanean aritzea. Horrek beraien emaitza bikainetan eragin negatiboa besterik ezin dezake eduki. Ikasle “eredugarri” hauek ere, ez dituzte begi onez ikusten kontu hauek. Kooperatzeak, agian, euren ahulguneak agerian ipintzea ekar dezake eta horrek gelan duten statusarekin amaitu dezake.

Eta kontu honek geroz eta kezkatuago nauka. Izan ere, ikaskuntza kooperatiboa aniztasunari erantzuteko biderik egokiena dela aipatzen denean, irakasleen gehiengo batek, Gauss-en kanpaiaren azpiko muturrean ageri den ikasleen %15 hori edukitzen du buruan. Badirudi, kanpaiaren beste muturrean dauden ikasleei ez zaiela jarraipen pertsonalizaturik egin behar. Ez dakit beste zentroetan gauza bera gertatzen den, baina gurean geroz eta nabarmenagoak dira gaitasun altu edo oso altuak dituzten ikasleekin agertzen diren arazoak. Urtetan, kezkatuta ibili gara eta gure indar guztiak ipini ditugu, edukiak jaso/ulertu/prozesatu/bueltatze prozesu horretan arazoak adierazi dituzten ikasleekin eta oso gutxitan arduratu gara, kalifikazio onak atera dituztenekin. Duela gutxi arte, “gaitasun altuak/arazo gutxi” binomioa ohikoa izaten zen. Betidanik pentsatu izan dugu garapen akademiko eta pertsonala eskutik doazela. Baina geroz eta nabarmenagoak dira ikasle hauen artean ageri diren jarrera arazoak, arazo afektiboak, harremanetakoak, elkarbizitzakoak…

Ni neu, kontu hauetaz pentsatzen jartzen naizenean jabetzen naiz oso gutxitan arduratu naizela ikasle tipologia honen…

  • … ezaugarri intelektualetaz.
  • … aurre-ezagutzetaz
  • … ikaskuntza estilo eta estrategietaz
  • … motibazioetaz
  • … autokontzeptu eta estima pertsonalaz
  • … ingurune familiarraz

Eta noizbait kezkatu banaiz, kezka horiek bigarren plano batean geratu dira emaitza akademikoak onak izan direnean. Eta txarrak izan direnean, gehienetan inpotentzia da sentitu dudana. Zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko errekurtsoak baditudala kontziente naizen bezala, ikasle hauekin zer egin eta nola jokatu erabakitzerakoan galduta sentitu izan naiz ia beti.

Bada nik uste dut ikasle tipologia honekin ere, Vygotski-ren teoriak zuzenean direla aplikagarriak. Gaitasun altuko ikasle hauen potentzialtasun osoa (akademikoa eta pertsonala) benetan garatu nahi bada, ikasle hauek kooperatuz eta kooperatzen ikasi behar dutela. Ikaskuntza kooperatiboa gaitasun handiko ikasleen garapen integrala lortzeko eredu baliagarria dela uste dut.

Hala uste dut nik eta hala uste dute ere, Alcalako Unibertsitateko irakasle talde batek. Irakasle talde honek, Pryconsa Fundazioarekin eta SM Fundazioarekin batera, azpian uzten dizuedan dohaineko liburua argitaratu dute pdf formatuan (nik dakidala, ez da existitzen paperezko bertsiorik oraindik). Liburua luzea da eta oraindik osorik irakurri ez badut ere (oporretan amaitzeko asmoa daukat) orain arte irakurritakoa oso interesgarria iruditu zait.

Lehenengo lau kapituluak nahiko orokorrak dira. Lehengo hiruetan gaitasun altuak definitzen dira, identifikatzeko aholkuak ematen dira eta gelan nola jokatu behar dugun azaltzen da. Laugarrenak eskola inklusiboa, barneratzailea, izatea zer suposatzen duen azaltzen du. Hurrengo lau kapituluetan ikaskuntza kooperatiboaren ingurukoak dira, beti ere, gaitasun altuko ikasleen ikuspegi batetik aztertuta. Azkeneko hiru kapituluetan adibide praktikoak proposatzen dira. Interesgarriak dira, baita ere, azkeneko bi anexoak. Gelan aurrera eraman daitezkeen teknika edo egitura kooperatibo desberdinen zerrenda aurkituko dugu bertan, batzuk dagoeneko nahiko ezagunak direnak saltsa hauetan ibilita zaudetenontzat.

Gaiarekin interesatuta baldin bazaudete, botaiozue bistazo bat azpiko dokumentuari, merezi du eta:

http://ikteroak.com/wp-content/uploads/2013/03/Alumnos-con-altas-capacidades-y-aprendizaje-cooperativo.pdf

Ikasmateriala eta aniztasunaren trataera

Bere metodologia eskola material jakin eta itxietan oinarritzen duen ikastola batek, honen erabilera akritiko eta errutinazkoa egiten duen irakasleriaren konplizitatearekin, nekez lortuko du inklusiboa edo barneratzailea izatea. Izan ere, ikasmaterial hauen ohiko erabilerak inplizituki dakar “maila bat” (ikasle guztientzat bat eta bakarrik bat) eskuratzea, gehienetan eduki kontzeptualen barneratzearekin lotuta eta ikasle guztientzat berdina izaten den galdera/erantzun sekuentzia baten bitartez bermatu nahi izaten dena. Bide honetatik ikasleen gehiengo batek halako maila bat duela egiaztatzea izaten da ikastolak bilatzen duena. Duela urte batzuk (ez dakit gaur egun terminologia bera erabiltzen jarraitzen den) maila hori zehazten zuten helburuei helburu estandar-ak deitzen genien (DBHn behintzat, horrela zen).

Helburu estandar hauek gelako errealitatea bi multzo handitan banatzen zuten: gaitasun arrunt, altu edo oso altuko ikasleen taldea eta zailtasunak zituztenen taldea. Gainditu beharreko langa hori non kokatu behar zen ikasmaterialak diseinatzen duen argitaletxe edo erakundearena izaten zen batzuetan (Ostadar proiektu berriaren inguruan Azpeitiko Antxieta jauregian egindako formazioa saioetan, Ostadarreko Matematikako arduradunak material berri hura ikasleen %85ak helburu estandarrak eskuratzeko diseinatuta zegoela esan zigun, adibidez) Batzuetan, ikastola bakoitzaren errealitate partikular eta sozialaren arabera, langa hori egokitu egiten da eta ikastolako zuzendaritza organoek erabakitzen dute mailaren marra hori non kokatu behar izaten den. Halere, irakasleok izaten gara gehienetan oztopo hori gainditzeko zailtasuna zenbatekoa izan behar den erabakitzen dugunok. Ikasturtero ikasmaterial berbera erabiliz, azalpen eta adibide berdinak transmitituz, metodoa behin eta berriro errepikatuz eta froga idatzi berdinak ipiniz (gure aldetik apenas aldaketarik txertatu gabe ikas-irakaskuntza prozesuan), urtetik urtera aldatzen joaten diren promozio berri bakoitzari helburu estandar horien marra non jarri, irakasleok hartzen dugun erabakia izaten da. Horrela, batzuetan egoera barregarrien (edo negargarriak, zuek nahi duzuen bezala) aurrean aurkitzen gara; duela urte batzuetako promozio batzuetan zailtasunak izan zituzten ikasle batzuk, gaur egun zehaztuta daukagun marraren gainetik egotea, adibidez.

Gure lana benetan birplanteatzea eskatu beharko luketen xehetasun horiek alde batera utziz, zailtasunak dituzten ikasleei eskaintzen zaien laguntza, gehienetan, helburu horien sinplifikatzearekin lotuta egoten da. Apalagoak diren helburu horiei oinarrizko helburuak deitzen diegu. Esan bezala, helburu estandarren egokitzapenak dira, gehienetan edukien konplexutasun maila baxuago batekin erlazionatutakoak. Erabiltzen dugun ikasmaterialarekin batera datorren irakaslearen gidan zehaztuta datoz eta, beste batzuetan, irakasleok erabakitzen ditugu zeintzuk diren oinarrizko helburu horietara heltzeko ikasleek gainditu behar dituzten jarduerak. Hauek gela barruan, beste guztiekin batera lantzen dira (zaku berean doaz) eta gero, froga idatzi berezi baten bitartez zenbateraino eskuratzen diren neurtzen da. Horixe da urte askotan  hartu izan dugun neurri nagusia, gela barruko aniztasunari erantzun bat emateko. Zailtasunak dituzten ikasleen benetako beharrak asetzen ez dituen neurri bat, alde batetik, eta eragin kolateral sakonak izan dituena (gure ikastolan, behintzat, hala izan da), bestetik.

etiketaIkastolan lanean hasi nintzen DBHaren ezarpenarekin batera. Hamasei urte arte derrigorrezko eskolaratzea luzatzeak gela barruko ikasleen heterogenotasunean eragin zuzena izan zuen. BBB eta UBIa ezagutu genuenok, nahiko lekuz kanpo ibili ginen lehenengo urte haietan (bai, nik ere badut irakasle bezala, iragan ilun bat ;-)) Baina orduko egoera konplikatua bazen ere geletako aniztasunaren ikuspegitik, ez du zerikusirik gaur egun bizi dugunarekin. Azken hamarkadan geletan daukagun kultura eta hizkuntz-aniztasunarekin, orduko oinarrizko helburu haietako asko goi-mailakoak bihurtu dira geroz eta ugariagoa den ikasle profil berri batentzat. Ikasle hauekin jada ez da nahikoa edukien maila jaistea. Ikasle horiek beste guztien erritmoa jarraitzeko gai ez direla esaten dugu, ezin dutela klase normal bat jarraitu. Eta zein da proposatzen dugun irtenbidea? Gure praktika aldatu? Beste ikasleekin batera dauden bitartean, helburu pertsonalizatuak definitu eta hauen lorpena bermatzeko gure metodoa aldatu? Bada ez. Ikasleak gelatik ateratzen ditugu (ez dakit zer egin ikasle honekin, esaten dugu) eta ghetto txikietan sartzen ditugu. Helburu egokituak lantzea gutxi balitz ikasle horiek markatzeko, oraindik gehiago bereizten ditugu gelatik ateratzen ditugunean. Denontzako ikastola izan nahi duen ikastola batek, barneratzailea, demokratikoa eta bidezkoa izan nahi duen ikastola batek, ezin du bere printzipioen aurka doan horrelako erabaki bat hartu. Edo bere identitate ezaugarriak aldatzen ditu edo bere praktikak, metodoak, bitartekoak eta barne-antolaketa aldatzen ditu.

Hori esaterakoan ez dut adierazi nahi ni bekatutik kanpo nagoenik, ezta gutxiagorik ere. Ni ere mailaren marra hori ipini dudan irakasleetako bat naiz. Eta ziurrenik baztertu izan ditut ikasle asko marra horretara ez direlako heldu. Nik ere sentitu dut ikasleek nik zehaztutako maila horretara heldu nahi ez izateak sortzen duen frustrazioa. Askotan haserretu naiz ikasleek ez dutelako egiten nik agintzen diedana eta kexatu naiz, baita ere, ikasleen immobilismoaz eta apatiaz. Baina nola kexatu naiteke ni horretaz? Zenbat aldatu dut nire gela barruko praktika, nire metodoa irakasle lanetan hasi nintzenetik? Non jarri diot nire irakasle zereginari nire mailaren marra? Eta non jarri didate ikasleek marra hori?

Hori guztia horrela izan bada ere, uste dut azken urte hauetan, hezkuntzaren eta, konkretuki, ikastolaren funtzioaren inguruan dudan pertzepzioa aldatzen joan dela. Nire zeregin profesionalaren inguruan dudan ikuspegia aldatu egin dut. Eta garapen honek Peter Kugel-ek proposatzen duen ereduarekin bat egiten duela konturatu naiz. Nire ibilbide profesionalean nire atentzio fokua denborarekin aldatzen joan dela uste dut, Kugelek aipatzen dituen azpiko hiru fase horiek igaroz:

Peter Kugelen garapen profesionalaren eredua
Peter Kugelen garapen profesionalaren eredua

Ikastolan egindako ia urte gehienak nire gaia izan da nire kezkarik nagusiena, nire edukiak eta horretarako erabilitako materialak. Eta orain uste dut enfokea ikasleengana aldatu dudala, hauen garapen akademikora baina, baita ere, pertsonalera. Eta bilakaera honek topo egiten du eskura ditudan ikasmaterialek izan duten bilakaerarekin denbora tarte berean. Gehienak eduki bilduma itxiak izaten jarraitzen dute (geroz eta politagoak eta erakargarriagoak, hori bai), ikasleen aniztasunari erantzuteko motz geratzen direnak (guztientzat berdinak direlako; ikasle desberdinen berezitasunei erantzuteko motz geratzen dira) eta ikaslearen bakarkako lana bultzatzen dute (ariketa zerrenda luzeen bitartez edota lan-koaderno gehigarrien bitartez).

Etorkizunean, ikasleekin landu beharko ditudan gaietan, edukiak transmititzea soilik jarraitzen badu nire zeregin nagusia izaten, nire praktika ikasmaterialetan oinarrituta izaten jarraitu beharko du. Eta modu horretara, kontzeptuzko edukien konplexutasun maila txikitzea edo ohiko talde dinamikatik ikaslea aterata, jarraipena pertsonalizatuagoa ematea izango dira geratuko zaizkidan aukera bakarrak ikasle horien beharrei erantzuteko. Eta hori egiten badut, nire ikasleei huts egingo diet beste behin.

Gaur Julen ezagutu dut

Gaurkoa azalpen eguna izan da Bertigardenekoentzat. LH 3. eta 4. mailako ikasleak etorri dira gure azken proiektua bisitatzera eta nire ikasleen zeregina izan da orain arte egindakoaren berri ematea, nola hasi ginen, nola egin dugun aurrera eta nola amaitu dugun guztiarekin, tartean izandako arazotxoak nola konpondu ditugun adieraziz ere. Bost talde pasa dira bi ordutan, Julen bigarrenean etorri da.

Nire ikasleak hortxe ibili dira baratzaren egitura nolakoa den esplikatzen, zer dela eta aukeratu ditugun letxuga eta marrubiak, nola funtzionatzen duten eguzki-plakak eta ur-ponpak… Haur guztiek jarraitu dituzte arretaz emandako azalpenak. Baina bigarren taldeko ikasleak (LH 3koak) besteak baina hiztunxeagoak azaldu dira, gauza gehiago galdetu dituzte. Euren bi andereñoek ere lagundu dute, galderak eginez eta gelan landu dituzten hainbat gauza gogoratuz. Energia elektrikoaren sistema azaltzen ari ginela, ni ere galdera bat egitea animatu naiz:

– Eguzki-plakak zuzenean eguzki energia energia elektrikoan bihurtzen badu eta ondorioz, ur-ponpa martxan jar badezake, zergatik pentsatzen duzue jarri dugula bien artean pila bat? – tira, galdera gehiegi pentsatu gabe bota dut, pentsatuz gehiengo batek jakingo zuela erantzuna. Baina gehienak pentsakor geratu dira, nonbait ez zeukaten oso garbi pilaren funtzioa zein ote zen.

Hiru ikaslek altxatu dute behatza euren iritzia emateko. Lehenengo biak aurre-aurrean zeuden eta arretaz ari ziren azalpenak jarraitzen baina ez dute asmatu erantzunarekin. Hirugarrena Julen izan da, taldearen atzealdean zegoen, ia ezkutuan, azalpenak urrutixeagotik jarraitzen ari zela zirudien. Erantzuteko txanda eman diodanean, bi andereñoak horretaz jabetu dira eta isiltasuna eskatu die beste ikasle guztiei. Horrekin ulertu nahi izan dut dut Julen ez dela askotan animatzen dena bere iritzia ematea. Konturatu naiz Julenentzat une garrantzitsua izan zitekeela eta denok jarri gara berari entzuten.

Andereñoei kasu eginez, guztiok isildu gara eta Julen bere iritzia ematen hasi da. Urduri zegoen, hitz-totelka hasi da, kostatu zaio esan nahi zuena adieraztea. Baina azkenean egin du, baita ondo egin ere!!

– Gauan, eguzkirik ez dagoenean, motorrak funtzionatu ahal izateko da beharrezkoa pila – esan du Julenek. – Gauetan bakarrik? – galdetu diot, Julenen unea zela jabetuta. – Edo zerua lainoz estalita dagoenean – erantzun du berak. – Ba bai Julen, halaxe da, bete-betean asmatu duzu erantzunarekin. Zorionak! – esan diot, andereñoen arteko txutxumutxuek eta harridura aurpegiek Julenek gaur egindakoa oso arrunta ez zela aditzera ematen zidatelarik.

Hortik aurrera nik jarraitu dut azalpenarekin. Julen aurrera etorri da, ez da atzean geratu. Gertutik ikusi eta ezagutu nahi zuen egindako guztia, ez zuen detailerik galdu nahi. Hasierako lotsa galduta, zituen zalantza guztiak botatzen hasi da. – Zertarako da hodi hori hori? – galdetu dit. Esplikatu diet bere funtzioa ura berriro depositura eramatea dela. Ura gorantz ur-ponparekin bultzatzen dugula esplikatu diet ere eta ur depositutik atera dut ponpa eurek ikusteko. Julen segituan gerturatu da ur-ponpa nolakoa zen ikustea. Birak ematen dituen motor bati lotutako helize sistema bat dela esan diet. – Eta helizeak nola daude horrela edo horrela? – galdetu dit Julenek bere bi behatzak gurutzean ipintzen zituela, hasieran etzanda eta gero zuzen. – Horizontalean daude Julen – erantzun diot zuzenean.

Ez nuen Julen ezagutzen baina gurekin egon den hamabost minututan mutiko argia eta azkarra dela iruditu zait. Bere begi txiki eta ilunekin ez du detailerik galdu (ezta atzealdean zegoenean ere), guztia ezagutu nahi izan du eta guztia ondo ulertu duela iruditu zait. Jakin-min eta kuriositate handiko zortzi urteko haur azkarra iruditu zait, nirekin egon den hamabost minutu horietan.

Eta halaxe berretsi didate bi andereñoek saioa amaitu dugunean. Baina…, aiii “baina” horiek! Julenek arazotxo batzuk ere baditu (nork ez, ezta?). Irakasleoi hainbeste gustatzen zaigun ikasle “estandar”aren profiletik kanpo geratzen da. Beste askori gertatzen zaien moduan, ez da gelan ixil-ixilik, geldi-geldi, mueble baten moduan egotera ohitzen; bere ikasteko modua ikastolak eskatzen dionarekiko oso desberdina da; hainbat gaietan oso azkarra da baina aspertu egiten da eta ondorioz beste gauza batzuetan pasatzen du denbora. Tira, bere adineko beste haur askok bezala, beste mota bateko eskola eskatzen duen haur bat da. Halere, bi andereñoek esan didate asko hobetu duela azkenaldian eta gaurko esperientziak horretan ere asko lagunduko diola.

Baina ni ukituta igo naiz gure bulegora. Goiza pasatu dut Julen burutik kendu ezinik. Ziur nago hemendik aurrera izango dituen maisu eta andereñoek, orain artekoek bezala, buru-belarri jardungo direla Juleni laguntzen. Badakit batzuk dagoeneko ari direla “iraultza” txiki bat prestatzen adimen anitzak kontutan hartzen dituzten sekuentziak diseinatzen, gelako aniztasunari erantzun bat eman nahian, ikasle guztien ikasteko modu desberdinak aintzat hartuz. Badakit ere ikastolak dituen baliabide eskasak bere esku ipintzen ahaleginduko dela hobekuntza prozesuan aurrerantz egin dezan. Dudarik ez daukat guztiok bustiko garela dituen arazotxo horiek konpon ditzan. Baina beldur naiz, Julenek aurretik duen eskola ibilbide luzean, berriro protagonista izateko aukerarik izango ez ote duen, bere buruaz harro egoteko aukerarik berriro biziko ote duen. Beste modu batera esanda, horrelako ikasleei erantzuteko egun ipintzen diegun neurri zuzentzaileekin, ez ote diren geroz eta ezkutuagoan geratuko orain agerian dituen gaitasunak. Irakasleok gauzak “ondo” egitea zer ulertzen dugun ikusita, kezkak ditut ez ote den eskola bera izango Julenek (eta Julen bezalako beste haur askorekin) dituen gaitasunekin poliki-poliki bukatuko duena.

Aniztasunaz hitz egiten dugunean oraindik askok pentsatzen dute heterogenotasuna homogeneizatzea dela helburua, ikasleek dituzten izkinak leundu eta forma ematen joatea, guztiak itxura bereko harri bitxi bikainak bihurtu arte. Baina ez gara jabetzen harri bitxi horietako bakoitzak bere dirdira eta kolore propioak dituela, eta guztiei eskaini behar diegula dir-dir egiteko aukera berdinak. Askotan pentsatzen dut, irakasleok leuntze eta uniformatze prozesu horretan, ikasle askok berezkoa duten dirdira horrekin ez ote dugun akabatzen. Uste dut gauza hauek birplanteatu beharko genituzkeela benetan eskola inklusibo bat izatea baldin bada gure helburua.

Julen gaur zu ezagutzeko aukera izan dut. Oraindik zazpi-zortzi urte geratzen zaizkit zure irakaslea izateko baina ez zait gaurkoa inoiz ahaztuko. Elkarrekin egoteko unea heltzen denean denon aurrean kontatuko dut gaur guztioi erakutsi diguzuna.

Gaitasun handiko ikasleen beharrei nola erantzun

Duela hilabete batzuk Mikel ALCAGIk antolatutako Gaitasun Handiko ikasleen arretari buruzko II. Jardunaldietan egon zen eta han jasotakoaren inguruan post interesgarri bat eskaini zigun.

Sarrera hartan gaitasun handiko ikasleetaz hitz egiterakoan zer ulertu behar genuen azaldu zigun Mikelek. Bertan galdera hauek ipintzen zituen mahai gainean:

Ez al da askotan gertatzen eskolak duen egitura zurrunak gaitasun handiko ikasleak baztertzen dituela euren sormena eta errendimenduaren kalterako?

Ez al da egia eskola gehienetan erabiltzen den metodologia mota honetako ikasleentzat zapuztailea dela, inongo interesik ez duena ikasle hauentzat?


Amaieran ikasle hauekin nola joka dezakegun azaltzeko ideia batzuk ere eskaini zizkigun. Gaur topatu dudan azpiko eskuliburuak Mikelen proposamena osatzen du. Txosten interesgarria irudtu zait, hizkuntza sinplean idatzita dagoena eta arin irakurtzen dena. Txostenak jorratzen dituen atalak ondokoak dira:

  • Nortzuk dira gaitasun handiko ikasleak: zer esan nahi du ikasle batek adimen gaitasun handiak izatea?, zein irizpideetan oinarritzen gara ikasle hauek identifikatzerakoan?
  • Gaitasun handiko ikasleen identifikazioa eta ebaluazioa: nola antzeman ikasle bat, gure seme edo alaba bat gaitasun intelektual altukoa dela? Nola jokatu kasu hauetan? Norengana jo?
  • Laguntza behar bereziak: ikasle hauek ikasuntza behar desberdinak al dituzte? Zein arlotan ageri dira behar berezi horiek? Zeintzuk dira?
  • Eskola jarraipena: nola jokatu ikasle hauekin gela barruan? Arreta berezia behar dute? Zeintzuk dira hezkuntza sistemak zehaztuta dituen laguntzak ikasle hauentzat?
  • Familia: zer egin gure seme-alabak gaitasun intelektual altukoak badira? Beste seme-alabekiko desberdin jokatu behar dugu hauekin?
  • Glosategia eta eranskinak: aurreko atalak osatzeko informazio osagarria

Gaiarekin kezkatuta dabiltzan guraso, irakasle eta orientatzaileentzat oso material aproposa iruditu zait. Baliagarria izango delakoan.

http://ikteroak.com/wp-content/uploads/2012/02/2-altas-capacidades-intelectuales.pdf

Jaitsi pdf dokumentua