Orain dela hilabete batzuk Sei, gure IKTera saltserak, PHPWebquest aplikazioaren euskaratzearen berri eman zigun bezala, oraingo honetan phpMyFAQ aplikazioa jada euskaraz erabil dezakezuela adieraztera gatozkizue. Halere bietan jarraitu dugun prozesua oso desberdina izan da: aurrekoan eginkizun osoa Sei-ren ardura izanik, oraingo honetan gure ikastolako ikasle eta irakasleen arteko elkarlanean oinarritutako lorpena izan da.
Duela aste batzuk, aplikazioa jaitsi eta instalatu ondoren, erdarazko eta ingelesezko hizkuntz fitxategiak eredu bezala hartuz, aplikazioaren euskaratzeari ekin genion. Horretarako, batxilergoko bigarren mailako gela bateko ikasleekin harremanetan jarri ginen eta proiektu honekin hastea proposatu genien. Gure ikasleek gustora jaso zuten gure eskaera eta, Sei-k fitxategia Writelyn eskegi eta bere ikasleei beharrezkoak ziren baimenak eman ondoren, ikasle bakoitzari euskeratzeko zatia zein zen adierazi zitzaion. Ilusioz beteta hantxe hasi ziren gure ikasleak lanean. Eta ederki asko gainera!. Lan txukuna egiteaz gain eskatutako denbora epea ere erabat errespetatu zuten.
Jarraian, Sei-k artxiboa osoa jaso eta azken gainbegirada eman zion, hizkuntzaren aldetik egon zitezkeen akatsak konponduz. Bukatzeko fitxategia niri pasa eta nik webgunera igo nuen. Tarteka agertzen ziren kode akatsak zuzentzen (ikurrak falta, kode egitura okerrak…) denboratxo bat pasa nuen. Bestalde, ingelesezko eta euskarazko esaldien egitura askotan desberdinak izanik, hauek moldatzen ere denbora pixka bat pasa behar izan nuen. Kontua da oporren amaierarako artxiboa euskaratuta eta erabat operatiboa zegoela.
Une honetan itzulpena aplikazioa sortu duen programatzaileak jasota dauka eta, nahiz eta, bere webguneko atarian aplikazioa euskaratuta dagoela adierazi, laister kaleratuko duen 1.5.6 bertsioan izango duzue ofizialki. Ordurarte norbaitek erabili nahi izango balu hemendik jaitsi (kopiatu testua eta Ohar-bloka erabiliz gorde language_eu.php izenean) eta “lang” izena duen karpetan eskegi dezake.
Benetan pozik gaude egindako lanarekin. Askotan aipatu dugu elkarlana sustatzea dela gure erronketako bat eta horrelako ekimenekin hori da lortu nahi izaten duguna, ikasle nahiz irakasleen arteko elkarlanaren ondorioz emaitza interesgarriak lortu daitezkeela kontrastatu, alegia.
Lerro hauen bitartez zorionak eman nahi dizkiet gure ikasleei: ilusioz beterik egin dute lan eta emaitza hor dago, denon eskura. Eta pentsa, agian zuek zarete aplikazio bat euskaratu duzuen lehen ikasle taldea, nork daki!
Laister Sei-k adieraziko dizue zein izan den maila bereko bigarren gelako ikasleek gauzatu duten proiektua.
Aplikazioari dagokionez, phpMyFAQ webgune askotan aurki daitezkeen Frequently Asked Questions (FAQ) direlakoak sortzeko tresna interesgarri bat da. Bertan gai edo arlo baten inguruan sor daitezkeen galderak argitaratu eta hauen erantzunak ematen dira. Horixe da funtsean aplikazio honek eskaintzen duena. Baditu, halere, beste ezaugarri batzuk ikasleekin erabiltzeko oso aproposa egiten dutenak, hala nola:
- Galdera irekiak egiteko aukera ematen du: ez da beharrezkoa sisteman balidatuta egotea galderak egin ahal izateko. Behin galdera egina dagoenean administrariak moderatu egingo du eta, hau onartzen bada, galdera irekia argitaratuko da edonorren erantzunaren zain geratzen delarik.
- Erantzunak ere edonork eman ahal izango ditu, ikasleak nahiz irakasleak. Galderak egiteko jarraitzen den sistema bera da.
- Argitaratutako galdera/erantzun bakoitzari iruzkinak egiteko aukera ematen du. Horrrela aukera dago bidalitako erantzun bat zuzendu edota osatzeko eta, bide batez, egindako galderaren inguruko beste edozein komentario ere egin ahal daiteke.
- Galderak bere interesaren edo garrantziaren arabera baloratu daitezke. Galderak irakurtzen duenak 0tik 5erako balioa esleitu dezake, horrela galdera bat kontsultatzen denean, irakurleek emandako balorazio orokorraren ideia bat ere jasoko du.
- Galderak hiru eratara kontsulta daitezke: eskuineko zutabean atalka antolatzen dira eta eskuineko zutabean, behekaldean azken bost galderak agertzen dira eta, goikaldean, Top 10 delakoa, bisita gehien jaso dituzten galderen zerrenda alegia.
Nire asmoa zera da: gelan sortuko diren galderak nahiz ikasle bakoitzari etxean sortzen zaizkionak bertan ipintzea. Bestalde, ikasleek eurek ahalegindu beharko dira galderei erantzuna ematen, gelan jaso dutenean oinarrituz edota bakoitzak bere kabuz lortu duen informazioan oinarrituz. Galdera batek erantzunik izango ez balu edota bere osotasunean erabat egokia izango ez balitz, erantzuna denon artean osatzen ahaleginduko gara. Ebaluagarriak izango dira bai egindako galdera kopurua (aintzat harturik bakoitzak jasotzen duen balorazioa) baita emandako erantzunak eta hauen egokitasuna ere. Zuetako norbaitek parte hartu nahiko balu gonbidatuta zaudete. Ea zerbait interesgarria lortzen dugun denon artean!!!