Azken egun hauetan datorren ikasturterako prestatzen ari naizen proiektuaren garapenean murgildurik nabil buru-belarri. Beraz, nire blogger “ohitura onak” (badakizue, feed-ei errepasotxoa eman, IKTeroetan idatzi…) zertxobait baztertuta geratu dira. Atzo tarte bat hartu nuen aspalditik bisitatu gabe nituen blogei bistazo bat botatzeko. Gure IKTeroetako batek UEUk antolatutako ikastaro batean parte hartzen zuela banekien eta, horrela, ikastaro horretarako espreski sortutako blogean sartu nintzen. Bertan, Gari Araolaza eta Jabi Zabalak emandako hitzaldien berri zetorren. Hau irakurri ondoren Teknosexua eta Sarean blogak bisitatzera jo nuen, eta a ze sorpresa!. Sarean erabat itxuraldatua zegoen. Denbora luzez Movable Type erabili ondoren WordPress-era egin du aldaketa.
Kontua da, bidalketa batean adierazten duenez, datozen egunetan WordPress-en euskaraketari ekingo diola eta, naiz eta hainbat blogetan honen inguruko informazioa irakurri, ez omen du inon garbi irakurri NOLA instalatu euskaratzeko modulua. Nik duela egun batzuk heldu nion honi eta dena bere lekuan dagoela dirudi . Beraz, nik jarraitutako bidea hemen adieraztea pentsatu dut lagungarria izango zaizuelakoan. Jarraian irakurriko duzuena ingelerazko fitxategi baten itzulpen pertsonala da; zuetako norbaitek nahiago badu ingelerazko bertsioa irakurtzea hemendik jaitsi dezakezue eu.mo erabili beharko duzuen fitxategiarekin batera.
- Lehenik eta behin, .mo fitxategia jaitsi beharko duzue. Sustatuko artikulu honek azaltzen du nondik. Nahiago baduzue aurrean emandako helbidera ere jo dezakezue. Deskonprimatu ondoren eu.mo fitxategia izango duzue eskura.
- Jarraian, WordPress-eko karpeta nagusian duzuen wp-config.php fitxategia bilatu beharko duzue. Nik FTP bitartez jaitsi nuen nire ekipora eta bertan Ohar-bloka erabiliz ireki (gogoratu ez dela komeni MS Word bezalako editoreak erabiltzea).
- 19. lerroan, gutxi gorabehera, (’WPLANG’, ‘’); adierazpena aldatu beharko duzue bi kakotxen artean eu idatziz. Horrelako zerbait (’WPLANG’, ‘eu’);. Gorde aldaketak.
- Orain WordPress-eko instalazioa egina duzuen zerbitzarira jo beharko duzue. Bertan, /wp-includes karpeta ireki eta bere barnean languages karpeta sortu beharko duzue. Igo karpeta honetara hasieran eskuratu duzuen eu.mo fitxategia
- Igo ezazu aldatu duzun wp-config.php fitxategia bere jatorrizko direktoriora eta, bertan, aurreko fitxategia honekin ordeztu nahi duzula berretsi.
- Egin beharreko aldaketa guztiak eginak daude. Idatzi ezazu zure blogaren URLa nahi duzun nabigatzailean eta administrazio eremura sartu. Euskaratuta dagoela konturatuko zara. Blogaren hainbat atal ere euskaraz agertuko dira, hala nola, egutegia.
- Nahi izanez gero, deskarga dezakezue ere eu.po fitxategia. Ohar-blokarekin ireki eta bertan itzulpenak pertsonaliza ditzakezue. Aldaketak gordetzerakoan .mo luzapena emaiozue fitxategiari eta /wp-includes/languages karpetara igo.
Orain, WordPress-en interfaze publikoa euskaratzea falta da (ez da lan makala!). WordPress-en administrazio eremutik Aurkezpena menura joan eta bertan aurkituko dituzuen fitzategien kodea euskaratu beharko duzue banaka banaka. Nik denbora tarte bat hartu dut horretarako. Horretarako Tumatxakoek eskainitako laguntza ezinbestekoa izan da. Bertan daukazue WordPress-ek dituen ingelesezko lokuzio gehienen itzulpenak. Halere, kasu batzuetan zuen ikutu propioa ere eman beharko diezue zuen itzulpenei. Nik zertxobait egina daukat baina oraindik euskaratze osoa erabat findu gabe daukat.
Lagungarria izango zaizuelakoan…