Jokabide disruptiboak kudeatzen

Nola zuzendu oker hasi zaigun ikasturte berri hau

Ziurrenik askok gogoratuko dituzue etxean gurasoei behin baino gehiagotan entzundako esaldi xelebre edo askotan errepikatzen zituzten komentario xelebreak. Oso ondo jakin gabe zergatik, garunean betirako grabatuta geratzen zaizkigu eta, noizean behin, egoera jakin batzuetan, gogora etortzen zaizkigu. Nire aitak bazuen bat nirekin askotan erabiltzen zuena eta azken egunetan buruan bueltaka darabilkidana. Saltsa berrietan murgiltzen nintzenean, “tú, como siempre, arrancada de caballo y parada de burro” esaten zidan erdaraz, behin baino gehiagotan.

Orduan ez nion kasu gehiegirik egiten aitari baina uste dut bazuela arrazoi puntu esaten zidan horretan. Izan ere, motibatzen nauten egoera berrien aurrean, bi aldiz pentsatu gabe, lanean jartzen naiz. Txinparta pizten zaidanean, ikaragarri ilusionatzen naiz eta ingurukoak ere, ni bezala, erabat inplikatuta egongo direla sinisteko joera izaten dut. Nik ditudan espektatibak besteek ere partekatzen dituztela pentsatzeko ohitura daukat eta nire aldetik ipintzen dudana, besteengandik jasoko dudanaren parean egoteko itxaropena izaten dut. Eta batzuetan nire ilusioa kutsakorra izatea lortzen badut ere, beste askotan ez da horrela izaten eta hori gertatzen denean, gehienetan, amore ematen bukatzen dut. Hasierako ilusioa berehala galtzen dut eta ekimen gehienak erdibidean geratzen dira.

Askotan aipatu dudan moduan, azken bi urte hauek oso emankorrak izan dira nire garapen profesionalari dagokionez. Irakasle bezala hobetzeko Aniztasun Curricularreko (AC) talde batekin lan egitea benetan baliagarria izan zitekeela pentsatzen nuen eta halaxe gertatu da. Hasierako ilusio hori bizirik mantendu da azken bi ikasturte hauetan, nagusiki ikasleen aldetik jaso dudana erabat asetuta utzi nauelako maila profesionalean baita maila pertsonalean ere.

Aurten taldea aldatu egin da, ikasle berriak ditut eta egoera aldaketak ematen direnean askotan gertatzen den moduan, tentsioak eta konfliktoak sortzen dira. Irakasleok jakin badakigu ikasle promozioen artean desberdintasunak egoten direla, oraindik nabarmenagoak, beharbada, ACko taldeen kasuan, talde hauek osatzen dituzten ikasleen profil akademiko eta pertsonalak anitzagoak izaten baitira. Oraingo taldea aurrekoarekiko oso desberdina da eta oso konplikatua egiten ari zait dagoeneko ohituta nengoen gelako dinamika lortzea. Dagoeneko bi hilabete pasa dira ikasturtea hasi zenetik. Nire espektatibak eta nire ikasleek dituztenak ez datoz bat eta eskaini/jaso balantze pertsonala ez dut orekatua denik sentitzen.

Egun hauetan dena pikutara bidaltzeko gogoa behin baino gehiagotan etorri zait burura. Ikasle hauekin egiten dudana benetako balio pedagogiko eta hezitzailerik ba ote duen zalantzan ere jarri izan dut. Irakaslerian hain tipikoa den “balones fuera” egiteko tentazioa ere eduki dut: errua gurasoena da, ikasleak alfer hutsak dira, gizartea da erruduna eta nik horren aurrean ezin dut ezer egin…, bezalako aitzakietan erortzeko tentaldia ere izan dut.

Beraz, aitak hainbestetan aipatzen zidan “parada de burro” hark, berriro ere egi bihurtzeko boleto asko dituela konturatu naiz. Eta oraingoan ez diot aitari arrazoia eman nahi. Antzeko egoeretan egon naizen beste askotan faltatu izan zaidan hausnarketa egitea derrigorezkoa dela uste dut. Hausnarketa hau bi planotan egin behar dudala iruditzen zait:

Nire betekizunaren balorazio pertsonal bat:

Labur esanda, ikasleei hainbestetan eskatzen diegun eta irakasleoi horrenbeste kostatzen zaigun autorregulazio edo autoebaluazio ariketa bat egitea beharrezkoa ikusten dut. Orain ez dut gogoratzen non baina behin hauxe irakurri nuen: “Irakasle batek merezi dituen ikasleak ditu” Egi galanta. Eta aurtengo taldearekin erabat asetuta ez banago, baliteke horretan nik neuk ere nire ardura izatea. Orain arte nire betekizuna baloratu beharko banu, alderdi hauek ikusiko nituzke hobetu beharrekoak bezala:

  • Etengabeko konparazioekin bonbardatu ditut nire ikasleak: duela bi urte, bide berri honi ekin nionean, nire ikasleen jokabideak “neurtzeko” aurreko inongo erreferentziarik gabe hasi nintzen. Oraingo taldeak, ordea, aurrekoaren erreferenteak ditu eta hauek gainera, oso maila altukoak dira. Horrela oraingo ikasleen jokabideak nahiko nituzkeenak ez direnean, segituan konparatzen ditut aurreko taldekoenekin. Gehiegitan aurpegiratu diet iazko taldeak eurek baino hobeto funtzionatu zutela kasu gehienetan. Eta uste dut hori ez dela bidezkoa; ez nago plano berean eta baldintza berdinetan baloratzen ari bi promozioak.
  • Exijentzia maila altuegia jartzen ari naiz gauden garairako: iazko ikasturtea nola amaitu genuen ikusita, aurtengorako ipinita nituen espektatibak oso altuak ziren, duela bi urte nituenak baina dezente altuagoak. Baina taldea berria da, oraindik ohiko metodo tradizionalera ohituta daude eta gure estilo propiora egokitzeko denbora behar dute. Nik bi ikasturteko eskarmentua daukat; nire ikasleek zero patatero oraindik. Ez da zilegia nire ikasleei, hain denbora gutxian, egoera berri honetara egokitzea eskatzea. Denbora behar dute.
  • Ez ditut ekitatez tratatu nire ikasleak: puntu honekin beti izan ditut nire kezkak. Gelaren aurrean jokabide edo jarrera desegokiak dituzten ikasleak identfikatzea ez zait inoiz gustatu. Horregatik, kontu hauek askotan gelaren aurrean, modu orokorrean planteatzeko ohitura izaten dut. Baina AC taldean burutzen ditugun proiektu guztiak talde-lanean burutzen dira eta taldeen funtzionamendua egokia izateko elkarreragin positiboa egotea ezinbestekoa da. Eta horrela ez denean, elkarreragin positibo hori oztopatzen dituzten jokabide pertsonalak agerian utzi behar direla uste dut, ikasleak besteen aurrean epaitu gabe baina bai garbi utziz nortzuen jokabideak diren talde-lana oztopatzen dutenak.
  • Ez dut lehenengo proiektua behar bezain ongi prestatu: aurrekoan komentatzen nuen bezala, baliteke lehen proiektu hau orain arte martxan jarri dudan konplexuenetako bat izatea. Eta horrela izanik, uste dut dudala behar bezala prestatu, batez ere, kontutan harturik ikasle talde hau PBL metodologian hasiberria dela. Baliteke proiektuak merezi zuen prestakuntzan motz geratzea eta ziurrenik ikasleei babes handiagoa eman behar nien, kontutan izanik beraientzat lehenengo aldia zela antzeko esperientzia baten aurrean egoten zirela..
  • Nire jarrera ikasleen aurrean, gehienetan, oso ezkorra izan da: irakasleok ikasleengan izaten ditugun aurreiritziak alde batera aspaldian utzi nituela uste nuen. Baina talde honekin agian ez naiz erabat “legala” izan alderdi horretatik. Nire atentzioa jarrera disruptiboena duten ikasleengana zuzendu dut eta horrek taldearen aurrean beti ezkor eta konfiantzarik gabe agertzea eragin dit.
Konponbideak bilatu:

Classroom ManagmentAurreko guztia esanda, onartu behar dut aurtengo taldean ditudan ikasleak zailak direla. Gelako jarduna normaltasun giro batean mantentzea kostatzen ari zaigu. Ikasle disruptiboen eragina iazko taldean baina nabarmenagoa da aurten eta, horrelako klase giro batekin, ez da erraza bestelako helburuak lortzea. Horrelakoetan irakasleok zuzenean barne arautegira jotzen dugu askotan. Paper batean idatzita dagoena besterik gabe aplikatzen dugunean, arazoa beste bideetatik konpontzeko ditugun gabeziak estaltzeko balio izaten digu. Beste batzuetan, goi-mailako estamentuetara jotzen dugu, “ahalguztidunaren” aholku eta babesaren bila edo erabakiaren gaineko ardura gu ez garen norbaiti delegatzeko asmoz. Kasu batean zein bestean, konponbideak kanpotik etortzea espero izaten dugu. Baina ikasleekin ditugun jarrera arazoak gureak dira, gu gara arazo horien parte eta gurea da arazo horri, gure ekintzen bitartez, irtenbide bat emateko ardura. Galdera da, “zer egin dezaket nik ikasleekin bizi dudan errealitatea aldatzeko?”

Ez dago errezeta magikorik, badakit.  Gauza bat garbi baldin badaukat da ikasleak eurak inplikatu behar ditugula gelan adierazten duten jarrera aldaketan; nortasunak moldeatzen lagundu dezakegu, baina aldaketa ikasle horren eginkizun pertsonala da. Ikuspegi hori galtzen badet, jai daukat.

Kontu honi buelta batzuk ematen ari nintzela, Alberto del Mazoren blogan argitaratutako artikulu interesgarri honekin egin nuen topo. Bertan, Carmen Y. Reyes psikologaren lana aipatzen du. Bere iritziz, ikasleei garbi utzi behar zaie gela barruan adierazten duten jokabideak beraien hautua dela. Baina, era berean, ulertarazi behar zaie (eta irakasleok ere garbi eduki behar dugu) jokabide hori aldatzea beraien esku dagoela eta gainera GAI DIRELA . Carmenek horrela azaltzen du ingelesez:

“Once children understand that they choose their behavior, they also understand that they can change their behavior. Psycho-educational teachers believe that strengthening children’s coping and social problem solving skills is therapeutic. The psycho-educational or therapeutic model is one of social problem solving and socio-emotional growth rather than disciplining and punishment.” 

Kontzientzia hori barneratu eta praktikan jartzea ez da ikasleek bakarrik egin behar duten bide bat, irakasleok ere zeregin horretan lagundu dezakegu. Nola?  Bada Carmenek jokabide disruptibo horiek kudeatzeko irakasleok jarrai ditzakegun hamazortzi printzipioen zerrenda bat proposatzen digu. Azpian ipintzen ditut, nire iritziz interesgarrienak izan daitezkeenak (zerrenda osoa hemen aurki dezakezue):

  1. Ikasleekin daukagun harremana erabiltzen dugun hizkuntzaren araberakoa da. Harreman terapeutiko eta hezigarriak eragin nahi baditugu, hizkuntza positiboa erabili behar dugu.
  2. Erabiltzen ditugun mezu eta lexiko kritiko edo negatiboak, positiboak diren mezu eta hiztegiarekin ordezkatzen baditugu, ikasleen jokabidea moldeatu dezakegu eta gelaren gaineko kontrola handitu egiten dugu.
  3. Gela barruan sortzen diren jokabide disruptibo desberdinen aurrean modu desberdinean erantzuteak irakaslearen konpetentzia sendotzen du. Ikasleen jokabide disruptiboen aurrean nola jokatuko dugun erabakitzeko ahalmena da irakasleok daukagun botererik garrantzitsuenetako bat (hauxe bera, adibidez, aurten egiaztatu dudan puntu bat izan da)
  4. Joakibde disruptiboa duen ikasle batek, jarrera disruptiboa du, alegia,  ez da ikasle disruptiboa. Beste hitzetan, arazoa bere jarrera da, ez ikaslea (hau askotan ahaztu egiten zaigu)
  5. Jokabide disruptiboak alda daitezkeen akzioak dira.
  6. Ikasleek jokabide disruptibo gutxiago adierazten dituzte euren jarrera kontrolatzeko gaitasuna (autokontrola eta autogestioa) dutela sinesten dutenean.
  7. Ikasleak jarrera aldaketarako eta autokontrolareko prestatuago sentitzen dira euren esfortzuak zerbaitetarako balio duela konfiatzen dutenean.

Amaitzeko, hemezortzi printzipio jasotzen dituen zerrenda horri, nik beste bat gehituko nioke: “Askotan, jarrera disruptibo horiek gela barruko testuinguru jakin batean sortzen dira. Testuinguru horiek aldaezinak direla pentsatzea, arazoa betikotzea ekar dezake. Testuinguru berriak eragitea, ikasle disruptiboen alderdi positiboak ezagutzeko modu baliagarri bat izan daiteke” (eta hau ere, nik neuk egiaztatu dudan zerbait da)

Tira, irakasleok gela barruan bizi ditugun jokabide hauek konpontzeko modu BAT dagoela, konponbide BAT dagoela esatea, tontakeria galanta dela badakit. Horregatik ez dut arautegietan edo aurrez definitutako zigorretan eta antzekoetan sinesten, aurrerago esan dudan moduan, jokabide oker bakoitzak, irtenbide propio bat behar duelako. Baina bai iruditzen zait Carmenek aipatzen dituen printzipio horien bidetik joan daitekeela gure gelan ditugun arazoen konponbidea. Zaila dela, bai, baina inondik inora ezinezkoa!

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.