Abuztuan, nire ikasleekin erabiliko dudan bloga edukiez hornitzen egon nintzenean, buruan bueltaka nuen itzulpengintzaren ideia gauzatzen joan nintzen. Garbi ikusten nuen hizkuntzalaritzaren alor honek izan dezakeen praktikotasuna eta erakargarritasuna ikasleei begira eta horregatik itzulpen mota ezberdinak egitea ondo etorriko litzaiekeela pentsatu nuen. Gauzak horrela, ideia ezberdinak jasotzen joan nintzen; baita praktikan jarri ere!!!
Hasteko, musikazblai-ra jo nuen. Bertakoek esan zidaten gunea berritzen ari zirela eta ea sartuko nintzen ikustera eta iradokizunen bat ematera. Halaxe egin nuen (ea noiz jartzen duten martxan gune berria, dezente aldatuta eta oso hobetuta dago!). Bertan, gure lankide den Anariren abesti bat itzultzera ausartu nintzen eta, esan behar, esaldi pare bat ez zitzaizkiola batere egokiak iruditu, beste zentzu batekin sortuak izan baitziren!. Baina, tira, horrek oraindik gehiago animatu ninduen; ez baita nolanahiko kontua itzulpengintzaren munduan murgiltzea! Lan horietan nenbilela, Sevillako lagun birtual batek PHPWebquest programa itzultzeko eskatu zidan eta, aurreko batean esan genuen bezala, itzuli nuen. Imagina dezakezuen legez, esperientzia erabat ezberdina suertatu zitzaidan.
Beste IKTeroekin gorabehera hauek partekatzean, ideia ezin hobea iruditu zitzaigun itzulpen mota hau gelara eramatea eta PHPWebquest-a itzuli ondoren programarekiko irakasle askoren interesa ikustean (dezente izan dira itzuli ondoren webquestak euskaraz egiten hasi direnak), are garbiago dugu ikasleei ekar dakiekeen onura. Alde batetik, ikasleak protagonista bihurtu eta IKTeroon filosofiaz lanean jarriko ditugu (Hitzetatik ekintzetara), eta, honela, behar zehatz batetik abiatuko dira hizkuntza erabiltzean ( abiapuntu abstraktu edo teorikoa saihestuz). Bestetik, euskararen zabalkunde eta normalizazioan parte hartuko dute hain erabilia ez den informatika arlora hedatzen lagunduz (ziur nago hau gustuko izango dutela) . Eta, azkenik, software librearen ideiaz jabetuko dira (konpartitzeak eta talde-lanak eman ditzakeen fruituaz ohartu…).
Baina ez da hor gelditzen kontua! Gure ikastola betidanik egon da buru-belarri euskararen sustapenean eta zabalkuntzan murgilduta. Betidanik partaide izan gara euskararen alde egin den ekintza orotan eta honako hau bat gehiago izatea espero dugu, gure hizkuntzarekiko dugun konpromisoa berretsiz. Beraz, garbi dago hastear dagoen ikasturte honetan itzulpengintzaren ur sakonetan hondoratuko garela baina, horretarako, itzulpen behar handienak non sumatzen diren jakin nahi dugu; zein programa euskaratzea eskatzen duten erabiltzaileek. Halaxe, bada, galdera bat luzatu nahi dut: ba al daki norbaitek nora jo behar dugun euskarara itzultzeke dauden informatika programak eskuratzeko? Honen inguruan norbaitek baleki, biziki eskertuko genuke erreferentziaren bat ematea, beste guztia (edo ahal duguna, behintzat) gure kontu…