Denok Irurara!!!

logoa

Informazio osoa Berria egunkaritik hartuta.

Inoiz Kilometroak jaia antolatu duen herririk txikiena bihurtuko da Irura (Gipuzkoa) urriaren 5ean. 1.400 biztanle dituen Tolosaldeko herria euskaltzaleen topaleku bihurtuko da egun horretan. Bi helburu nagusi izango ditu Eraikitzen lelopean antolatu den festak: inauguratu berri duten Lehen Hezkuntzako eraikina finantzatzeko Irurako Ikastolari sostengu ekonomikoa ematea, eta eskualdean euskararen erabilera bultzatzea eta zabaltzea.

1977an sortu zen Irurako Ikastola, eta egun herrian dagoen ikastetxe bakarra da. Josune Aiestaran zuzendariak azaldu duenez, «herriarekin bat» hazi da ikastola. «13 haurrekin hasi ginen, eta orain 163 ditugu». 2000. urtera arte, ordea, haurrek soilik Haur Hezkuntza egin zezaketen bertan. Ordutik, Lehen Hezkuntza ere ematen ari dira. Orain arte, ordea, ez zuten horretarako eraikin propiorik.

Egitarau betea prestatu dute antolatzaileek egun horretarako. Ibilbideak 6,5 kilometro izango ditu, eta Iruratik eta Anoetatik igaroko da. «Ia bere osotasunean laua da. Bi aldapa baino ez ditu, eta oso xamurrak dira», jakinarazi du Joxe Mendizabalek, jaiaren koordinatzaileetako batek.

Era berean ibilbidean bost gune izango dira, eta askotariko ekitaldiak egingo dira horietan. «Kale animazioak garrantzi berezia izango du, eskualdeak oso lotura estua baitu txarangekin». Berrikuntzen artean, laugarren eta bosgarren gunean edoskitzerako lekuak izango dira. «Haur txikiek dituzten beharrak asetzeko guneak izango dira». Horrekin batera, Renfeko geltokiaren sarreran eta 5. gunean bluetooth txokoak izango dira. Hara biltzen direnek jaiaren inguruko informazioa ekarri ahal izango dute sakelakora. SMS bidez ere eskura daiteke informazio hori.

Trena, autobusa eta bizikleta

Jana eta edana ere ez dira faltako. Hala, jantokiak atonduko dituzte Irurako frontoian, Anoetako frontoian eta Anoetako kiroldegian. Sagardotegi menua, KmK menua eta Eraikitzen menua (zeliakoentzat egokia) emango dituzte jantoki horietan, hurrenez hurren. 24, 15 eta 12 euroko prezioa izango dute, eta txartelak han bertan eskuratu ahal izango dira. Guneetan jarriko diren tabernetan, bestalde, ogitartekoak salduko dira. Ingurumenarekiko konpromisoagatik eta ahalik eta zabor gutxien sortzeko, berriz erabil daitezkeen edalontziak erabiliko dituzte aurten ere. Edalontziak euro baten truke eskuratu ahal izango dira, eta hartutako lekuan utziz gero dirua itzuliko da.

Zortzi aparkaleku-horietako bi Villabonan eta Tolosan-egongo dira . «Dena den, antolakuntzatik garraio publikoa erabiltzeko deia egiten dugu». Renfek aldiriko trenen zerbitzua indartuko du 06:00etatik 23:00ak arte. Tren txartelak astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira geltokietan. Txartelak aldez aurretik hartzegatik beherapenak izango dira. Donostia eta Tolosa arteko ibilbidea egiten duen autobus konpainiak ere ohi baino zerbitzu zabalagoa eskainiko du. Horrekin batera, bizikletentzako aparkalekua ere izango da, zaindua.

Egitaraua

  • 1.gunea (Irurako Ikastola). Hasierako ekitaldia hor egingo da. Bertsolariak, pailazoak, Txan magoa eta Betizu karaokea izango dira bertan.
  • 2.gunea (Kateategi). Musika izango da nagusi bertan. Zea Mays, Deabruak Teilatuetan, Obrint Pas, Trikizio eta Betagarriren kontzertuak izango dira.
  • 3.gunea (Anoetako plaza). Familian egiteko jolasak egingo dituzte bertan. Alurr dantza taldearen emanaldia eta Jone, Desordutan, Che Sudaka eta Tapia eta Leturiaren kontzertuak izango dira gune horretan.
  • 4.gunea (Anoetako ikastola). Mamba Beat, Amaiur eta MAK taldeen emanaldiekin gozatu ahal izango da bertan. ESAITek euskal jokoak egingo ditu.
  • 5.gunea (Irura herria). Udaberri dantza taldea, Xurdin, Hipo eta Tomax, Smar, DJ Makala eta Laket ariko dira bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.