Nola euskaratu WordPress

Azken egun hauetan datorren ikasturterako prestatzen ari naizen proiektuaren garapenean murgildurik nabil buru-belarri. Beraz, nire blogger “ohitura onak” (badakizue, feed-ei errepasotxoa eman, IKTeroetan idatzi…) zertxobait baztertuta geratu dira. Atzo tarte bat hartu nuen aspalditik bisitatu gabe nituen blogei bistazo bat botatzeko. Gure IKTeroetako batek UEUk antolatutako ikastaro batean parte hartzen zuela banekien eta, horrela, ikastaro horretarako espreski sortutako blogean sartu nintzen. Bertan, Gari Araolaza eta Jabi Zabalak emandako hitzaldien berri zetorren. Hau irakurri ondoren Teknosexua eta Sarean blogak bisitatzera jo nuen, eta a ze sorpresa!. Sarean erabat itxuraldatua zegoen. Denbora luzez Movable Type erabili ondoren WordPress-era egin du aldaketa.

Kontua da, bidalketa batean adierazten duenez, datozen egunetan WordPress-en euskaraketari ekingo diola eta, naiz eta hainbat blogetan honen inguruko informazioa irakurri, ez omen du inon garbi irakurri NOLA instalatu euskaratzeko modulua. Nik duela egun batzuk heldu nion honi eta dena bere lekuan dagoela dirudi :wink: . Beraz, nik jarraitutako bidea hemen adieraztea pentsatu dut lagungarria izango zaizuelakoan. Jarraian irakurriko duzuena ingelerazko fitxategi baten itzulpen pertsonala da; zuetako norbaitek nahiago badu ingelerazko bertsioa irakurtzea hemendik jaitsi dezakezue eu.mo erabili beharko duzuen fitxategiarekin batera.

  1. Lehenik eta behin, .mo fitxategia jaitsi beharko duzue. Sustatuko artikulu honek azaltzen du nondik. Nahiago baduzue aurrean emandako helbidera ere jo dezakezue. Deskonprimatu ondoren eu.mo fitxategia izango duzue eskura.
  2. Jarraian, WordPress-eko karpeta nagusian duzuen wp-config.php fitxategia bilatu beharko duzue. Nik FTP bitartez jaitsi nuen nire ekipora eta bertan Ohar-bloka erabiliz ireki (gogoratu ez dela komeni MS Word bezalako editoreak erabiltzea).
  3. 19. lerroan, gutxi gorabehera, (’WPLANG’, ‘’); adierazpena aldatu beharko duzue bi kakotxen artean eu idatziz. Horrelako zerbait (’WPLANG’, ‘eu’);. Gorde aldaketak.
  4. Orain WordPress-eko instalazioa egina duzuen zerbitzarira jo beharko duzue. Bertan, /wp-includes karpeta ireki eta bere barnean languages karpeta sortu beharko duzue. Igo karpeta honetara hasieran eskuratu duzuen eu.mo fitxategia
  5. Igo ezazu aldatu duzun wp-config.php fitxategia bere jatorrizko direktoriora eta, bertan, aurreko fitxategia honekin ordeztu nahi duzula berretsi.
  6. Egin beharreko aldaketa guztiak eginak daude. Idatzi ezazu zure blogaren URLa nahi duzun nabigatzailean eta administrazio eremura sartu. Euskaratuta dagoela konturatuko zara. Blogaren hainbat atal ere euskaraz agertuko dira, hala nola, egutegia.
  7. Nahi izanez gero, deskarga dezakezue ere eu.po fitxategia. Ohar-blokarekin ireki eta bertan itzulpenak pertsonaliza ditzakezue. Aldaketak gordetzerakoan .mo luzapena emaiozue fitxategiari eta /wp-includes/languages karpetara igo.

Orain, WordPress-en interfaze publikoa euskaratzea falta da (ez da lan makala!). WordPress-en administrazio eremutik Aurkezpena menura joan eta bertan aurkituko dituzuen fitzategien kodea euskaratu beharko duzue banaka banaka. Nik denbora tarte bat hartu dut horretarako. Horretarako Tumatxakoek eskainitako laguntza ezinbestekoa izan da. Bertan daukazue WordPress-ek dituen ingelesezko lokuzio gehienen itzulpenak. Halere, kasu batzuetan zuen ikutu propioa ere eman beharko diezue zuen itzulpenei. Nik zertxobait egina daukat baina oraindik euskaratze osoa erabat findu gabe daukat.

Lagungarria izango zaizuelakoan…

WordPress blogak egiteko tresna euskaratua

Sustatun irakurri berri dut WordPress blogak egiteko softwarearen euskarazko lokalizazioa prest dagoela eta horren berri eman nahi izan dut lehenbailehen. Magic eta Jolausi entzunda, banekien hemendik gutxira prest egongo zela, baina ez nuen uste hain azkar erabiltzeko moduan egongo zenik eta, hurrengo ikasturtera begira blog bat martxan jartzen ari naizenez, asteburu osoa pasa dut, beste gauza batzuen artean, blog horren atalak itzultzen!! Nahiz eta hemendik aurrera blogak egiteko tresna euskaraz egon, espero dut pasatako ordu guztiak zerbaitetarako balio izango zutela, besterik ez bada blogaren erraiak hobeto ezagutzeko…
Bestalde, aipatutako artikuluan esaten da balitekeela produktu euskaldun hau UEUko Iruñeako ikastaroetan Patxi Gaztelumendik blogintzari buruz eman behar duen zikloan aurkeztea (nahiz eta oraingoz blog horiek ingeleseko interfazearekin eginak dauden), eta hori bai ondo legokeela; izan ere, nik atzo bertan eman bainuen izena UEUk antolatutako ikastaro horretan.
Beraz, berri onak ditugu euskara eta teknologia batzen saiatzen ari garenok!! Informazio gehiago nahi izanez gero (nork egin duen, erabili den itzultzailea, non lor daitekeen…), bertara jotzea besterik ez duzue. Nik, nire aldetik, ikastarotik ateratzen ditudan aprendizaiak zuekin partekatuko ditudala zin dagizuet. Hori bai, pixka bat itxaron beharko duzue berau uztailaren amaieran delako… Non scholae sed vitae discimus.

Euskarazko on-line baliabideen bilduma

Kaixo, lagunak! IKTeroak-en parte hartzen dugunok jakin badakigu arrakastatsuak izan direla oso orain arte euskararen inguruan idatzitako hainbat artikulu (hiztegiak eta EGAko ariketak on-line…) eta horregatik urrats bat gehiago eman nahi izan dugu alor honetan: euskararen zabalkunderako eta euskal literatura zein kultura ezagutzeko interesgarriak iruditzen zaizkigun erreferentziak bildu nahi izan ditugu. Gure asmoa euskararen erabilera egokia bultzatzea eta euskal literatura eta kulturari buruz aurkitzen dugun informazio interesgarria zabaltzeaz gain, edonorren eskutan ahalik eta modu errazenean informazio hori guztia jartzea izan da. Orri honen eskuineko aldean euskarazko baliabideak on-line izeneko esteka klikatzen baduzue, atal ezberdinetan sailkatutako euskarazko baliabideak topatuko dituzue: hiztegiak, entziklopediak, euskal literatura, euskara lantzeko jokoak…).
Baliagarria suertatuko zaizuelakoan egin dugu eta, gure nahia bilduma osatzen joatea denez, zuen emanaren zain gelditzen gara… Bestalde, norbaiti atal berriren bat otuko balitzaio, sartzeko prest geundeke. Besterik gabe, zuen iritzien zain gelditzen gara. Ordura arte, ondo izan!

Karaokea euskaraz

Iepa IKTeroak:

kontatzera noakizue duela 2 hilabete gertatu zitzaidan pasartea, izenburuarekin zerikusia duena. Koadrillako 18 bat lagun irten ginen asteburu pasa Nafarroa aldera, aspaldi ez ginela denak elkartu eta denon berri izateko eta harremanak galtzen ez joateko, … elkarbizitza egingo genuela alegia. Baserri oso bat alokatu genuen. Denetarik egin genuen asteburu horretan: Korrikarekin korrika, Larrun mendira igo, FUTBOLEAN!!! zelai berde batean eta gau batean KARAOKEA. Nere lagunetako batek montaje itzela eraman zuen: proiektorea, ordenagailu portatila, pantaila, bozgorailuak, ….
Dena perfektua baina edukiak kale!!!! Kantu guztiak ezagunak bai, baina espainolez edo ingelesez eta ezin komertzialagoak (”Chica ye-ye”, “Macarena”….). Lagunak esan zidan ez dagoela interneten euskarazko ezer aurkitzerik. eta hala da. Edari pizgarrienak ere ezin izan zuten nere animoa altza eta ohean bukatu nuen belarriak almohadarekin tapatzen.

Horren harian otu zitzaidan: ezin ote da karaokea egin (kutrea benik) gustuko kantuei ahotsa kenduta? Interneten begira jarri nintzen eta ohartu nintzen oso ideia zabaldua dela eta jende asko dabilela horren atzetik. Eta hori egiteko baliabideak aurkitzen dira, baina tamalez nik probatu ditudanak ez dira erabat asegarriak. Ahotsa gutxitzen dute baina ez erabat.

Egia esan ez dut gehiegi ere sakondu gaia baina asmoa badaukat eta norbaitek eskua bota nahi badu eta gai honekin jarraitu blog honetan lekua eta laguntza izango du. Euskara jalgi hadi esparru guztietara!

Hiru programekin egin ditut probak:

1. “Nero” berarekin.
2. Yogen Vocal Remover 1.07
3. PowerKaraoke

Beno, beno, nik botatu dut harria, …. odo izan!

Euskal hiztegiak PDAn

Kaixo, euskaltzaleok! Lehenik eta behin, jonmik-i ongi etorria eman nahi diot eta, bidenabar, animatu bere ikasgaiarekin lotura duen ezagutza tresna honen bitartez zabaltzea; izan ere, bera teknologia hauetan hain trebea izanik, ziur nago gure jakin-mina piztuko duela!
Baina gatozen harira! Nik neure gaiarekin jarraituko dut eta azken aldi honetan ezagutu dudan erabili.com-en aurkitutako tramanakulu-hiztegi bati buruz hitz egingo dizuet. Bertan, etorkizuneko eskuko hiztegiei buruz informazio interesgarria azaltzen da.

PDA Hiztegia

PDA eskuko ordenagailu txiki batetik Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua, Hiztegi Modernoa eta Sinonimo Hiztegia kontsultatzeko aukera garatu dute HIZTEK “Hizkuntza Teknologiak” masterrean.
PDA batean jarri ahal izateko web orrialde bat egin da, web orrialde hori web zerbitzari batean dago eta EHUko zerbitzariarekin harremanetan jartzen da. Sistema honi esker, edozein tokitan eta edozein momentutan jakin dezakegu hitz baten esanahia edo nola esan hitz bat beste hizkuntza batean. Gehiago jakin nahi izanez gero, bertara jotzea besterik ez duzue. Benetan interesgarria, ezta?