Errepositoriaren gunetik hartua:
ESLEko errepositorioaren helburu nagusia Euskal Autonomi Elkartean software libre eta open source-ko garapenak suspertu eta sustatzea da.
Ekimen interesgarria zalnatzarik gabe.
Informazio gehiago: ZirIKTeroak
Errepositoriaren gunetik hartua:
ESLEko errepositorioaren helburu nagusia Euskal Autonomi Elkartean software libre eta open source-ko garapenak suspertu eta sustatzea da.
Ekimen interesgarria zalnatzarik gabe.
Informazio gehiago: ZirIKTeroak
Jolausek del.icio.us goraipatu zuen atzo eta nik hori berretsi besterik ez nuke nahiko, izan ere, bertatik iristen zaidan informazioa ez da nolanahikoa izaten.
Gaur bertan, edukiak.info ezagutzeko aukera eman dit. Sustatukoek “Euskara” etiketarekin gorde dute eta etiketa horretara harpidetuta nagoenez, berehala jaso dut horren berri. Gordetako helbidea ez zen bilatzailearena, horren berri ematen zuen Tolon blogarena baizik.
Mezua irakurri eta bilatzaile horrek duen ahalmenaz berehala ohartu naiz. Alde batetik, bilaketak gidatuta burutzeko aukera daukagu eta, bestetik, ohiko bilatzaileekin egiten diren bilaketak egiteko aukera.
Albiste pozgarria irakaskuntzan gabiltzanontzat. Euskaraz eduki gutxi dagoela edo oso zaila dela sarean horiek topatzea aipatzen da. Askotan, aitzakia besterik ez da izaten baliabide hauen erabileran ez hasteko, baina gisa honetako baliabideekin aitzakiak agortzen ari zaizkie irakaskuntzako teknofoboei.
Ikasturtea amaitzeko ez da asko falta eta, dakizuen bezala, bukatu eta berehala dira unibertsitatera sartzeko gaitasun probak (Hautaprobak). Euskarako azterketari dagokionez, ikasleek hainbat jarduera ezberdin burutu behar izaten dute eta horietako bat da esaldiak moldatu delakoa. Azterketako testuko zenbait esaldi beste modu batera ematea da ariketa honetan eskatzen dena eta ideien arteko lotura logikoak baloratzen dira, hau da, perpausak lotzeko eta hauen artean erlazio semantikoak adierazteko erabiltzen diren lokailuen erabilera zuzena.
Gauzak horrela, lokailuetara iritsi aurretik, perpaus elkartuak bere osotasunean errepasatzeari ekiten diogu guk. Zer dira perpausak? Zein da perpaus bakuna eta elkartuaren arteko ezberdintasuna? Zenbat motatako perpaus elkartuak daude? Nola bereizten dira? Juntagailuak eta lokailuak gauza bera al dira? Antzeko galderak egiten badizkiegu ikasleei, berehala konturatuko gara nahasketa handia izaten dutela kontzeptu ezberdinak bereizteko orduan, aurreko ikasturteetan ikasiak dituzten arren.
Sailkapen guztiak bere tokian berrezarri eta, bereziki, Hautaprobetako jarduera hori prestatu nahian, perpausen arteko loturak landuko dituzten ariketak sortu ditugu. Beti bezala, gure lan egiteko filosofiari jarraituz, errepaso ariketak guk geuk sortu eta sarean ipini ditugu erabili nahi dituen ororentzat.
Perpaus elkartuak: pratika. Egin klik euskaljakintzako ariketa bilgunean, eskuineko zutabeko 2. estekan, eta hortxe ikusiko dituzu orain arte sortu ditugun ariketa guztiak alfabetikoki antolatuta. Sorta hau Perpaus elkartuak atalean dago. Hemen juntadura, menperakuntza eta testu mailako loturak (hauxe da Hautaprobetan eskatzen den jarduera mota) lantzeko ariketa ezberdinak topatuko dituzu.
Perpaus elkartuak: teoria. Egin klik euskaljakintzako kontsultagunean, eskuineko zutabeko 4. estekan. Alfabetikoki antolatutako zerrenda luze bat zabalduko zaizu. Atal honi Perpaus elkartu motak izena eman diogu. Hemen juntadura, menperakuntza eta testu mailako loturari buruzko azalpenak topatu ahal izango dituzu. Halaber, aurreko guztia begi-kolpe batean ikusteko aurkezpentxo bat aurkitu duzu.
Ariketa sorta honekin aurtengo ariketa sortze-lanari amaiera eman diogu. Aurreko ebaluazioetan egin ditugunak ikusi nahi badituzu, egin klik hurrengo esteketan:
Deklinabidea lantzeko ariketa sorta
Aditza lantzeko ariketa sorta (aditzaren gunea)
Euskaljakintzakook aditza errepasatzeari ekin diogu bigarren ebaluazio honetan. Gauzak horrela, gure Dale konoaren filosofiari jarraiki, errepaso ariketak guk geuk sortu ditugu. Eta geureari jarraituz, sarean jarri ditugu erabili nahi dituen ororentzat.
Ikasleek bikoteka egin dute lan, bikote bakoitzak bi ariketa mota sortuz:
Ariketa horiek guztiak Euskal aditz laguntzailea deritzon gune berri batean kokatu ditugu.
Gune horretan, ariketekin batera, beste baliabide batzuk topatu ahal izango dituzu:
Taulak:
Sor dakizkigukeen zalantzak argitze aldera, aditz-taula guztiak ipini ditugu kontsultagai. Goiko barran, dagokion moduan (indikatiboa, baldintza, ahalera, subjuntiboa eta agintera) klik eginez, topatuko dituzu.
Horietaz gain ondorengo taulak ere aurki ditzakezu:
Teoria:
Aditzari buruzko oinarrizko informazioa ipini dugu aurreko guztiari laguntzeko.
Gaurtik aurrera, gune berria osorik euskaljakintzako kontsultategian izango duzu eskura eta ariketen orria, berriz, euskaljakintzako ariketen atalean (biak eskuineko zutabean). Lagungarri gertatuko zaizuelakoan…
EGAko liburu berriarekin ari gara lanean Batxilergoko 1go mailan aurtengo ikasturtean: EGA, 2005eko eta 2006ko azterketak. Ikasturte hasieran, bertako azterketak sarean jartzea ondo legokeela pentsatu nuen. Honela, ikasleek (edo beste edonork) haiek behin eta berriz egiteko aukera izango zuten. Kontua da, poliki-poliki, erronkari heldu eta sareratzeko baimenak eskatu ondoren, gaurtik aurrera liburu osoa online topa daitekeela.
Duela urte pare bat hasitako EGA ikastaroa osatzera datorren atal berri hau bereziki aproposa gerta dakioke hurrengo deialdian aurkezteko asmoa duen orori. Ez dago esan beharrik, batez ere, nire ikasleei begira egindako lana izan dela; izan ere, gogor ari dira EGAko azterketa prestatzen eta, lanketa horretan ari direla, askotan eskatzen dizkidate jarduera gehigarriak. Argi dago honekin bakarrik ez dutela agiria lortuko; dena den, bidea erraz dakiekeela ere zalantza izpirik ez dago. Pasa gaitezen, bada, atalez atal sarean jarritakoa aztertzera.
Guztira lau atariko proba (2005eko otsailaren 26 eta irailaren 24koak) eta idatzizko 6 azterketa (2005eko martxoaren 12, maiatzaren 28 eta urriaren 10ekoa eta 2006ko martxoaren 11, maiatzaren 27 eta urriaren 7koa) topa ditzakegu.
Bi modutara egin daitezke:
Esan beharra dago, nabigatzaileen baitan, hainbat arazo sumatu dugula ariketak irekitzeko orduan. Badirudi, Firefoxekin ez dagoela inongo arazorik. Internet Explorerekin, aldiz, atariko probak eta entzutezko ulermenak ez dira zabaltzen (javascript-arekin arazoren bat dagoela dirudi). Dena den, saiatuko gara hori lehenbailehen konpontzen.
Amaitzeko, gogoeta txiki bat. Azterketa hauek guztiak sarean jartzea ondo dagoela iruditzen zait, aurrerapauso bat dela ezin ukatu (mila esker baimena emateagatik). Zoritxarrez, egin zitekeenarekin alderatuz, ez da ezer. Azterketaz azterketa datu guztiak sartzea nahiko pisutsua gertatzen da eta, gainera, lortutako emaitza nahiko mugatua da. Hau da, lau atariko eta sei idatzizko besterik ez. Baina imajinatzen duzue, gaur egun dauden baliabideekin, zer egin zitekeen orain arteko azterketen datu-base osoarekin? Azterketa konbinazio amaigabea, sailkapen ezberdinen baitako azterketak (morfosintaxia lantzekoak, gramatika, hiztegia eta bestelakoak), azterketa pertsonalizatuak… Izugarria izan zitekeen! Amesten jarrita, imajinatzen duzue datu-base hori gure esku jarriko balute? Axularreko lagunekin aspaldi hitz egin genuen aukera hauei guztiei buruz (duela gutxi beste foro batean ere hasiak gara honen inguruan lanean) eta nik uste dut iritsi dela gaiari seriotasunez heltzeko garaia. Beraz, gure hurrengo urratsak bide horretatik joango dira. Iradokizun guztiak, beti bezala, ongi etorriak izango dira. Ikusten duzue bestelako aukerarik?