1512an herri guztia suntsitu zuen sutearen ondorioz Gaztelako Juana La Loca erreginak herriari “urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea, zergarik gabea, egiteko errege baimena” eman zionetik gure azokak makina bat istorio eta gertaera bizi izan ditu. Aurten gure herriak efemeride horren V. mendeurrena ospatzen du eta nire DBH3ko ikasleekin batera, gure ekarpentxoa egitea ausartu gara.
Pasa den azaroan, nire ikasleek ikasturte honetako bigarren proiektua amaitzen ari ziren bitartean, ni dagoeneko hurrengo proiektuari bueltak ematen hasita nengoen. Jasota nituen ideia eta notatxo desberdinen artean infografia bat sortzearena zen aurrera eramateko boleto gehien zituena. Etaparako zehaztutako matematikako hainbat helburu betetzeko tresna baliagarria izan zitekeela uste nuen eta, bide batez, euskara hutsean hain gutxi landu den baliabide bat ekoiztea ikasleentzako zerbait erakargarria izan zitekeela pentsatzen nuen.
Sekuentzia didaktikoa diseinatzen hasteko gauza bakarra falta zitzaidan: burutu beharreko ataza ikasleentzat esanguratsua bihurtzeko, eurentzat gertukoa izan zitekeen testuinguru batekin lotzea. Eta DBHko etapako irakasle bilera batean, Ordiziako azokaren 500. urteurrena zela eta zer egin zitekeen planteatu zenean, orduan konturatu nintzen hura izan zitekeela aurrera egiteko falta zitzaidan puntutxoa. Hortxe neukan, beraz, atazaren definizio zehatza, alde batetik, eta etaparako zehaztutako helburuekiko lotura, bestetik. Hemendik aurrera sekuentzia diseinatzea zen falta zitzaidana. Egia da lan pixka bat suposatzen duela jarduera zerrenda diseinatu eta sekuentziari forma emateak baina, egia esan, ez naiz lanean hasi aurretik jarduera zerrenda erabat definituta eta lotuta utzi behar dela pentsatzen duen horietakoa. Uste dut ardatz nagusiak zehaztea beharrezkoa dela baina, era berean, konbentzituta nago sekuentziak malgutasun minimo bat ere behar duela, dagokion ikasle taldearen ezaugarrietara moldatu ahal izateko eta, bide batez, egunerokoak ekar ditzakeen arazo eta ezustekoei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko ere. Gidalerroak zehaztea bai, baina sekuentzia batek emango duena aurretik erabat lotuta uztea eta, beraz, curriculumaren zein alderdi jorratuko diren erabat zehaztuta uztea, ez.
Lanean hasi aurretik ikasleekin elkartu eta pentsatuta neukan proposamena aurkeztu nien. Aurrera egitearen alde azaldu ziren guztiak. Hasi baino lehen gauza bakarra geratzen zitzaigun: infografia burutzeko datu iturriak lortzeko aukerarik izan ba ote genuen kontsultatzea. Horretarako, D’Elikatuz-eko arduraduna den Leire Arandiari bilera baterako hitzordua eskatu genion. Bilerara nire bi ikasle (Livia eta Andreea) eta hiruok joan ginen eta bertan Leireri eta udaletxeko zinegotzi eta teknikari desberdinei gure asmoen berri eman genien. Begi onez ikusi zuten gure proposamena eta laguntza eskaintzeko borondatea azaldu ziguten. Halere, aurretik garbi utzi ziguten ere, tamalez, azokaren inguruan ez zeudela erregistro edo datu gehiegirik baina zeudenak bidaliko zizkigutela. Esan eta egin; handik gutxira eskuartean genituen Leirek bidalitako txosten guztiak.
Horixe zen behar genuen guztia lanean hasteko! Jarraian dituzue burututako jardueren deskribapen orokorra:
1. JARDUERA: Infografiak, zer, zertarako eta nola
Nire ikasle gehienek, hasiera batean, ezer gutxi zekiten infografiei buruz; nik neuk, sarean askotan topatu baditut ere, sakondu gabe neukan gai bat zela onartu beharrean nago. Beraz, proiektuaren gauzatze fasean murgildu aurretik, beharrezkoa zen infografien inguruan genituen aurre-ezagutzak baloratu eta jarraian ezagutza horiek sendotzeko beharrezkoa zen informazioa kontsultatzea.
Webquestetan egiten denaren antzera, aurretik link sorta bat eskaini nien beharrezkoa zuten informazioa bertatik kontsulta zezaten. Binaka ipini ziren lanean eta amaitutakoan, infografien inguruko mapa kontzeptual edo eskema bat ekoiztea eskatu nien. Mapa horrek zera jaso behar zuen:
- Zer dira infografiak? Zeintzuk dira euren ezaugarri nagusiak?
- Zertarako erabiltzen dira eta zergatik dira baliagarriak? Zein erabilera ematen zaie?
- Zein da infografia bat osatzeko jarraitu behar den prozedura? Zein prozesu jarraitzea komeniko litzaiguke itxurazko infografia bat lortzeko?
Azpiko irudi eta bideoan ikusten den moduan, ikasleak oso fin aritu ziren lanean:
Xmind erabili zuen talde bakoitzak bere mapa sortzeko. Amaitutakoan, zehaztutako ezaugarriak bilduko zituen mapa kontzeptual orokor bat sortu genuen, lau taldeek euren mapetan jasota zeukaten ezaugarri guztiak bilduko zituena. Mapa hau hurrengo jarduerak nondik nora joango ziren ulertzeko ere baliagarria izango zen. Mapa hori gelan daukagun pareta zurian jaso genuen eta azpian ikus dezakezue nola geratu zen:
2. JARDUERA: Infografia baten elementu bisualen oinarriak
Infografia bat datu multzoak modu sinple eta erakargarri batean aurkezteko modu bat dela ulertu genuen, beraz, bere diseinua, bere itxura, bere osagai bisualak ondo aztertzea beharrezkoa genuela erabaki genuen. Horrela lau atal konkretuen inguruan sakondu beharko genukeela erabaki genuen: tipografia, koloreak, irudien formatua eta grafiko motak.
Etapa hau bi zatitan burutu genuen: lehenengoa, bilaketa libre batekin hasi zen. Gutako bakoitza bere ordenagailuarekin lau elementu hauen inguruko informazioa bilatzeari ekin genion. Aurkitutako orriak baliagarriak izan zitezkeela egiaztatu ondoren (arretaz irakurri behar zuten aurkitutakoa eta ezinbestekoa zen bertan zetorrena guztiontzat ulergarria izan zitekeela kontutan izatea), Delicious-en gordetzea erabaki genuen.
Web orriak gordetzerakoan bi baldintza zehaztu genituen:
- Guztion artean gordetako webguneak besteengandik bereizteko “tt11” etiketa propioa erabiliko genuke.
- Bigarren etiketa bat erabiltzea erabaki genuen, jasotako webguneak lau elementu horietatik zeinen ingurukoa zen argitzeko. Bi etiketa hauetaz gain beste edozein erabiltzeko aukera librea genuen.
Etapa honen bigarren zatian, hiru hirukotetan banatu ziren ikasleak. Bakoitzari jorratu beharreko lau ataletako bat esleitu zitzaion. Talde bakoitzak guztion artean Delicious-en gordetako informazioa kontsultatu behar zuen (horregatik bi etiketa erabiltzearena) eta, bertan jasota zegoenarekin, aurkezpen bana prestatu, bata tipografiaren ingurukoa, bestea koloreena eta hirugarrena irudien formatuen ingurukoa. Nik grafiko moten atala prestatu nuen, etaparako zehaztutako matematikako edukiekin lotura gehien gordetzen zuena zelako.
Talde bakoitzak hogeita hamar minutuko tartea izan zuen bere aurkezpenean jasotakoa beste taldekideei aurkezteko.
3. JARDUERA: Infografia bat disekzionatzen
Hirugarren jarduera honetan ikasleak, aurreko bietan ikasitakoa aplikatzeko zenbateraino ziren gai egiaztatzea nahi nuen. Horretarako bakoitzari infografia bana eskaini nien (bakoitzak berea) eta aurretik eskainitako gidoi bati jarraituz, infografia bakoitzaren analisia egitea eskatu nien. Gidoia hementxe azpian ipintzen dizuet:
- Irudi artxiboaren formatua, neurria (pixeletan) eta pisua (Kb edo Mb-tan). (Horretarako, infografia behin ireki ondoren, egizu eskuin klika bere gainean eta hautatu “Ikusi irudiaren informazioa” esteka agertuko zaizun menuan.)
- Infografian erabilitako kolore paleta (erabili horretarako Colorzillaizeneko Firefox-erako gehigarria):
- Kolore kopurua
- Bakoitzaren HEX identifikatzailea
- Koloreen arteko konbinazioa nolakoa den, zein motatakoak diren konbinatu direnak eta zergatik iruditzen zaizun zuri aukeratu direla kolore horiek.
- Kolore konbinazio horren inguruan zure iritzia; gustatu zaizun edo ez eta zergatik.
- Tipografia:
- Letra mota desberdinak: kopurua eta serif-a duten edo ez
- Letra mota bakoitzarekin erabili den nabarmentze mota (baldin badago): lodia, etzana, kolore desberdina erabili, itzaldura, letra tipo desberdinen konbinazioa… edo bestelakorik
- Testu paragrafoetan erabili den lerrokatze mota.
- Letra mota bakoitzak infografian duen lekua: izenburua, atal desberdinak bereizteko, paragrafoetan datorren testuan erabiltzeko…
- Infografian erabilitako letra motak gaiarekin erlaziorik ba ote duen analizatu.
- Erabilitako letra moten inguruan zure balorazio pertsonala
- Datuak adierazteko ikusten dituzun grafiko desberdinak bereiztu. Zein den bakoitzean adierazten den datu mota.
- Iritzi eta balorazio pertsonala: Infografiak eskaintzen duen informazioa argia dela iruditzen zaizu? Ondo transmititzen du informazioa? Ulerkorra da? Zein kalifikazio emango zenioke infografiari?
Aukeratu nituen bederatzi infografietan lantzen ziren gaiak ikasleentzat gertukoak izaten ahalegindu nintzen (uste dut guztiekin ez nuela helburu hau lortu), analisi estetikoaz gain, bertako informazioa eurentzat esanguratsua izan zedin. Hauxe adibide bat:
4. JARDUERA: Datuak lortu, iragazi eta tauletan antolatu
Dagoeneko prest ginen infografia ekoizteko prozesuan murgiltzeko prest. Aurretik amaituta genituen zereginekin eta egiteke genituenekin, zerrenda bat idatzi genuen gure arbel zurian. Pendiente genituenei amaiera data ipintzen ere ahalegindu ginen (beheko argazkian agertzen den lerro horizontalak eguberrietako oporra bitarterako egin beharreko zereginen muga adierazi nahi zuen, adibidez):
Datuen analisi eta antolaketa fase hau, hiru zatitan banatu genuen:
- Datu iturriak identifikatu eta eskuratu. Gure kasuan hiru ziren iturri nagusienak: Leirek eskainitako txosten eta informeak, Ordiziako azokak interneten duen webgunea eta, beharren arabera, kalean egindako galdeketa baten ondoren gure kabuz lortutakoak. Beranduago, Goimen elkartetik ere jaso genituen datu zerrenda gehiago (Eskerrik asko, Manex!).
- Jarraian esku artean genituen datuak iragaztea tokatzen zen, balio duena ez duenarekiko bereiztu eta aipagarriak izan zitezkeenak azpimarratu, infografian agertzea merezi zutenak, nabarmendu. Analisi fase honen ondoren, datu guztiak hiru multzo handitan banatuta aurkeztea erabaki genuen: ekoizleenak, saldutako produktuenak eta bezeroenak.
- Bukatzeko, datuak kalkulu orrietan jaso eta modu antolatuan gordetzea falta zitzaigun. Datuak modu egokian antolatzeko irizpide bi eman nien ikasleei: lerro eta zutabeetan izendegi egokia erabiltzea eta gelaxketako balioak, zenbakizkoak soilik izatea, bestelako hizki edo ikurrik gabe.
Lan gogor eta astuna izan zen, ordu asko eraman zituena eta pisu samar egin zitzaiguna (dena esan beharra dago :). Baina ikasleak, beste behin, fin eta arduratsu aritu ziren lanean, eta azkenean espero genituen datuak baino gehiago jaso genituen. Azpian dituzue lanean, orri eta txostenez inguratuta:
5. JARDUERA: Infografia diseinatu
Behin datuak antolatuta genituela, infografia eraikitzen hasteko unea zen. Prozesu hau lau fasetan banatu genuen:
- Alde batetik infografia egiteko erabiliko genuen tresna aukeratu behar genuen. Aukera desberdinak baloratu genituen: Powerpoint (ikasle gehienek etxean dutelako eta erabiltzen ohituta daudelako, ez du ikaskuntza prozesu gehiegirik eskatzen), Inkscape (irudi bektorialekin lan egiteko eta diseinu profesionalak egiteko tresna aparta baina erabiltzeko konplikatua izan daitekeena)… Azkenean, Google Draw erabiltzea erabaki genuen. Tresna bezala oso sinplea da, erraza erabiltzeko eta gainera modu kolaboratiboan lanean aritzeko aukera eskaintzen duena. Alde negatiboan, beste tresna batzuk eskaintzen dituzten aukera asko faltan botatzen dira, hala nola, gidak eta erregelak, kaxen neurria zehazteko aukera, svg-ak inportatzeko aukera… Hala eta guztiz ere, imajinazio pixkarekin arazo guzti horiei berehala eman genien buelta.
- Bestetik, tipografia eta erabiliko genituzkeen kolore konbinazioak esleitu beharra genuen. Tipografia aldetik, ez genituen aukera gehiegirik, izan ere, Googel Draw-k letra mota gutxi eskaintzen ditu eta gehienak nahiko tipikoak. Kolore konbinazioei dagokionez, ikasle bakoitzak bere kolore sorta proposatu zuen, batzuk oso originalak gainera. Azkenean, V. mendeurrenerako sortutako logoak zuen kolore konbinazioa oinarri bezala erabiltzea egokiena zela pentsatu genuen: beltza, zuria eta berdea. Hauekin batera, kolore laguntzaile bezala, Ordiziako Azokaren webgunean ere aurki daitekeen marroia aukeratu genuen (bai berdea baita marroia ere, sinbolismoz betetako koloreak direla pentsatu genuen). Color Scheme Designer tresna erabiliz, berde eta marroien kontraste handiko eskala kromatiko biak atera genituen.
- Jarraian, ikasleak hirunaka elkartu ziren eta talde bakoitzak ekoizle, produktu eta bezeroen balio tauletatik, grafikoak sortzeko ardura hartu zuen. Aurretik azaldutako irizpideen arabera, lerro-diagramak, sektore-diagramak, barra-diagramak… noiz erabiltzea komeni zen erabaki behar zuten eta ondoren, kalkulu orriarekin sortu. Grafiko hauek oinarrizko edizio bat behar zuten aukeratutako diseinuarekin koherenteak izan zitezen. Oso baliagarria suertatu zitzaigun, era berean, Google Docs-en aurkitutako txantiloi hau. Bertan diseinatuta zetozen elementu asko modu errazean berrerabiltzeko aukera eskaini zigun.
- Azkenik, bloke eta modulu desberdinen antolaketa izan zitekeenaren zirriborroa prestatzeari ekin genion. Antolaketa nolakoa izan zitekeen erabakitzeko prozesu ez zen batere erraza izan. Blokeatuta geundela, Oihanek zera proposatu zuen: Tagxedorekin egindako hitz lainoa (Ordiziako Azokako gunetik zurrupatutako hitzekin osatuko lainoa) izatea infografiaren bihotza. Hortxe genuen hiru blokeak erlazionatzeko modua! Beste behin, gelako arbel zuriaz baliatu ginen lehen zirriborroa pretatzeko:
Hemendik aurrerako guztia bakarrik etorri zen. Ordu dezente joan zaigu diseinua ematen baina azkenean esfortzuak merezi izan duela uste dugu. Infografia pasa den astean amaitu genuen, aurreikuspenetan zehaztu genuen amaiera-epea baina astebete beranduago. Tira, uste dut denbora tarte onargarria dela kontutan izanik, abenduko oporren aurreko azken egunetan espero ez genituen klase ordu dezente galdu genituela.
Sekuentzia burutzeak guztira sei asteko lana suposatu digu (oporrak kanpo), agian luzeegia, izan ere, azken bi asteak, batez ere, astun samarrak egin zaizkigu. Halere, egun hauetan egindakoa errepasatzen aritu gara, eta harrituta geratu gara guztiok pilatutako ezagutza eta esperientzia guztiekin.
Azpian daukazue infografiaren bereizmen baxuko kopia bat eta bere azpian, kalitate handiko pdf-a jaisteko botoia. Ea gustatzen zaizuen!
Amaitu aurretik, egun hauetan nire ikasleak lanean ari zirela atera dizkiedan argazkien bildumatxo batekin uzten zaituztet. Hementxe onartzen dizuet irakasle bezala oso harro sentitu naizela beraietaz,ikaragarri disfrutatu dut beraiekin lanean eta irakasle lanetan aritu naizen hamalau urte hauetan oso gutxitan sentitu naizela profesional bezala hain asetuta. Eskerrik asko ekipo! 😉