Aurreko batean aipatu nuen bezala, Curriculuma esku artean hartu bezain pronto nagikeria nagusitzen zaion horietako bat naiz ni. Hamabost urte daramat hezkuntzan eta, lotsa apur batekin bada ere, onartu behar dut ez naizela sekula jarri unitate didaktiko baten diseinua egiten. Zertarako bada? DBHn aritu naizenean beti izan ditut eskura Ikastolen Elkartetik “prefabrikatuta” etorri diren materialak. Ingurukoek ziotenaren arabera, hortxe neukan behar nuen guztia klaseak “emateko”. Zertarako konplikatu bizitza curriculumean datorrena ulertzen? Eta batxilergoan klase eman behar izan dudanean, handik eta hemendik kontsultatutako testu-liburuekin egindako entresakarekin, prest neuzkan irakasleok hainbeste apreziatzen ditugun apunteak.
Askotan esan dudan moduan nahiko frustrantea den errutina honetatik ihes egin nahi dut, nire garapen profesionala mugatzen duen testuinguru horretatik alde egin nahi dut. Nekatuta nago nire inguruan entzutez “ez garela konpetenteak” curriculumak zehazten dituen ardatz nagusien inguruan sekuentzia didaktikoak diseinatzeko. Horrelako planteamenduen aurrean errebelatzen naiz, bere garaian IKTen inplementazioan kanpotik zehaztuta zetozen irizipide askoren aurrean oso kritiko azaldu nintzen bezala. Bide berriak urratzeko gai sentitzen naiz eta, kontzientea izanda erronka berrietan hasteak bere arriskuak dituela, sinesten dut zerotik hasita bada ere, diseinatuz, planifikatuz, eginez, eta egindakoa ebaluatuz profesional hobeagoa izatea lortuko dudala.
Baina egun daukagun eskola egiturarekin (guztiz zatitua, bai eduki, denbora baita espazioan ere), onartu beharra dago ez dela erraza ohikotasunetik urruntzea, lan egiteko modu berriak erraztuko duten baldintza egokiak aurkitzea. Denboratxo bat pasa ondoren kontu hauei buelta batzuk ematen esperientzia berriak bizitzeko Aniztasun Curricularreko taldearekin lanean hastea aukera egokiena zela erabaki nuen. Curriculum ofizialaren inplementazioan “krak” egiten duten ikasle talde hauekin elkarlanean aritzea aukera bikaina zen bide berriak urratzeko, izan ere, hauekin eduki prefabrikatuek ezer gutxirako balio dute, ohiko material didaktikoak “fusilatzea” ezer gutxirako balio du. Dena egiteke nuen, beraz.
Irailaren lehenengo astean izan nintzen nire ikasle berriekin aurrez-aurre lehenengoz, zortzi neska eta mutiko bakarra. Ideia asko nituen buruan elkarrekin aurrera eramateko. Garbi neukan metodologia aktiboak bultzatuko nituela gelan eta honen oinarrian lanketa kooperatiboa egongo zela. Ez neukan oso garbi, ordea, nondik hasi. Amaiak, ikastolako orientatzaileak, talde-kohesioa sendotzeko jarduera batzuekin hasteko gomendatu zidan. Nire ikasle gehienak aspalditik ezagutzen ziren elkar baina niretzat guztiak ziren ikasle berriak. Beraz, lan-talde kooperatiboak (homogeneoak zein heterogeneoak) ondo aukeratzeko ezinbestekoa nuen elkar hobeto ezagutzearen aldeko jarduera batzuk diseinatzea.
Hasieran esan dudan bezala, lehenengo aldia zen zerotik jarduera sekuentzia baten diseinua egiten nuela, helburuak definitzen nituela, landutako konpetentzien deskribapena egiten nuela, elementu curricularrak zehazten (modu orokorrean behintzat) saiatzen nintzela. Horrela “Elkar Hobeto Ezagutzen” izeneko sekuentzia prestatu nuen.
Dagoeneko zazpi hilabete luze pasa dira hartatik. Beste hiru sekuentzia didaktiko berri prestatzeko aukera izan dut eta, eginez bakarrik ikasten dela kontutan izanik, baliteke gaur sekuentzia honetako jarduerak beste modu batera prestatu izana.
Edonola ere, kontentu geratu nintzen egindakoaz. Nire ikasleak hobeto ezagutzeko aukera bikaina izan zen baita beraiek ni ezagutzen joateko ere. Horrelakorik inoiz egin gabe nengoen (lan-taldeak diseinatzeko beharik ez dut inoiz eduki eta) baina uste dut ezinbestekoak direla kohesio jarduera hauek ikaskuntza kooperatiboa bultzatu nahi badugu behintzat.
Azpian daukzue lau jardueren deskribapen laburra:
1. JARDUERA: Ni eta gu, gu eta ni: izena, argazkia eta beste kontu batzuk
Lehenengo jarduera honetan taldekide bakoitzaren datu pertsonalak aurkeztea eskatzen zen, gero taldeko gunean bakoitzaren fitxa pertsonala osatzeko. Gainera taldearen identifikatzaile nagusia izango zen talde-izena aukeratzea eskatu nien. Agian hemen egon daiteke jardueraren alderdirik “berritzaileena”, izan ere, taldearen izena aukeratzeko ideia-jasaren teknika erabili genuen. Ariketarekin hasi aurretik txosten txiki bat banatu nien teknikaren oinarriak azalduz.
Jaitsi PDF dokumentua
Tira, onartu behar dut esperientzia ez zela oso aberatsa izan. Ikasleak ez daude ohituta horrelako tekniketara. Orain arte dena mamituta eman zaie, zer egin behar duten esan egin zaie; ez dute iniziatibarako aukera gehiegirik izan. Beraz, egun batetik bestera horrelako jardueretara egokitzea ez da gauza erraza.
2. JARDUERA: Nire gelakidea aurkezten
Bigarren jarduera honetan taldekide bakoitzaren inguruan informazioa lortzea zen helburu nagusiena. Baina norberak bere burua aurkeztu beharrean, bere kide batek egingo du lan hori. Horretarako bikoteka jarri nituen eta denbora tarte bat eman nien euren bikotekidearen inguruan informazioa biltzen joateko. Jaso beharreko informazioaren inguruan, erabil zezaketen galdera sorta labur bat eman nien gida moduan.
- Bere izen-abizenak, ez-izena, detaile bereziak aipagarriak izan daitezkeenak laguna hobeto ezagutzeko…
- Zeintzuk dira bere afizioak?
- Zer egiten du gelako orduetatik kanpo?
- Zeintzuk dira bere indarguneak eta ahuleziak?
- Zein ekarpen egin diezaieke gelako beste kideei?
Jarduera honetan informazioaren kalitatea baloratzea baino gehiago, honen komunikazioa ebaluatu nahi zen. Horretarako ikasleei ahozko komunikazioaren inguruko balorazio matrize hau pasa nien:
Jaitsi PDF dokumentua
Aurkezten guztiak sekuentziaren ataza izango zen bideo batean bildu genituen
3. JARDUERA: Zer dut ikaragarri gogoko?
Aurreko jardueraren ondoren, banekien zerbait gehiago nire ikasleen inguruan eta beraiek ere, aurretik ezagutzen ez zituzten euren gelakideen inguruko hainbat ezaugarrien berri ere izan zuten. Baina oraindik gauza gehiago ikasi nahi genituen.
Hainbeste urtetan klixe jakin baten menpe egon diren ikasle hauek jaberarazi nahi nituen eurak ere gai zirela gauza asko ondo egiteko. Horien berri ematea eskatu nien, bakoitzak dituen alderdi positiboen inguruan hausnarraraziz. Hemen ere denbora tarte bat eman nien euren aurkezpen pertsonala egiteko eta gida bezala, beste galdera zerrenda txiki bat ere pasa nien.
- Zer da nire jakin-mina pizten duena?
- Zeintzu arazo edo egoeren ditut gustuko?
- Zertaz dut gustuko ikertzea?
- Nola ikasten dut eta norekin?
- Noiz sentitu naiz harro zerbait ikasteaz?
- Noiz sentitu naiz gustura ikastolan? Kontatu esperientzia bat.
- Zer da zuretzat zailena eta errazena ikastolan zaudenean?
- Irakasle bezala zer 3 gauza egin ditzaket ikasketak atseginagoak egiteko?
- Zeintzu ekarpen iruditzen zaizu egin ditzakezula gelako beste kideei
Aurrekoan bezala, hemen ere bideoan grabatu nien aurkezpen guztiak eta balorazio matrize berberaren inguruko ebaluazioa egin nuen.
4. JARDUERA: Zer espero dut ikasturte honetaz?
Azken jarduera honetan nire ikasleen espektatibak ezagutu nahi nituen. Abentura berri honetatik zer jasotzea espero zuten jakin nahi nuen. Aurrekoetan bezala, jarduera honetan ere ikasleen hausnarketa bideratzeko galdera zerrenda bat eskaini nien:
- Zer espero dut ikasturte honetaz?
- Nola gustatuko litzaidake izatea nire ikastola?
- Zertaz gustatuko litzaidake ikastea?
- Zerk motibatzen nau?
- Zer egingo dut desanimatzen naizenean?
Hausnarketaren ondoren, ikasle bakoitzak bere asmo, nahi, ideia edo ilusioak hiru esalditan laburbildu behar zituen. Guztiak gelan daukagun azulejuz betetako paretan jaso genituen, halako “wallwisher” moduko bat sortuz.
Jarduera honen emaitzak ez ziren oso onak izan. Ekarpen gehienak topikoz josita egon ziren; gehienak “nota hobeagoak atera” edo “gai guztiak aprobatu” bezalakoak izan ere. Gaur errepikatuko banu jarduera ziur nago ikasleen ekarpenak beste mota batekoak izango zirela. Tira, erroreengandik ikasten omen da; hurrengorako beste modu batean planteatuko du jarduera hau.
Goran ipini dizuet taldearen argazkia. Bigarren eta hirugarren jardueretan jasotako ekarpenekin egindako bideoa ipintzen dizuet azpian.
Ni eta nire ikasleentzat esperientzia berria izan da hau. Sekulan ez dut horrelako jarduerarik burutu nire ikasleekin baina onartu beharrean nago talde-kooperatiboetan oinarritutako lanketa aurrera eraman nahi bada gelan, beharrezkoak direla horrelakoak. Oso esperientzia aberasgarria izan zen eta hobekuntzak non aplikatu behar ditudan ikasi ondoren, ziur nago ez dela azkeneko aldia izango horrelako jarduerak aurrera eramaten ditudala.
Azpian uzten dizuet sekuentziaren deskribapen osoa. Google Sites batetik zuzenean inprimatutako txostena da eta kalitatea nahiko kaxkarra da.
Jaitsi PDF dokumentua
Konpetentzia espezifikoetaz gain uste dut garrantzitsua dela sekuentziaren garapenean ikasleek jokoan jartzen dituzten konpetentzia eta azpikonpetentzia orokorren deskribapena egitea. Horretarako halako txantiloia sortu dugu ikastolan non bertan jarduera desberdinetan mobilizatzen diren azpikonpetentziak zehaztu daitezkeen.
Bideoa ikusi baduzue konturatuko zineten ikasleek taldearentzat aukeratutako izena Tin-Team izan zela. Egia esatea nahi baduzue, ez dakit zein izan zen izen hori jartzearen arrazoia, baliteke hitzak ahoskatzerakoan sortzen den doinua izatea edo nik ezagutzen ez dudan bestelako arrazoi ezkuturen bat egotea tartean. Kontua da hilabete hauetan izen honi esanahi bat bilatzen aritu naizela eta orain konturatu naiz taldeari ezin geniola izen hobeagorik ipini š