Konpetentzia digitala eta ikasleen formazioa

Baliabideak menperatzea baino, jarrerak aldatzea da

Ostegun arratsaldean, DBH2ko ikasle batzuekin “Ikasten ikasi” konpetentziaren inguruan saiotxo bat antolatu nuen. Ordu pare bateko iraupena izan duen saioaren hasiera etengabeko ikaskuntza eta konpetentzia digitalaren inguruan aritu ginen. Horretarako duela urte batzuk prestatutako aurkezpen hau berreskuratu nuen:

Hasierako ordu erdiko “txaparen” ondoren, ikasleek ezagutzen ez zituzten hainbat aplikazio aurkezteari heldu nion: Feedly eta TalkWalker (Scoop.it eta Evernote hurrengo baterako utzi nituen). Ikasleek espero ez nuen kuriositate eta jakinmina adierazi zuten ikastaroaen hasieratik bukaeraraino. Oso kontentu geratu nintzen ikasleengandik jaso nuen feedback-arekin.

Baina geroxeago, etxera bueltatu ondoren, horrelako ikastaro bat antolatzeak izan ditzakeen ondorioetan pentsatzen hasi nintzen:

  • Ondo egin dut nik erabiltzen ditudan tresnak ikasleei azaltzen?
  • Ez al da egokiagoa, tresnak baino, konpetentzia digitalaren ikaskuntza eta informazioaren dimentsioek etengabeko ikaskuntza prozesuan duten garrantziaz ikasleei azaltzea?
  • Aurrekoarekin lotuta, ez al da zentzuzkoagoa dagoeneko ikasleek erabiltzen dituzten baliabide digital eta aplikazioak (Sare Sozialak, YouTube, Instagram, Whatsapp…) dimentsio horiek garatzeko beharrezkoa den enfoke berri batekin erabiltzen laguntzea?
  • Zenbateraino laguntzen diet ikasleei euren informazio iturriak librekin aukeratu eta kudeatzen nik nire aplikazioen berri badiet?
  • Nik erabiltzen ditudan baliabideak erabiltzera bultzatzen baditut, ikasleei nire informazioa kudeatzeko modua trasnmititzen ari naiz eta seguraski nire informazio iturrien antzekoak kontsultatzera bultzatzen ditut. Zenbat denbora pasa beharko da beraien iturriak eta nireak antzekoak izan arte?
  • Ikasleen pentsamendu dibergente eta kritikoa landu eta garatu nahi badut, ikasleek informazioaren kudeaketa askatasunez eta autonomiaz kudeatzeko gai izatea nahi badut, zenbaterainoko mesedea egiten diet guztiok erabiltzen ditugun tresna berdinak erabiltzen erakutsita?
  • Zenbateraino “pertsonala” izango da euren ikaskuntza prozesua?

Enpin, nire ikasleek erakutsi zidaten jarrerarekin pozez zoratzen egon beharrean ni berriro nabil PLE famosoaren inguruko kezka eta paranoiekin. Konpetentzia digitalaren garapenean uste dut bitartekoak baino, askoz ere baliagarriagoak eta garratzitsuagoak direla prozedurak eta jarrerak (batez ere, azken hauek) baliabide eta bitartekoak baino. Eta hori irakasleok jasotzen dugun formazio eredura ere zabalduko nuke.

Beste baterako agian, osteguneko saioaren enfokea eta antolaketa aldatu beharko nuke.

Baliabideak

Ikasten ikasteari buruz

Une honetan ez dut gogoratzen zehazki non izan zen baina nonbait irakurri nuen (uste dut Benitoren Atoanen izan zela, baina ez nago ziur) markatzen duen mezu sakon horietako bat. Ez naiz oroitzen zehatz-mehatz esaldiaz baina gutxi gorabehera horrelako zerbait esaten zuen:

Asko kostatzen zaie irakasleei onartzea ikasleek ez dutela eurek irakasten dietenetik ikasten. Baina askoz ere gehiago kostatzen zaie onartzea ikasleak euren laguntzarik gabe ikasteko gai direla.

Barruraino sartu zitzaidan mezu horrek transmititzen zuena, izan ere, nire ingurune profesionalean gertutik bizi dudan zerbait islatzen du. Esaldi horrek bete-betean egiten du topo, irakaskuntzara dedikatzen garenok, gure ikaskuntza prozesua ulertzeko dugun moduarekin. Gure formazioaz hitz egiten dugunean, irakasleok ez dugu ulertzen instrukziorik gabeko formaziorik, gu baino gehiago dakien aditu baten gidaritzarik gabe. Are gutxiago ulertzen da, berdinen arteko ikaskuntza (ikasleek naturaltasunez egiten duten zerbait, bestalde) eta utopiatzat hartzen da autoformazioaren kontua (“horretarako denbora asko behar da” adierazten dute batzuk, konturatu gabe, ikasleek eurek erabiltzen dituzten aitzakiak erabiltzen dituztela euren konpromiso falta estaltzeko). Irakasleok irakaskuntza menpekotasunetik ulertzen dugu, ikasleek askatasuna eta autonomiaren alderditik ulertzen duten bitartean. Deigarria.

Ideia hauek etorri zaizkit burura, azpiko bideoa ikusi ondoren. Apirilaren 4eko “Para Todos La 2” izeneko programa, “Ikasten ikastea” aukeratu zuten tertuliarako gai bezala eta bertan parte hartzera Ana Basterra gonbidatu zuten. Bideoa guztiz gomendagarria iruditu zait, batez ere, egun eskolak duen arazo potolo baten inguruan hausnartzeko: ikaste prozesua ulertzeko hain desberdinak diren bi ikuspegi horien artean ematen den gatazka.

Hemen bideoa:

Berdinen arteko ikaskuntzan sinesten ez dutenek (ikas-komunitateak edo erdaraz “comunidades de practica”) edota autoformazioa utopiatzat hartzen dutenek horretarako denborarik ez dagoelako, nekez lagunduko diete ikasleei euren kabuz ikasten ikasteko bidea.

Leioako Berritzeguneak antolatutako topaketetan

Duela hilabete batzuk, Ana Basterrak Leioako Berritzegune Nagusiak antolatzen dituen topaketetan parte hartzeko gonbitea luzatu zidan. Gela barruan teknologia nola erabiltzen dudan azaltzea animatuko ote nintzen galdetu zidan. Hain ohiko bihurtu diren hezkuntza sarao antzuekin alderatuta, hitzalditxo hau benetan praktikoa izan zitekeela pentsatu nuen; niretzat, orain arte teknologiarekin izan dudan harremanaren inguruan hausnartzeko baliagarria izan zitekeelako, eta bide batez, nire esperientzia pertsonala paradigmatikoa izan zitekeelako beste irakasle batzuentzat eta, agian, hauengan ere hausnarketa eragin zezakeelako. Horrela, Anari otsailaren 7an Leioan izango nintzela agindu nion.

Bi orduko hitzaldiak luzeak izaten dira, astunak gehienetan. Beldur nintzen entzuleak nire bizipen pertsonalekin ez ote nituen aspertuko. Ez dakit hala izan zen, ni behintzat horrela ez izaten ahalegindu nintzen 😉 Azpian daukazue atzo erabilitako aurkezpena:

Ni gustura bukatu nuen atzoko esperientziatik. Nire xedea hitzaldira etorriko ziren irakasleei ilusio pixka bat transmititzea izan zen, besterik ez. Nire ikastolan bigarren hezkuntzako irakasle gehienak triste ikusten ditut, batzuk nazkatuta ere. Zaila egiten zait beraiena gerturatzea eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela adieraztea, euren egoera hori aldatzearen ardura ez dela bakarrik ikasle edo gurasoena, gu garela aldaketaren gakoa. Eta aldaketa horrek eragin zuzena norbaitengan badu, hori gugan dela, gure satisfazio eta asebetetze pertsonal eta profesionalean. Etxean hainbeste kostatzen zaidana, topaketetara agertu ziren irakasleei transmititzen ahalegindu nien. Ez dakit lortu ote nuen.

Eskerrak eman nahi diet Ana, Pilar eta Berritzeguneko gainontzeko lagunei, eskainitako harrera goxoarengatik. Eskerrak ere hitzaldira agertu ziren irakasle guztiei baina bereziki Gorka Azkarateri, atzo Twitterren utzitako hitz politengatik.

Irakasle batek jaso dezakeen errekonozimendu politenetako bat izan zen zurea, Gorka.

Irakasleon garapen profesionala: Perrenoud-en orientabide batzuk

Onartu behar dut oso gustukoa dudala Philipe Perrenoud. Bere ekarpenak puntualki, ale soltetan, jasotzen joan naiz handik eta hemendik. Eskolak gizarte moderno honetan dituen erronkei buruz duen iritzia, ikasle nahiz irakasle konpetentea izatearen inguruan duen ikuspegia, irakasleon garapen profesionalari buruz dituen planteamenduak… oso interesgarriak iruditu zaizkit beti.

Kuriositatea nuen bere ekarpenetan sakontzeko. Udaberrian bere azken liburua erosi nuen (“Cuando la escuela pretende preparar para la vida: ¿Desarrollar competencias o enseñar otros saberes?”) eta udan irakurri nuen. Oso liburu interesgarria iruditu zitzaidan, planteamendu berritzailez josita, nahiz eta hainbat unetan etsipen puntu bat ere somatu (bere planteamenduak errealitate utopiko batean oinarritzen direla onartzen du liburuaren hasieran). Utopia horiek errealitate bihurtzea ere bada, neurri batean, hezkuntza munduan ardurak ditugunon zeregina, ala?

Perrenouden liburuaren aipamena ekarri dut hona, izan ere, gaur Jose Cuervaren Tumblr-ean, irakasleon garapen profesionalaren inguruan bere ekarpenak jasotzen dituen aurkezpen interesgarri hau aurkitu baitut:

Aurkezpenaren zati interesgarrienak bi iruditu zaizkit:

  • 1.8 azpiatalean (12. fitxa) egungo eskolan, irakasle moderno batek izan beharko lituzkeen konpetentzien zerrenda ematen du. Gai hauetan interesa duzuenok, baliteke hamar konpetentzia hauen berri aurretik izatea, izan ere, sarean zehar aspalditik dabiltza bueltaka. Nik neuk ere aspaldi zabaldu nituen, Elena Canok proposatzen dituen zazpi konpetentziekin batera. Hementxe Perrenouden proposamena:
    1. Organizar y animar situaciones de aprendizaje
    2. Gestionar la progresión de los aprendizajes
    3. Elaborar y hacer evolucionar dispositivos de diferenciación
    4. Implicar a los alumnos en sus aprendizajes de trabajo
    5. Trabajar en equipo
    6. Participar en la gestión de la escuela
    7. Informar e implicar a los padres
    8. Utilizar las nuevas tecnologías
    9. Afrontar los deberes y dilemas éticos de la profesión
    10. Organizar la propia formación continua

    EGUNERAKETA (2013-01-20):Azpian uzten dizuet goiko hamar konpetentzia horien inguruan xehetasun gehiago jasotzen dituen taula bat. Interesgarria iruditu zait Perrenouden proposamena hobeto ulertzeko:

    Competencias de Phillip Perrenoud by Ruben Lopez Pazos

  • Laugarren atala ere, “¿Cómo hacer para desarrollar competencias profesionales a lo largo de la vida?” izenburua duena, oso interesgarria iruditu zait. 30. eta 31. fitxekin oso identifikatua sentitu naiz. Hor agertzen diren hainbat planteamendu bultzatu nahian ibili ginen baina emaitza ez zen izan bilatu nahi izan genuena.

Irakasleon garapen profesionalaren inguruan baditut notatxo batzuk jasota nire beste blogan. Gaia interesatzen bazaizua, hementxe topatuko dituzue ekarpen interesgarri gehiago.

Irakaskuntza, langabezia eta sormena

Jaso berri dut nire postontzian Javier Martinez Aldanondoren “La vida es una sucesión de cubos de rubik” izenburuko azkeneko newsletter-a (OHARRA: webean argitaratutako artikulua eta posta elektronikora bidalitakoa ez dira oso-osorik berdinak) Oraingo honetan langabezia eta honek ezagutzaren kudeaketarekin duen harremanaren inguruan dihardu. Beti bezala gauza interesgarri asko aipatzen ditu bere ohiko mezu luze honetan. Laburtzearren, batetik langile bat langabezian geratzea, honek egoera berrietara egokitzeko, ezagutza beharrak modu autonomoan kudeatzeko duen gabeziarekin erlazionatuta dagoela aipatzen du. Bestetik, gazteek lan mundura lehendabizikoz sartzerakoan dituzten trabak eta hauen jatorriaren inguruan hausnartzen du. Azken kasu honetan “jakitearen” eta “egiten jakitearen” artean dagoen desberdintasuna aipatzen du arrazoi nagusi bezala, alegia, eskolak eta unibertsitateak ez dituzte gazteak ondo prestatzen gaur egungo lan-munduak dituen eskakizunetara.

Norberak egin dezala Martinez Aldanondoren idatziaren balorazioa. Niri atentzioa deitu didana da langabezian geratzeko ikusten dituen bi argumentazio horiek irakaskuntzan ez dutela inongo justifikziorik. Alegia, irakaskuntzari lotutako lan esparruaren baldintzak enpresen errealitatetik urrun dago eta kezkatzen nauena da ea hor ote dagoen irakaskuntzaren berrikuntza faltaren gako nagusienetako bat. Ea esplikatzen naizen hobeto.

Berak aipatzen duen bigarren egoera (gazteak lan-mundura sartzeko dituzten trabak) irakaskuntzan ez da arazo. Gurean, irakasle izan nahi duen gazte batek duen trabarik handiena denboarena da. Daukan akreditazio ofizialetik harago (bakoitzak ikusi dezala zenbateko balioa ematen dion horri), dakiena edo egiten dakienak ez du aparteko baliorik. Gurean zerbaitek balioa badauka hori pazientzia da. Izan ere, gazte batek badaki irakasle zerrenda ofizialetan izena ematen duenetik lan baldintza duinak izan arte denbora asko pasa beharko dela. Denbora tarte hori nola edo hala igarotzeko aukera badauka, irakasle izatea ez da arazoa izango.

Bitarte horretan, ez zaizkio dakienaren inguruko egiaztapenik eskatuko (oposaketak gainditzea da froga bakarra eta horri normalean irakasle lanetan urte dezente pasa ondoren etortzen da) Zorte pixka batekin, ikasle zeneko eskola ereduarekin jarraitzearekin nahikoa izango du, testu-liburu baten laguntzaz eta tarteka-tarteka froga idatziak pasatuz. Erraz uler daiteke goi-mailako ikasketak bukatu berri dituen gazte orok arazorik gabe burutu dezakeela zeregin hori. Dakiena garrantzia gehiegirik ez badu, are gutxiago eskatuko zaio egiten dakiena demostratzeko. Hobe gainera, gehiengo batek jarraitzen duen errutina berarekin jarraitzen badu berak ere. Eta autonomiaz jokatzen badu, egiten dakiena praktikan ipini nahi badu, ojo! Hori guztia zentralizatuta doa, administrazioak (gure ugazabak) erabakiko du zeintzu berrikuntza ezarri beharko dituen bere lanean baita horiek aurrera eramateko izango dituen baliabide eta bitarteko guztiak. Testuinguru honetan, Aldanondok aipatzen duen ezagutzaren kudeaketa, formazio ordu ofizialetatik baina haratago ez da heltzen. Eta formazio honen emankortasuna baloratzea, ikasitakoarekin zer egiteko gai izan garen, administrazioak oraindik ez du erabaki nola egin. Beraz, etorkizunerako inbertsio hau ezerezean geratzen bada, ez harritu.

Aldanondok aipatzen duen lehen planteamenduari buruz, bestalde, gurean oso garbi dago: edo irakasle zara edo ez zara, punto. Langabeziak ez dauka zentzurik, ez behintzat behartutako langabeziarik (beste kontu bat da, eskainitako lan bati uko egiteagatik egotea langabezian). Une honetan bizitzen ari garen krisi garai gogorra pasatuta ere soldatak izoztuko dira (jaitsi ere egingo dira, baliteke), oposaketak bertan behera utziko dira lan egonkortasuna izatea zailagoa bihurtuz… edozer egingo da langileak langabezian utzi baino lehen. Halako kataklismo bat ez bada gertatzen (Grezian izandakoaren antzera) irakasleok gure lanpostua galtzeko arriskurik ez daukagu. Eta halakorik gertatuko balitz, ziur nago lanik gabe geratzeko arrazoi nagusiena ez zirela izango Aldanondok ematen dituen argumentuak. Aintzinatasuna, liberazio sindikalak, bestelako karguak… bezalako arrazoiak guztien gainetik egongo liratekeela ziur nago.

Jarraitu aurretik argitu nahiko nuke aurreko planteamenduak sare publikoa eta kontzertatuan erabat berdinak ez badira ere, “a grosso modo” bat datoz kasu gehienetan. Ikastoletan eta ezagutzen ditudan bestelako eskola kontzertatuetan irizpideak arlo honetan ez dira oso desberdinak.

Asko sinplifikatuta, Martinez Aldanondok esaten duena da langabezian egotea egoera berrien aurrean arrakastatsu ateratzeko izan dezakegun gaitasun faltarekin lotuta dagoela. Eta nik, planteamendu horri buelta eman, eta gurera ekarriz, zera planteatzen dut: irakaskuntzan daukagun lanaren egonkortasuna ez al da eskolak ezagutzaren gizarte berrira egokitzeko daukan gaitasun faltaren eragileetako bat?

Bere posta bitarteko mezuan horrela amaitzen du (webguneko bertsioan ez da agertzen):

En otras ocasiones he insistido en que podemos considerar a una persona inteligente cuando saca partido de lo que sabe e incorpora lo que no sabe. La innovación empieza por uno mismo. No puedes vivir del pasado. Si no innovas en tu conocimiento, si te conformas con lo que sabes, rápidamente te estancas, silenciosamente te empiezas a depreciar hasta que caducas. Por eso es importante invertir tiempo y esfuerzo en aprender, en crear y generar nuevo conocimiento antes de que el tuyo ya no valga nada.

Ezagutzaren berrikuntzarik gabe, zeregin profesionalean estankatuta, goi-mailako ikasketetatik ikasita dakargunarekin ibilbide profesional osorako nahikoa dela pentsatuta, ohikotasunean ezarrita… gure lan-baldintzetan eraginik ez badu, nola demontre garatuko dira konpromisoa eta inplikazioa langileen artean, nola bultzatuko dira jarrera proaktiboak, nola ekarri eta zabalduko dugu sorkuntza eta berrikuntza klima bat gure lanbidera? Irakasleok kexu izaten gara askotan ikasleak motibazio intrintsekorik gabe datozela eskolara eta horregatik, bestelako neurriekin bilatu behar izaten dugula motibazio hori (motibazio estrintsekoa, alegia). Ikasleekin gertatzen den bezala, badira motibazio intrintsekoarekin lanera datozen irakasle asko, eta ez bat edo bi. Interneten gertatutako eztanda sozialaren ondoren, batzuk motibazio hori hezkuntza sistematik kanpo aurkitu dute. Eta motibatuak ez daudenekin, Aldanondok aipatzen duen moduan, garai berrietara egokitzeko nahia/gogoa/gaitasuna ez dutenekin, ba al dago motibazio estrintsekoa bilatzeko aukerarik? Lan-baldintzak zer esaqn izan dezakete kontu honetan? Hortxe uzten dut.

Amaitzeko hausnarketarako kontutxo bat botatzen dut. Izpiritu berritzaile eta sortzaileaz ari garela, aurrekoan pertsona sortzaileen hamabi ezaugarri deskribatzen dituen artikulu bat irakurri nuen. Nire familian, nire ikastolan eta beste zentroetan lan egiten duten irakasle lagunen zerrenda egin nuen. Banan-bana joan nintzen, gainetik bada ere, aurreko zerrendan agertzen diren ezaugarrien arabera aztertzen. Ondorioa? Ba horien arabera ez dira asko irakasle sortzaile bezala kontsideratu ditzakedanak. Baina kezkarekin geratu naiz, horietako batzuk, beste lanbideren batean arituta ez ote lirateke askoz ere sortzaileagoak izango orain direnak baino.