Kåre Kullerud-en flash modulo gehiago euskaraz.

Kåre Kullerud-en flash modulo gehiago euskaraz. Orain arte guztira 7 modulo itzuli eta zintzilikatu ditugu. Hauexek dira:

1) Lurrikarak, 2) Magmatismoa eta arroka magmatikoak, 3) Atomoak, isotopoak eta erradioaktibitatea, 4) Mendien sorrera, 5) Plaken tektonika, 6) Adin absolutuaren zehaztapena eta 7) Lurraren barrualdea

Beste pare batean lanean ari gara. Modulo berriak euskaratzen ditugun heinean jakinaraziko dugu.

Helbidea hurrengoa da : http://www.ig.uit.no/webgeology/

KoroIrastorza.com: historiako baliabideak euskaraz

Aspalditik zor genion gure lankidea den Korori bidalketa bat gure blog honetan. IKTak erabiltzen eskarmentu handia duen irakaslea da Koro. Saltsa hauetan hasi nintzeneko lehen urteak ditut gogoan; garai hartarako erraztasunez moldatzen zen bere iBook berde dotorearekin. Ordutik hona, beti ibili da IKTen inguruan; gustukoak ditu eta antzematen zaio. Dinamizatzaile lanetan gabiltzanok beti ibiltzen gara teknofilia adierazten duten irakasleak identifikatzen eta Koro hauetako bat da, zalantzarik gabe

Historia, psikologia eta ekonomia dira bere gaiak. Ezagutzen dugunok, jakin, bagenekien material ugaria sortua zuela gai hauek gelan jorratzeko baina aurten sorpresa handi bat eman digu eta berak erabiltzen dituen eduki guztiak sarean ipintzea erabaki du. KoroIrastorza.com da bere webgunea eta bertan topatuko dituzue aurrean esandako hiru gai horien inguruko baliabide ugari.

Espainia eta Euskal Herriko Historia Garaikidea” gaiari buruzko programazioa, helburuak, edukiak, Powerpoint aurkezpenak, dokumentalak, testuak, argazkiak… mota guztietako baliabideak topa ditzakezue. Gaia gehiegi menperatzen ez dudan arren, deigarria iruditu zait bertan ipini dituen baliabideen zerrenda luzea. Gehienak euskaraz eta hauetako asko Korok berak sortu eta denon eskura ipini dituenak. Beste mordo bat sarean zehar topatu dituenak eta bere webgunean antolatu dituenak, modu errazean eskuratu ahal izateko. Bilduma itzela, dudarik gabe

Gauza bera egin du “Psikologia” eta “Ekonomia eta Enpresa” gaiekin ere berdin jokatu du . Benetan, baliabide zerrenda handia ipini duena Korok denon eskura

Partekatu duen baliabide kopuruari erreparatzen badiogu, garbi dago ordu asko daudela horien guztien atzean. Bere lana zuetako norbaitentzat baliagarria suertatuko balitz ziur nago sekulako satisfakzioa suposatuko liokeela. Azken finean, ez al da hori bizi nahiko genituzkeenak ondo egindako lanaren truke? Hain bixigarri gutxi eskaintzen digun lanbide honetan, gure lankideen errekonozimendua jasotzea da geratzen zaigun bakarra.

Kororen webgunea bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Edozein galdera, kezka edo kontsulta duzuela jar zaitezte berarekin harremanetan, bere webgunean aurkituko duzuen e-posta helbidean. Asko poztuko dela ziur nago

DAVID HARRISONen Flash animazioak euskaraz

davidharrison

David Harrison, Kanadako Toronto Unibertsitateko Fisika Fakultateko irakaslea da. Fisikako atal desberdineko (Kaos, Mekanika Kuantikoa, Erlatibitatea, Mekanika Klasikoa…etab) hainbat flash animazio ditu (90 inguru). Batzuk goi mailakoak dira, baina gehienak DBHn edo Batxilergoan erabiltzeko modukoak dira.

Flash horiek gaztelerara eta katalanera itzuliak zeuden (Universidad Peruana de Ciencias Aplicadas-eko Fisika Departamentuko Yuri Milachay-Vicente-k eta Alacanteko Unibertsitateko Fisica Aplicada Departamentuko Albert Gras-Martí-k gaztelerara eta Albert Grass-Martí-k katalanera).

Orain euskaraz ere aurki daitezke. Helbidea hurrengoa da http://ticat.ua.es/David-Harrison/

Oharra : URL helbideari azken testua kentzen badiozue (adib: helbidea http://ticat.ua.es/David-Harrison/euskara/Chaos/LogisticMap/LogisticMap.html bada, /LogisticMap.html kendu) zerbitzariko direktoriora sartuko zarete eta flash artxiboa (swf estentsioa duena) eskuratzeko aukera izango duzue, gero modu lokalean edo Internet loturarik gabe lana egin hala izateko.

DBH eta Batxilergorako hainbat material eta informazio interesgarri eskuratzeko aukera erraza. Manuel Sada-ren ataria.

Interneten saltseatzen nafarroako irakaslea den Manuel Sadaren atariarekin egin dut topo. Marrazketarako, Fisikarako edota Matematikarako oso baliogarria den ataria iruditzen zait eta, gainera, kalitate handikoa.
Gehienak Geogebra aplikazioarekin eginiko applet-ak dira. « Recursos informáticos y audiovisuales para el aula de Matemáticas” atalean sartuta hainbat baliabide ditu (webquest, powerpoint aurkezpenak, Cabri-rekin eginiko applet-ak, Excel-ekin estatistika…etab), oso modu argi batean sailkaturik. Atal hori euskaratuta dago.

Azkenik, atari guztia deskargatzeko aukera ematen du, modu lokalean edo Internet loturarik gabe lana egin ahal izateko.

Helbidea hebidea hau da: http://recursos.pnte.cfnavarra.es/~msadaall/geogebra/index.htm

Ataria bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Ez zarete damutuko!

Eskerrik asko Olentzero!

Abenduaren amaieran, Olentzerori idatzi nion gutunean, gai nagusi bezala sukaldaritza duten blogak eskatu nizkion, blog asko, nire agregatzailean espreski sukaldaritzako blogetarako irekita nuen karpetatxoa euskaraz idatzitako jarioz betetzeko. Hilabete eskas bat pasa da eta hara non topatu dudan Mokofin bloga. A ze poza!!! Eskerrik asko Olentzero!!!

Blogaren atzean ondo jatea gustatzen zaien hirukote bat omen dago. Nortzuk diren ez du inondik inora azaltzen baina susmoa daukat gertuko jendea izan beharra daukala; ezagunak izango ote dira?. Orain arte hiru artikulu besterik ez dituzte idatzi, euskara oso txukunean; gustura irakurri ditut hiruak. Lehen inpresioa, beraz, ona, gustatu zait. Dagoeneko nire agregatzailera joan da zuzenean bere jarioa. Gertutik jarraituko ditut euren ekarpenak!