Testuliburuen zama

Milgram esperimentua Stanley Milgram psikologoak burutu zuen 1963 urtean, diziplina eta obedientzia mekanismoak aztertzeko. Bertan, aurrez aukeratutako lagun batzuei irakasle rola egin eta ezkutuko ikasle bati galderak egin behar zizkioten eta gaizki erantzunez gero, deskarga elektriko bat eragin, gero eta handiagoa, harik eta zuzen erantzun arte. Ikaslea esperimentatzailearekin ados jarrita zegoen aurretik erantzunak gaizki emateko eta deskarga elektrikoak ez zituen benetan jasotzen. Erantzunak gaizki ematearekin batera, deskargak eragitean, oinazea adierazten zuten gezurrezko garrasiak entzuten zituen irakasleak. Garrasiak gero eta latzagoak izan arren, ikertzaileak gero eta deskarga handiagoak egiteko adierazten zion irakasleari. Aurretiko hipotesi moduan, irakasle gehienek gizalegez ikertzailearen aginduak ukatu eta deskargak bertan behera utziko zituztela uste bazen ere, portzentaje altu batek ustezko deskarga biziak eta mingarriak egiten jarraitu zuen, obedientziaren indarra agerian utziz.

Jarraian, esperimentuaren bideo bat:

Antzeko esperimentu bat burutu zen 2009an egungo telebistak duen boterea aztertzeko eta pertsonak noraino iristeko gai garen, guretzat nahikoa botere duen pertsona baten aginduak betetzerako orduan. Horra hor “Heriotzaren jokoa” dokumentalaren bideoa.

Eta honek hezkuntzarekin eta testuliburuekin zer lotura du?

Milgram-ek eginiko esperimentutik honako ondorioa atera zuen: “Gizabanakoa, ustezko botere irudia duen pertsona batek aginduak emanez gero, izugarrizko ankerkeriak burutzeko gai da“.

Bada, hezkuntzan dihardugunok ere ustezko “autoritatea” duten aditu batzuekiko obedientzia itsua erakusten dugu eta proposatzen digutena gure ikasleen garapenerako eta etorkizunerako kaltegarria izan daitekeela jakin arren, hortxe segitzen dugu men egiten esaneko ardi baten gisan. Testuliburuen inguruko kritikaren bat egiten ausartzen denak gisa honetako erantzunak maiz entzun behar izaten du: “nor zara zu aditu horien lana zalantzan jartzeko?”, “testuliburu horien atzean eskarmentu handiko pertsonen lan eskerga dago eta oso ondo planifikatuta daude”, “guretzat ezinezkoa da kalitate bertsuko proposamenak ekoiztea”… Egoera horietan, arestian ikusitako esperimentuetan gertatzen den bezala, irakasleok isildu egiten gara eta “autoritateak” esandakoa betetzera mugatzen gara.

Baina testuliburuetan oinarritutako eredua ikasleentzat kaltegarria izan ez ezik, irakasleontzat eta, oro har, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuarentzat oso kaltegarria da.

Aiora Iturmendik artikulu honetan oso ondo adierazten duen bezala, testuliburuetan oinarritutako ereduek egundoko kaltea sortarazten dute hezkuntzaren esparru ezberdinetan.

Euskal Herriko ikastetxe gehienetan eta irakasgai gehienetan testuliburuek dute nagusitasuna, ikaste-irakaste prozesuan gehien erabiltzen den baliabide pedagogikoa da, horrek dakartzan ondorio negatibo guztiekin. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu testuliburu bat argitaratzeko, saltzeko edo irakaskuntzan erabiltzeko, administrazioaren baimena behar dela. Alegia, filtroa pasatu beharra dago, subjektiboa den eta talde politiko hegemonikoek jarri duten filtroa. Beraz, testuliburuak tresna politiko gisa ulertu behar ditugu, horien erabilerarekin ezagutza eta balio jakin batzuk ezagutza arrunt eta unibertsal bezala planteatu eta irakasten baitira. Edukien aukeraketak, adierazteko erak, kalitateak eta esanahiak izaki baten mundu-ikuskeran eragina duten faktoreak dira; faktore horiek mugatuko dute izaki horren mundua, hau da, nola ikusiko eta nola sentituko duen errealitate hori. Testuliburuetan eduki batzuk agertuz eta beste batzuk aipatu gabe utziz, ideologia transmititzen da; iragana ezagutzen da, orainaldi «bat» komunikatzen da eta etorkizunerako esperantza eraikitzen. Eta, horretarako, beste errealitateak desitxuratu behar dira hainbat estrategia baliatuz.

(…)Euskal Herrian, hezkuntza euskaldun eta askatzailea praktikan gauzatzeko helburuaz, esperientzia pedagogiko aberatsak garatu dira, baina kapital pedagogiko hori kinka larrian dago. Denboraren eta, gehienbat, inertziaren poderioz, aipatu esperientzia horiek guztiak zimelduz joan dira, euskal pedagogi jarduera pobretzen joan da, hezkuntza prozesu osoa testuliburu bakar bat lantzera murriztuz. Baina irakasleriaren aldetik izandako utzikeria izan dela esan al daiteke? Izan ere, langileriaren lana kontrolatzeko era erraza da testuliburuak erabiltzea. Testuliburuak eredu estandar batera egokitzen diren neurrian, ikasleen lan-prozedurak estandarizatzeaz gain, irakasleen lan-prozedurak ere estandarizatzen dira. Horrek guztiak dakarren deskualifikazio profesional eta laborala aipatzea ahaztu gabe. Testuliburuen erabilpen nagusiak langileria espezializatuaren beharrizana gutxitzen du: ikasgeletan irakasleak irakasten du testuan datorrena. Espezializazio handiagorik ez da behar lan hori burutzeko. Beraz, argi geratzen da testuliburuen gehiegizko erabilerak irakasleengan sortzen dituen kalteak.

txanela_testuliburuak

Immobilismo didaktikoa agerian uzteko, hezkuntza munduan oso ohikoa den esaera bat entzuten da maiz: “XIX. mendeko metodologiak erabiliz, XX. mendeko irakasleak ari dira XXI. mendeko ikasleak irakasten”. Oro har, oso gutxi aldatu dira testuingurua, protagonisten eginkizunak eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesua. Hitz egiten duen irakaslearekin eta entzuten duen ikasleekin segitzen dugu; arbela, aurrera begira jarritako ikasleen mahaiak, “ireki ezazue liburua 26. orrialdean” dioen irakaslearen agindua eta men egiten duten ikasleak nagusi dira oraindik ere. Jakina, koloredun marrazkiz beteriko eta prozesuaren erdigunea hartzen duten liburu dotore horiek zerikusirik ez dute ikasleen errealitatearekin eta harresi iraganezina bilakatzen dira ikasle eta irakasleen artean edo, beste era batean esanda, ikasleen eta gizartearen errealitatearen artean.

gela

Hortxe dugu berriro, “egia” erakusten duen, ikasturte jakin batean ikasi beharrekoa agintzen duen eta garrantzitsua dena bereizten duen liburu orojakilea.

Egia da, kasu gehienetan, testuliburuak jarraitzen du gelen denborak markatzen eta irakasle askoren babeslekua bilakatu dira. Egungo elite ekonomiko-politikoei eta Wert Ministroari, “esfortzuaren kulturaren” izenean, horrenbeste gustatzen zaizkien ikasle pasibo eta akritikoen harrobi bikaina, zalantzarik gabe.

Dena den, gustatu ala ez gustatu, gizartea aldatu da eta, batez ere, ezagutzara iristeko era. Orain dela 15-20 urtekoarekin alderatuz, ezagutzak eskuratzeko, zabaltzeko, partekatzeko, argitaratzeko… erak goitik behera aldatu diren arren, eskolak burbuila analogikoa izaten jarraitzen du. Eskola 2.0, arbela digitalak, ordenagailuak ikasle bakoitzarentzat… bezalako ekimenak edo baliabideak eskoletara iristen ari diren arren, funtsean, lehenago egiten zutenaren berdina egiten jarraitzen dute.

Teknologiaren presentzia nonahikoa da gazteen artean eta presentzia hori adin eta esparru gehiagotara erritmo zorabiagarrian hedatzen ari da. Baina zer gertatzen da gazte horiek eskolan sartzen direnean? Norabide bakarreko ezagutzaren edukiontziak diren testu liburuak ireki behar izaten dituzte eta “oso garrantzitsuak” diren definizioak, datuak eta abar buruz ikasi beharko dituzte egun batzuk geroago egingo zaien kontrolean edo azterketan “oka egiteko”.

Zer gertatzen ari da? Lehendabizi, ia beti bezala, hezkuntzan dihardugun profesionalon iritziak eta ikas inguruneak aintzat hartu gabe, politikoek erreforma despotikoak aurrera eramaten dituztela. LOMCE legea horren adibide paregabea da. Gizarte eredu baztertzaile eta klasista indartu eta hotsandiko zifrak prestatzea hurrengo hauteskunde “merkatuan” aurkezteko da garrantzia duen bakarra.

Baina hori ez da guztia. Ikastetxeen eta errealitatearen artean dagoen deskonexioa ere azpimarragarria da. Kasualitatez, egungo gazteek deskonektatuta pasatzen duten denboraren zatirik handiena eskolan pasatzen dute, nahiz eta Internetek hezkuntzarako eskaintzen dituen aukerak izugarriak izan. Zenbat ikastetxek baztertu dituzte antzinako testuliburuak eta teknologietan, partaidetzan eta benetako proiektuen ekoizpenean oinarritutako hezkuntza baten aldeko apustua egin dute?

Bestalde, oraindik ere, hezkuntza mundua aurreiritziz beteriko mundua da non teknologia distrazio bide bezala identifikatzen den eta ez hezkuntza bide gisa. Hori guztia osatzeko, argitaletxeen interes ekonomikoa batzen da. Azken hauek, era batean edo bestean, ikastetxeak eta irakasleak testuliburuen erabileraren onuraz konbentzitzen saiatzen dira. Ikastetxe publikoei ematen dizkieten “pizgarriak” eta hitzartutako ikastetxe gehienetan ematen den derrigorrezkotasuna aspalditik aski ezagunak eta onartuak dira.

liburuak_behar

Nolanahi ere, immobilismoa ez da agerian gelditzen testuliburuetan oinarritutako ereduetan soilik. Hamaika adibide dugu non irakasleek testu liburuak kendu dituzten eta beste baliabideak (digitalak zein analogikoak) erabiltzen hasi diren, lehenago egiten zituzten gauzak errepikatzeko. Zalantzarik gabe, testuliburu digitalak dira argitaletxeek orain ezarri nahi dituztenak negozio ereduari eusteko eta “berrikuntza” hitz magikoaren izenean betikoarekin jarraitzeko. Okerrena, hezkuntza arduradun eta irakasle askok hori sinesten dutela eta sinesten ez dugunoi nagusikeria leporatzen digutela “adituen” lana zalantzan jartzeagatik.

Testuliburuen negozioa

Testuliburuen salmenta Espainiako Estatuan sekulako negozioa bilakatu da. ANELE (Asociación Nacional de Editores de Libros) da argitaletxe gehienak biltzen dituen elkartea eta, euren PDF honetan emandako datuen arabera, iazko fakturazioa (paperezko euskarrian gehi euskarri digitalean argitaratutako testuliburuen salmenta) 825 miloi Eurotik oso gertu egon zen, hau da, argitaletxe horien salmenta guztien % 28a baino gehiago. Ikusten denez, testuliburuen negozioa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Datu hori kontuan hartuta, ulertzekoa da argitaletxeek erakusten duten interes eskasa edo nulua proposamen ausartagoak, irekiagoak eta gure XXI. mendeko ikasleen beharretara egokituagoak plazaratzeko. Jordi Adell-ek orain dela hiru urte idatzitako mezu honetan eginiko kritika interesgarri honek agerian uzten du sektore honek bere bizi-iraupenaren mesedean lan egiten duela eta ez irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren protagonistak diren ikasleen eta irakasleen mesedean. Ederki asko dakite norabide okerra daramatela, baina negozioak horrelako etekinak ematen jarraitzen duen bitartean, garbi dago ez dutela aurrerapauso garrantzitsurik emango.

Horregatik, betiko testuliburuak digitalizatu dituzte non animazio, bideo eta ariketa batzuk gehitu dituzten. Hau da, betiko testuliburuaren egitura eta izaera itxia mantenduz, makillaje txiki bat egin dute eta munduko iraultzarik handiena egin izan balute aurkezten digute. Okerrena, hezkuntza munduko profesional asko liluratzea lortzen dutela.

Baina argitaletxeak ez dira “marketin” txatxu horretan gelditzen, ez horixe! Botere publiko batzuk eduki libreak garatzeko apustua egin duten kasutan, “pirateriaren konplitzetzat” jo dituzte eta moral falta leporatu die argitaletxeen lobbyak. Aurpegi latza behar da horrelakoak esteko denok dakigunean beraiek direla hezkuntzarekin era lotsagarri batean eta familien inpotentziaren aurrean negozio basatia egiten ari direnak.

testuliburuak_negozioa

Nor dago testuliburuen negozioaren atzean?

Norengana doa negozio honek mugitzen duen dirutza? Argitaletxe nagusien arrastoa jarraituz, oso erraz ikus daiteke zeintzuk diren:

1.- Eliza Katolikoa. Urtero estatuak ematen dion dirutzarekin eta beste negozioekin ateratzen duenarekin nahikoa ez eta argitaletxe ezberdinen bidez, diru sarrera oso inportantea lortzen du. Elizako ordenak ezberdinek kudeatzen dituzten 2.500 ikastetxe inguru horietan, derrigorrezkoa da euren argitaletxeetako liburuak erostea. Horra hor batzuk:

* SM Taldea: Marianistak ordenak sortua. Gaur egun, 9 lurralde ezberdinetan zabalduta dago.

* Edebé Taldea: Salestarren ordenak sortua. Gaur egun, mundu osoan zehar zabalduta dago eta argitaletxe propioak ditu Argentinan, Txilen eta Mexikon. Euskal herrian “Giltza” izenarekin, Balentzian “Marjal” izenarekin eta Andalutzian “Guadiel” izenarekin argitaratzen ditu bere materialak.
* Edelvives argitaletxea: Luis Vives argitalpen taldea (benetako izena) Anai Maristen Institukoa da eta argitaletxe horren bitartez, beraiek aipatzen duten “kristau-humanismoa” sustatu nahi dute..

* Bruño argitaletxea: Salletarren Kristau Eskoletako Anaien Institutuak sortua. 2001z geroztik Hachette Livre talde frantziarrarekin (Salvat taldeak ere parte hartzen du) salmenta akordio bat lortu zuten. Era guztietako argitalpenak egiten dituzte Bruño-Salvat izenpean, hala nola; Kika Superbruja, Asterix, Titeuf…

2.- Hachette Livre. Talde hau, Bruño argitaletxea erosteaz gain, 2004an Anaya taldearekin ere egin zen non Algaida, Vox, Cátedra,Pirámide edo Alianza bezalako markak sartzen diren.

Kontua da talde honek Lagardère izeneko talde handiago batean parte hartzen duela. Talde horren datu “bitxia” da, argitaletxeen negozioaz gain, armen emoizpenera ere dedikatzen dela EADS (European Aeronautic Defence and Space Company) soziedaderen bitartez.

3.Prisa. Espainiar erraldoia, El Pais egunkariaren, SER irrati katearen… jabe izateaz gain, Santillana taldeko jabea ere bada. Talde honen Administrazio Kontseiluan dauden pertsonak ikusita, oso erraz ondoriozta daiteke bultzatuko duten eredua nolakoa izango den edo noren interesak defendatuko dituzten. Besteen artean, Nicolas Berggruen (bere patrimonioa 2.000 milioi dolar baino gehiagokoa da), Ernesto Zedillo (mexikoko presidente ohia), Juan Luis Cebrian (Francoren erregimeneko goi-kargua eta Arriba egunkariaren zuzendaria izan zen Vicente Cebrianen semea)…

Euskal Herrian, aipagarrienak Ikaselkar eta Erein argitaletxeak ditugu.

* Ikaselkar: Ikastolen Elkartea eta Elkar argitaletxeak bat egin dute enpresa berri hau sortzeko. Ekoizten dituen testuliburuak dira Euskal Herriko ikastola guztietan erabiltzen direnak.
* Erein: euskal kultura sustatzeko eta bultzatzeko xedearekin sortutako argitaletxe honek, bereziki, derrigorrezko hezkuntzara eta batxilergora bideraturiko eskola-materiala hartzen du bere baitan.

Jakina, aipatutako hauek denak, baita euskaldunak ere, ANELEko (Asociación Nacional de Editores de Libros y material de Enseñanza) kideak dira.

Portzierto, ANELEko kideak dira, beste batzuekin batera, Egileen Eskubideen izenean lobby bat sortu dutenak eta izugarrizko presioak eragiten dituztenak eta guztiok “pirata”tzat edo delinkuentetzat hartzen gaituztenak.

Ondorioak

Paperaren eta arkatzaren hezkuntzarekin jarraitzen dugu, pasibotasunean eta kontsumismoan doktrinatzen duen hezkuntza asimetrikoarekin eta interes ekonomiko eta merkantilista hutsak dituzten korporazioen interesen menpean dagoen hezkuntzarekin segitzen dugu.

Eskolek errealitateari eta ikaskuntza esanguratsua bermatuko duen baliabide teknologikoen ezarpen eraginkorrari bizkar ematen jarraitzen dute. Funtsezkoa da kontzepzio didaktikoaren aldaketa sakon bat non metodo parte-hartzaileak, demokratikoak eta errealitatean oinarritutakoak nagusitzen diren.

Zorionez, badira profesional batzuk helburu horiek lortze aldera lanean ari direnak. Tamalez, euren ekarpenek talka egiten dute argitaletxeek jartzen dituzten oztopoekin euren negozio ereduari eusteko. Horren adibide garbia dugu “Hiritaratasun” ikasgaiari elizak egin zion oposizio bortitzean, bere argitaletxeek negozio aukera ez galtzeko, inongo lotsarik gabe, ikasgai horren testuliburuak ekoizten ari ziren bitartean.

Gizartearen nekea

Orain arte, ikusi dugun bezala, testuliburuak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen ardatz izan dira eta gutxiengo bat izan da hori zalantzan jartzen ausartu dena.

Baina, hemen ere gizartean aldaketa bat ematen ari da eta egungo krisi ekonomikoak indartu egin ditu testuliburuen eta argitaletxeen “diktadura”ren aurka altxatzen diren ahotsak.

Geroz eta guraso gehiago dira testuliburuekin gertatzen ari dena onartzen ez dutenak.

testu liburuak ez

– Ezin dute onartu aro digitalean euren seme alaben hezkuntzaren ardatz testuliburuak (paperezkoak nahiz digitalak) izatea.
– Ezin dute onartu berrerabiltzeko aukerarik ez izatea, jarduera gehienak bertan egin behar izaten dituztelako.
– Ezin dute onartu euren seme alabak objektu pasiboak bihurtzen dituztela ikusi eta ezer ez egitea.
– Ezin dute onartu urtero dirutza gastatzea zaharkituta eta itxiak dauden testuliburuetan baliabide askeak eta eguneratuak dauden bitartean.
– Ezin dute onartu baliabide aske horien bidez transmititu daitezkeen balio eraikitzaileak testuliburuek transmititzen dituzten balio pasibo eta kontsumistaengatik ordezkatzea.
– …

Horregatik, testuliburuen hegemoniarekin amaitu nahi dugunok, itxaropentsu gaude eta ziur gaude gai horretan urte erabakigarriak biziko ditugula. Ea irakasleon eta hezkuntza komunitateen arduraz, hausnarketaz eta koherentziaz gai garen gure belaunaldi berrien garapen integrala eta askea lortzen eta berdintasunean oinarritutako gizarte hobe eta justuago bat eraikitzen laguntzen dugun.

PLEaren iruzurra

Aspalditik neukan gogoa aurreko ikasturtearen hasieran (2011ko azaroa zen) bizi izandako esperientzia pertsonal baten inguruan idazteko. Azaroaren 30ean konkretuki Amaia nire lankidea eta biok Tabakalerak antolatutako Jolasean jardunaldietan izan ginen, Txipik gonbidatuta , “Jokoa ikasteko eta hezteko plataforma gisa” izeneko tailer edo topaketan.

Tailerra bi zatitan banatuta egon zen. Goizeko partean Susanna Tesconi eta Cornelláko Citilab-eko Laia Sanchez eta Victor Casadoren aurkezpenak izan genituen. Oso atseginak biak, ezagutzen ez nituen proiektu bi aurkeztu zizkiguten, zein baino zein interesgarriagoa.

Bazkalostean, bigarren zatiari ekin genion. Geratzen ginenak lau taldetan banatu ginen. Ez ditut orain gogoan prestatu ziren lau guneetako bakoitzean hizpide genituen gaiak: batean, oker ez banago, tailerreko partaideen sarea mantendu eta zabaltzeko zer egin behar genuen eztabaidatu genuen. Besteetan jokoa eskoletako eguneroko jardunean nola uztartu edo antzeko kontutaz aritu ginen. Lan dinamika ideia-jasa jarduera batean oinarritzen zen, non talde bakoitzak lau gune ezberdinetatik errotatzen zuen banan-bana, aurrekoek egindako ekarpenen gainean berriak egin zitzaten. Ekarpen guztiak poster handietan jaso ziren eta amaieran, talde bakoitzeko moderatzaileek euren jasotako ekarpenen aurkezpen orokor bat egin zuten. Eztabaida partaide guztietara zabaldu zen eta, hantxe aritu ginen, eskolaren etorkizunaz gure iritziak ematen.

Arratsaldeko saioa amaitu baino lehen bueltatu behar izan nintzen etxera. Kotxean nentorrela, egunean zehar agertutakoaz, esandakoaz eta entzundakoaz pentsatzen aritu nintzen. Goizeko saioarekin oso gustura geratu nintzen bezala (pertsonalki oso aberasgarria izan zen) arratsaldekoa eskasagoa iruditu zitzaidan. Txipik eta bere lagunek diseinatu zituzten dinamikak oso erakargarri eta parte-hartzaileak izan ziren. Prozesua baino gehiago bota genituen iritziak eta mahai gainean ipini ziren arazo eta proposamenak iruditu zitzaizkidan eskasak. Mamia gutxi jaso nuen saio hartatik.

Nire taldean, adibidez, bi kide kenduta, beste guztiok ekarpen berdintsuak egin genituen (ni neu barne). Entzun eta ikusi nuenarengatik, esango nuke, bi kide horiek ez zirela sarean informazioa kudeatzen denbora gehiegi pasatzen duten horietakoak. Batek, batez ere, bere praktika errealean oinarritutako ekarpenak bota zituen, herri txiki batean, bertako umeekin egiten zituen praktiketatik jasotako esperientzia ipini zuen mahai gainean. Beste guztiok bitartean bata bestearen atzetik botatzen genituen sarean, han-hemenka entzundako esaldi eta koletilla berdinak. Guztioi betetzen zitzaigun ahoa saretik jasotako hezkuntzari lotutako ideia txatximodernoekin (garbi gera zedin “a la última” genbiltzala guztiok). Azpitalde guztiak elkartu eta talde handian eztabaidatzen hasi ginenean, sentsazio hori areagotu egin zen; talde guztietatik atera ziren “educación expandida”, “motivación intrinseca”, PLE, “aprendizaje informal” eta antzeko perlak, kasu askotan eztabaidaren benetako mamia alde batera utziz.

Etxera bueltan konturatu nintzen bertan entzundakoa sarean egunero irakurtzen nuenaren (eta oraindik dudanaren) oihartzuna besterik ez zela. Iruditu zitzaidan ekarpen gehienak distantziatik egindakoak zirela, esandakoak benetan zer esanahi edo suposatzen zuten garbi ulertu gabe. Gaiaren benetako mamiari heldu ordez saretik jasotako “ikaskuntzak” besteen aurrean botatzen ibili ginen. Eta bitartean umeekin benetako esperientziak bizi izandakoak (nire taldeko kide hori bezala) azkenean ixilik geratu ziren euren jardunean jasotako “benetako ikaskuntza” han entzuten zituzten hitz potolo horien aurrean “gutxi” izango balitz bezala.

Handik aste batzuetara CanalCita-ren webgunean zintzilikatutako Manel Rives-en azpiko bideoa ikusi nuen:

Bideoaren jatorrizko webgunean agertzen diren iruzkinak eta Twitter-en bideoari buruzko hainbat iritzi irakurri nituenean, nahiko harrituta geratu nintzen. Izan ere, hainbatentzat ekarpen sakon eta aberasgarriak zirenak, niretzat behin eta berriro entzundako koletillen eta komentario orokorren zerrenda amaigabea besterik ez zen (mugikorren edo testu liburuen inguruan botatakoak, adibidez). Beste batzuetan deigarria iruditu zitzaidan, galdetzen zaionetik zeinen urrun joaten den erantzunetan, galdetutakoarekin zerikusirik gordetzen ez duten erantzunak ematen. Sentsazioa ematen du, erantzunean baino gehiago, bere jakituria zeinen zabala den adierazten kezkatuago dagoela. Donostian bezala, hemen ere “ezagutza artifiziala” sumatzen da iritzietan, esperientzia propio batetik jasotako ezagutza baten informazioa baino.

Bideoa azken urteotan areagotzen joan den joera baten adibide bat besterik ez da. Urteak dira, antzeko bideoak jarraitzen ditudala sarean, batzuetan zuzenean eta gehienetan streaming bitartez entzun eta ikusten ditudala hainbat hitzaldi eta tertulia. Eta hauetan guztietan, Donostiako tailerrean nahiz goiko bideoan jasotako sentsazioak, geroz eta arruntagoak izaten ari dira. Hizlari eta ponente askoren disertazioak han han-hemenka bildutako informazio pilulen errepikapen egituratu soilak dira, erabat aseptikoak, estandarrak, inongo ekarpen pertsonalik gabekoa. Agerian uzten dute inongo esperientzia pertsonalik gabeko ikaskuntza baten aurkezpena egiten ari direla eta sentsazio hori areagotzen da, hainbat galderei ematen dizkieten erantzunak entzuterakoan.  Benetan dakitenaz ari dira edota gai jakin baten inguruan, sarean egindako entresaka baten ondorioz pilatutako informazio estandar bat errepikatzen ari dira?

Eta zer harreman gordetzen du honek guztiak izenburuarekin?

  • Bada lehenengoa, internet gaur egun antolatuta dagoen moduan, blogen jaitsiera eta sare sozialen eztandaren ondoren, ideia desberdinen, iritzi dibergenteen, ekarpen berrien kopurua jaitsi egin da eta gailentzen diren kontzeptu/ideia/proposamen/eredu berri gutxi horiek di-da batean barreiatzen direla gure informazio kanal eta konexioetan zehar (hainbestetan entzun dugun PLE horretan zehar). Sare horietan sortzaile kopuruak behera egin du eta konektore edo informazio bideratzaile kopuruak, berriz, gora. Honi “sei graduko tarte edo banaketaren” teoria gehitzen badiogu (Twitter-en badirudi tarte hori oraindik laburragoa dela), esan daiteke jakintza arlo jakin baten inguruan dabiltzan internauta gehienen PLEetatik hedatzen den informazioa nahiko antzekoa dela. Esperimentu polita izan liteke, adibidez, irakasle talde baten PLEak solapatzea. Ez dauzkat ebidentzia zientifikorik noski, baina intuizioak esaten dit ez liratekeela izango hasieran pentsa genezakeena bezain “pertsonalak”. Izan ere, nodoak eta kanalak desberdinak izanda ere, hauetatik garraiatzen den informazioa, modu batean edo bestean, lehenago edo beranduago, guztiongana modu beretsuan heltzen da. Bideak eta bitartekoak pertsonalak izanda ere, mamia guztiok berdina jasotzen dugu. Donostiako tailerrean egon ginenetatik uste dut Txipi dela nire PLEaren barnean dagoen bakarra eta, hala guztiz ere, han entzundako diskurtsoa erabat ezaguna eta errepikakorra egin zitzaidan. Horrek zer pentsatu handia ematen dit zenbateraino den nire PLE hori benetan “Personal”. Eta bigarren kezka bat ere eragiten dit, alegia, zenbateko balorea duen ezagutza horrek, azken finean, nire inguruko guztiek ezagutza bera partekatzen badute. Hauxe izan zen niretzat arrazoi nagusia, Donostiako talde dinamika haietatik ezagutza eta ideia berriak ez ateratzearen arrazoi nagusiena. Eta horrelako zerbaiti  buruz hitz egiten du Mariano Fernandez Enguitak Tribuna Edu21 jardunaldietan emandako hitzaldian. Azpian ipintzen dizuet kontu honi buruz hitz egiten dueneko zatitxoa (interesgarria bukaeran dioena, informazio eta ezagutzaren gizartean azken honek duen baloreari buruz):
  • Eta bigarrena hauxe da. Ikastea, komunikazio sare bat atondu eta kudeatzea, informazio kanalak ireki eta mantentzea baino askoz gehiago da. Irakurtzen, entzuten edo ikusten soilik ez da ikasten. Eta bitxia da. Izan ere, gure PLE ospetsu horietatik behin edo behin guztiok jaso izan dugu informazio pilula ospetsu horietako bat esanez “egiten ikasten dela”. Nork ez du Roger Schank-en bideo ospetsu hau ikusi, adibidez?

    Bideo hau zabaldu zen garaian leku guztietan aipatzen genuen ikasleek testu-liburuak irakurtzen edo, guri begira ditugula, esaten dieguna entzuten soilik ez dutela ikasten, benetako ikaskuntza akziora zuzendutako ezagutzaren aplikazioarekin bakarrik lortzen dela. Ez al dira horiek ikaskuntza konstruktibistaren oinarria, irakasleok hain sutsuki defendatzen duguna? Eta? Irakasleok desberdin ikasten al dugu ba? Guk ikasteko nahikoa daukagu PLE bat martxan jartzea? Honen eskutik jasotzen ditugun inputak kudeatuz (jaso, analizatu, gorde, antolatu eta partekatu) nahikoa daukagu “ikasteko”?

    Duela ia bi urte edo, nire gela barruko praktika goitik behera aldatzea erabaki nuen; PBLa (eta orohar, bestelako metodologia aktiboak) ezagutu eta martxan jartzea erabaki nuen. Banekien denbora bat beharko nuela PBLaren inguruko informazioa metatzen joateko, oinarrizko ezagutza batzuk biltzen joateko. Horrela informazio sarea behar berrietara moldatu nuen. Bitarte honetan informazio asko prozesatu eta gorde dut. Horrela, duela hilabete batzuk norbaitek eskatuko balit hitzalditxo bat emateko, edo bideo bat grabatzeko PBLaren inguruan dakidana azalduz, ziurrenik ez nuke arazorik izango jasotako informazio pilula horiek modu txukun batean antolatu eta lorito bat bezala, hauei buruz irakurritakoak jendearen edo kamera baten aurrean errepikatzeko. Denbora pixka bat izanda  gainera, biltzen joan naizen grafiko, taula, argazki eta esaldi txundigarri horietako batzuekin, aurkezpen txukun bat moldatzeko gai izango nintzela ere uste dut. Eta lotsarik emango ez balit pentsatzea jendeari hitz egin behar diodala sekulan praktikan jarri ez dudan zerbaiti buruz, uste dut boleto asko izango nituela PBLan aditu bat bezala geratzeko audientziaren aurrean, noski baietz. Eta gauza bera PBL izan edo PLE, MOOC, VLE, Flipped Classroom edo beste edozein eduki guay horietako bat izan (ikaskuntza motak, adibidez; ridikulua iruditzen zait zenbat txorrada zabaltzen diren sarean zehar, bakar-bakarrik sasi-erudito batzuren protagonismoaren mesedean). Edozein kasuan, nik jakingo nuen ez nintzatekeela arituko ikasi dudana transmititzen, handik eta hemendik irakurri eta ezagutu dudana errepikatzen baizik.

    Orain, nire ikasleekin PBL metodologia praktikatzen urtebete igaro ondoren, badakit benetan ikasten ari naizela. Orain dakit jasotako informaziotik zer den niretzat benetan baliagarria eta zer, zer ari naizen ondo egiten eta zer gaizki, zeintzuk diren ikusten ditudan zailtasunak eta nola eman konponbide egoki bat hauei guztiei. Eta ikaskuntza prozesuak hasi besterik egin ez badu ere, nahikoa daukat bereizteko nork “dakien” zer den PBLa eta nork ez. Azken hauek identifikatzeko nahikoa litzateke praktikatik jasotako hainbat ikaskuntzen inguruan galdera pare bat egitea. Galderari izkin egin eta erantzuna bere eremura eramaten badu, sasi-espezialista bat daukagu aurrean.

    Horregatik diot PLEaren definizoan agertzen den “Learning” horrekin ez nagoela ados, ez behintzat azken bi urtetan planteatu den modura. Nire ustez informazio eta komunikazio sarea soilik dena (bere nodo eta kanalekin) ezin da ikaskuntza ingurune batekin nahastu.

Amaitzeko asko kezkatzen nau ikusteak zeinen kriterio gutxi daukagun oraindik, sarean gure denboraren zati handi bat egiten dugunok, jasotzen dugun informazioaren egokitasuna, baliagarritasuna eta eskaintzen duen balio erantsia baloratzerakoan. Nire buruari behin eta berriro esaten diot ea nola den posible irakurle/entzule askok ez konturatzea hainbat hizlarien/idazleen eskutik jasotzen duten informazio asko eta asko, hauek iturri desberdinetatik jasotako informazioaren refrito bat besterik ez dela konturatzeko. Uler dezaket jende asko egotea oraindik euren informazio sarea garatu gabe (hortxe dago XXI. mendeko eten digitalaren lehen arriskua). Baina ulergaitza egiten zait saltsa honetan sartuta dabiltzanen txalo eta laudorioak ikustea mila bider esandako kontuak behin eta berriro entzuterakoan. Telezaborrarekin edo sasikazetaritzarekin kritikoak izaten ikasi badugu, zer dela eta da hain eskasa pentsamendu dibergente eta kritikoa sarean?

Esteken iraungitzea

Urte asko daramat Delicious erabiltzen. Nik esango nuke duela ia hamarkada bat, interneten gertatu zen iraultzaren aintzindaria izan zela Delicious eta, erabat ziur ez banago ere, esango nuke sarean erabiltzen hasi nintzen lehenengo aplikazioa izan zela. Web 2.0 delakoaren inguruan ikastaroak eman izan ditudanean Delicious-ek beti izan du leku bat. Informazioa kudeatzeko eskaintzen zituen aukera desberdinak aurkezten nituenean ikastaro hauetan, gehienak txundituta geratzen ziren Delicious-ek ematen zituen aukerekin. Blog honetan Delicious-en inguruko hainbat esperientzien berri eman izan dugu ere, Deliciousen gordetako gogokekin sortutako albiste buletin automatikoa edo antzeko interesak dituzten erabiltzaileekin norberaren jarraitzaile sarea nola zabaldu esate baterako.

Egun Delicous-etik datorkidan informazioa jarraitzen du izaten nire informaio iturrietatik garrantzitsuenetakoa. Baliagarria kontsideratzen dudan informazioaren ehunekoa neurtzeko modurik egongo balitz, nik esango nuke bertatik jasotzen dudanak izango lukeela ehunekorik altuena. Ezin dut gauza bera esan, ordea, informazio gordailu bezala baloratu behar dudanean. Urteak pasatu ahala, bertan gordetzen joan naizen esteka kopurua handitzen joan den heinean (une honetan 5667 esteka ditut gordeta), geroz eta zalantza gehiago sortzen joan zaizkit bertan gordetako informazioak izan dezakeen baliagarritasunaren inguruan.

  • Nire uneko ezagutza beharretarako gordeta ditudan esteketatik zenbat dira baliagarriak?: nire ibilbide profesional zein pertsonalean izan ditudan ikaskuntza beharrak aldatuz joan dira denborarekin. Garai batean lehentasuna zena niretzat gaur ez da hainbeste. Gogoan dut blogarekin hasi nintzenean WordPress-en inguruko informazio asko kontsultatzen nuela, foro asko bisitatzen nituen eta trikimailu asko probatzen nituen esku-artean nituen blogetan. Orain, ordea, WordPress-en inguruko ezagutza zabaltzea ez da lehentasun bat niretzat. Zertarako balio du orduan gordetako guztiak?
  • Gordetakoak kontsultatu beharko banitu gaur, bertatik zenbat informazio izango litzateke esanguratsua gaur?: 2007tik hona, adibidez, Ubunturen inguruan gauza asko gordetzen joan naiz. Baliteke gaur egun, ditudan zeregin berriak direla eta, Ubunturi lotutako informazioa niretzat hain kritikoa ez izatea baina oraindik gertutik jarraitzen dudan kontu bat da. Batzuetan joan behar izan dut gordeta ditudan esteketara, kontsulta bat egitera. Eta jabetu naiz bertan gordetakoak ez duela gehiegirako balio, izan ere, hain azkarra izan da Ubunturen garapena ze gordetako informazioak galdu du izan zezakeen aplikagarritasun guztia.
  • Gordeta ditudan esteketatik zenbat jarraitzen dute gaur “bizirik”?: gertatu izan zait, behin edo behin, gordetako informazioa kontsultatzera joan (azkenekoa, balorazio matrizeen inguruan gordeta nituen esteka batzuekin gertatu zitzaidan) eta esteka hauek “hilda” egotea, alegia, ez dute inora eramaten. Gordetako informazio hura, beraz, galdu dut, dagoeneko ez dago.

Lehenengo bi galderetan gertatzen dena kuantifikatzea, neurtzea, ez da erraza baina aurkitu dut modu bat, hirugarrenean datorrena zenbakiekin adierazita jasotzeko. Google Plus-en Victor Ruiz-en artikulu hau irakurri nuen aurrekoan (erdaraz ere idatzita dauka). Bertan, Fernando Tricas-en artikulu bat aitzakia bezala hartuta, Delicious-en “galduta” ditugun esteka kopurua neurtzeko metodo interesgarri bat proposatzen du. Nik ere jakin nahi izan dut zein den gordeta ditudan esteken egoera, zenbat dauzkat jada galduta eta zenbat mantentzen diren oraindik bizirik. Horrela, Victor-ek Python-en garatu dituen bi script-ak jaitsi ditut, exekutatu ditut eta azpian daukazue lortu dudan grafikoa:

Kopuru zehatzak ikusi nahi badituzue hementxe daukazue zenbakiekin antolatutako kalkulu orria. Deigarriena iruditu zaidana da duela bospasei urte gordetako hiru loturetatik ia bat galduta dauzkadala. Bizpahiru urte atzera egiten badut esteken %10 gutxi gorabehera hilda ditut. Ez dakit zuei zer iruditzen zaizuen baina niri askotxo iruditu zait hain denbora gutxirako. Baliteke hainbat kasutan honek garrantzia gehiegirik ez izatea. Baina beste batzuetan ondorio inportanteak izan ditzake esteken galera honek. Interesgarri da kontu honen inguruan Fernando Tricas-ek ematen duen Egiptoko iraultzaren inguruko adibidea. Zenbateraino dauka internet-ek memoria historikoa? Zenbateraino dira baliagarriak Delicious bezalako tresnak (edo, orokortuz, internet bera, informazio plataforma bezala) gertakizun historikoen ebidentzien gordailu bezala? Hausnarketarako gai interesgarria iruditu zait.

Script biek bueltatutako datuak hain txukun antolatuta edukita (nire kasuan denbora asko behar izan dute nire delicious-eko segurtasun kopiatik datu guztiak ateratzeko) pentsatu dut interesgarria izan litekeela ere, nire Delicious-eko jardunaren bilakaera grafikoki azaltzea. Eta lortu dudanak aurretik nuen susmoa berresten du, alegia, poliki-poliki geroz eta gutxiago erabiltzen ari naizela Delicious.

Ez dakit nire kasu partikularra izango den bakarrik edo nire joera zerbait orokorra den Delicious-eko beste erabiltzaileen kasuan. Hala balitz, orain hobetoxeago ulertzen dut zer dela eta Yahoo!-k saldu zuen Delicious duela hilabete batzuk.

Tutoriala: nola egin infografia bat

Duela hilabete bat edo telefono dei bat jaso nuen Goierri Telebistatik (GiTB). Ordiziako azokaren 500. urteurrena dela eta saio berezi batzuk prestatzeko asmoa zutela jakinarazi zidaten. Saio horien postprodukzio prozesuan, bideoei ikastolan egin genuen infografian erabilitako diseinua emateko asmoa zutela eta niri ea zer iruditzen zitzaidan galdetu zidaten. Proposamena ondo ikusteaz gain, infografiaren lizentziak eskatutakoa gauzatzeko baimena eskaintzen zuela adierazi nien.

Kontuak gero etorri ziren. Artxiboaren kopia bat Illustrator edo Freehand formatuetan bidaliko ote nien galdetu zidaten. – “Illustrator? Freehand? Ez, ez, guk ez dugu horrelakorik erabili!” – esan nien. –“Horiek tresna konplikatuegiak dira ikasleekin gelan erabiltzeko. Gu, baliabide sinpleak erabiliz,  prozesua ahalik eta errazena izaten ahalegindu gara.” – komentatu nion GiTBko teknikariari. Azalpena ahoz egiteko luzeegia izan zitekeela eta postaz erantzungo niola prozesua azalduz agindu nion, ea horrekin zerbait aprobetxatu zezakeen edo.

Duela bi egun GiTBk ekoiztutako Azoka 5.00 saio bereziaren berri izan nuen eta ohartu nintzen emandako hainbat argibide praktikan jarri dituztela bideoaren ekoizpenean. Hementxe bideoa:

Gero konturatu naiz GiTBkoentzat baliagarriak izan diren azalpen horiek, baliagarriak izan daitezkeela, era berean, eskoletan infografiak diseinatu nahi dituzten ikasle zein irakasleentzat. Esan bezala, diseinu prozesua erraza izaten ahalegindu nintzen; esago nuke DBHko edozein mailako ikasleek burutzeko modukoa dela. Ia denbora guztian ikasleak erabiltzen ohituta dauden aplikazioak erabili ditugu eta, irudi bektorialen kasuan ezik (hor agian konplikazio puntua altuxeagoa izan daiteke), ikasleei azapen gehiegirik ematea ez da beharrezkoa izan. Irakasleren bat zalantzatan baldin badago, balio dezala hurrengo mini-tutoriala, aurrera egiten laguntzeko. Animo!

Hementxe azpian ipintzen ditut, infografiaren alderdi teknikoan, emandako urratsen deskribapena:

0. DISEINUAREKIN HASI AURRETIK: Infografia dotore bat ekoizteko, diseinu lana bezain garrantzitsuagoa (edo gehiago) da aurretik burutu behar dena.  Gure kasuan, jaraitu dugun prozesuaren deskribapen globala aurrekoan idatzitako bidalketa honetan azalduta dago. Diseinuarekin espreski hasi aurretik nik esango nuke bereziki garrantzitsua dela ikasleekin bi alderdi jorratzea: batetik, infografian agertuko diren elementu bisualen oinarrizko ezagutza izatea (batez ere, koloreen identifikatzaileak eta irudien bereizmenak duten garrantzia) eta bestetik, datu iturri esanguratsu eta anitzak lortu eta hauen interpretazioa egokia egitea. Ikasleak kontzientziatu behar ditugu diseinuan detaile txikienak ere bere garrantzia duela eta transmititu nahi dena modu atsegin eta orijinalean egitea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa dela transmituta nahi den informazioa esanguratsua izatea. Eta hori bakarrik lortzen da datuen analisiari behar duen denbora eskainiz. Lan astuna da, bai, baina arrakastarako ezinbestekoa.

1. EDIZIO PROGRAMA EGOKIA HAUTATU: Esan bezala, goi-mailako edizio tresnak daude. Hauetan trebatuak diren ikasleak badituzue, ez pentsatu bi aldiz eta aurrera hauekin. Gure kasua ez zen hori, ordea. Gauza bat garbi banuen zen, oinarrizko edizio tresnarekin ez ginela gehiegi konplikatuko. Horregatik erbaki genuen Google Draw erabiltzea.

Ikastolan erabiltzen dugun Google Apps-en barruko tresna bat izanik, oso erraza da dokumentua sortu eta ikasle guztiekin partekatzea. Horrela dokumnetu bakar baten gainean guztiok genuen editatzeko aukera, aldiberean edo bakarka, ikastolan geundenean baita etxean geundenean ere. Ediziorako baliabide gutxi ditu baina hori abantaila bat ere izan da, izan ere, ikasleak ez dira gehiegi agobiatu kontu honekin. Edizio aukera aurreratuagoak behar izan ditugunean, beste tresna edo bide batzuetatik konpondu ditugu GDrwa-ren gabeziak.

2. IDAZMAHAI PRESTATU: Hurrengo urratsa idazmahaia prestatzea da. Atal hau garrantzitsua da. Infografia poster handi batean inprimatzeko asmoa genuen, gutxi gorabehera metro bat inguruko zabalerakoa. Inprimatzeko bereizmen minimoa 300 ppp-koa izanik, horrek 12000 pixel inguruko idazmahai bat prestatzea eskatzen zuen (100cm/2,54cm= 39,37 hazbete; 39,37×300=11811 pixel). GDraw-n hori egitea oso erraza da. Idazmahaiaren beheko eskuin izkinatik tira eginez, idazmahaia nahi bezain handia egin daiteke. Behin handitutakoan, ordea, ez dago uneko idazmahaiaren neurria zuzenean jakiteko modurik. Arazo hori konpontzeko, idazmahaiaren dimentsioetara egokitutako irudi bat prestatu eta jarraian pdf formatuan esportatu ondoren, bere neurria zenbatekoa zen egiaztatzen genuen. Horrela, neurri desberdinak probatu ondoren 11687×9125 pixeleko idazmahaia prestatzera heldu genuen.

Elementuak modu txukun eta ordenatu batean antolatzeko komeni da idazmahaia zutabetan banatzea. Hasieran zortzi zutabetan banatzea pentsatuta bagenuen ere gero, lortutako informazioari zukua ateratzen joan ginen arabera (azokaren inguruan espero genuena baina informazio gutxiago lortu genuen), sei zutabekin nahikoa izan zitekeela erabaki genuen. Zutabeak banatzeko egokiena edizio programek dituzten gida lerroak erabiltzea da baina GDraw-k ez dauka horrelakorik. Arazo hori di-da batean konpondu genuen. Edozein edizio programarekin oso erraz egin datekeen irudi bat prestatu genuen eta GDraw-ra igo genuen (kontuz, irudiek gehienera 2000 pixeleko zabalera izan dezakete). Hondoa beltzez bete genuen eta gainean igotako irudia jari genuen erreferentzia modura. Irudi hori erabili genuen zutabeen txantiloi modura. Lana amaitutakoan irudia hondotik kendu genuen eta listo!

Azokaren inguruko lan batean derrigorrezkoa da plazaren aipamena egitea. Mikelen gomendioari jarraituz, hondoan plazaren argazki bat ipintzea erabaki genuen, hainbeste urtetan azokaren bilakaeraren lekukoa izan dena hain zuzen ere. Esku artean erabili genituen argazki guztien artean Wikipedian jasotakoa erabiltzea erabaki genuen. Argazkiekin filigranak egiten dituzten aplikazio berri horietako batekin (ez dut gogoan orain zein erabili nuen baina edozein erabil daiteke antzeko efektuak lortzeko) irudia zuribeltzera pasa genuen, komiki itxura emanez. Jarraian, koloreak inbertitu genizkion eta intentsitatea %20ra jaitsi genion, gainean agertuko ziren grafikoekin nahasmenik sor ez zedin.

3. KOLORE PALETA ESLEITU: Infografían erabiliko genuen kolore paletari buelta batzuk ematen ibili ginen. Horretarako ikasleei Color Scheme Designer aplikazioarekin saltseatzeko proposatu nien. Proba batzuen ondoren ikasleek kolore paleta desberdinak proposatu zituzten, oso atseginak gehienak. Kontu honen inguruan dezente eztabaidatu ondoren, Ordiziako Azoka webguneak erabiltzen dituen kolore paleta nagusitik tiratzea erabaki genuen, alegia, zuria, beltza, berde argia eta marroia. Azken bi kolore hauek, batez ere, gure azokaren funtsa oso modu egokian sinbolizatzen zutela iruditzen zitzaigun, alegia, kolore berdeak landareak eta barazkiak nagusiki, eta marroiak lurra eta baratza. Kolore bi hauen HEX identifikatzaileak lortzeko Colorzilla, Firefox-erako gehigarria erabili genuen. Horrela, erabiliko genituen lau kolore nagusiak hauek izan ziren:

  • Zuria: #FFFFFF
  • Beltza: #000000
  • Berdea: #90c200
  • Marroia: #906A33

Gelan ikasleekin aztertu genituen infografia askotan jabetu ginen maiz erabiltzen direla kolore baten deribazio edo aldaerak. Sortuko genituen barra edo sektore diagrametako batzuetan, adibidez, horrelakorik erabili behar izango genuela pentsatu genuen. Horrela, Color Scheme Designer webgunearen horri nagusian gure berdearen HEX identifikatzailea sartu ondoren, “Adjust Theme” fitxan klikatu eta goran agertzen den “Preset” zerrenda luzetik, “High Contrast” aukeratu genuen. Aplikazioak gurearekin egoki konbinatzen duten kontraste altuko lau kolore berri proposatu zizkigun, bakoitzaren HEX kodearekin (“Color List” fitxan klikatuta agertzen dira). Gauza bera egin genuen marroiarekin.

Infografiari diseinu homogeneo bat eman nahi bagenion, ikasleek garbi zuten lau kolore hauen edota euren aldaeren artean soilik aukeratu ahalko genuela. Datuak eskura modu errazean izan zezaten, GDocs bat partekatu genuen denon artean.

4. TIPOGRAFIA MOTA ERABAKI: Tipografia da GDraw-ek duen muga nagusienetako bat. Testu soila tipografia bakar batekin adieraz daiteke (Arial uste dut dela) eta Wordart moduan txertatuta bakarrik aukeratu daiteke tipografia desberdinen artean (nahiko aukera gutxiganera). Esan beharrik ez dago ezinezkoa dela tipografia propio erabiltzea, ez bada aurretik rasterizatzen eta irudi moduan igotzen. D’Elikatuz-eko arduradunekin harremanetan jarri ginen eta 500. urteurrenerako diseinatutako logo berrien estilo liburua bidali ziguten. Bertan, logoekin batera Aller tipografia erabiltzea gomendatzen zen. Tipografia hau erdiko hitz lainoan eta hiru blokeen izenburuetan erabili genuen bakarrik, bi kasuetan irudi moduan igota. Agertzen den beste tiporafia guztia GDraw-ren oinarrizko letra-mota da.

5. HITZ LAINOA SORTU: Sarean oso ezaguna da Wordle web aplikazioa. Testu zati bat ematen zaio eta bertan datozen hitzak arakatu ondoren, hauekin halako mosaiko moduko bat eraikitzen du non hitz bakoitzaren tamaina testuan errepikatzen den kopuruaren araberakoa izaten den. Tagxedo beharbada ez da Wordle bezain ezaguna baina askoz ere aukera gehiago eskaintzen ditu hitz lainoak konfiguratzerakoan. Tagxedo Silverlight-en gainean dabil. Firefox edo Chrome erabiltzen baduzue Windows edo MacOS sistemetan, ez duzue arazorik izango nabigatzailean behar duzuen plugina instalatzeko. Linuxpean Moonlight gehigarria instalatu beharko duzue Firefoxekin bazabiltzate baina baliteke arazoak izatea (Firefox bertsio batzuetan ez dabil).

Tagxedon ia edizio aukera guztiak dira pertsonalizagarriak. Gure kasuan, hitz lainoaren testu iturria Ordiziako Azokaren webgunea izatea pentsatu gunean. Azken finean, gure azokaren nortasuna eta izaera azaltzeko bertan idatzitakoa egokiena izan zitekeela uste genuen. Hitz lainoari “500K” logoaren itxura eman genion, horretarako aurretik “Shape” menutik logoa igoz. Hitzen tipografiarako aurrean aipatutako “Aller” letra-mota aukeratu genuen eta koloreetarako berdeen eskala kromatiko osoa aukeratu genuen. Oinarrizko erretoke batzuen ondoren (alfa kanala aktibatu, alegia, hondoa gardena bihurtu eta beste gauzatxo pare bat) PNG formatuan gorde eta GDraw-era igo genuen.

Goiko irudi honi, hondo gardena zuen “500K” logoa gainezarri genion, erdiko irudia gehiago destakatzeko. Irudi hori infografiaren bihotza izango zela erabaki genuen eta horregatik erdi-erdian kokatzea erabaki genuen. Bertatik aterako lirateke hiru datu bloke nagusietarako lokailu edo konektoreak, hala nola, “Ekoizleak”, “Prdiuktuak” eta “Bezeroak”.

6. PIKTOGRAMAK ETA BARRA DIAGRAMAK: Barra eta sektore diagramen diseinuak ez zuen lan gehiegirik suposatzen baina piktogramen kontua desberdina zen. Zerotik sortzea zen aukera bat (lan asko) edo irudi moduan igotzea (gero GDraw-wn kolorea aldatzea ez zen posible) bestea. Puntu honetan zorte piska bat izan genuen. GDocs-en dauden txantiloi publikoetan bilaketa bat egin ondoren Infographics Toolbox izeneko txantiloi bat aurkitu genuen. Bertan zeuden guk behar genituen piktograma arruntenak baita infografiak ekoizteko beste hainbat baliabide grafiko gehiago ere. Txantiloi honekin piktogramak eta barra diagramak erabiltzea gauza sinplea bihurtu zen: copy&paste zuzen bat egin eta gero koloreak aldatu, hori zen egin beharreko guztia.

7. BESTELAKO GRAFIKOAK: Ekoizle eta Produktuen blokeko bi denbora diagramak eta azpiko sektore diagramak Microsoft Excel erabiliz egin genituen. Eta zergatik Excel eta ez Calc edo Google Spreadsheet? Azken hau zen aukerarik hoberena hasiera batean. Datu bilketa eta iragazi prozesuen ondoren, lortutako balio guztiak Spreadsheet-en igota genituen. Datu hauetatik abiatuta grafikoak sortzea gauza sinplea zen eta oso intuitiboa. Ikasleek berehala hartu zioten trankiloa. Baina grafikoak sortu ondoren, minimoki bada ere, hauek editatzea beharrezkoa zen (koloreak, izenburuak… ) eta Spreadsheet-ek ez dauka horrelakorik egiteko aukerarik. Horregatik baztertu genuen aukera hau eta ia arrazoi berdinarengatik Calc ere. Grafikoen edizio sakona egiteko ez dago Excel bezalakorik: kolore pertsonalizatuak, hondo gardenak, banaketa lerroak aldatu, eskalak moldatu, tipografia esleitu… eta amaieran grafikoak PNG formatura esportatzea Excel-ekin bakarrik egin daiteke. Horrelaxe sortu eta editatu genituen bost grafiko horiek.

8. KARTOGRAMAK: Hemendik aurrerako uratsak izan ziren konplexuenak eta denbora gehien eraman zutenak. Kartograma guztien oinarri bezala Wikipedian aurkitu daitezkeen bi SVG irudi bektorial erabili genituen: Euskal Herriko mapa mutua eta Gipuzkoako udalerrien mapa. Mapa hauek moldatu eta bertatik guk behar genituenak sortzea nire lana izan zen. Inskape erabili nuen horretarako. Prozesua hiru urratsetan laburbildu daiteke:

  • SVG-ak Inkscape-n ireki eta herrialde, bailara eta udalerrien arteko mugak ezabatzen joan, kartograma bakoitzaren beharren arabera
  • Mapetako zonalde bakoitza gure paletako kolore batekin bete.
  • Irudi bektoriala 300 ppp-ko PNG fitxategietara esportatu (GDraw-en egindako irudiak SVG formatura esporatzen badu ere,  ezin dira bertara SVG irudiak zuzenean inportatu)

9. BESTELAKO IRUDIAK: Geratzen diren irudi guztiak SVG grafikoetatik aterata daude.  Guztiak OpenClipart-etik aterata daude. Bertako irudi guztiak domeinu publikokoak dira eta PNG nahiz SVG formatuetan jaitsi daitezke. Bilaketa sinple batzuen ondoren, eskura nituen barazki, gazta, fruitu eta bestelako irudi guztiak Inkscapen editatu eta besrriro ere bereizmen handiko PNG irudiak bezala esportatu nituen. Kokapena eta tamainarekin asmatzea zen geratzen zen gauza bakarra

10. BI LOGOAK: D’Elikatuz-eko arduradunek bidalitako bi TIFF fitxategiak Inkscape-n laguntzaz irudi bektorialetan bihurtu nituen. Hauetatik logoetako hizkien ingeradak bakarrik hartu genituen eta kolore zuriarekin bete genituen. Hauek ere PNG moduan esportatu genituen (aurrean ez dut aipatu; PNG irudi formatua da bakarra bitmap-ekoen familian, pixel gardenak izan ditzakenak).

11.ITURRIAK, EGILEAK, LAGUNTZAILEAK ETA LIZENTZIA: Hauxe zen buketzeko pendiente genuen gauza bakarra. Infografiak egiten direnean bereziki garrantzitsua izaten da aurkeztutako informazioa zein iturrietatik lortu den aipatzea; egindako lanaren fidagarritasuna baloratzeko ezinbestekoak dira, baita transmititzen den informazioaren “sesgoa” ulertzeko ere. Kontu hauek ikasleei asko kostatzen zaie ulertzea; uste dut kontu hauei egun ematen zaiena baino garrantzia gehiago eman behar diegula eskoletan. Interneten aroan, informazioaren aurrean jarrera kritikoa izatea hezkuntzan pendiente daukagun ataletako bat da.

Bitxikeria bezala aipatu taldean eztabaida sortu zela lanari jarri behar genion lizentzia erabakitzea tokatu zitzaigunean. Ikasleek Copyright-a izatea nahi zuten; egia esan, beste aukerarik ez zuten ezagutzen beraz beraientzat normalena zen Copyright-a jartzea. Creative Commons lizentziak, adibidez, inoiz entzun gabe zituzten eta Copyleft-a are gutxiago oraindik. Genituen aukera desberdinak gainetik azaldu nizkien, zituzten alderdi postibo eta negatiboak azalduz. Azkenean CC-by lizentzia ipini genion. Ez zeuden guztiak erabat konbentzituta erabaki honekin. Baina gero, gure lana han hemenka aipatua eta zabaldua izan zenean konturatu ziren zein garrantzitsua den lan bati lizentzia egokia ipintzea. Kontu hau aitzakia bezala hartuta, jarraiko egunetan aspalditik gordeta nuen webquest hau Derechos de autor – Derechos a la cultura aurrera eramatea proposatu nien ikasleei. Oso esperientzia polita izan zen eta uste dut ikasleentzat probetxuzkoa izan zela.

12. WEBERAKO BERTSIO LUZEA: Hasieran esan dudan moduan, gure asmoa infografia gelko paretan ipintzea zen. Ez zitzaigun burutik pasa, norbaitek bere webgunean jartzea nahiko zuenik. Baina egindakoa blogan idatzi ondoren, blogetara hobe egokitzen den infografia luze tipiko bat prestatzerik bat ote genuen proposatu ziguten. Egia esan GDraw-wn hori egitea oso erraza izan zen. Jatorrizko sei zutabeak bitara txikitu genituen (lehen aipatutako idazmahairen beheko izkinatik tiratuz) eta jarraian, bloke bakoitzeko elementuak taldekatu ondoren, bata bestearen azpian ipini genituen, azpiko bertsioa lortuz.

Ordiziako Azokaren V. Mendeurrenaren infografia (bertsio luzea)

Jokin in Googleland: zalantzak eta errezeloak

Onartu behar dut nire harremana sare sozialekin nahiko xelebrea dela. Gaurdaino arrakastatsuenak izan diren sare guztiak probatu ditut baina beti topatzen dut arrazoiren bat sare horien eta nire arteko harremana eteteko. Garbi dago arazoa ez direla sareak, arazoa ni naiz 😉

Facebook izan da gutxien erakarri nauena. Hasiera hasieratik izan nituen errezeloak Facebook-en inguruan. Ez zitzaizkidan batere gustatu Internet zabalean, mini-Internet itxi eta opako bat sortzeko Zuckerberg-ek zituen intentzioak. Ez nuen “walled garden” batean murgilduta pasatu nire bizitza digitalaren zati handi bat. Beraz, kontua ireki eta gutxira istea erabaki nuen. Kontua isteko jarritako trabak nolakoak ziren egiaztatu nuenean, alde egiteko gogoa oraindik nabarmenagoa izan zen. Denborarekin, Facebook negozio politikaren xehetasunak sakonago ezagutzen joan naiz eta oso garbi izan dut ez nintzela berriro bertara bueltatuko.

Twitter-en denbora gehiago egin nuen. Denbora nahikoa izan zen konturatzeko hor ere ez nintzela gustura sentitzen. Hasiera batean ez nuen irizpide konkreturik izan nor jarraitu eta nor ez erabakitzeko. Baina ikusita bertan zenbat denbora pasatzen nuen eta zeinen kaxkarra zen denbora horri ateratzen nion etekina, erabiltzaileak arreta gehiagorekin esleitzen joan nintzen; batzuei jarraitzeari utzi nien, erabiltzaile berria jarraitzeko irizpideak zehaztu nituen eta informazioa hobe antolatzeko zerrendak sortu nituen. Baina, hala eta guztiz ere, ez nuen lortu trankiloa hartzea:

  • Erabiltzaile bat baino gehiagorekin, aldi berean, taxuzko eztabaida bat eramatea ezinezkoa egiten zitzaidan, karaktere kontua eta iruzkinen dispertsioa zirela eta.
  • Erabiltzaileak iragazita ere, funtsik gabeko informazioak nire denboraren zati handiegia kentzen zidala iruditzen zitzaidan eta, bestalde, balekoa zena irakurri eta ondoren erabiltzeko denborarik ez nuela ikusten nuen.
  • Informazio iturri desberdin ugari nituela uste banuen ere, denborarekin sentitzen nuen beti nenbilela informazio berdinaren inguruan bueltaka: iritzi dibergenteak, gehiengoak erabakitzen duen iritzien aurkako posturak… faltan botatzen nituen
  • Protagonismoa nagusiki bilatzen duten erabiltzaileak, buenrollismo exajeratua, juizio paraleloak… ez nituen gustuko.

Bitarte honetan Friendfeed erabiltzen aritu naiz, oso gustura. Beti esan dut niretzat informazioa kudeatzeko tresnarik hoberenetakoa dela, bera baino arrakastatsuagoak diren sare sozial gehienen gainetik. Horren seinale nabarmena da gorantz doan Google Plus sare berriak Friendfeed-ek dituen aukera asko kopiatu izana.

Horregatik eta ikastolan erabiltzen ari garen Yammer sarearekin antza handia duelako, Google Plus bila nenbilen sare definitiboa izango zela pentsatu nuen, nahiz eta tresnak oraindik hobekuntza dezente behar dituen.

Poliki-poliki geroz eta erabiltzaile gehiago ari dira euren stream-a eguneratzen (nire zirkuluetan, behintzat, erabiltzaile askoren jarduna biziki piztu da azken bi asteotan), pixkanaka-pixkanaka eztabaidak sortu eta iritzi trukaketa aberasgarriak agertzen hasi dira… eta pittinka-pittinka ere zeintzuk diren Google-en asmoak azaleratzen joan dira. Eboluzioa nolakoa izango den oraindik ikusteke badago ere, Google-ek azken egunetan egin dituen mugimenduak nire kezka eta errezeloak piztu ditu.

  • Google Readeri egindako aldaketak, adibidez, ez zaizkit gustatu. GReader-eko informazioa nahi dugunarekin nahi dugun bezala partekatzeko aukera kendu egin dute aplikazioari egin dioten azkeneko eguneraketan. Orain gure RSS jarioetatik jasotako informazioa erabiltzaile jakin bat edo erabiltzaile talde jakin batekin partekatu nahi badugu, derrigorrez erabiltzaile horiek Google Plus-en egon behar dira (zorionez, “Send To” aukerarekin sarrerak beste zerbitzu batzuetan partekatzeko aukera erabilgarri jarraitzen du). Erabaki honekin, Google-ek gu eta gure lagunak Google Plus erabiltzea derrigortu nahi gaitu. Honek kritika ugari eragin ditu GReader-eko erabiltzaile komunitatean eta ni ere hauekin bat egiten dut (horrelakoetan gertatzen den moduan, bestelako iritziak ere bota dira sarean)
  • Erabaki hau hartu eta handik gutxira, Google in Google+ izeneko blog sarrera batean, bi berrikuntza aurkezten ditu Google-ek. Horietako bat Chrome-rako gehigarri bat da; honekin “+1” egin daiteke irakurtzen ari garen edozein web orriren gainean eta, horrela, Google Plus-en partekatuta geratzen da. Kontu teknikoetan oso jantzia ez banago ere, ulertu dudanagatik badirudi gehigarri honek gure segurtasuna eta pribatutasuna kolokan jartzen dituela. Eskertzekoa bada ere Google Team-eko arduradunen erreakzio azkarra eta arazoa konpontzeko hartutako konpromisoa, Facebook-en “Like” botoiarekin izandako kontu berdinak ez ote ditugun izango ere “+1” horrekin kezkatzen hasita hasita nago.
  • Blog sarrera horretan zetorren bigarren berrikuntza zera zen: YouTubeko bideoak Google Plus-etik atera gabe bilatu eta partekatzeko aukera txertatzea. Botoi txiki bat erantsi digute leihoaren eskuinaldean, oso modu diskretuan, baina era berean oso erosoa (onartu beharra dago) edozein bideo YouTuben bilatu eta gero Google Plus-en partekatu nahi badugu. Horrela, Google-ek arrazoi berri eman digu Google Plus-etik atera beharrik ez izateko. Eta noski, erabaki honen jarraipena zein izan daitekeen ulertzea ez da oso konplikatua, ikustea besterik ez dago eskuineko irudia edo azpiko hiru irudien sekuentzia. Bai, badakit horrelakorik oraindik ez dutela garatu, Google Plus-eko erabiltzaile batek disenatutako mockup bat besterik ez da. Baina ez dut uste denbora gehiegi pasatuko denik Google Music edo Google Maps bezalako zerbitzuak Google Plus-en integraturik izateko. Horrela, Facebook-ek Spotify-rekin egin duen moduan, Google-ek oso erraza dauka Google MusicGoogle Plus-ekin lotu eta lehenengoan dituzun abestiak bigarrenean zure lagunekin klik gutxi batzurekin partekatzeko, dagoeneko YouTubeko bideoekin egiten dugun moduan. Edota lagunekin geratu zarela bazkaltzeko eta jatetxearen kokapena eurekin partekatu nahi duzula? Arazorik ez! Google Plus-etik irten gabe Maps-eko kokapen bat beraiekin partekatzea di-da batean egingo duzu. Horrela, konturatu gabe, Google-en tresna guztiak Google Plus-en uztartzen dituztenean ez dugu arrazoirik edukiko sare horretatik irteteko, izan ere, eskura izango dugu klik gutxitan beharko dugun guztia.

  • Atzo bertan Google+ Pages jarri zuten martxan. Orain arte Google ez du publizitaterik sartu bere sarean. Baliteke mugimendu honekin gauzak desberdinak izatea hemendik aurrera. Egia da ez zaudela derrigortuta enpresa baten jarraitzaile egitea baina egia da, baita ere, bizi garen informazio burbuila pertsonal honetan zaila dela zure zirkuluek kontsumitzen duten informaziotik ihes egitea. Beraz, ez nintzateke harrituko hemendik gutxira hainbat enpresen albisteak nire stream-ean topatzen hasiko banintz. Eta hau ere, ez dut gustuko.
  • EGUNERAKETA – 2011/11/09: onartu behar dut gustatu zaidala nola konfiguratu dituzten Google+ Pages, gure stream-a publizitatez josita agertzea saihesteko.

Ezin da ukatu azken hamarkada honetan Google-ek aplikazio bikainak garatu dituela. Lan handia egin du mota eta formatu guztietako informazioa sarera igo eta modu erraz batean erabili eta partekatu ahal izateko. Erabiltzaile asko irabazi ditu garatu dituen produktuen kalitate onari esker: ni naiz horietako bat. Garatu dituen produktuen kalitateari esker eta sarean eraman duen filosofiari esker, erabiltzaileon fidelizazioa eta babesa lortu du, nirea lehenengoa. Eta orain, fidelizazio horretaz baliatuta, ia konturatu gabe, jarraitzaile guztiak Google Plus-erantz biderantzen ari da.

Hortxe, Google Plus-en, Google-ek sarean zehar sakabanatuta dituen “atrakzio” zoragarri eta eder guztiak bildu ditu (edo biltzera doa) eta badirudi bere asmoa dela bertatik ateratzeko beharrik ez izatea. Horretarako bere zerbitzuetan jasota daukagun informazio guztia “Googleland” berri honetan zabaldu eta partekatzea esperientzia sinplea bihurtzea du helburu, bertatik atera gabe orduak eta orduak egin ditzagun.

Oraindik ez daukat garbi norantz joko duen Google-ek bere sare sozial berri honekin baina azkeneko zantzuen arabera ni behintzat baditut kezkatuta egoteko arrazoiak. Ez dut nahi langaz betetako Internet baten partaide izan, berdin dit Jediak edo Sithak badira ere.

Erabaki bat hartu baino lehen adi egon beharko gara Google plus-en bilakaerari.