Konpetentzia ala gaitasuna?

question

Irakaskuntzaz asko dakitenek, antza denez, jabetu dira eskola munduan aldaketa esanguratsuak eman direla azken urteotan, gizartea berak ere aldaketa sakonak bizi izan dituela eta gaur egungo gaztetxoak oso ezberdinak direla irakasleok, euren adina genuenean, ginenarekiko. Ondorioa? Lege berriak, erreforma sakonak eta curriculum berriak. Bai Euskal Curriculuma baita Curriculum Ofizial berria ere kalean dira duela dezentetik. Asko dira ordutik hona egindako bilerak, irakurritako artikuluak eta sortutako erantzunik gabeko galderak. Baina erreparatu gabe nengoen aurrean aipatutako bi curriculumetan terminologia desberdina erabiltzen dela erdarazko “competencia” hitza erabiltzerakoan. Bi curriculumak irakurri ondoren, irudipena daukat bietan kontzeptu beraren inguruan hitz egiten dela; alegia, funtsean gauza berdinetaz ari dira biak baina curriculum ofizialean “gaitasun” hitza erabiltzen den bezala “competencia” hitzaren ordez, Euskal Curriculumean “konpetentzia” hitza erabiltzen da.

Duela hamar bat egun edo, Gorka Azkarate irakasleak gai honen inguruko eztabaida bat ireki zuen Zirikteroen txokoan. Berak, “gaitasun” hitza proposatzen du beste hizkuntzetan “capacidad/competencia” bikotearen parekoa bezala euskaraz. Hona hemen bere argudioak:

  • EHAAko itzultzaile profesionalek, gaitasun hitza erabiltzen dute behin eta berriz.
  • Euskaltzaindiak ez du bere zerrendan *konpetentzia hitza jaso… Beharrezkoa ez dugun neologismoa iruditu zaielakoan nago.
  • Euskalterm begiratzearekin, nik uste, nahikoa gaitasun hitza konplexurik gabe erabiltzen hasteko. (Sartu gaztelaniazko competencia eta ikusi bere euskarazko pareko guztiak: eskuduntza, konkurrentzia, gaitasuna, lehia…)

Magic-ek “konpetentzia” bezalako neologismo bat erabiltzeko Xabier Garagorrik ematen dituen argudioa bota du jarraian:

Gaitasun eta ahalmenak eta konpetentziak elkarri lotuta daude, izan ere, konpetentea izateko gaitasunak izatea ezinbestekoa baita. Baina konpetentea izateko ez da nahikoa gaitasunak izatea, izan ere, gaitasunek aukera adierazten baitute, eta gaitasunak izateak ez baitu esan nahi egoki jardutea; konpetentziek, aldiz, egoki jardutea adierazten dute, probabilitate maila handi batekin (ez ziurtasuna). Halaber, ezagutzen, prozeduren, abilezien, trebetasunen, jarreren eta abarren eta konpetentzien artean erlazio bat badago, horiek guztiak konpetentziarako behar-beharrezko baliabideak baitira. Baina konpetenteak izateko ez dira nahikoa ezagutzak, edota abileziak, bakoitza bere aldetik eta bereizita; aitzitik, egoera eta testuinguru batean arazoak konpontzeko, modu bateratu eta koordinatuan erabiltzen jakitea eskatzen dute. Laburbilduz, konpetentziak gaitasun potentzialak direla esan daiteke (motorrak, kognitiboak, komunikatiboak, sozialak, afektiboak, ekintzailetza), eta hauek ikaskuntza-prozesuen bidez ahalmen erabilgarri bihurtuta (kontzeptuzko ezagutzak, prozedurazkoak, abileziak, trebetasunak, jarrerak, gaitasunei buruzkoak), modu bateratu eta koordinatuan aplikatzen dira zeregin bat testuinguru zehatz batean modu egokian betetzeko (estrategien erabilera).

Nik neuk ez dut egokia ikusten “gaitasun” termino bakarra “capacidad” eta “competencia” hitzak ordezkatzeko, izan ere, kontzeptu desberdinak direla garbi daukat eta beste hizkuntzetan (katalana beste adibide bat da), termino desberdinak erabiltzen dituzten moduan esanahi desberdina duten bi kontzeptu horiek identifikatzeko, euskaraz ere desberdintzeko beharra daukagula uste dut. Ez dakit “konpetentzia” neologismoa onartu beharrean gauden edota beste termino propio egokiagoa dugun hori azaltzeko baina biak desberdindu beharrean gaudela pentsatzen dut.

Tira, eztabaida interesgarria sortu da denon artean eta ez dakit nik gauzak gehiegi argitzeko balioko duen. Ea zuen ekarpenekin lortzen dugun gauzak garbiago azaltzen. Zein da zuen iritzia gai honen inguruan? Zein da zuek proposatzen duzuen/dituzuen terminoa/ak?

Zeitgeist

Dokumental hau 2007an Peter Joseph produktorearen eskutik iritsi zitzaigun eta oso intersgarria zela irakurrita nuen arren, ia bi orduko iraupena zuela eta ingelesez zegoela jakinda, ez nintzen ikustera animatzen. Gero, gatzelerako azpitituluekin bertsio bat jarrita zegoela jakin dudanean, animatu eta ikusi egin dut. Berehala ohartu naiz dokumental honek irakaskuntzarako duen ahalmenaz.

Dokumentala hiru zatitan banatuta dago:

  1. “Inoiz kontatutako istorirorik handiena” Kristautasunaren jatorria aztertu ondoren, Jeucristoren benetako esistentzia ukatu egiten da.
  2. “Mundua, eszenategi globala” 9/11ko atentatuak, Irak, Afganistan… EEBBetako interes talde batzuen ekimena?
  3. “Ez kasurik egin gortienen atzean daudenei” EEBBetako Erretserba Federala, hedabideen rola, hezkuntzaren rola, gizartearen kontrola…

Ikus daitekeenez, oso gai mamitsuak eztabaidak sortzeko, iritzi kritikoa lantzeko, ikerketa lanak burutzeko, gai horien inguruan gure iritzia plazaratzeko… Zalantzarik gabe, oso material interesgarria DBH eta Batxilergoko irakasleentzat, ikasleen nagiak kentzen laguntzeko, bizi garen gizartearekiko ikuspegi kritikoa sustatzeko, zarpailtzen gaituzten hedabideen aurrean horren otzanak ez izateko…

Irakasleontzat ere oso interesgarria izan daiteke gure jardunaren inguruko gogoeta egiten hasteko. Izan ere, ezartzen diren “erreforma” guztien aurrean nahiko sumisoak gara eta ez dakit interes talde horien borondatea ez ote garen betetzen ari, makinaria erraldoi horren beste pieza bat bihurtu ez ote garen…

Zuei zer iruditzen zaizue?

Espainiako Ministerioaren soluzioa

Nik ez dakit zahartzen ari naizelako, irakaskuntzaren inguruan dauden erakundeen jokabidea geroz eta ulergaitza egiten zaidalako edo erabat pitzatuta nagoelako den, baina zenbait gauza ikustean, “malaletxean” jartzen naiz eta ia egunero erabat ozpinduta oheratzen naiz. Oraintxe bertan, Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta beste erakunde batzuek (Eusko Jaurlaritza ere agertzen da) sortutako Agrega Proiektuaren gunean sartu naiz eta azpiko bideoa ikusi dut. Erraiak nahastu zaizkit.

Badirudi, irakaskuntzaren arazorik nagusiena ikasleen asperraldiak direla eta hori sahiesteko irtenbidea flash animazio batzuk jartzea dela. Hori bai, ahal bada, arbela digital batetan.

Baina zer arraio ari dira administrazioak, alde batetik, Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntza ezarri nahian eta, bestetik, gisa honetako mezuak zabalduz? Eredu horrek ez al du errepikatzen betiko eredu magistrala? Norbaitek esango lidake nola arraio lortzen da flash animazio horiekin ikasleen autonomia, iritzi kritikoa, ikasle sortzaileak, ekintzailetza, IKT konpetentziak, ikasten ikastea… ? Oraindik sinistarazi nahi digute baliabide digitalak erabiltzeagatik metologian eragiten ari garela edo etorkizunerako prestatzen ari garela?

Bada, jakin dezatela geroz eta irakasle gehiago garela horrekin amaitzeko prest gaudenak, geroz eta garbiago daukagula IKT baliabideak ez ditugula erabili nahi betiko ereduak errepikatzeko, gure eginkizuna saio magistraletatik oso urrun ikusten dugula, ikasgelen lau hormak hausten ari garela, eduki eta formatu irekien aldeko apustu garbia egiten dugula, ikasleak egiten eta ekiten jarri nahi ditugula, industrializazio aroko ikastetxe eredu zaharkituarekin amaitzeko prest gaudela, ezagutza kolektiboa eraikitzen jardun nahi dugula, hezkuntza eragile guztion esperientziak partekatu nahi ditugula…

Mesedez, bideoa ikusi eta esaidazue oker nagoen eta iparra erabat galdu dudan, edo administrazio erakundeak dira mezu kontrajarriak zabaltzen ari direnak.

Komikiak ekoiztu

Behin baino gehiagotan topatuko zarete komikiak ekoizteko atakan. Bada, Interneten baliabide ugari dago ikasleak komikiak ekoizten jartzeko. Jarraian, zerrendatxo bat jarri dizuet zuen beharretara hobekien egokitzen dena hauta dezazuen.

Eta zuk ideiak badituzu eta sormena erabiliz proiektu bat aurrera eraman nahi baduzu, adibide bat “Proyecto autodidacta” izeneko gunean topatuko duzu. Bisitatu eta ikusiko duzu komikietan oinarritutako proiektu bat informatika jorratzeko.

Ardora 4.0 kalean da

Irakaskuntzarekin zerikusia dituzten jarduerak ekoizteko “Ardora” izeneko aplikazioaren 4.0 bertsioa kalean da eta hemendik jaisteko aukera dugu, jada. Windows zein Linuxerako bertsioak daude (Wine behar da Ubuntun instalatzeko) eta, gure ekarpenarekin, euskarazko bertsioa ere badago.

Beraz, badakizue, jaitsi, instalatu, hizkuntza eremuan “Euskara” hautatu eta jarri zure neuronak dantzan era guztietako jarduerak asmatzeko, edo, hobeto, jarri zuen ikasleak jarduerak diseinatzen eta sortzen. Gainera, azken bertsio hau, berrikuntzaz beterik dator.

Lerro hauetatik, aplikazioaren garatzailea den José Manuel Bouzán Matanza galiziarrari eskerrak eman nahi dizkiot gurekiko duen begirunearengatik eta hizkuntzeekiko erakusten duen sentsibilitatearengatik. Mila esker!