Ikasturte berria abian da

Pasa den ostegunetik abian da, jada ofizialki, 2005-2006 ikasturtea. Irakasle lanetan hasi nintzenetik ikasturte bakoitzak ezaugarri bereziak, erronka propioak izan ditu. Egia esan ezin dizuet esan nire lana, orain arte, monotonoa izan denik, ezta gutxiagorik ere!. Eta horixe da, hain zuzen ere, pilak pizten dizkidana: Jakintza ikastolan bizi izan ditudan ikasturte guztiak bereziak izan dira eta hasi berria den hau ere ez da salbuespena. Baina norbaitek esan dit aurtengoak baduela zerbait desberdina…

  • Onartu behar dut, Ordiziko ikastolako irakaslea naizenetik, gure ikastolak ahalegin handiak egin dituela azpiegitura mailan punta-puntako ikastetxe batean bihur dadin. Urteroko aurrekontuetan agertu izan dira diru zati handiak gure azpiegiturak hobetzeko konpromezuari erantzunez. Baina aurten ahalegin hori paregabea izan da benetan: patioko estalkia, areto-gela berria, komunetan izan diren hobekuntzak, margotze lanak… eta IKTeei dagokienez, zer esanik ez!: aurten bi infogela berri prestatu dira.

    Lehenengoa eskolaurrean. 2 urtetik hasi eta 5 urte bitarteko ikasleek IKTeen erabileran lehen urratsak ematen hasteko gela berri bat antolatu dugu. Ilusio handiz sortutako gela da, arrazoi birengatik batez ere: alde batetik, honen bitartez Ikastolen Elkarteak sortu duen materialaren erabilpen indibiduala bultzatu ahal izango dugulako (gure haurtxo bakoitzak Tttantto, Txirritx eta Xangorekin jolastu eta ikasiko duela bermatzen dugu gela honekin) eta, bestetik, IKT planean zehaztu ditugun helburuak lortzeko bidea ipintzen dugulako. Azken hauen artean ondorengoak egongo lirateke; haur bakoitzak ordenadorea pizten eta itzaltzen ikastea, xaguaren eskuin eta ezker botoiak desberdintzea, aplikazio bat abiaraztea, etabar. Une honetan 2 urtetik 18 urte bitarterarte gure ikasleek IKTetan lortu behar dituzten helburuen planifikazioa egiten ari gara. Bukatu bezain pronto weblog honetan zintzilikatuko dugu dokumentu hori edonork kontsultatu ahal izateko.

    Bigarren infogela Altamiran antolatu dugu. Punta-puntako 23 ordenadore berriz hornitutako gela da (iaztik martxan genuen ere ezaugarri berdineko beste gela bat). Kontutan izanik gure ikasleek eskura dituztela bideo eta argazki kamera digitalak, bideo-kapturadorak, eskanerrak…ekipo berri hauekin bideoa jaso eta editatzeko, argazkiak erretokatzeko, ekoiztutako materiala internet bitartez igotzeko… aukera izango dute. Aurten egin diren hobekuntzekin ordenadoreko 10 ikasle baino gutxiagoko ratioa betetzen dugu. Gure ikastolak egin duen esforzua etekin ezin hobea izan duela iruditzen zait.

  • Azpiegitura mailan egindako aldaketa guzti hauek ez dute balio errealik ez badute suposatzen aldaketa bat eguneroko metodologian. Aldaketa hau gauzatu ahal izateko bi faktore ezinbestekoak direla iruditzen zait: bata, material berritzailea izatea izango litzateke eta bigarrena irakaslegoaren konpromezua. Lehenengo puntuari dagokionez esan beharra dago Ikastolen Elkarteak ahalegin handiak egin dituela azken urte hauetan teknologia berrien erabilpenean oinarritutako materialak ekoizten. Nire uste apalean material interesgarrienak eskolaurrerako eta LHrako sortu dira, Urtxintxa eta Txanela proiektu bezala ezagutzen ditugunak, hain zuzen ere . Urte batzuk dira material hauek gure ikastolan erabiltzen ditugula eta ea arestian aipatutako azpiegitura aldaketek erraztu eta hobetzen duten gure irakaskuntzaren kalitatea!. Halere, faltan botatzen ditut tresna berriak Bigarren Hezkuntzan. Eta horra non, aurten lehenengoz, erronka horri serio heltzen diogun IKTerook. Teknologia berrien ezagutzari dagokionez, azken urte hau emankorra izan da benetan eta, horrelaxe, irakasle talde batek IKTak gure eguneroko metodologian txertatzeko ausardia izan dugu. Eskaintza zabala da benetan. Gure LH 5 eta 6. mailako ikasleek beraien weblog propioa izango dute, DBH 1eko ikasleek bezala. DBHO 1. mailako ikasleek eGelaren inguruan lanketa berezia egingo dute eta DBHO 2ko ikasleek, teknoilogia berriak medio direla, hizkuntzako gaia eta fisikako gaia jorratzeko aukera izango dute.

…Murumendiko sorginak esan dit aurtengo ikasturtean uzta ederra bilduko dugula IKTerook. Ea asmatzen duen!

PHP Webquest EUSKARAZ!

Egun batzuk pasa dira jolausek Webquest eraginkorrak sortzeko bidea Edutekan artikulua idatzi zuenetik. Bertan, webquestak egiteko sarean topa daitezkeen webguneak aipatzen zituen eta gu, hari horretatik tira eginez, PHP Webquest eta Instant Webquest-era heldu ginen. Bietan adibideak sortu ditugu jakiteko zeinetan egiten den lan erosoen, zeinek eskaintzen dituen aukera gehien, zein testu editore mota duen… eta oso garbi dugu: PHPWebquest-ak txantiloia pertsonalizatzeko eskaintzen duen aukera eta prozesuan zehar ematen dituen azalpenekin gelditzen gara!

Halere, programak bazuen eragozpen bat: ez zegoen euskaraz! IKTerook, nahiz eta nahiko lanpetuta ibili, udako egun batzuk hartu eta programa euskaratzeari ekin genion edonork gure hizkuntzan erabiltzeko aukera izan zezan. Euskaratutakoa, gainera, azken bertsioa da (PHPWebquest 2.0), egunotan martxan jartzen ari dena, eta nahiz eta oraindik batzuetan arazotxoren bat eman, lasai asko lanean hasteko moduan dago.
Programa erabiltzea eta webquest-ak sortzea oso erraza da, edonork egin dezake informatikako ezaguera berezirik gabe. Hainbat txantiloi duzu aukeran eta, onena da, behin horietako bat aukeratuta, nahi adina aldaketa sar ditzakezula (koloreak, hizki mota…) gure adibideetan ikusiko duzuen moduan. Testua sartzeko tresnak, hau da, testu editoreak aukera mordo bat eskaintzen dizkigu, horien artean beste gune batean gordetako flash-ak sartzearena!
Gainera, PHPWebquest programarekin webquest-ak sortzeaz gain, Altxorraren Bila eta miniquest-ak ere sor daitezke.
Gure asmoa irakasle guztiak teknologia berrien mundura erakartzea izanik, honelako jarduerak sortzera animatu nahi zaituztegu. Benetan erraza dela zin dagizuegu!!! Zuen Webquestak hemen sortu nahi izanez gero, egin behar duzuen gauza bakarra helbide honetara jotzea eta erabiltzaile kontu bat eskatzea da. Berehala jasoko duzue baimena lanean hasteko!
Dena den, gure aholkua da aldez aurretik ondo pentsatuta izatea edukia eta argazkiak prestatuta (sartu behar badituzue, behintzat) eta honela webquest-a sortzea minutu batzuetako kontua izango da.
Baina egintzak bear dia, ez itzak (edo horrela esaten dute, behintzat) eta hona hemen magic-ek eta nik dagoeneko sortu ditugunak:

Weblogak: zure iritzia mundura!

xx. mendeko euskal literatura

e-postaz komunika zaitez

Euskal blogosfera sustatzen: Iruñean ikastaroa

Dakizuen bezala (beste artikuluren batean aipatu dudalako) uztailaren amaiera aldean Iruñean izan nintzen UEUk antolatu eta Patxi Gaztelumendik ezin hobeto zuzendutako ikastaro batean euskal blogosferaren inguruan gehixeago jakin nahian. Ordundik pentsatuta neukan idaztea han ikusi eta ikasitakoaz baina, batetik, Ordiziako jaiak hasi ziren egunean bukatu ziren nire joan-etorriak Iruñera eta, bestetik, hainbeste ideia atera nituen bertatik nire blogean buru-belarri sartuta egon bainaiz horietako batzuk martxan jarriz. Berandu bada ere, hona hemen agindutakoa.
Hasteko, aipatzekoa da han bildu ginenon perfil aniztasuna (informatikariak, irakasleak, kazetaritza mundukoak…) eta horrexek eman zion, nire ustez, ikastaroari benetako aberastasuna. Hori bai, bagenuen denok zerbait komuna: euskal blogosferako partaide izan eta bakoitzak gure ikuspuntu ezberdinetik berau eraiki eta handitzen lagundu nahia!
Aipatzekoa ere hainbestetan entzundako izenei aurpegi bat jarri izana. Nork ez du inoiz Gari Araolazarekin, adibidez, hitzen bat partekatu aurki.com-en bidez jasotzen dugun artikuluren batean? Edo nork ez du Jabi Zabalaren sarean.com ezagutzen? Bada, ikastaro honek, ondoren aipatuko ditudan jarduera guztiak egiteko baliagarri suertatzeaz gain, hainbestetan entzundako izenei itxura emateko ere balio izan du. Baina gatozen harira.
Aipatu bezala, ikastaroan gai anitz jorratu dugu. Lehenengo arratsaldean Patxi Gaztelumendi kazetaritza partehartzaileaz aritu zen (benetan interesgarria Patxik mahai gainean jarritako gaia: blogen eztandak komunikazioaren ingurugiroan izan duen eragina, hartu duen indarra eta irabazten ari den audientzia) . Ondoren ikasle bakoitzak blog bat sortu genuen. Bigarren egunean, goizean, Gari Araolaza(aurki.com eta eibar.org ) eta Jabi Zabala (sarean.com) ezagutzeko aukera izan genuen. Garik aurki.com aurkeztu zigun zehaztasun osoz eta, ondoren, Jabik euskarazko blogintzaren bilakaerari errepaso dotorea eman zion. Saio hauen bukaeran burututako mahai-inguruan aparteko parada izan genuen bilduta geundenon interesei buruz hitz egiteko eta geroari begira asmoak azaltzeko ere. Baina, esan behar, azken puntu hau airean gelditu zela. Galdera eta gogoeta ugari geure buruetan: euskal blogosfera txikia izanik ere, dispertsio handia dagoela sumatzen da. Zein bideari jarraitu behar diogu? Zer egin dezakegu gure blogosferan atomizazioa saihestu eta benetako euskal blogosfera -jada atzera pausorik onartzen ez duen euskal blogosfera- indartzeko??? Tamalez, erantzuna ez da hain erraza, baina gure esku dago… Arratsaldean, wordpress euskaratuarekin aritu ginen lanean (honen inguruan ez naiz gehiago luzatuko nire blogkide den Jolausek ederki azaldu zuelako beste artikulu batean!) Hurrengo goizean Iñaki Alegria (EHUko informatika saileko irakaslea) eta Gorka Juliok (teketen) software ezbedinak aztertu zituzten ikuspegi informatikotik (guztiz interesgarria eta ulertzeko erraza informatika mundutik hain gertu ez garenontzat. Gorkaren blogean aurki dezakezue material guztia. Mila esker, Gorka, microwikiagatik!). Ikastaroa amaitzeko, Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik Blogak eta euskal prentsaren inguruan gogoeta egin zuen. Bere jario atseginaz, prentsaren erraiak azaleratu eta blogen munduari astindu txiki bat ere eman zion (benetako informazio iturri gisa edo kazetaritza partehartzaile hori pixka bat zalantzan jarriz???? Dena den, badirudi beraiek ere mundu honetan sartzekoak direla eta han geundenon iradokizunen bat baino gehiago jasota joan zen bera ere.
Ikusten duzuen bezala, aniztasuna izan da ikastaroaren gakoa: pertsonen aniztasuna, helburuen aniztasuna eta jorratutako edukien aniztasuna!
Handik bueltan, erabaki dezente hartu nituen nire blogaren inguruan: wordpress erabili, wiki bat sartu ikasleekin istorio elkarreragileak sortzeko…eta, azkenean, horiek guztiak hementxe irudikatu ditut (pixkanaka osatzen joango naiz).
Beraz, ikastaro oparoa eta emankorra alde guztietatik.
IKTerook eskerrak eman nahi dizkizuegu gure bloga (gor)aipatzeagatik eta nik, bereziki, jasotako adeitasunagatik. Mila esker Patxi, Gari, Jabi, Xabi, Iñaki eta Julio! Ondo izan eta laster arte…

Irakaslearen rol berria: abiapuntuak

Egia esan zortzi urteko esperientziarekin hezkuntza munduan (hauetako hiruzpalau teknologia berrien esparruan) ez dakit pertsona egokiena naizen hezkuntza sisteman eman edota emango diren aldaketen inguruan nire iritzia emateko. Baina azkenaldian izandako esperientzi pertsonalen eraginez egindako hausnarketen ondorioz ni ere bat nator Magic eta Enekok egiten duten analisiarekin.

Nik ere pentsatzen dut azken paragrafoan aipatzen den ikasle-irakasle harreman motarantz joko dugula datozen urteetan. Baina galdera da: nola?.

Epe laburrean, gaur egun oso arruntak diren bizio, akats, beldur edota tabu batzuk konpontzen eta saihesten ahalegindu beharko ginatekeela iruditzen zait. Agian pentsa daiteke garrantzi handiko gauzak ez direla baina, nire ustetan, abiapuntu bat izan daiteke eredu berrietara heltzeko bidea egin nahi badugu.

  • Irakasleak erabiltzen duen materialaren jabetza pribatua da: ikasle batek informazioa lortzeko bide bakarra, jada, ez da irakaslearengandik jasotzen duen materiala (Enekok bere erantzunean zihoen bezala). Beraz, zentzua galdu du materiala “giltzapean” gordetzearenak altxor handi bat izango balitz bezala. Baina irakasle askoren buruan oraindik indarra daukate “zenbat ordu pasatu ditudan apunteak prestatzen” edota “nireak bezalakoak seguru ez daudela inon” bezalako justifikazioek. Horrela, paradoxa handiak ematen dira mintegi barruan adibidez: maila bereko irakasleek material oso desberdinak erabiltzea esate baterako. Eta jarrera hauek poliki poliki aldatzen doazen arren oraindik indar handia dute hainbat lekutan, hala nola, unibertsitatea. Niri ere tokatu zait urtez urte gai desberdinak jorratu behar izatea eta badakit zenbat ordu eraman ditudan material berriak prestatzen. Eta nik ere pentsatu dut nireak direla hobenak. Konpartitzearen ondorioz lehenik eta behin materiala prestatzeko erabili beharreko denbora txikitu egiten da eta bestetik materiala bera osatu eta aberastu egiten da. Baina, pentsamolde hau aldatzea oraindik kosta egiten da.
  • IKTen erabilerak irakaskuntza presentziala ordezkatuko du: ideia hau nahiko zabaldua dago irakaslerian eta askotan erabiltzen da aitzaki bezala, gainera, IKTen erabilerak dituen gaitzetako bat bezala. Eta nik uste dut hemen gauzak nahasten direla: irakasle-irakasle edota ikasle-irakasle harremanak sustatzeko komunikatzeko bide gehiago egoteak ez dakar orain arte erabili ditugunak baztertuta geratzea. Ordezkatu baino gehiago osatu egin beharko lukete. Guztien erabilera orekatua eta eraginkorra izateko errezeta magikoa lortzean dago sekretua.
  • IKTak konplikatuak dira: gai delikatua benetan. Egia da teknologia berrien esparruan asko eta asko konplikatuak izan daitezkeela (erdaraz esaten den bezala “aplicaciones con curva de aprendizaje pronunciadas”) baina egia da ere existitzen direla aplikazio interesgarri ugari aprendizaia minimo batekin martxan jarri daitezkeenak, hala nola, blogak, wikiak, webquest-ak… Eta hemen IKTeroen lana oso garrantzitsua da. Lehenik eta behin gure lana da aplikazio guzti hauek identifikatzea eta erabilpena erraza dutela egiaztatzea eta, bigarrenik, gure lana da ere irakasle desberdinen beharrak eta gaitasunak identifikatzea eta horren arabera bakoitzari bere proiektuak gauzatu ahal izateko behar dituen tresnak eskura jartzea. Eta uste dut atal honetan gauzak ez direla beti ondo egin IKT arduradunak garenon aldetik. Zergatik ikasi behar dute irakasle guztiek argazkiak eskaneatzen eta oinarrizko erretokajea egiten baldin eta gehienentzat errazagoa baldin bada interneten bilatzea eta jarraian kopiatu/itsatsi eginez argazkia erabiltzea?. Azter dezagun lehenik nork nahi duen eta nork ahal duen eta gero eskaini diezaiogun bakoitzari berea. Eta esperientziak esaten dit horrelakoek atzera botatzen dituztela irakasle asko IKTak inplementatu nahi ditugunean gure irakasleen artean.
  • Ikasleak ikastolara “zerbait” jasotzera joaten dira: ikasleen jarrera “pasibo” hau areagotzen ari dela iruditzen zait azken urte hauetan. Nik uste dut IKTen erabilerak jarrera honen aldagai garrantzitsuenetako bat izan daitekeela (kontuz!, ez bakarra: ikaslearen konpromezua lortu beharko genuke ikastolako esparru guztietan). Teknologia berriak garrantzitsuak izan daitezke ikasleen arteko lan kolaboratiboa indartzeko, ikasleek beraien artean kezkak eta dudak argitzeko (oso inportanteak vSkype bezalako tresnak adibidez), iritzi kritikoak emateko… Komunikazioaren prozesuan ikasleak hartzaile paperetik atera eta igorle bihurtu behar ditugu.
  • Proiektu berritzaile hauek irakasle “ero” batzuen kontua da: buffff!!! zenbatetan burrukatu behar izan dut honen aurka. Ikastoletan izan den iraultza baliabide berri eta azpiegitura mailan irakasle taldetxo batek bakarrik erabiltzeko egin bada gaizki gabiltza. Zuzendaritza talde ausartak behar ditugu ikastoletan, IKTen erabilerak ekar ditzaketen onuretaz konszienteak direnak eta gauzatuko diren proiektuei babesa eta bultzada emango dietenak. Ez dago frustrazio sentsazio handiagorik ikustea egiten duzun horrek ez duela inongo jarraipenik, zure proiektuek ez dutela inongo oihartzunik ikastola barruan, proiektuak ongi etorriak direla baldin eta atzean babes-ekonomikoa badute bakarrik… Aurrepausoak eman nahi badira zuzendaritzaren konplizitatea eta inplikazioa ezinbestekoa da; bestela segituan agortuko da irakaslearen inplikazioa erakundearekiko ere.

Oharra: Ondorengo idatzia Magic-ek duela egun batzuk idatzi zuen mezuaren erantzuna izan nahi zuen. Baina kontutan izanik erantzuna bera ia mezua baino luzeagoa dela :wink: eta nire uste apalean bere ekarpenari ikuspegi berri bat ematen diola post berri batean ipintzea erabaki dut.

Webquest eraginkorrak sortzeko bidea Edutekan

Edutekak tarteka argitaratzen dituen buletinetatik azkena heldu zait nire helbide elektronikora. Webgune kolonbiar honek hezkuntza munduan baliagarriak izan daitezkeen tresnen inguruko monografikoak edota irakasgai ezberdinen inguruan sarean aurki daitezkeen baliabideen zerrendak prestatzen ditu, guztiek ezaugarri komun bi dituztelarik; kalitatea eta erabilgarritasuna. Eta orain kontatzera natorkizuenak ere ildo bera jarraitzen du.

Ugariak dira sarean aurki daitezkeen Webquest-en inguruko webguneak baina gutxietan adierazten da hain garbi zein den ekoizpen prozesuan jarraitu beharreko prozesua. Gehiegi luzatu gabe ondorengoak topa ditzakezue:

Irakaskuntzaren munduan bide berriak jorratu behar direla sinesten dugunok hemen dugu aukera tresna interesgarri hau nola erabili behar den ikasteko.