KÅRE KULLERUD-en Geologiako Flash moduloak euskaraz

geologiamoduluak

Kåre Kullerud, Norvegiako Tromsø Unibertsitateko Geologia Departamentuko irakaslea da. Geologiako hainbat gai (Lurrikarak, Tektonika, Lurraren barrualdea …etab) flash modulo batzuen bidez lantzen ditu (guztira 22 modulo). Bertan idatzizko informazioaz gain animazioak daude. Moduloen barruan gaia atalka banatuta dago. Beraz modu linealean landu daiteke (atal guztiak bata bestearen atzetik) edo saltoka. Hori dela eta, moduloak “liburu elektroniko” gisa erabil daitezke.

Materiala kalitate handikoa da. Horren adierazgarri hainbat hizkuntzetara itzuli dela da (Modulo guztiak Norvegierara, Errusierara eta Ingelesera itzuliak daude; Alemanierara, Italierara, Txinerara, Gaztelerara, ….etab, aldiz, modulo batzuk bakarrik).

Axular Lizeoa Ikastolako Ingeles eta Natur Zientziak mintegiko irakasle batzuk moduloak itzultzeko konpromezua hartu dugu. Orain arte 4 modulo itzuli eta zintzilikatu ditugu. Beste pare batean lanean ari gara.
Helbidea hurrengoa da : http://www.ig.uit.no/webgeology/

Modulo berriak euskaratzen ditugun heinean abisatuko dugu.

DAVID HARRISONen Flash animazioak euskaraz

davidharrison

David Harrison, Kanadako Toronto Unibertsitateko Fisika Fakultateko irakaslea da. Fisikako atal desberdineko (Kaos, Mekanika Kuantikoa, Erlatibitatea, Mekanika Klasikoa…etab) hainbat flash animazio ditu (90 inguru). Batzuk goi mailakoak dira, baina gehienak DBHn edo Batxilergoan erabiltzeko modukoak dira.

Flash horiek gaztelerara eta katalanera itzuliak zeuden (Universidad Peruana de Ciencias Aplicadas-eko Fisika Departamentuko Yuri Milachay-Vicente-k eta Alacanteko Unibertsitateko Fisica Aplicada Departamentuko Albert Gras-Martí-k gaztelerara eta Albert Grass-Martí-k katalanera).

Orain euskaraz ere aurki daitezke. Helbidea hurrengoa da http://ticat.ua.es/David-Harrison/

Oharra : URL helbideari azken testua kentzen badiozue (adib: helbidea http://ticat.ua.es/David-Harrison/euskara/Chaos/LogisticMap/LogisticMap.html bada, /LogisticMap.html kendu) zerbitzariko direktoriora sartuko zarete eta flash artxiboa (swf estentsioa duena) eskuratzeko aukera izango duzue, gero modu lokalean edo Internet loturarik gabe lana egin hala izateko.

DBH eta Batxilergorako hainbat material eta informazio interesgarri eskuratzeko aukera erraza. Manuel Sada-ren ataria.

Interneten saltseatzen nafarroako irakaslea den Manuel Sadaren atariarekin egin dut topo. Marrazketarako, Fisikarako edota Matematikarako oso baliogarria den ataria iruditzen zait eta, gainera, kalitate handikoa.
Gehienak Geogebra aplikazioarekin eginiko applet-ak dira. « Recursos informáticos y audiovisuales para el aula de Matemáticas” atalean sartuta hainbat baliabide ditu (webquest, powerpoint aurkezpenak, Cabri-rekin eginiko applet-ak, Excel-ekin estatistika…etab), oso modu argi batean sailkaturik. Atal hori euskaratuta dago.

Azkenik, atari guztia deskargatzeko aukera ematen du, modu lokalean edo Internet loturarik gabe lana egin ahal izateko.

Helbidea hebidea hau da: http://recursos.pnte.cfnavarra.es/~msadaall/geogebra/index.htm

Ataria bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Ez zarete damutuko!

Begiak bustitzen zaizkit horrelakoak irakurtzerakoan…

Batzuetan, gutxien espero duzunean, barruak aztoratzen dizkizun artikulu horietako bat irakurtzen duzu sarean. Gaur, DBH 1eko gure ikasle batek idatzitako azken posta irakurri dut. 10 urteko ikasle honen idatzia irakurtzen amaitu dudanean malkotxo batzuk ihes egin didatela onartu behar dizuet. Emozionatu egin naiz!

Eskerrik asko Iñigo. Ez duzu imajinatzen zein harro sentitu naizen zure ipuina irakurri ondoren!

PD: Iñigoren bloga irakurtzea gonbidatzen zaituztet. Tresna hauen baliagarritasunaz ohartzeko adibide polita da.

Ortografia lantzeko ariketa-sorta praktikan

Aurrekoan, ikasleekin ortografia lantzeko asmoz, euskaljakintzakook 20 ariketako sorta prestatu genuela azaldu nuen. Idazteko une hartan, esperientzia oraindik zintzilik zegoen; izan ere, ikasleekin praktikara eramateko astirik ez bainuen izan. Azken egun hauetan, ordea, lanari azkena eman diogu eta, esan beharrean nago, saioa erabat interesgarria suertatu dela.

Hasteko, ikasle guztiei 20 ariketak egiteko eskatu nien. Bitxia izan zen ikustea bikote batek beste bati ariketa erraza edo zaila jarri izana leporatzea, hitzen bat edo beste jarri zuenak ere ez zuela ezagutzen botatzea, ariketetan azaltzen ziren herriak bazirenik ere ez zekitela aitortzea… Hitz batez, niri gustatzen zaidan legez, saltsa egon zen ariketak egiten ari ziren bitartean. Ikasle bakoitzari 20 ariketa horietatik gaizki egindako hitzen zerrenda osatzeko eskatu nion. Zintzo helarazi zizkidaten zerrenda guztiak eta 25 ikasleen akatsekin taula bat osatzea izan zen hurrengo pausoa. Asmatu duzuen bezala, hitz horietako asko errepikatu egiten ziren zerrenda joan zerrenda etorri. Baietz igarri zein izan zen gehien erratutako hitza? Bada, berdinketa eman zen leiho eta herdoil hitzen artean. Lehenengoa, irakasle guztiok dakigu klasiko bat dela, urtero-urtero eta erremediorik gabe errepikatzen den horietakoa: leiho. Beraz, ezusteko handirik ez horraino. Bigarrena, aldiz, ez nuen espero. Herdoil, herdoildu eta horietatik eratorritakoen zailtasun bereziaz ohartu gabe nengoen orain arte. Hemendik aurrera, nire ohiko akatsen glosategian sartuko dut (azken urteetan ikasleen idazlanetan topatu ditudan akats ohikoenekin Moodle-en glosategi bat prestatu nuen, bisitari gisa sartu ikusi nahi baduzue).

Guztira 25 ikasle direla kontuan izanik, 4 aldiz edo gehiago errepikatu direnak baino ez ditut sartu aurtengo akatsen zerrenda orokorrean. Herrien izenak ere zerrendatik kanpo utzi ditut. Beraz, honela gelditu da akatsen errepikapenen behin-betiko sailkapena:

  • 12 aldiz : leiho, herdoil
  • 10 ” : horditu (mozkortu)
  • 9 ” : haatik (alabaina, hala ere), okela
  • 8 ” : hurko
  • 7 ” : auhen (negar-zotin), alabaina, erbeste, esamesa, ospe
  • 6 ” : alferkeria, behatoki, aztura (ohitura), burdina, erietxe, hagaxka (varilla), ildo, izanez gero, mihise, oihal, pitzarazi (piztu aditzaren arazlea), sorrarazi, urrun
  • 5 ” : anhidrido, biderketa, hagitz (oso), harkaitz, harpe (haitzulo, haizpe, kobazulo), herren, oihandar (basotar, basati)
  • 4 ” : arrautza, arroz, ausardia, baihintzen, egia, existitu

Ikus daitekeenez eta logikoa den bezala, h-a izan da arazo sortzaile nagusiena; dena den, -a itsatsiak ere nahiko lan eman die (egi ala egia?)

Amaitzeko, alde batetik, ariketa bat prestatu dut denentzat akats orokor hauek lant ditzaten eta bestetik, neurrira egindako beste 25 ariketa (bana ikasle bakoitzarentzat). Orokorra hementxe uzten dizuet, besteak oraindik ez ditut publikoak egingo kontrol gisa erabiltzeko asmoa baitaukat. Oraingo honetan, leiho hitza ondo idazten ikasten ez badute, norbaitek esan diezadala mesedez zer egin, niri ez zait ezer gehiago bururatzen eta! :wink:

Ariketa egiteko, klikatu irudi gainean: