Konpetentzietan oinarritutako curriculuma

Zalantzarik ez dago hezkuntza arloan gabiltzanontzat eta orohar heziketaren inguruko kezka eta jakin-mina duten guztientzat, zer esana ematen hasi den gaia dela konpetentziena. Oraindik hastapenak besterik ez direla esango nuke; izan ere, ibilbide luzea izango duen gaia izanik, garbi dago hasi besterik ez garela egin izenburu horren barnean zer nolako baieztapenak eta planteamenduak dauden barneratzeko.

Gure kasuan, beste lankide batzuekin batera, aukera izan dugu Ikastolen Elkarteak antolatutako atariko saioetara joateko eta gai garrantzitsu honen aurrean poliki-poliki gauzak ulertzen hasteko. Saio hauek baliagarriak izan dira eta esango genuke orain, konpetentzien inguruko erreferentziak ezagunago egiten zaizkigula.

Lau saio izan dira Xabier Garagorriren gidaritzapean. Esan, Maria Galdeanok ebaluazioari buruz bere ekarpena egin zuela eta Manu Aurrekoetxeak prestakuntzari buruz. Beraz, hemen aipatuko ditudan kontzeptu eta planteamendu gehienak bertan jasotakoak direla esan behar dizuet hasiera-hasieratik.

Hasteko, uste dut komeni dela hitz klabea izango denari buruzko argibide batzuk ematea. Alegia, konpetentzia hitzaren esanahia argitzea. Zein dira konpetentzien ezaugarriak? Eta esan beharra dago ez dela beti esanahi bera erabiltzen kontestu guztietan. Adibidez, mediku konpetentea, irakasle konpetentea, entzun izan dugu behin baino gehiagotan. Esan nahiko luke lana ondo egiten dutela. Kiroletan, berriz, konpetentzia hitza, ia beti, lehiari lotua agertzen zaigu. Lan munduan, ordea, konpetentzia definitzerakoan, ondorengoa ulertzen da: pertsonak, egoera baten aurrean, duen gaitasuna bere ahalmenak kudeatzeko. Gure esparruan, heziketan, alegia, konpetentea izatea, gauzak ondo egiten dakienarekin lotzen dugu.

ikasgelanKonpetentzia terminoaren definizioa zertxobait gehiago zehazte aldera, agian baliagarria izan liteke, heziketa arloan, ikuspegi sozioeraikitzailea duten autoreen erreferentziak kontuan izatea. Autore hauen ustez, konpetentzia definitzerakoan ondorengo konstanteak hartu behar dira kontuan. Alde batetik, beharrezkoa da baliabide multzo bat izatea; bestetik, pertsonak modu orokor eta integratuan (aipatu baliabideak) erabiltzea. Azkenik, egoera baten aurrean modu eraginkorrean aktuatzea. Zer esan nahi dugu baliabide multzoari buruz? Gutxi gorabehera, LOGSEk ikas arloetan aipatzen dituen kontzeptuak, gertaerak, printzipioak, prozedurak, jarrerak, materialak, denbora…izango lirateke.

Konpetentzia hitzaren esanahia apur bat zabaldu ondoren, komeniko da bere justifikazioa azaltzea. Zergatik aipatzen zaigu orain konpetentzien garrantzia eta beharra? Hezkuntza munduan, azkenaldian egin diren ikerketa eta gogoeta gehinetan agertzen da , hezkuntza formala oso akademikoa dela edo izan dela, ez dituela gazteak behar bezala prestatzen subjektu gisa, herritar gisa, ezta lan munduan dituzten erronkei aurre egiteko ere. Bestalde, ikaste prozesuak bizitza osoa irauten duela ez dugu behar bezala barneratzen.

Konpetentzietan oinarritutako curriculumak ohiko curriculum akademikoaren ordezkoa izan nahi du. “jakite”aren logikatik “egiten eta erabiltzen” aren logikara igaro nahi da. Adibide txiki batekin esateko, garrantzitsua ez dela biderketak eta zatiketak jakitea, baizik eta bizitzako egoera baten aurrean, biderketa eta zatiketak erabiliz, aurrean duen arazo edo egoera bat gainditzea. Onartu beharra daukagu ahalegin izugarria egin dugula ikasleek konzeptuak, ezagutzak barnera ditzaten, gehiago esango nuke, memoriz ikas ditzaten. Zalantza, bigarren zatian sortzen da. Zertarako ziren kontzeptu eta ezagutza horiek? Ikasleak bizitzaren aurrean dituzten arazo eta zailtasunak gainditzeko? Edo azterketa gainditzeko?

Gaur egun egiten den planteamendu berrian, ezagutzatik konpetentzietara pasatzea nahi da eta, gure ustez, salto handia dago horretan. Ikasle konpetenteak, pertsona konpetenteak, ekiteko gai direnak dira. Hori izan behar du hezitzaileon ardura nagusia.

Konpetentziak gora eta konpetentziak behera, baina zeintzuk dira edo izan behar dute eskuratu beharreko Oinarrizko Konpetentziak? Modu orokorrean, erantzutea erraza da: bizitzarako garrantzitsuak direnak. Baieztapen hori eginik, esan behar da oinarrizko konpetentziak metadisziplinarrak direla eta derrigorrez txertatu behar direla ikas arloetan. Alegia, oinarrizko konpetentzia bat “ikasten eta pentsatzen ikastea” baldin bada. Konpetentzia horren lanketa ez dela arlo zehatz batean bakarrik txertatu behar, derrigorrezkoa dela konpetentzia horren lanketa ikas arlo ezberdinetan txertatuta izatea baizik .

Konpetentzien inguruko hainbat azterketa eta zehaztapen egin dira dagoeneko, poliki-poliki gero eta gehiago ezagutuko ditugunak. Batzuk gertuagokoak egiten zaizkigu; adibidez, Ikastolak zehazten ari diren Euskal Curriculuma ikuspegi horretatik ari da osatzen. Komeni da beste erreferentzia batzuk ere aipatzea. Hasteko, azken aldian hainbat aldiz entzun dugun PISA ebaluazioa, OCDE erakundeak bultzatzen duena. PISA ebaluazio (DeSeCo) (Definición y Selección de Competencias) planteamenduan oinarritzen da eta PISAn agertzen diren frogak ikuspegi hauxe dakarte.

Beste saiakera garrantzitsu bat hezkuntza arloan Tuning proiektua da. Unibertsitate mailan landu beharreko konpetentziak zeintzuk diren zehazten dituena. Zehatz-mehatz agertzen dira unibertsitate ezberdinetako ikasleek bereganatu behar dituzten 30 konpetentzia generikoak.

Eta gure jarrera honen aurrean?

Berriro ere sumatzen dugu aldaketa datorrela, aurrez ere ikusi ditugu hainbat aldaketa Hezkuntza Sisteman eta jarrera bat izan daiteke: “Hau ere pasako duk modatik, nik ez zeukat asko aldatu beharrik”. Edo, beste jarrera bat izan liteke, gutxienez kezka eta planteamendu berriaren nondik norakoak ezagutzeko jakin-mina izatea.

Gizartean ikusi edo sumatzen diren gabezien eta arazoen aurrean, askotan aipatzen dira gauzak gaizki egiten direla/ditugula hezkuntza arloan, beste hutsunerik ez balego bezala. Nik pesimismorik ez dut nahi gai honen aurrean. Gaur egun egiten dena ez dut uste “zakarrontzira bota” eta iraultza bat egin behar denik. Hezitzaileok jakin behar dugu gauza asko egiten ditugula baliagarriak direnak. Horiek kontuan izanik, gure jarrerak irekia izan behar du eta prest egon behar dugu egoera berrietara egokitzeko. Baina kontuz, espektatibak ondo neurtuz eta frustraziorik sortu gabe. Beraz, jarrera irekia eta jakin-mina baldin badugu, uste dut gai izango garela hurrengo pausoak emateko, besteak beste, prestakuntza egoki bat.

“EGA 05-06 azterketak” liburu osoa sarean

EGAko liburu berriarekin ari gara lanean Batxilergoko 1go mailan aurtengo ikasturtean: EGA, 2005eko eta 2006ko azterketak. Ikasturte hasieran, bertako azterketak sarean jartzea ondo legokeela pentsatu nuen. Honela, ikasleek (edo beste edonork) haiek behin eta berriz egiteko aukera izango zuten. Kontua da, poliki-poliki, erronkari heldu eta sareratzeko baimenak eskatu ondoren, gaurtik aurrera liburu osoa online topa daitekeela.

Sinonimoen ariketa baten eredua

Duela urte pare bat hasitako EGA ikastaroa osatzera datorren atal berri hau bereziki aproposa gerta dakioke hurrengo deialdian aurkezteko asmoa duen orori. Ez dago esan beharrik, batez ere, nire ikasleei begira egindako lana izan dela; izan ere, gogor ari dira EGAko azterketa prestatzen eta, lanketa horretan ari direla, askotan eskatzen dizkidate jarduera gehigarriak. Argi dago honekin bakarrik ez dutela agiria lortuko; dena den, bidea erraz dakiekeela ere zalantza izpirik ez dago. Pasa gaitezen, bada, atalez atal sarean jarritakoa aztertzera.

Guztira lau atariko proba (2005eko otsailaren 26 eta irailaren 24koak) eta idatzizko 6 azterketa (2005eko martxoaren 12, maiatzaren 28 eta urriaren 10ekoa eta 2006ko martxoaren 11, maiatzaren 27 eta urriaren 7koa) topa ditzakegu.

Atarikoak:

Bi modutara egin daitezke:

  • Osorik (ikus adibidea): azterketan atera ziren bezala.
  • Entzutezko ulermenik gabe (ikus adibidea): batzuetan nahikoa izaten da entzutezko ulermena behin bakarrik egitea; beraz, errepikatu nahi ez duenarentzat, entzutezko ulermena kendu eta, horren ordez, beste atariko proba batetik ateratako hainbat galdera erantsi dugu. Honela, saiakera bakoitzean azterketaren hurrenkera aldatu egingo da, hau da, galdera guztiak eta baldineko erantzunak hurrenkera zehatzik gabe azalduko dira.

Idatzizkoak:

  • Ahozkoaren ulermena (ikus adibidea): entzun eta aukeratu galdera bakoitzaren erantzun zuzena. Entzumena nahi denean geldi daiteke, baita nahi adina entzun ere.
  • Idazlana (ikus adibidea): oraingoz ez dago berrikuntza handirik atal honetan, pdf formatura pasatu besterik ez baitut egin. Inprima daiteke eta proposatutako gaien inguruko informazio gehigarria lor daiteke. Horretaz gain, idazlana egiteko eman beharreko urratsak eta jarraibideak irakur daitezke.
  • Esaldiak berridatzi (ikus adibidea): atal hau sareratzeko, aurreko batean adierazi nuen legez, hainbat zailtasun izan ditut. Erantzun bat ontzat eman ahal izateko, esaldi osoa ongi idatzi behar da (puntuazioa eta guzti). Beraz, gerta daiteke erantzunen bat ondo egotea eta zuzentzaileak erantzun hori ontzat ez ematea, nahiz eta erantzun egoki ezberdinak ematen saiatu naizen. Zailtasunak zailtasun, errepaso moduan ondo etor dakiguke (besterik ez bada, erantzun zuzenak ikusi eta beste baterako ideiak hartzen joateko).
  • Sinonimoak: atal hau bi modutara egin daiteke. Batetik, testuingururik gabe (ikus adibidea), bi zutabe ezberdinetako sinonimoak lotuz; eta, bestetik, azterketan atera bezala (ikus adibidea), hau da, markatuta dauden hitzen sinonimo bana jarriz (testuinguruko esanahia errespetatu eta atzizki bera jarri behar da). Atal honetako erantzunetan ere ahalik eta sinonimo gehien ipintzen saiatu gara; dena den, sinonimoen eremua hain zabala izanda, logikoa den bezala, gerta daiteke ondo dagoen erantzunen bat zuzenketak ez onartzea.
  • Irakurmena (ikus adibidea): testu bat arretaz irakurri ondoren, eskuinean datozen galderak erantzun behar dira. Erantzun ezberdinen artean hautatu behar da.

Esan beharra dago, nabigatzaileen baitan, hainbat arazo sumatu dugula ariketak irekitzeko orduan. Badirudi, Firefoxekin ez dagoela inongo arazorik. Internet Explorerekin, aldiz, atariko probak eta entzutezko ulermenak ez dira zabaltzen (javascript-arekin arazoren bat dagoela dirudi). Dena den, saiatuko gara hori lehenbailehen konpontzen.

Amaitzeko, gogoeta txiki bat. Azterketa hauek guztiak sarean jartzea ondo dagoela iruditzen zait, aurrerapauso bat dela ezin ukatu (mila esker baimena emateagatik). Zoritxarrez, egin zitekeenarekin alderatuz, ez da ezer. Azterketaz azterketa datu guztiak sartzea nahiko pisutsua gertatzen da eta, gainera, lortutako emaitza nahiko mugatua da. Hau da, lau atariko eta sei idatzizko besterik ez. Baina imajinatzen duzue, gaur egun dauden baliabideekin, zer egin zitekeen orain arteko azterketen datu-base osoarekin? Azterketa konbinazio amaigabea, sailkapen ezberdinen baitako azterketak (morfosintaxia lantzekoak, gramatika, hiztegia eta bestelakoak), azterketa pertsonalizatuak… Izugarria izan zitekeen! Amesten jarrita, imajinatzen duzue datu-base hori gure esku jarriko balute? Axularreko lagunekin aspaldi hitz egin genuen aukera hauei guztiei buruz (duela gutxi beste foro batean ere hasiak gara honen inguruan lanean) eta nik uste dut iritsi dela gaiari seriotasunez heltzeko garaia. Beraz, gure hurrengo urratsak bide horretatik joango dira. Iradokizun guztiak, beti bezala, ongi etorriak izango dira. Ikusten duzue bestelako aukerarik?

ENE… Euskararen Nazioarteko Eguna

Gure ikastolan euskararen erabilera sustatzeko erabiltzen ditugun leloetatik gehien gustatzen zaidana honako hau da: “Maita nazazu gutxiago ta goza nazazu gehiago”. Gaur goizean, Goierriko Hitzan gure herriko beste ikastetxeak bihar egingo duen ospakizunaren berri irakurri dudanean, mila gauza etorri zaizkit burura. Zer arraio ari gara egiten gure hizkuntzarekin? Ospakizunetan bakarrik gogoratu behar dugu euskaldunak garela eta euskara gure hizkuntza dela? Zer arraio egiten dugu gainontzeko 364 egunetan?…

Eta neure buruari galdera horiek guztiak, eta beste batzuk gehiago egin ostean, Euskal Herriko ikastetxe guztientzako gogoeta txiki bat egin nahiko nuke. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu eta abenduaren 4a iritsiko da. Orduan, zein izango da euskarari egingo diogun ekarpena?

Arlo eta esparru askotan egin dezakegu euskararen aldeko lana, baina gu, sare honetan murgilduta gabiltzanok, gainontzeko 364 egun horietan bakardade handia antzematen ari gara. Beste ikastetxeen berotasuna nahi genuke, ezagutza partekatu nahi genuke, euskaraz ekoiztutako edukiak sortu eta zabaldu nahi genituzke, gure esperientziak trukatu eta elkarrengandik ikasi nahi genuke, euskal hezkuntzaren sarea osatu nahi genuke… Horretarako prest?

Tira, abenduaren 3an ospatu eta gozatu, baina asteartetik aurrera ea animatzen garen eta Interneteko esparru honetan euskararen eta euskal hezkuntzaren aldeko elkarlana burutzeko gai garen. Guztion mesederako izango da, baita euskarari laguntza eta bultzada paregabea emateko aukera bikaina ere.

Eguneraketa: Gure ikastolako Giza eta Gizarte Zientzietako irakasleek duten blogean ENEriburuzko mezu interesgarri bat argitaratu dute.

Maite eta bere ikasleek hitzetatik ekintzetara pasatzeko asmoa azaltzen dute Euskaljakintzako mezu honetan.

Eta gure ikasleek eginiko grabazioa eta bideoa ere jartzen dizuegu:

Blogak “in Plain Basque”

Ez dakit nor izan den, baina Commoncraft-ekoek ekoiztutako “Blogs in Plain English” itzulita dago eta hemen jartzea otu zait.

Nire ikasleekin ikusiko dugu. Orain arte, hauek ikusi ditugu: