Design Thinking

Sortze-prozesuak burutzeko modu desberdin bat

Datorren ikasturtea berezia izango da Jakintza ikastolan. Berrikuntza ugari egongo dira instalazio eta gela kontuetan eta berrikuntza horietako bat niri pertsonalki izugarrizko ilusioa egiten dit. Berrikuntzak azpiegitura mailakoak izango dira nagusiki. Dena den, duela hamairu urte IKTen inguruan lanean hasi nintzeneko antzeko panorama baten aurrean nago orain. Ikastolak eskaintzen dizkidan baliabide berri horien aurrean nola jokatu erabakitzea tokatzen zait berriro. Trebakuntza teknikoan soilik zentratu behar dut nire lana, orain arte ikasleekin gela barruan egiten dudana aldatu gabe, edo aldaketa sakonagoa da eta bitarteko berri hauen eskutik, gela barruan burutzen dudan lanaren enfoke metodologikoa aldatu beharrean nago?

Izan ere, baliabide berri hauek ikastola barruan burutzen ditugun sortze-prozesuen inguruan dugun ikuspegia errotik aldatzen dute. “Egiten eta ekiten ikasi” konpetentziari lotutako egoerek perspektiba berri bat hartzen dute baliabide berri hauei esker. Berrikuntza hauek, beraz, modu zuhurrean txertatu nahi baditut ikastolan, derrigorrezkoa da egoera berri horretara egokitzen diren metodologiak erabiltzea, gure ikasleen sormena, ekimena, iniziatiba, autonomia, pentsamendu kritiko eta estrategikoan, besteak beste, jauzi koalitatibo esanguratsu bat gerta dadin.

Horrela, datorren ikasturtea gainera etorri aurretik, bi izan dira aztertzen aritu naizen kontuak:

  1. Egun gure ikasleek ikastolan burutzen dituzten prozesu kreatiboen ezaugarriak.
  2. Aurreko paragrafoan aipatutako gaitasunen garapena bermatu dezaketen prozesu kreatiboak.

Lehendabiziko atalari dagokionez, nik esango nuke ikasleek gure ikastolan burutzen dituzten prozesu kreatibo gehienek (eskulanak, ipuinak, antzerkiak, teknologiako proiektuak…) bi ezaugarri nagusi dituztela::

  • Sortze prozesuak erabat gidatuak izaten dira, ia kasu gehienetan. Ikasleari irakasleak diseinatzen duen protokolo kreatiboa jarraitzea eskatzen diogu gehienetan. Apenas dago lekurik ikaslearen sormena aktibatzeko, “prefabrikatuak ez diren” egoeren aurrean pentsamendu estrategikoa lantzeko, ikasleek egoera berriei irtenbidea eman behar diotenean adimen anizkunak jokoan ipintzeko edota ezusteko egoeren aurrean pentsamendu kritikoa mobilizatu eta irtenbide propio eta originalak bilatzeko. Dena dago aurretik lotuta eta ondo lotuta gainera.
  • Prozesu kreatiboa ekoizpen fasera mugatzen da ia kasu guztietan. Azken ekoizpena, azken produktua izaten da benetan balioa duena, horixe baita irakasle gehienok aintzat hartzen duguna ikasleak “egiten” ipintzen ditugunean. Pentsamendu edo kognizioari loturiko gaitasunak, ideia abstraktuak irudikatzeko gaitasuna, planifikazio eta antolaketarako trebetasuna, talde-lanean aritzeko eta taldeko lan-dinamikaren motorrean bilakatzeko gaitasuna, etabar… inork ez du ukatzen oso interesgarriak direnik baina gero ez dute isla zehatzik irakasleok burutzen dugun ebaluazioan.

Gure ikastolan ikasleek burutzen dituzten sortze-prozesu gehienak hamarkada askotan inguruko lantegietan jarraitu diren fabrikazio prozesuen kopia bat besterik ez da (dagoeneko askotan esan den moduan, bestalde): ikasleek burutu behar dutena aurretik azaltzen zaie eta agindutakoari jarraitu behar diote. Amaieran, ekoizpenaren kalitatea ona ez bada, ondo egin ez dutenagatik zigortuak izango dira.

Lan mundua oraindik horrelakoa dela sinesten duten irakasle, lagun eta familiar asko ditut. Ez dakit lanbide guztietan oraindik horrelako planteamenduak nagusitzen diren. Baina badakit lan egiteko modu honek ez duela etorkizunik. Berrikuntzaren gizartean omen gaude, konpetitiboak izateko bide disruptiboak bilatu behar omen ditugu, langile kritikoak, proaktiboak eta autonomoak behar omen dituzte gure enpresek, porroten aurrean jokabide resilientea adierazten dutenak gainera. Eta abar, eta abar, eta abar… Hori guztien hazia eskoletan ereiten dugula sinesten dut: eskola gizarteak eskatzen duen aldaketa hori lortzeko palanka garrantzitsuenetako bat dela sinesten dut.

Sortze-prozesuaGaira bueltatuz, izango ditugun baliabide berriekin, curriculum ezkutuko gaitasun horiek ikasleei transmititzeko metodologia eraginkor baten bila ibili naiz azken asteotan. Proposamen didaktiko berri honek ondorengo ezaugarriak eduki beharko lituzke:

  1. Sortze prozesua ikasleengan oinarrituta egon behar du. Bera izan behar da sortze prozesuaren arduradun eta jabe bakarra.
  2. Prozesua funtsezkoa da. Azken emaitza edo produktua beti dago jarraitutako prozesuaren menpe.
  3. Emaitza desberdinak bilatu nahi dira, berritzaileak, originalak.
  4. Talde-lanean oinarritutakoa. Talentu eta adimen mota desberdinen (muturrekoak badira orduan eta hobe) aldibereko elkarreragina bilatzen denean emaitza hobeak lortzen dira.
  5. Pentsamendua (bere adjetibo guztiekin: kritikoa, dibergentea, bisuala, estrategikoa…) prozesuaren muinan ipini behar da. Emaitza erraz eta sinpleetatik urrundu nahi bada, prozesu kognitiboei garrantzia gehiago eman behar zaie.
  6. Azken emaitzan erroreak saihesteko mekanismoak praktikan ipini behar dira.
  7. Hanka-sartzeak ikasteko aukera paregabeak dira. Erroreen penalizazioarekin amaitu beharra dago.

Duela denbora batetik hona kontu hauen inguruan informazioa biltzen eta irakurtzen aritu naiz. Eskola batzuetan Design Thinking deitzen den metodologia praktikan jartzen hasi direla ere jakin dut eta honen inguruan sakontzen aritu naiz. Orain arte irakurri dudana oso interesgarria iruditu zait eta datorren ikasturterako nire ikasleekin martxan jartzea erabaki dut.

Aurten dagoeneko saiakera batzuk egiten hasita nago, datorren ikasturtean zerotik ez hasteko. Orain arte bildutako informazio guztiarekin txuleta bat prestatu dut, jardueren diseinua ikuspegi egokiarekin planteatzeko. Azpian ipintzen dizuet dokumentuaren kopia bat eta beherago pdf formatuan jaisteko botoia:

Design Thinking fabrikazio prozesuetan (72ppp)

Design Thinking Fabrikazio Prozesuetan

PS: nola adierazi beharko litzateke “Design Thinking” euskaraz? Erdaraz “Pensamiento de diseño” bezala itzultzen da baina ez dakit gehiegi gustatzen zaidan.

Scratch ikastaro gamifikatua

Joko batean jokatzen ikasteko jokoa

Ikasleentzat baliabide didaktiko berriak diseinatu eta prestatzea lan astuna izaten da, are eta astunagoa oraindik honen konplexutasun maila handiagoa den heinean. Jarraian aurkeztuko dizuedana (egia esan, ez dakit oso ondo nola definitu: sekuentzia didaktikoa, ikastaroa, ariketa sorta, jokua…) baliteke orain arte prestatu dudan konplikatuenetako bat izatea. Egitura korapilotsua, ariketa jarduera sorta zabala eta niretzat berria den estrategia bat uztartzen dira bertan. Eta harrigarria bada ere, gutxitan disfrutatu dut abentura honekin disfrututa dudana.
Ikaragarri ondo pasatu dut muntai honi forma ematen eta uste dut nire semeak ere asko disfrutatu duela. Izan ere, Enekoren laguntza buruan nuenari forma emateko ezinbestekoa izan zait. Berak hartu du asmatzaile, aholkulari eta teknikari rola; nik bere ekarpenak jaso eta forma ematea besterik ez dut egin. Zenbat barre bota ditudan bere ateraldiekin!. Erabat engantxatuta ibili naiz joku honen (hauxe litzateke deskribapenik egokiena) diseinuan. Nire ikasleek nik gozatu dudanaren erdia gozatzen badute, niretzat nahikoa.

Tira, goazen harira. Azpian daukazuen baliabidea DBH1eko ikasleei zuzenduta dago eta, funtsean, Scratchekin programatzen ikasteko ikastaro bat da. Ikastaroak Eskoziako Gobernuak bere curriculumean txertatuta duen “Starting From Scratch” izeneko materiala erabiltzen du oinarri bezala. Jarduera sorta hori Jeremy Scottek sortu du eta ezarri dion lizentziari esker, lehenik jarduera guztiak euskaratu eta ondoren, nire egokitzapenak eransteko aukera izan dut. Aitzakia polita daukat nire ikasleekin Creative Commons lizentzien inguruan hitz egiteko.

Nire ekarpen pertsonala ikastaroa aurrera eramateko aukeratu dudan estrategian datza. Ikastaroa gamifikatzen saiatu naiz, alegia, jokoetan (nik esango nuke, batez ere, bideokuetan) erabiltzen diren dinamika eta teknikak programazio ikastaro bati aplikatzen saiatu naiz. Scratch bera, jada, programazioa ikasteko joko moduko bat bezala kontsidera badaiteke, ni joko hori erabiltzen ikasteko joko bat diseinatzen saiatu naiz 😉

Bideojokoetan esperientzia baduzue, ondorengo ezaugarri guzti hauek ezagunak egingo zaizkizue:

  • Ikastaroa mailatan antolatuta dago. Lehenegoa izan ezik, beste guztiak blokeatuta daude. Maila bat gainditzea derrigorrezkoa da, hurrengoa desblokeatzeko
  • Maila bakoitzean mini-erronka sekuentzia bat agertzen da, ikasleek banan-bana egiten joango direnak. Mini-erronka bakoitza burutzeko denbora tartea mugatua eta arrakastaz gainditzen denean, ikasleek token kopuru jakin bat irabazten dute.
  • Maila bakoitza amaitutakoan, token kopuru gehien irabazten duenak, bere lorpenaren egiaztagiria izango den badge bat irabaziko du.
  • Zazpigarren maila (azkena) zailtasun maila handiena duena izango da. Izan ere, hor ikasleek programa bat zerotik sortu beharko dute. Proiektuan irabaziko dituzten token kopurua balorazio matrize batetan jasota egongo dira eta programa erabiliko duten gelakideak izango dira token horiek eskainiko dituztenak.
  • “The Magic Suitcase” delako maletatxotik, aurretik abisatu gabe, erronka txiki berriak sortuko dira, Scratchekin harremana gordeko dutenak baina zuzenean programak idaztearekin erlazionatuta egongo ez direnak. Erronka txiki hauek agindutako betean burutzen dutenek booster edo power-up direlakoak irabaziko dituzte. Ahalmen berezi hauek ez dituzte tokenak zuenean eskaintzen baian laguntza polita eskaintzen dute, gero, gela barruan egingo dituzten jardueretan tokenak irabazteko.
  • Zazpi mailakin amaitu ondoren, gutxienez lau badge irabazten duen taldeak, MASTER SCRATCHER titulua eskuratu du. Horixe da, azken finean, ikastaroaren helburuak aise gainditu dituela adierazteko modu bat.

Horixe da, labur-labur “Starting From Scratch”-en deskribapena. Dena den, egokiena gunera salto egin eta bertan agertzen denari bistazo bat botatzea. Azpiko irudian klikatuz ikusiko duzuen gunea ikasleentzat prestatu dudanaren kopia bat besterik ez da. Hauenak, maila guztiak blokeatuta ditu (ez dituzte ikusten barruko jarduerak) eta jardueren iraupena, astelehenean jokuarekin hasten garenean, egokitzen joan beharko naiz, izan ere, oraindik ez daukat oso garbi norainoko soltura izango duten nire ikasleek horrelako ariketekin hasten direnean.

Starting From Scratch

Amaitu aurretik gauza pare bat:

  • Asko dira gamifikazioari buruz hitz egiten duten guru eta gurusak. Euren agregatzaileetara heltzen diren albisteak edo sare sozialetan harrapatzen dituzten artikuluetan idatzita datorrena errepikatu besterik egiten ez dutenak. Adituak omen dira baina, sarean urte batzuk daramatzagunok, euren mezua juxtu-juxtu nik goiko lerroetan idatzi dudanaren berdina izaten da. Gamifikazioaren teoria hutsaz hitz egiten dute, hau teknika eta norma batzuen aplikazio soila izango balitz bezala. Ez dute ezer berririk gehitzen. Edozein jarduera gamifikatzea hori baino konplexuagoa izan behar duela uste dut nik. Arauak ulertu eta aplikatzen direnean, jokua aspergarria bihurtzen bada, tokenak eta badgeak eskuratzea anekdota bat besterik ez da izango. Ikasleak ez dira jokura engantxatuko. Gamifikazioak ikasleen kuriositatea eta jakinmina piztuta mantendu behar du, koopetentziaren (kooperazioan oinarritutako konpetizioa; horrelako jarduera batzuk aurkituko dituzue ikastaroan) oreka zailari eutsi behar dio, animoak eta gogoak bizirik mantendu behar ditu… Eta hori guztia teoria hutsetik praktikara pasatzerakoan soilik bizi eta kudeatzen da. Horixe da ikastaro hau martxan jarrita ezagutu eta ikasi nahi dudana. Norbaitek gamifikazioaz hitz egiten duenean, zertaz ari den badakien edo inongo kriteriorik gabe ari den desbedintzeko pista gehiago izateko modua izango dut horrela.
  • Gunea bisitatzen duzuenok, terminologia ugari ingelesez erabili dudala ikusiko duzue. Honekin duda handiak izan ditut. Hasieran, mini-erronka guztien izenak euskaraz idatzi nituen baina, kasu askotan, zaila egiten zitzaidan ingelesez erabiltzen ziren hitz jokuak (A Mazing Game!, adibidez) euskarara itzultzea. Programazio kontzeptu asko ere (Event-driven programming eta debugging, adibidez) euskaraz nola diren ez nuen garbi. Jeremy Scotten bideotutorialak euskarara itzultzekotan ere ibili nintzen baina lan astuna zen hori eta, gainera, bideotutorialetan erabilitako ingelesa nahiko sinplea zela iruditzen zitzaidan, ikasleek erraz ulertzeko modukoa. Eta hori guztia gutxi balitz, bideojokuetan agertzen diren elementuen izenen (token, badge, booster, power-up…) baliokideak euskaraz itzulitzen nituenean, “indarra” galtzen zutenaren sentsazioarekin geratzen nintzen. Panorama ikusita, azkenean, gune eleanitza sortzea erabaki nuen: azalpen guztiak euskaraz daude, baina badira elementu puntual batzuk ingelesez utzi ditudanak.

Astelehenean hasten gara abentura berri honetan. Izango dituzue sortuko diren gorabeheren berri txoko honetan.

Geroa

Gure hezkuntzan zutabe izandakoa, itota gaituen nozio irreala: geroa. Horrela kantatzen du Lehiotikan talde nafarrak Munduaren Leihoa diskoan. Aspaldian ez nuela kanta entzuten, baina aurrekoan, lanera bidean nindoala, berriro iritsi ziren doinu horiek nire belarrietara. Eta ez hori bakarrik, mezuak berak orain arteko bestelako esanahia ere hartu zuen.

Urte batzuk badira hezkuntza munduan nabilela, eta orain arte konturatu gabe nengoen alderdi garrantzitsu batekin aurrez-aurre jarri ninduen: ikasleak beti gerora begira hezten ditugula, alegia. Egiten ditugun lan eta ahalegin guztiak ikasleen etorkizun “oparo” bati begira egiten dugula iruditzen zait. Askotan, ikasleen gurasoekin hitz egiterakoan, bide horretara jotzen dudala iruditzen zait: “zure seme-alabak orain hartzen dituen ardurak eta ohiturak oso onuragarriak izango ditu etorkizun batean”. Eta lasai asko geratzen naiz.

Etorkizunari begira jartze horretan, iruditzen zait, oraindik eta garrantzitsuagoa den zerbait galtzen dugula bidean: oraina. Geroari begira jarrita, orainaz gozatzea ahazten dugu. Orainari ez diogu denborarik eskaintzen, eta modu horretan, denborak ihes egiten digu, beti biharkoari begira, etorri daitekeenari (edo ez!) begira. Eta oraina, pasa ahala, ez da berriro bueltatzen. Ez dut nahi inurriaren eta txitxarraren ipuinaren irakaskuntza bertan behera utzi nahi. Ez dut uste txitxarraren lasaitasunaz bizi behar dugula, mundua bihar bukatuko balitz bezala; baina ezta ere inurri langile etengabe bezalakoa izan. Nik, bien arteko hibridoa proposatzen dut: etorkizuna landuz, egun egiten duenaz gozatuko duena.

Sinesten dut oraina gehiago landu behar dugula. Unean unekoari etekin ateratzen, disfrutatzen ikasi behar dugu, eta gero gerokoak! Has gaitezen, orain!

Fondoko korrikalaria

Bazen bahin atleta bat. Berdin dio nongoa zen, bere adinak ez du axolarik, neska ala mutila zen gutxienekoa da. Kontua da atleta zela.

Atleta hau talde xume bezain eraginkor bateko kidea zen. Elkarrekin entrenatzen zuten, norberak bere gaitasunak jorratzen zituen eta lehiatzerakoan, batera aritzen ziren, helburu zehatz baten atzetik zeudelako.

Urteak pasa ahala, atleta horrek beste maila altuagoko talde baten gonbidapena jaso zuen. Gure protagonistak ez zuen birritan pentsatu: aldaketa baten beharra zuen eta erronka berriei aurre egiteak izugarri erakartzen zuen. Beraz, baiezkoa eman zuen.

Baina, esaerak dioen bezala, urrutiko intxaurrak… Kontua da entrenamenduak planteatzeko moduak ezberdinak zirela eta kide berri batzuen egitekoarekin talka egin zuen. Giroa, apurka-apurka, petraltzen joan zen eta azkenean taldetik kanpo utzi zuten kide berria. Erabat traizionatua sentitu zen.

Atletismoa bere pasioa izanda, aurreko taldera itzuli zen. Baina gauzak ez ziren berdin suertatu. Urrundu zenean, benetan urrundu zela nabaritu zuen. Ez zuen tokirik aurkitu eta, bakardade horretan, disziplina berri bati ekin zion: fondoko lasterketak. Geroztik, etengabe ari da luze korrika, nora ote doan jakin gabe, zertarako egiten duen korrika ulertu gabe. Orain, fondoko korrikalariaren bakardadea deitzen dioten hori ezagutu du.

Egun bat mondejuak egiten

Gaurkoan txoko honetara ekartzea erabaki dudanak ez du erlazio gehiegirik gordetzen hemen idazten ditugun gaiekin. Blogaren ohiko tematikatik kanpo geratzen da, badakit. Baina ilusioa egiten dit gure familian hain garrantzitsua izaten ohitura zaharra zuekin partekatzea.

Familia guztietan izaten da aurreko belaunaldietatik jasotzen den usadio zaharren bat bizirik mantentzeko konpromisoa. Gurea ez da ohitura zahar asko jarraitzen dituen familia bat. Baina badugu bat, urtero urtero betetzen ahalegintzen garena. Urriaren amaieran, Santa Fe eguna ospatu eta handik aste pare batera, familiako hiru belaunaldiko kideak elkartzen gara (aiton-amonak, aita-amak eta biloba guztiak) eta gure amona zenaren errezeta berbera erabiliz, famili osorako mondejuak egiten ditugu. Bai mondejuak. Zaldibia eta Gaintzan, batez ere, egiten diren eta Goierri osoan kontsumitzen diren hestebete mota berezi bat dira mondejuak. Ardiaren tripaki eta sabela estaltzen duen gantzaz, porruz eta arrautzez betetako odolki zuriak dira eta gure etxean ikaragarri estimatuak dira.
Anttoni eta Joakin
Amona Anttoni Errekalde eta aitona Joakin Okobio baserrietan jaio ziren; biak ziren zaldibitarrak, beraz. Gogoan dut oraindik, txikitan, mondeju garai izaten zenean, amonaren etxera joan eta sarrerako atea irekitzen zuenean, barrutik irteten zen porru usain fuerte eta sarkorra. Gogoratzen dut etxeko pasabide txikian nola ipintzen zituen amonak mondejuak zintzilik amaren laguntzarekin. Eta gero, eguerdian, mahaiaren inguruan esertzen ginenean, zeinen gustura jaten nituen mondeju-zopak (ogi puska erraldoiak mondejuak egosteko salda oliotsuarekin busti-busti eginda) lehendabizi, mondeju muturrak jarraian, eta mondejuen saldan egositako ardikia bukaeran. Sabela bero-bero eginda bueltatzen ginen gero gure etxera 😉

Guk orain amaren etxeko terraza handian egiten ditugu mondejuak (etxe barruan sortzen den kiratsa saihesteko) eta mondeju-zopak eta ardikia menutik kendu ditugu (ezin da esan oso osasuntsuak direnik zopa horiek, ez 😉 ) Horiek dira desberdintasun bakarrak. Beste guztia, orduan amonak egiten zuen modu berean egiten jarraitzen dugu. Amonaren errezeta berbera jarraitzen dugu mondejuak egiterakoan eta ardiaren tripakia eta gantza txikitzeko makina eta inbutuak ere, berak erabiltzen zituen berdin-berdinak dira.

Anaion ilusioa da atzetik datozen ilobek ohitura hau bizirik mantentzea. Egun egiten dugunaren arrastoa gal ez dadin, azpiko bideoa muntatu dugu. Ea hainbeste urtetako ohitura zahar hau ez den hurrengo belaunaldietan galtzen!

OHARRA: aurreko beste urte batean egindako beste bideo bat ere badago ikusgai sarean, baina oraingo honek askoz hobeto azaltzen du mondejuak ekoizteko prozesua zein den.