Duela hilabete batzuk, BAT Soziolinguistika aldizkariko koordinatzaile den Lionel Jolyk aldizkariaren 66. zenbakian parte hartzeko gonbidapena luzatu zidan. Teknologia berriak eta euskara jorratzeko asmotan zebiltzan eta horren inguruan nire ikuspuntua, euskaljakintza egitasmoa orokorrean nahiz gelan praktikara eramandako lanketa zehatzen berri 30.000 karaktere inguruko txosten batean azaltzeko eskatu zidan.
Lanez gainezka nenbilen sasoi horretan, baina ezezkoa ezin eman eta idazteari ekin nion. Neurri horretako testu batek edozein aspertzeko adina idazteko ematen du, baina, bestalde, motz gelditzen zara ur sakonegietan sartu nahi izanez gero. Horrexegatik, iruditzen zait, lanketa bakoitzari buruz askoz ere xehetasun gehiago eman nezakeela, baina, aldi berean, egiten duguna ezagutzeko, pixka bat azaletik bada ere, baliagarri suerta daitekeelakoan nago. Horretaz gain, niri ondo etorri zait idaztea; izan ere, askotan, idatzi aurreko hausnarketak buruan ditugun ideiak txukundu eta antolatzera eramaten baikaitu.
Gauzak horrela, idatzitakoa bidali eta hortxe gelditu zen. Ez nuen hemen ipini BAT aldizkarikoek euren gunean sareratuko zutelakoan, baina atzo jolausek Garaigoikoa blogean Txerrak (mila esker zure hitzengatik) eta Luistxok idatzitakoa helarazi zidan eta, noski, hementxe doa nire ekarpena irakurri nahi duenarentzat.
Lionelek bidalitako alea eskuetan izan nuenean, artikulu interesgarriez (ez dut denak irakurtzeko astirik izan, baina oporrak gertu daude…) josita dagoela ohartu nintzen, euskara eta teknologia berrien munduan mugitzen garenontzat, behinik behin.. Ideia bat egiteko, hona hemen edukien aurkibidea. Arestian aipatu dudan bezala, Teknologia berriak eta euskara abiapuntu, aldizkaria 3 ataletan banatuta dago :
I. Egoeraren azterketa:
- Euskara XXI. mendeko informazio eta komunikazio teknologietan, Andoni Sagarna
- Euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak), Araceli Díaz de Lezana
- Hizkuntza-teknologia Ixa taldean, euskararen erabilera errazteko eta sustatzeko aplikazioak, Iñaki Alegria, Xabier Artola, Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasola
II. Ikerketa lerroak
- Hizkuntzaren tratamendu automatikoa euskararen irakaskuntzan, Itziar Aldabe, Bertol Arrieta, Arantza Diaz de Ilarraza, Montse Maritxalar, Lanire Niebla, Maite Oronoz eta Larraitz Uria
- Begiratu bat corpus-baliabideei, Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia
- Hizkuntzaren tratamendu automatikorako tresnak, Elena García Berasategi
- Itzulpen automatikoa: aukerak, arazoak eta erronkak, Iñaki Alegria, Arantza Díaz de Ilarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola
- Euskara eta hizketa-teknologiak, Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas
III. Aplikazioak eta azterketa teorikoak
- Gazte hizkerak eta hizkera gazteak, Kike Amonarriz
- Euskaljakintza: euskara eta teknologia berriak, Maite Goñi
- “Ikasys”, norbere trebakuntza sistematikoaren bidez egiten den ikasketa, Maite Gomez Lete
- Teknologia idazlearen lagun, Fernando Morillo
- Katalanaren itzulpen automatikoa, Mikel L. Forcada