Apatridak

Haur garaietako lagun batekin egin nuen topo kalean atzo. OHOko garaietako ikaskidea. Aspaldian ez nuela ikusten. Gordeta ditudan oroitzapenetan bezala aurkitu nuen: alai, oso alai. Mutiko txiki bat zeraman ume-kotxe bati egiten zion bultza, haurtxoari hitz jolastiak egiten zizkion bitartean. Eta bere irudi bera ikusi nuen txikiaren aurpegian. Azken urteetan egindakoez eta bizitzak nola tratatzen gaituen moduaz hitz egin genuen, eta gero, agurtu ostean, bere bideari ekin zion, beti bezain irribarretsu, haurrari kontutxoak eginez.

Kotxean lanerantz nindoala, izandako elkartera eraman ninduten pentsamenduek, eta nire lagunaren haurtzaroa ekarri nuen gogora. Esan bezala, gu OHOko garaietakoak izan ginen, ume ginen garai haietan. Nire lagun honek ikaragarri gustuko zuen jostailu zehatz batekin jolasean aritzea, pieza askotariko horietakoa, osagarri asko duena, istorioak asmatzeko eta imajinazioari bide ematen duten horietakoa. Aukera zuen guztietan aritzen zen, etxeko bakardadean, bere “laguntxoei” bizitza ematen eta abentura ikaragarriak bizitzen. Baina denborak aurrera egiten zuen heinean, gainontzeko ikaskideek beste mota bateko jolasak eta interesak genituela konturatu zen, eta etxeko egongelako lurrean etzanda sartzen ez zela ere ikusi zuen.

Sasoi zaila izan zen hura. Nahiak aldatzen joan zitzaizkion eta, orduko BBB ikasketak hasi behar zituela konturatu zenean, jolas horiek alboratzea erabaki zuen. Agian ez zen erabaki kontzientea izan. Ala agian bai. Agian egoerak berak bultzatuta, edo agian hainbeste darabilgun heldutasuna iritsi zitzaion. Heldutasun madarikatua berarentzat! Modu batean ala bestean, jadanik haurra ez zela jabetu zen, ez gorpuzkeran, ez gustuetan eta are gutxiago ingurukokin zituen harremanetan. Eta nerabe desorekatu bilakatu zen, bat-batean. Bizitza goitik behera aldatu zitzaion. 14 urte zituen ordurako.

“Heldutasun madarikatua!” errepikatu nuen neure barrenerako. Nire burua ikusten nuen orduan, gaur egun, nire ikasleen gurasoei ebaluazio txostena emateko elkartzen garenean, euren seme-alaben “heldutasun puntuari” buruz hitz egiten. Heldutasuna ezinbesteko baldintza balitz bezala. Eta posible da hala izatea, baina pertsona helduak direnean. Orain haurrak dira, eta haur izaten jarraitzea ahalbideratu beharko genuke. Guztiok. Gurasook, irakasleok, finean, gizarte osoak.

Duela hainbat urte OHO, BBB eta halakoak desagertu eta LH eta DBH bezalako terminoak eta, okerrena dena, etapak ezarri ziren. Lehen Hezkuntza. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Eta gure haurrak, 12 urterekin, institutura bidaltzen hasi ginen, ordura arteko irakasleen goxotasunetik urrun, erabat arrotza zaien toki batera. Zorrotza. Ihesbiderik gabekoa. Beren adinerako exijentzia maila altuegia duen sistemara. Haurtzaroa behin-betirako lapurtuko dien sistemara. Baina, lehenago, etorriko zaien horretarako prestatu nahian edo, LHko hirugarren zikloan jada umezaro hori baldintzatzen hasten gara, eta heldutasuna ote duten ala ez borroka horretara eramaten ditugu.

Askotan entzun dut, eta baita esan ere (mea culpa!) ikasle bati buruz halako esaldiak: “oso ume da, DBHn ez du erritmoa hartuko”, “oso jolastia da, haurtxoa da”, “Buf! DBHn jan egingo dute, hain da umea eta!” eta halako beste mila “perlatxo” ere.

Eta halakoetan, nire lagun horrekin akordatzen naiz, 14 urte arte haur izateari eustea lortu zuen harekin. Gaurko neska-mutilei ez bezala, hari ez zioten haurtzaroa lapurtu. Gogorra da, bai, baina onartu dezagun, seme-alabei duten altxorrik preziatuena lapurtzen ari gatzaizkie: haurtzaroa. Sekulan itzuliko ez den aroa ahalik eta azkarren pasarazten diegu, gero, urteekin, betirako galdu dela konturatzeko.

Haurtzaroa jolas egitea beste derrigorrik izan beharko ez lukeen garai izan behar du. Eta hori guztia da kentzen dieguna. Rainer Maria Rilke idazleak zioen gizakiaren aberri bakarra haurtzaroa dela. Eta hala bada, zoritxarrez, mundua apatrida txikiz betetzen ari garela sinesten dut.

Emozioak

Ekain negar batean eta garrasika esnatu da. Amesgaiztoren batek aterako zuen Morfeoren besartetik. Bere oihuak etxean zehar zabaltzen dira eta bere sehaskaren ondora iritsi bezain laster nire besoak eskaini dizkiot, lasaitu dadin. Baina ez da nahikoa. Nire epeltasunak ez du bere negarra eteten. Azkenean, ama etorri eta bere bularraldean aurkitu du kontsolamendua. Zer den ama izatea! Egunaren desordu hautan bada ere, gozatzen dut ama-semearen arteko sinbiosiari begira. Umea bere amatxoren lepoa sendo estutzen du, babes bila, baina minik eman gabe. Amak, aldiz, hitz goxoekin mintzatzen zaio, berriro lokartu dadin. Eta inbidia sanoa sentitzen dut (inbidia sanorik badago, behitzat!). Inbidia bikoitza. Batetik, amak haurrarengan duen eragin eta berarekiko duen erlazio estuagatik. Eta bestetik, Ekainek bere emozioak adierazteko duen askatasunarengatik.

Jaio zenetik hilabete batzuk pasa dira eta uste dugu jada ikasi dugula bere negarraren arrazoiak bereizten: noiz den mina, noiz gosea, logura eta abar. Eta bere negar-anpuluak eteten saiatu izan gara beti, emaitza ezberdinak lortuz. Eta denborak aurrera egin ahala, Ekainek irribarre egiten ere ikasi zuen. Bere emozio batzuk adierazteko modu berria. Gurasoei lerdea dario hasteko moduko irribarrea. Apurka-apurka, bere emozioak adierazteko bideak aurkitzen eta perfekzionatzen doa gure txikia. Baina bere inguruan orbitatzen dugun helduok horiek modu egokian garatzen uzten ez diogula pentsatzen hasita. Eta uste dut egunero ikusten dudan zerbait dela.

Kontua da, Ekainek barre egiten duenean, gu ere pozten garela eta irribarre hori denboran luzatzea nahi izaten dugula. Aldiz, petraldu eta denagatik kexa denean, lasaitzeko edo isiltzeko bide azkarrak bilatzen ditugu. Kexatzea egokia izango ez balitz bezala. Negarra, ekidin beharreko zerbait balitz bezala. Eta espresatzeko aukerak eskaini ordez, emozioak estaltzen hasteko bizitzaren bide luzearen hasieran kokatzen dugu. Eta bide hori sekula amaituko ez den susmoa dut. Adinean gora egin ahala, bere emozioak azaltzeko moduak, uneak eta lekuak neurtuagoak izango dira. Debekatuak bezala. Halaxe ikusten dut nik, behintzat, nire inguruko haur, gazte eta helduengan.

Azken aldiko joera da (edo hala iruditzen zait niri, gaia berria delako niretzat) emozioen inguruko heziketa. Bat batean, gure ikasleen eta gureak propioak diren emozioak nola kudeatu ikasteari ekin diogu, buru-belarri. Egunero sortzen zaizkigun arazo edo gatazkak konponduko dituen baliabidearen bila. Lasaitasuna ekarriko digun mirariaren bila. Eta hori guztia oso positiboa eta lagungarria dela ukatu gabe, uste dut oinarrizkoena ahaztu zaigula: egun, oraindik, bizi garen gizarte honek emozioak adierazteko “debekua” ezarri digu. Ez dakit tradizio kristau batean oinarrituta egon delako, edo beste faktore sozio-ekonomiko-politikoak izan direlako, baina izan dela uste dut bene-benetan. Sentitu izan duguna eta nola sentitu dugun adieraztea bekatua izan da beti. Eta emozio horiek barru-barruan gorde eta aurrea egin behar izan dugu. Halako heziketa jaso dugu, etxean, nola eskolan.

Horregatik, batzuetan, harrituta ikusten dut nola ikasi nahi dugun emozio horiek kudeatzen ikasi, garrantzitsuena ahaztu zaigunean: emozioak adierazten ikastea. Lerro hauetatik emozioen adierazpenaren defentsa sutsua egin nahi dut. Utz diezaiegun ikasleei espresatzen, nahiz eta modu  trakets eta baldarrean izan, gero ere beraiek bide aproposagoak bilatzen ikas dezaten. Horren ordez, sentitzen dutena erreprimitzen dugu. Pikutara bidali behar gaituzte, utz diezaiegu horixe egiten! Gure lana ez du izan behar hori isiltzea, hori egiteko bide aproposak bilatzen laguntzea, inguruan dituzten pertsonak mindu gabe. Horrela, eta bakarrik horrela, uste dut emozioetan oinarritutako benetako heziketan batean murgilduko garela. Mesedez, utziozue Ekaini negar egiten, negar egin behar badu; barre egiten, barre egin behar badu; haserretzen, haserretu behar badu. Baina erakutsi diezaiogun hori modu konstruktibo batean egiten. Egoera bakoitzetik zerbait ikasi dezan. Sentitzen duena espresatzeko makilik jaso ez dezan. Mila esker.

Geroa

Gure hezkuntzan zutabe izandakoa, itota gaituen nozio irreala: geroa. Horrela kantatzen du Lehiotikan talde nafarrak Munduaren Leihoa diskoan. Aspaldian ez nuela kanta entzuten, baina aurrekoan, lanera bidean nindoala, berriro iritsi ziren doinu horiek nire belarrietara. Eta ez hori bakarrik, mezuak berak orain arteko bestelako esanahia ere hartu zuen.

Urte batzuk badira hezkuntza munduan nabilela, eta orain arte konturatu gabe nengoen alderdi garrantzitsu batekin aurrez-aurre jarri ninduen: ikasleak beti gerora begira hezten ditugula, alegia. Egiten ditugun lan eta ahalegin guztiak ikasleen etorkizun “oparo” bati begira egiten dugula iruditzen zait. Askotan, ikasleen gurasoekin hitz egiterakoan, bide horretara jotzen dudala iruditzen zait: “zure seme-alabak orain hartzen dituen ardurak eta ohiturak oso onuragarriak izango ditu etorkizun batean”. Eta lasai asko geratzen naiz.

Etorkizunari begira jartze horretan, iruditzen zait, oraindik eta garrantzitsuagoa den zerbait galtzen dugula bidean: oraina. Geroari begira jarrita, orainaz gozatzea ahazten dugu. Orainari ez diogu denborarik eskaintzen, eta modu horretan, denborak ihes egiten digu, beti biharkoari begira, etorri daitekeenari (edo ez!) begira. Eta oraina, pasa ahala, ez da berriro bueltatzen. Ez dut nahi inurriaren eta txitxarraren ipuinaren irakaskuntza bertan behera utzi nahi. Ez dut uste txitxarraren lasaitasunaz bizi behar dugula, mundua bihar bukatuko balitz bezala; baina ezta ere inurri langile etengabe bezalakoa izan. Nik, bien arteko hibridoa proposatzen dut: etorkizuna landuz, egun egiten duenaz gozatuko duena.

Sinesten dut oraina gehiago landu behar dugula. Unean unekoari etekin ateratzen, disfrutatzen ikasi behar dugu, eta gero gerokoak! Has gaitezen, orain!

Lur bustiaren usaina

Ekainek lo gutxi egin du eguerdian haurtzaindegian. Jaso dudanean alai zegoen, baina laster erakutsi dit lo egiteko zuen gogoa. Haizea zakar dabil kalean, baina halakoetan ere ezin etxean geratu. Beraz, prestatu eta irten egin gara. Azkar baino lehen hartu du lo txikiak, espaloiko trakatan-trakatanak lagunduta.

Bat batean, haizea gelditu eta euria hasi du. Hala gertatu ohi da askotan, haizea gelditu eta euria hasten dela. Aterkipean jarraitu dugu paseoan, ni bakardade une batez gozatuz, txikia lo. Lur beroak gogoz hartu ditu ur-tanta hezeak, eta elur bustiaren lurrinak giroa bete du. Ikaragarri atsegin dut lur bustiaren usaina. Ireneri ez zaio batere gustatzen, baina niri bai. Biziki maite dut. Haur garaietara eramaten nauten sentimenduak pizten dizkit. Beste garai eta lekuetara eramaten nau. Baina batez ere bi dira burura goxotasunez, malenkoniaz eta mirespenez datozkidan uneak: bata, Lerineko kaleetan kokatzen nau; besteak, aldiz, udarako kanpaldien doinuak ekartzen dizkit.

Abuztuko egun sargorien arratsalde askok ekarri ohi dute ekaitza. Ume nintzela, Lerinen ematen nituen udarako egun horiek. Askatasun osoz ibiltzen nintzen kalean bakarrik, lagunekin edota txakurrez inguratuta. Eta ekaitza lehertzen zenean eta euri-ura kale aldapatsuetan behera arrapaladan jaisten zenean, lur bustiaren usain hori zabaltzen zen. Nire burua ikusten dut ezkaratza baten petrilean igota, kale erdiko errekatxoari begira, lurrin berezi horrek lasaituta.

Burura datorkidan beste unea haur eta gazte nintzeneko udako kanpaldietakoa da. Urte askotan GIA izan naiz eta uztaila guztietan kanpaldia eraikitzen genuen mendi aldean. Mendialdean ere oso ohikoa da egun bero baten ondoren ekaitza lehertzea. Lur egarrituak gozoki hartzen du ura, eta horren truke testu honetan hainbeste errepikatu dudan usain goxo hori oparitzen digu.

Garai haietan benetan libre sentitzen nintzen, mendialdean, gurasoengandik urrun, lagunez inguratuta, eguneroko tresna elektrikorik gabe, naturarekin bat eginda. Eta benetan faltan botatzen dudala hura. Heldutasunarekin galtzen den jakin-mina genuen, esploratzeko gogoa, ikasteko beharra, dena jolasa bihurtuz, arazorik gabe, libre, aske, basati. Ai! Hain urruti geratu dira une horiek! Ez dira sekula itzuliko. Orduko naturaltasuna galdu dugu. Heldu gara, nonbait… Eta horregatik maite dut lur bustiaren usaina: zer izan nintzen gogorarazten didalako, hori guztia ez ahazten laguntzen didalako. Batzuetan dudak izan arren, egia izan zela esaten didalako.

Uste dut, une honetara iritsita, azalpen batzuk eman behar ditudala. Lehen aipatu dut GIA izan nintzela, baina zer demontre da hori? Erraza da: mundu guztiak entzun du eskaut edo boy scout hitzak. Denok dakigu zer den, batez ere telebistan ikusi ditugulako. Baina utzidazue mugimendu horren historia kontatzen, modu laburrean, noski!

1907. urtean Baden Powell (hemendik aurrera BP) militar britainiarrak eskaut mugimendua sortu zuen. Bere helburuen artean, haurrak eta gazteak balore zehatz batzuetan (fisikoak, espiritualak, metalak) heztea dago, balore jakin batzuk erakatsiz “pertsona hobeak” izan daitezen. BP militarra izanda, ulertzen da eskatu mugimenduak dituen zeinu batzuk (uniformea, adibidez) bertatik hartuak izatea. Bi urte beranduago, BP-k eta bere arrebak Gidismoa sortu zuten, eskultismoaren antzeko oinarriak dituena baina neskei zuzenduta.

Ehun urte eta gero, bi mugimendu horiek munduan zehar zabalduta daude, elkarteetan antolatuta. Denbora luze honetan zehar, asko izan dira mugimenduak jasandako aldaketak. Adibidez, bietan neskak zein mutilak dira onartuak (nahiz eta gidismoak, oraindik ere, mutilak onartzeko arazoak dituen…) eta balore batzuk ere eguneratu dira (ez kasu guztietan). Hala ere, BP-k proposatu zuen oinarrizko helburua bizirik dirau: aurkitu duzuna baina mundu hobeagoa utzi ezazu.

pañoleta
Egia da eskaut taldeak, toki askotan, atzerakoitasunaren isla direla. Zorionez, munduko talde ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut eta denetarik ikusi dut: talde uniformatuak, goizetan formatu eta errebisioa pasatzen dutenak, elizkizunak ospatzen dituztenak, baita guardiak egiten dituztenak ere, armak eta guzti! Baina badaude parafernalia horretatik urruntzen direnak ere. Eta baloreei dagokionez, nahiz eta oinarri kristaua izan, talde laiko eta akonfesionalak ere asko dira. Sinismenak alde batera utzi eta baloreetan hezten duten taldeak.

Ni talde “moderno” baten kide izan nintzen. Ez genuen uniformerik (taldeak eta adin tarteak bereizteko balio duen lepoko zapia, pañoleta, ordea, bai) eta akonfesionalak gienen, hau da, ez ginen erlijio batean oinarritzen eta kultorako askatasuna genuen.  Ez ginen eskautak, giak baizik, eta urte guzti horietan jaso dudan heziketarik hoberena jaso nuen, eskolatik oso urruti zegoena heziketa.

Kontua da, oraindik ere, heziketa mota horri ez-reglatua edo ez-formala esaten zaiola. Baina, eskola munduak, konturatuta edo konturatu gabe, mugimendu horretatik edan duela esango nuke, batez ere egun hain modan dauden heziketa kooperatiboari eta konpetentziei dagokionean. Eta esandakoa baieztatzeko, adibideak jarriko ditut.

Talde osoa adinaren araberako taldetxoetan banatuta dago. Era berean, haur txikien adarra taldetxo txikiagoetan banatzen da. Txikien kasuan, taldetxo bakoitzak bere egin beharra du: batek ura ekarri behar du, beste batek egurra bildu gaubelako sua pizteko eta beste batek sukaldeko tresnak garbitu eta guztientzat mahaia jarri. Taldetxoren batek bere lana betetzen ez bazuen, guztientzat zen kaltegarria, beraz, talde kohesioan eta taldearen onurako egiten genuen lana. Taldeak aurrera egin behar bazuen, denok egin behar genuen zerbait. Helduagoak diren taldeetan, gainera, bakoitzak bere bazkaria ere egin behar zuen, beraz, sua pizteko egurra ere bildu behar zen eta bazkaria taldekide guztientzat prestatu. Bakoitzak bere eginbeharra zuen, lan errazak denen artean betez eta zailagoak edo zehatzagoak zirenak, norberaren gaitasunen arabera. Hura izan zen talde kooperatiboekin izandako lehen esperientzia.

Bestalde, kanpaldiaren eguneroko martxa egokiari aurre egiteko, hainbat gauza ikasi behar genuen: egurra bildu eta moztu, tresnak garbitu, sua piztu… Lan horiek hezitzaile eta kide helduengandik ikasten genituen. Egiteko beharra zegoen eta halabeharrez ikasten genuen. Praktikaren bidez ikasten genuen. Egoera errealetan ikasten genuen. Egoera ezberdin horiei aurre egiteko konpetente bihurtu ginen.

Eta ekologia ez dut aipatu. Agenda 21 zer ote zen usaindu gabe natura zaintzen genuen. Eta ez bakarri zaindu, berarekin bat izaten ikasi genuen, errespetatuz, zainduz eta maitatuz. Egun batzuetan naturaren babesean bizi ginen. Arbolak, errekak, landareak, animaliak errespetatzen genituen. Garbiketak ez genituen sekula errekan bertan egiten, etekina ateraz hura nola ez zikindu ikasi genuelarik. Letrinak ere egiten genituen, arauak errespetatuz. Eta behin kanpaldia amaituta, gure arrastoa ahalik eta txikiena izaten saiatzen ginen.

Lur bustiaren usainak heziketa eredu ezberdin batera eramaten nau. Egun gure eskoletan lantzen den horretatik oso urruti dagoena. Eraginkorra, atsegina, pertsona bezala hezten gintuena, beharrezkoak ez ziren kontzeptuetatik at, ekinez egina, hanka sartuz eta berriro saiatuz, batzuetan gidatuak eta besteetan gidari izanik, berdinen artetik ikasiz… Baina badirudi hori bakarrik ume garaiko oroitzapenak direla. Ikasgelan sartuta nagoela nire burura datozen oroitzapenak. Agian, sekulan itzuliko ez den eredu baten oroitzapena.

Fondoko korrikalaria

Bazen bahin atleta bat. Berdin dio nongoa zen, bere adinak ez du axolarik, neska ala mutila zen gutxienekoa da. Kontua da atleta zela.

Atleta hau talde xume bezain eraginkor bateko kidea zen. Elkarrekin entrenatzen zuten, norberak bere gaitasunak jorratzen zituen eta lehiatzerakoan, batera aritzen ziren, helburu zehatz baten atzetik zeudelako.

Urteak pasa ahala, atleta horrek beste maila altuagoko talde baten gonbidapena jaso zuen. Gure protagonistak ez zuen birritan pentsatu: aldaketa baten beharra zuen eta erronka berriei aurre egiteak izugarri erakartzen zuen. Beraz, baiezkoa eman zuen.

Baina, esaerak dioen bezala, urrutiko intxaurrak… Kontua da entrenamenduak planteatzeko moduak ezberdinak zirela eta kide berri batzuen egitekoarekin talka egin zuen. Giroa, apurka-apurka, petraltzen joan zen eta azkenean taldetik kanpo utzi zuten kide berria. Erabat traizionatua sentitu zen.

Atletismoa bere pasioa izanda, aurreko taldera itzuli zen. Baina gauzak ez ziren berdin suertatu. Urrundu zenean, benetan urrundu zela nabaritu zuen. Ez zuen tokirik aurkitu eta, bakardade horretan, disziplina berri bati ekin zion: fondoko lasterketak. Geroztik, etengabe ari da luze korrika, nora ote doan jakin gabe, zertarako egiten duen korrika ulertu gabe. Orain, fondoko korrikalariaren bakardadea deitzen dioten hori ezagutu du.