Gure gelak sortzaileak al dira?

Dokumentu hau (PDF 1,1 MB) oinarritzat hartu dugu, baina artikulu hau ez da itzulpen bat, guk egindako moldaketa bat baizik.

Dokumentu hori irakurtzen hasi bezain azkar, CCR (Creative Classroom) kontzeptuak gure arreta bereganatu du. Izan ere, kontzeptu horren ardatz ikas ingurune berritzaileak dira. Ikas ingurune berritzaile horietan, praktika pedagogiko berritzaile horiek bakarrik sortzen dira IKTak ikaskuntza irekia, kolaboratzailea eta esanguratsua ahalbideratuko dituzten praktika forma berriak ekoizteko erabiltzen badira.

Berrikuntza kontzeptua oso erabilia izan da eta, testuinguruaren arabera, esanahi ezberdina ere ematen zaio. Hezkuntzaren kasuan, era guztietako praktikekin erabili izan ohi da, baina, gure ustez, hori baino gehiago behar da berrikuntzaz mintzatzeko. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar aurkezten dugun dokumentua Europako testuinguruan kokatu behar dugula eta munduko beste lurraldeak hartuz gero, analisia oso bestelakoa izango litzatekeela.

Ikas-inguruneak duen konplexutasuna dela eta, faktore bakar bat aintzat hartzea ez da nahikoa eta dokumentu honen egileek aipatzen dituzten blokeak eta parametroak oso erabilgarriak iruditu zaizkigu gure errealitatearen azterketa bat egin ahal izateko.

Horregatik, ahalegin bat egingo dugu planteatzen diguten ikas-ekosistemetan eragina duten faktore horiek guztiak azaltzeko.

CCR_EUSKARAZ

Irudia jatorrizko neurrian ikusteko, klikatu gainean.

BLOKE NAGUSIAK

  • Edukiak & Curriculuma

Esperimentaziorako eta sormenerako tartea utzi behar dute eta, batez ere, XXI. menderako ikasleak beharko dituen konpetentziak garatzeko aukera errealak eskaini behar dituzte (adibidez; problemen ebazpena, ikerketa eta komunikazioa). Hori dela eta, edukiek eta curriculumek irekiak, malguak, eguneratzen direnak eta errealitatearekin zerikusia dutenak izan behar dituzte.

  • Ebaluazioa

Ezagutzan oinarritutako ebaluazio tradizionaletik IKTen ikuspegiko ebaluazio berri batera aldatu behar da. Ebaluazioak proba estandarizatuen paradigma gainditu behar du eta errealitatea erreplikatuko dituzten formatu berriak inplementatu behar ditu.

  • Ikas-praktikak

Berdinen arteko ikaskuntza eta autoerregulazioa ahalbideratu behar dituzte. Malguak, ludikoak eta erakargarriak izan behar dituzte eta ikasleen espektatibak asetu behar dituzte.

  • Irakas-praktikak

Irakaslearen eginkizunak mentore batena izan beharko luke. Orkestra zuzendari baten gisan, ikaskuntza errazten duen pertsona izango da. Pedagogiako ezagutzak sare profesionaletan parte hartuz lortuko dituena, eta berrikuntza eta sormena erabiliko dituena ereduak aldatzeko.

  • Antolakuntza

Komunitateko kide guztien artean banatutako antolakuntza izango da eta testuinguruko errealitateari erantzungo dio. Antolakuntza horren orientazioa eta garapena ebaluatzeko mekanismoak garatu behar dira.

  • Lidergoa & balioak

Irekia eta parte hartzailea izan beharko luke. Ekitatea eta inklusioa bezalako balioen aplikazioan zeregin garrantzitsu bat izango du. Bestalde, pertsonalaren garapen profesionala sustatu eta lagundu behar du.

  • Konektibitatea

Honek zerikusia du konpromisoan eta motibazioan eragina duten faktore sozialekin eta emozionalekin. Ikasleek nahiz irakasleek jabekuntza behar dute euren ideiak eta interesak konektatzeko eta ikas praktikak zabaltzeko (adibidez; gurasoei)

  • Azpiegitura

Azpiegitura fisikak eta teknikoak espazioaren mugak gainditzea ahalbideratu behar dute.

ERREFERENTZIAZKO PARAMETROAK

1.- Adimen emozionalaren sustapena: adimen emozionala giltzarria da ikaskuntza sortzailerako. Ikasleen emozioak kudeatzen lagunduko dieten jarduerak eskaini behar dira
2.- Pentsamendu anitzen sustapena: irakasleek ikasleen sormen ahalmena eta euren ahalmen guztiak sustatu behar dituzte esparru guztietan.
3.- Norbanakoen indarguneak oinarritzat hartu: irakasleek ikasle bakoitzaren indarguneetan oinarritu behar dira, hau da, norbanakoaren iragana, interesak, trebetasunak… ezagutu beharko dituzte.
4.- Beste trebetasunen sustapena: burutu beharreko jarduera anitzek zeharkako konpetentziak ere hartu behar dituzte aintzat. Hala nola, problemen ebazpena, kolaborazioa, kontzientzia kulturala, kooperazioa…
5.- Ekintzailetzaren sustapena: ikasleei aukera errealak eskaini behar zaizkie euren proiektu errealak diseinatu, garatu eta inplementa ditzaten. Produktuetan zentratzeaz gain, enfasi berezia jarri beharko litzateke hezkuntza komunitatearen zerbitzuen berrikuntzan eta hobekuntzan.
6.- Inklusioa eta ekitatea eguneroko praktikan aplikatu: ikasle guztiek (adimen handikoek, etorkinek, zailtasunak dituztenek, bazterketa sozialaren arriskuan bizi direnek…) aukera berdinak eta baliabide egokiak izan behar dituzte kalitatezko ikaskuntza jasotzeko eta desberdintasun sozialak arintzeko.
7.- Ikaskuntza ez formalaren eta informalaren aitortza: ohiko esparruetatik at eskuratzen diren ikaskuntzak (ikasleenak nahiz irakasleenak) aitortu behar dira.
8.- Jarraipen gardena: kalitatea bermatzeko marko bat garatu eta komunikatu behar da. Hau gardena izango da komunitateko kide guztientzat eta bere helburu nagusia ikaskuntza-irakaskuntzaren eta ebaluazioaren prozesuen kontrola eta hobekuntza izango da.
9.- Ordutegi berritzaileen inplementazioa: ikasleek eta irakasleek ordutegi malguak eta berritzaileak behar dituzte ikaskuntza sortzaileari aukera gehiago eman ahal izateko.
10.- IKT azpiegitura egokitu: aipatzen ari garen esparru guztietan IKTen erabilera ezinbestekoa da benetako ikaskuntza sortzailea eta berritzailea nahi badugu. Hori dela eta, azpiegiturak ikasleen eta irakasleen jarduna bermatu beharko du eta ziurtatu beharko du sarean dauden baliabide guztiei sarbide egoki bat.
11.- Zerbitzu berritzaileak inplementatu: eskaintzen diren zerbitzuak berritzeaz gain, zerbitzu berrien inplementazioa ere sustatu behar da.
12.- Espazio fisikoa birdiseinatu: ikaskuntzarako inspirazio iturri izango diren espazioak eskaini behar dira. Horretarako, koloreak, soinuak, materialak… espazio erakargarriak, malguak eta polifuntzionalak sortzeko erabiliko dira. Behar bereziak dituzten ikasleen beharrak asetzeko espazio egokiak inplementatuko dira.
13.- Diziplinartekotasuna sustatu: ikasleek gauzak ulertzeko eta ikasteko perspektiba ezberdinak emango dizkieten planteamendu globalagoak behar dituzte. Horretarako, ezinbestekoa izango da “ikasgaien” eta hauen irakasleen arteko konexio horizontalak ziurtatzea.
14.- Esplorazioaren bidezko ikaskuntza sustatu: ikasleen pentsamendu kritikoa sustatzeko eta kontzeptuen arteko konexioaz jabetzeko aukera errealak eskaini behar zaizkie ideiak manipulatuz edo kontzeptu konplexuak esploratuz.
15.- Ekoizpenen bidezko ikaskuntza sustatu: ikasleen sormena, berrikuntza eta ikaskuntzarekiko jarrera baikorra sustatzeko, euren produktuen ekoizpenean inplikatu behar dira.
16.- Jolasen bidezko ikaskuntza sustatu: jolasek eta simulazio digitalek aukera paregabea eskaintzen dute ikasleen ikas prozesuan inplikatzeko eta parte hartzeko.
17.- Ikas estiloak eta adimen anizkunak aintzat hartu: ikasleen ikas estilo ezberdinak eta adimen anitzak baloratu eta aintzat hartuko dituzten jarduera, baliabide, eduki… ezberdinak eta pluralak eskaini behar dira.
18.- Ikaskuntza auto-erregulatua indartu: ikasleak bere ikas prozesuaren jabe bihur dadin, auto-erregulaziorako behar dituen trebetasunak eskaini eta garatu behar dira. Metakognizioa eta hausnarketa sustatu behar dira.
19.- Ikaskuntza pertsonalizatua sustatu: ikasleak dira ikas prozesu guztien ardatz. Hori dela eta, programazioak eta metodoak ikasle bakoitzaren beharrak erantzuteko etengabe doitu eta egokituko dira.
20.- Jarduera esanguratsuak: jarduerak benetako testuinguru batean kokatu behar dira eta ikasleen aurrezagutzak aplikatzeko edo sakontzeko balio behar dute, baita beste konpetentzia orokorrak garatzeko ere.
21.- Berdinen arteko elkarlana ahalbideratu: ikaskuntza prozesu soziala denez, berdinen arteko kolaborazioa sustatu behar da. Horrek ikasleen pentsamendu pertsonala garatzeaz gain, besteekin elkarlanean aritzeko beste perspektibak aintzat hartzea derrigortzen du.
22.- Hezkuntza baliabide irekien erabilera sustatu: etengabe erabili, berrerabili, gurutzatu (nahastu)… behar dira dauden edo sortuko diren baliabide irekiak ikaskuntza planen helburuak lortzeko eta ezagutzaren zabalkundean laguntzeko. Baliabide irekien inguruan sortuta dauden komunitateetan parte hartuz, baliabide hauekiko ikasleen nahiz irakasleen motibazioa areagotzen da.
23.- Ebaluazio formatuen eraldaketa sustatu: ebaluazioak jarduera sortzaileak txertatu behar ditu ikasleen inplikazioa eta motibazioa sustatzeko, batez ere, kolaborazioa, ekimena, sormena… bezalako trebetasun konplexuak ebaluatzen direnean.
24.- Ebaluazio hezitzailearen inplementazioa: metodo eta tresna ugari eskainiko dira ikasleen auto-formazioa eta auto-ebaluazioa burutu ahal izateko.
25.- Ikas gertaera ezberdinak eskaini: hezkuntza komunitateak parte hartu beharko du eta eragile aktiboa izango da ingurune hurbileko ikas gertaera ezberdinetan. Modu berean, online eskaini daitezken gertaerak sustatuko ditu ikas prozesu presentzialak indartzeko edo osatzeko.
26.- Sare sozialetan parte hartu: barne prozesuak irekitzeko eta modernizatzeko eta interakzioa areagotzeko, sare sozialetan parte hartu behar da. Twitter, blogak, wikiak… bezalako baliabideek ikasleei eta irakasleei aukera ezin hobea eskaintzen diete beste kulturekin harremanetan jartzeko, kolaborazio erreala gauzatzeko, hizkuntzaren mugak gainditzeko, instituzioaren hormak saltatzeko…
27.- Berrikuntzaren kudeaketa sistematizatu: berrikuntza jasangarriaren kultura eta konpromiso kolektiboa behar da estrategia bideragarri bat aurrera eraman ahal izateko.
28.- Sarean lan egin mundu errealarekin: era guztietako eragileekin (industriak, museoak, agentziak, erakundeak…) elkarlanean aritu behar da modu sistematikoan aldaketa sozialaren eragile aktiboak izateko eta ikasleen motibazioa areagotzeko.

Honaino dokumentutik ateratakoa. Aipatutako bloke eta parametro horietan zer edo zer soberan al dago? Eta faltan?

Orain, zer diozu zure ikastetxeari buruz?

Ni, ildo horiek jarraituz, nire ikastetxeari buruzko txosten bat egiten hasita nago. Ez da egingo dudan lehena eta, seguru asko, ez da azkena izango, baina beti ikasten dugunez eta ateratzen ditugun ondorioetatik zer edo zer mugitzen hastea lortzen denez, ontzat emango dugu hartutako lana eta eskainitako denbora.

Nork daki, baina, agian, denbora baten buruan, hementxe gaude komentatzen gure ikastolan abian jarri dugula horrelako zer edo zer. Egia esan, aldaketa batzuk (gehiegi ere ez) egin beharko genituzke, baina 22. parametroan agertzen denarekin arazo serioak izango genituzke. Hori seguru.

Etxerako lanen inguruan

Azken urtetan nire ikasleak izan diren guztiek dakiten bezala, etxerako lanen inguruan dudan iritzia ez da oso ona, batez ere tradizionalki bidaltzen ditugun etxerako lan errepikakor eta aspergarri horiekiko dudan iritzia.

Bada, iritzi hori izan arren, ez naiz libratzen eta “mea culpa” ozen bat bota nahiko nuke. Izan ere, gurasoek etxerako lanak eskatzen zizkidatela aitzakitzat hartuta, maiztasun handiz horrenbeste gorrotatzen ditudan lanak bidaltzen aritu bainaiz eta, behin baino gehiagotan, astakeriak ere bidali izan ditut. Inoiz ez dut inongo ahaleginik egin nire iritzia lankideen aurrean plazaratzeko ezta nire ikasleen gurasoei nire ikuspegi kritiko hori azaltzeko ere. Nire ikasleen aurrean, nire burua zuritu nahian edo, hor bai, hor askotan esan dut benetan pentsatzen dudana.

Baina aurreko astean, ikaskuntza kooperatiboaren inguruko barne formazio saio bat burutzen ari ginen ikastolan eta, halako batean, gai hori atera zenean, nire iritzia ematera animatu nintzen. Neurri batean, etxerako lanen isiltasunezko “armairutik atera” nintzen. Nire iritziz, gai hori “tabu” bat bihurtuta zegoen eta inork ez zuen ezer zalantzan jartzen, betidanik egin denaren jarraitzaile akritiko eta robotizatu gisan jokatzen genuen.

Bada, gure artean izandako eztabaidaren ondoren, gordeta nituen dokumentu eta helbide ezberdinetara jo nuen gaiari beste oinarri batzuekin heltzeko asmoz. Irakurri dudan guztia asimilatu eta antolatu ondoren, nire iritzia plazaratu nahi dut.

Hasteko, irakurri dudan guztiarekin, nire iritzia ez da aldatu, alderantziz, indartu eta sendotu dela esan beharko nuke. Izan ere, oraindik ez dut ebidentzia bakar bat ere topatu etxerako lanak onuragarriak direla esateko. Alderantziz, datu guztien arabera, kaltegarriak direla esan dezakegu hanka sartzeko beldurrik gabe.

Hasteko, gustatuko litzaidake jarraian datozen bideo hauek ikustea. Luzeak badira ere, oso gomendagarriak dira eta PISAko ebaluazioetan arrakasta itzela lortzen duten bi eredu ezberdinak hobeto ezagutzeko aukera paregabea.

Finlandia

Korea

Bideo hauek ikusi badituzu eta Finlandiaren aldeko apostua egiten baduzu, seguru asko jarraian datorrena soberan izango duzu, baina Koreakoa bada erakartzen zaituena, argudioak prestatu beharko ditut “alde ilun” horretatik ateratzeko. Has gaitezen, bada.

Topatu dudan lehen gauza bitxia izan da ikustea estatuan etxerako lanak denfendatzen dituzten gehienak oso konterbadoreak direla esparru ideologikoan. Horien artean, sutsuenei, “Hezkuntzako Tea Party” deituko nieke nik eta, une honetan, Wert Legea defendatzaile amorratuak dira. Kontuz zeinekin ari zareten etxerako lanak defendatzen!

Eta bigarrena, etxerako lanak defendatzen dituztenek erabiltzen dituzten argudioak frogatzeko inongo ebidentziarik ez dutela eskaintzen.

Tira, kontua da irakurri dudanarekin ondorengo irudian ikus dezakezuen mapa mentala osatzen hasi nintzela. Ez dakit oso garbi gelditzen den, baina nire ideiak eta datuak antolatzeko oso lagungarria egin zait niri. Jatorrizko neurrian ikusteko, egin klik irudiaren gainean.

Etxerako lanak

Orain, saiatuko naiz laburtzen bertan jasotakoa.

Laburragoa denez, etxerako lanen aldekoek aipatzen dituzten argudioak azaltzen hasiko naiz:

  • Esfortzua: kultura hedonistaren aurrean, esfortzuaren balioa transmititzeko baliabide garrantzitsu bat da.
  • Diziplina: etxerako lanak egiteak diziplina eskatzen du eta gure ikasleek horrenbetse behar duten balio hori eskuratzeko oso lagungarriak dira.
  • Lan ohiturak: etxerako lanak egitean, gerora begira ezinbestekoak izango dituen lan oiturak eskuratzeko ezinbestekoak dira. Etxerako lanak egin ezean, nekez lor daitezke lan ohitura egokiak.
  • Autonomia: ikasleak bere zereginari aurre egin behar dio eta, horretarako, bere autonomia erabili behar du. Alegia, agintzen diotena egitean, bere autonomia garatzen doa.
  • Antolaketa: etxerako lanak egiteko, ikasleak bere denbora planifikatzen, antolatzen… ikasi behar du. Hori dela eta, bizitzarako ezinbestekoa den gaitasun hori lortzeko oso lagungarriak dira.
  • Emaitzak: arestian esandakoa betetzen dituen ikasleak, emaitza hobeak lortuko ditu. Beraz, etxerako lanak egitea emaitza hobeak lortzeko bide garranzitsu bat da.

Sarrera esan dudan bezala, hori guztia esaten dutenean, ez dute inongo ebidentziarik eskaintzen. Batez ere, emaitzei dagokienean. Izan ere, ez baitago inongo ikerketarik baieztapen hori frogatzen duenik.

Orain, has gaitezen kontrako iritzia dutenek aipatzen dituzten argudioak.

Hasteko, etxerako lanek hezkuntza-sistemaren porrota adierazten dute, ikasleek eskolan landu beharko lituzketen lanekin gainkargatzen dituztelako. Hezkuntza-sistemak dituen mugak agerian uzten dituzte, izan ere, ikastetxeetan egiten dena nahikoa ez dela esplizitatzen dute. Agian, egin behar dena ez da ikasleak gainkarga horrekin zigortzea, eskola barruan egiten dena eta egiten den modua aldatzea baizik. Baina, noski, bigarren aukera horrek lan handiagoa eskatzen du eta irakasleok ez gaude horretarako, ezta?

Bestalde, irakasle gehienek agintzen dituzten etxerako lanek oso kalitate txarra dute, ez dira pertsonalizatuak izaten, ikasle batek izan ditzakeen hutsuneak betetzeko ez dute laguntzen eta, gainera, kasu gehienetan, denbora gehiegi eskatzen dute.

Jarraian, sarean topatu ditudan etxerako lanen aurkako argudio garranzitsuenak:

  • Ez da inongo abantaila pedagogikorik frogatu: egin diren ikerketek LHrako ez dute hori frogatzen, kontrakoa baizik. Eta DBHtik aurrera ikus daitekeen abantaila hain da txikia… Laburtuz, desabantailak abantailak baino handiagoak dira.
  • Eskolarekiko jarrera ezkorra sustatzen dute: ikasle askorentzat etxerako lanen zama jasanezina bihurtzen da eta eskolarekiko jarrera ezkorra garatu besterik ez dute egiten. Okerrena, jakin-mina, motibazioa eta gauza berriak ikasteko interesa ere galtzen hasten direla.
  • Denbora librea murrizten da: ikasleak “full-time” bihurtzen ditugu. Eskolaz kanpoko jarduerek eta etxerako lanek ikasleen “denbora librea” betetzen dute eta honek duen balio hezitzaileaz ahaztu egiten gara.
  • Ikasleen garapenerako beste aukerak kendu: esparru akademikotik at gelditzen diren gainontzeko esparruak jorratzeko aukerarik gabe gelditzen dira ikasle asko. Familia askotan etxerako lanei ematen zaien garrantzia eta lehentasuna direla eta, ikasleen pasioak edo zaletasunak bigarren edo hirugarren mailako gaitzat hartzen dituzte guraso askok.
  • Ekitatearen etsaiak: etxerako lanen ardura familien esku gelditzean, oso errealitate kultural eta sozial ezberdinekin egiten dute topo. Familia guztiek ez dute ez aukera ez ahalmen berdina euren seme-alabak “laguntzeko” eta hauen arteko ezberdintasuna areagotu besterik ez da egiten.
  • Familiako giroa zapuztu: ukaezina den errealitate bat da hau. Etxe askotan, seme-alaben etxerako lanek liskarrak, giro txarra, zigorrak, tentsio uneak, estresa… eragiten dituzte, etxeko giroa arnastezina bihurtzeraino.
  • Familiari denbora kendu: familia askotan oso denbora gutxi gelditzen zaie kide guztiak elkarrekin egoteko. Denbora horretan, seme-alabek etxerako lanak egin behar badituzte, denbora hori murriztu besterik ez da egiten.
  • Aniztasunari ez dute erantzuten: egin diren ikerketen arabera, kasu gehienetan, etxerako lanak uniformeak izaten ohi dira. Hau da, gela bateko ikasle guztientzat etxerako lan berdinak agintzen zaizkie. Nola ezkontzen da hori horrenbeste aldarrikatzen den aniztasunaren trataerarekin?
  • Gurasoekiko menpekotasuna: zailtasunik handienak dituzten ikasleek ez dute nahiko gaitasunik agindutako lanak autonomiaz egiteko. Horrek gurasoekiko menpekotasun handia sortarazten du. Bitxia da autonomia gehien garatu behar duten ikasleek, menpekotasuna besterik ez dutela garatzen ikustea.
  • Rolak irauli egiten dira: ikaskuntza prozesu guztietan seme-alabek euren lorpenen berri gurasoei ematen dizkiete. Bada, etxerako lanekin, seme-alabek eskolan eginikoa gurasoei erakutsi partez, eskolan ikasten ez dutena gurasoek seme-alabei erakutsi behar izaten diete.
  • Gertuko errealitatearekin harreman eskasa: aztertutako etxerako lan gehienek zerikusirik ez dute ikasleek bizi duten errealitatearekin. Horrek, noski, ikasleen interes falta areagotu besterik ez du egiten.
  • Beste hezkuntza eredurako ateak itxi: etxerako lanen giltzarrietako bat gelan egiten den ondorengo zuzenketa da. Horrek, saio askoren denbora tarte zabal hartzen duenez, bestelako zeregin interesgarriagotan eta emankorragotan aritzeko aukera kendu egiten du. Zenbat gauza egiteko aukera izango genuke zuzenketa horiek gure saioetatik kenduz gero?

Kontrako nahiz aldeko jarrera dutenek, gainera, bestelako ekarpenak ere egiten dituzte. Batzuk erabat kentzearen alde dauden bitartean, beste batzuk etxerako lanei ez dizkiete ateak ixten, beti ere, jarraian doazen baldintzak errespetatuz gero:

  • Curricularrak ez diren gaiak jorratu ere: curriculum tradizionaletatik at bizitza dagoenez, esparru horiek ere jorratu beharko lituzkete etxerako lanetan.
  • Ezagutza librea sustatu: gaur egun eskura ditugun aukerei ezin diegu bizkarrik eman eta gure ikasleak ezagutza librea eraikitzeko eragile aktiboak bihurtzeko lagundu beharko lukete etxerako lanek (adibidez, Wikipedian ekarpenak egin).
  • Tresna kolaboratzaileak erabili: etxerako lanek ikasleen arteko elkarrekintza sustatu beharko luketenez, tresna kolaboratzaieen erabilera indartzera bideratuta egon beharko lukete.
  • Proiektuen inguruko lanketa: eskolan landu beharko lituzketen proiektuekin lotura izan beharko lukete. Hau da, proiektu horien planifikazioan, garapenean, ikerketan… lagundu beharko luketen etxerako lanak izan beharko lituzkete.
  • Erantzukizuna eta iraunkortasuna sustatu: nor bere buruarekin eta ikaskideekin arduratsu eta erantzukizunez jokatzera animatu beharko lukete, eta ez antsietateak edo presioak eraginda burutzea.
  • Ohitura osasungarriak sustatu: kirol jarduerak, dantzak, elikadura osasuntsua, erlaxazio jarduerak… egitera animatu beharko lukete.
  • Erabakiak hartzeko irizpideak: ikasleek erabakiak hartzera eta, noski, hauek hartzeko garaian irizpide ezberdinak erabiltzera animatu beharko lituzkete.
  • Jakin-mina piztu: arestian esan dugu, normalean agintzen dituzten etxerako lanek jakin-mina zapuzten dutela. Bada, justu kontrako efektua bilatu beharko lukete. Horretarako, ikasleak ikertzen, produktu ezberdinak ekoizten, erronkak gainditzen… jarri beharko lituzkete.
  • Informazioa kudeatu ezagutza eraikitzeko: etxerako lanek informazioaren kudeaketa eraginkor bat sustatu beharko lukete, ikasle bakoitzak bere ezagutza propioa eraikitzeko.
  • Denbora antolatu eta planifikatu: etxerako lanek ikasleen denbora antolatzen eta planfikatzen lagundu beharko lukete. Horretarako, bitartekoak ere eman beharko genizkieke zeregin bakoitzari eskaini beharreko denbora kudeatzen eta planifikatzen ikas dezaten.
  • Ideien,emozioen eta bizipenen adierazmena: etxerako lanek aukera erreala eman beharko lukete ikasleen ideiak eta sentimenduak modu ezberdinetan adierazteko. Adierazmen aukera guztientzat ateak irekita egon behar dira eta ez betiko bideentzat soilik.
  • Irudimena eta sormena: irudimena eta sormena sustatzeko balio ez duten etxerako lanek, ekarpen eskasa egingo dute. Hori dela eta, irakasleek etxerako lanak bidali baino lehen, ondo planifikatu beharko lituzkete, betiko errutina eta lan errepikakor horietan ez erortzeko.
  • Denboraz mugatuak: gaur egun, etxerako lanek sekulako denbora tartea hartzen dute bai egiteko bai zuzentzeko. Bada, egitekotan, denbora tarte mugatuak eta laburrak hartu beharko lituzkete.

Eta zuk, zer diozu? Betiko ohiturari eustearen alde al zaude? Orain arte agindu dituzun etxerako lanak birplanteatzeko prest al zaude? Beharrezkoa al da gai honen inguruko eztabaida serioa gure komunitatean?

Gai honen inguruan topatu ditudan esteka interesgarriak:

10 VERDADES ACERCA DE LOS DEBERES (O 10 RAZONES PARA DEJAR DE MANDAR DEBERES)
Los deberes escolares en el marco de las relaciones familia – escuela
10 ALTERNATIVAS A LOS DEBERES PARA EL DESARROLLO DE COMPETENCIAS
Etxeko lanak bai edo ez? Zenbat?
Los deberes enseñan a los niños a ser organizados y disciplinados
CEAPA denuncia la sobrecarga de deberes escolares en casa
The Case Against Homework
La Verdad Acerca de los Deberes – Las Tareas Innecesarias Persisten por Causa de las Ideas Equivocadas Sobre el Aprendizaje – Alfie Kohn
CONCAPA DICE NO A LA HUELGA DE DEBERES (PDF)
Los diez mejores consejos sobre los deberes escolares
Los Deberes Escolares: Un Poderoso Aliado para el Aprendizaje y la Formación
A propósito de los deberes escolares

Korea eredua

Hezkuntza ereduen inguruan maiz hitz egiten den arren, gutxitan erreparatzen dugu sistema horien atzean dauden pertsonetan. Nola eragiten dute sistema horiek indarrean dauden gizarteetako ikasleengan?

Egun hauetan, Wert Espainiako Ministroak egin nahi duen erreformaz (PDF) asko hitz egiten ari da eta asko dira erreforma horren aurka altxatu diren ahotsak. Bada, atzo, Informe Semanal programan, erreportaje bikain bat eskaini zuten Hego Koreako hezkuntza ereduari buruz. Dakizuenez, PISA ebaluazioan (PDF) sekulako emaitzak lortzen dituzte, baina proba horien emaitzetan ez da ikusten horren atzean zer dagoen. Ikaragarria!!! Beharbada, horixe da Wert Ministroak eta bere erreformak bilatzen duten gizarte eta hezkuntza eredua. Hezkuntzako guruek eta adituek salba ez gaitzatela!

Erreportaje hori ikusteko, RTVEk duen web orrira joan beharra dago, ez baitu aukerarik ematen erreportajea kapsulatzeko. Bestela, beheko bideoan 44:20 minutura joan eta hortxe topatuko duzue erreportajea.

Ver vídeoInforme Semanal - 21/07/12

Eskola hobeak nahi ditugu?

Mezu hau aspaldi argitaratu nahi nuen, baina gure ikastolan izandako gertaera larriak ez zidan uzten. Gai hauei heltzeko burua behar bezala ez dudan arren, ahalegina egingo dut eta bukatutzat joko dut gai honen inguruan idatzitako mezu sorta.

Aurreko mezuetan “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda-ikastaroan esandakoa jasotzen ahalegindu nintzen. Gaur, nire bizipenen eta nire iritziaren txanda iritsi da.

Aitortu beharra daukat nire lehen inpresioa ez zela oso ona izan. Alde batetik, hizlarien aurkezpen negargarriek eta, bestetik, eginiko ikerketa ezberdinen inguruan eman zituzten datu kopuru ikaragarriek, grafikoek, formula estatistikek… jota utzi ninduten. Zorionez, lehen bi saio astun horiek pasa eta gero, hirugarrenean, ikerketen emaitzak eta ondorioak mahai gainean jartzen hasi ziren. Hortxe hasi zen hoberena. Hala ere, nire gusturako, interesgarriena bigarren egunean iritsi zen F. Javier Murillo irakasle madrildarraren eskutik. Bera izan zen bakarra zutik hitz egin zuena eta, nire ustez, komunikazio mailarik hoberena lortu zuena.

Dena den, bi egun horiek pasatu eta gero, ez dira aspektu formal horiek nire arreta irabazi dutenak. Bertan atera ziren gai interesgarriak eta mahai gainean jarritako ebidentzien aurrean, ikastetxeei eta hezkuntzan dihardugun guztioi planteatzen dizkiguten erronkak izan ziren nire interesa piztu zutenak eta izan nuen hasiera kaskarra ahaztera eraman nindutenak.

Goazen bada, gai horiek aztertzen hastera!

Hasteko, ikerketa ezberdinek, testuinguru eta egoera ezberdinetan, emaitza antzekoak islatzeak pentsarazten dit oso oker ez direla egongo. Eta, beste alde batetik, jasotzen diren datuen irakurketa ezberdinak egin diren arren, eta irakurketa horiek egin dituztenen ideologia, jatorria, eskarmentua… ezberdina eta anitza izan arren, antzekotasun handiak daudela ere agerian gelditu da. Beraz, aintzat hartu beharreko emaitzak eta ondorioak iruditzen zaizkit niri.

Hori dela eta, ISEI egiten ari den eta oraindik bukatu ez duen ikerketa baten datuetatik aurkeztu zizkiguten ondorioak izango dira nire idatziaren ardatz.

EAEn 3 urtetan eginiko Diagnostiko Frogen emaitzak hartuta, nabarmendutako ikastetxeen ikerketa bat da. Laginak, sare, lurralde eta maila sozioekonomiko ezberdineko ikastetxeak hartzen ditu bere baitan eta horrek nolabaiteko fidagarritasuna ematen du. Bada, ISEIk egiten zituen planteamendua, ondorengoa zen: zer dute komunean ikastetxe hauek gisa horretako emaitzak lortzeko? Ba al dago zer edo zer besteengandik bereizten dituena? Euren eredua beste ikastetxeetara eraman al daiteke?…

Ikastetxe horiei eginiko bisitetan, egindako elkarrizketatan eta abarretan jasotako informazioarekin eta bildutako datu guztiekin, interpretazioaren garaia iritsi zenean, bost puntu nabarmentzen ziren gainontzeko guztien gainetik:

  • Ikasleen arreta pertsonalizatua
  • Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa
  • Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa
  • Denboraren kudeaketa
  • Eskola giroa

Arestian esan dudan bezala, ondorio hauek, edo oso antzekoak, dira beste ikerketetan errepikatzen direnak. Horregatik, ez naiz beste xehetasunetan sartuko eta hauek aztertuko ditut.

Ikasleen arreta pertsonalizatua

Ikastetxe guztien Hezkuntza Proiektua irakurriz gero, gai honen inguruan egiten diren aipamenak txalotzekoak diren arren, errealitatea, zoritxarrez, oso bestelakoa da. “Fastfood” eredua izan da aspalditik nagusitu dena eta oraindik ere, ibilbide oso luzea falta da “Michelin” eredura hurbiltzeko.

Gai hauen inguruan gertatzen ohi den bezala, batek baino gehiagok baliabide eskasien edo denbora faltaren gaiak plazaratuko dituzte. Ni ez naiz izango orain bizi garen garai zail hauetan murrizketen alde aterako dena, ezta gutxiagorik ere, baina oso garbi daukat ditugun baliabide eskas horiekin ere, orain egiten duguna baino askoz ere gehiago egin dezakegula. Bestela, nola liteke ikastetxe horiek atal horretan horrelako balorazioa izatea? Akaso, besteok baino baliabide gehiago dute? Garbi dago ezetz. Gehiago esango dut, ikastetxe horietako batzuk zerbaitegatik nabarmentzen badira, hain zuzen ere, ez da luxuzko ikastetxeak izateagatik edo ratio estratosferikoak izateagatik, borondate irmo bat izateagatik baizik.

Hortxe dago gakoa. Ikastetxe batzuk arazoari aurre egiteko borondatea erakutsi eta bide desberdinak urratuz, dokumentuetan agertzen dena errealitatea bihurtzeko ahalegin sendo bat egin dute. Zalantzarik gabe, errazena, horientzat ere, baliabide eskasiarekin kexu azaltzea eta berdin jarraitzea litzateke, baina hori lortu bitartean ikasleak gure geletan daudenez, beste zerbait egitea erabaki eta lortu dute. Besteok zergatik ez?

Eta zer da egin daitekeena borondate hori dagoenean? Nik oso garbi daukat formula magikorik ez dagoela, baina ikasleen gertuko arreta pertsonalizatu hori lortzeko oztopoak izan daitezkeen faktore batzuk bai:

  • Homogeneizazioa sustatzen duten ereduak, hau da, ikasle guztientzat eduki, helburu eta irizpide berdinak planteatzen dituztenak.
  • Ikasleekiko kezka ordu lektiboetara eta gai akademikoetara mugatzen denean.
  • Betiko arlo akademikoei egundoko garrantzia ematen zaienean, gainontzeko arloen kalterako.
  • Ikasle batek izan ditzakeen arazoen aurrean, ebaluazioaren emaitzak izan arte inongo erabakirik hartzen ez denean.
  • Irakaslea bere apunteak diktatzera edo testu liburua irakurtzera eta azpimarratzera dedikatzen denean.
  • Ikasle bakoitzaren ikas-estiloa aintzat hartzen ez denean.
  • Zailtasunak dituzten ikasleak, beste ezer aintzat hartu gabe, “talde berezietara” bidaltzen direnean.
  • Gaitasun handiko ikasleak detektatzen ez direnean eta urtetan aspertzen uzten direnean.

Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa

Aurreko puntuarekin gertatzen den bezala, ikastetxe gehienek goraipatzen dute euren irakasleek duten koordinazioa, egiten dituzten ikastaroak… Hori bai, ikastetxe horiek koordinazioaz eta formazioaz ulertzen dutena jakin nahiko nuke nik zer den. Izan ere, horrenbeste goraipatzen dituzten aspektu horiek eguneroko praxian nekez ikusten dira.

Koordinazioari dagokionez, zenbait ikastetxetan, etengabeko bileren maratoi bat ikusten bada ere, agerikoa da irakasle bakoitza bere “irla pribatuan” (gelan) sartzen denean, ez dut esango sudur puntan jartzen zaiona egiten duenik, baina ez da oso urruti ibiliko. Zenbat kasu ezagutzen ditugu non irakasle talde batek proiektu bat planifikatu, diseinatu, burutu eta ebaluatzen duen? Zenbat kasutan ikusten da irakasle talde bat 2, 3 edo 4 gela batera hartuta, espazio komun batean elkarlanean?

Koordinazio eraginkor bat lortzeko, hezkuntza munduan horren ohikoak diren bilera sorta horiek ez dira beharrezkoak. Behar beharrezkoa dena beste zerbait da; lehena, ikasleei eskatzen dizkiegun konpetentzietan trebatzea (talde lanerako teknika eraginkorrak erabiltzea, IKT baliabideak elkarlanerako erabiltzea, komunikaziorako kanal eraginkorrak izatea…), bigarrena, gure jardunaren ardatza ikasleak direla burutik ez kentzea, hirugarrena, ikastetxearen planifikazioan espazioak eta denbora lan ordutan aurreikustea proiektu baten inguruan lanean ari diren guztiak elkartu ahal izateko…

Daquella manera

Formazioari dagokionez, ikastetxe gehienetan, ordu kopuru izugarri eskaintzen zaio betiko formazio arautuari. Hori bai, formazio horrek ikastetxeari egin dion ekarpenaren inguruan ikertzen hasten garenean, segituan ohartzen gara oso eskasa edo nulua dela.

Maiz entzuten dugu irakasleon lanak duen desprestigioa eta horrek gure jardunean duen eragina. Bada, nik uste dut merezi dugun desprestigioa dugula.

Zergatik? Bada, oso lanbide gutxitan gertatzen delako gurean gertatzen dena. Norbaitek imajina dezake mediku bat esanez teknologia ez duela erabili nahi zaila egiten zaiolako? Edo, medikuntzan ematen ari diren aurrerapenen berri ezagutzeko inongo ahalegina egiten ez duen zirujau bat? Edo, duela 40-50 urteko teknikak erabiltzen dituen dentista bat? Ez, ezta? Bada, zoritxarrez, irakaskuntzan hori oso ohikoa da. Beste inon baino “denbora libre” gehiago dugun arren, oso gutxi dira euren garapen profesionalari denbora eskaintzen diotenak. Horregatik, opor luzeegiak ditugula, lan gutxi egiten dugula… eta antzekoak esaten dizkigutenean, kasu askotan, egia da eta aitortu beharra daukagu.

Bestalde, formazioaren gaia, batzuentzat negozio borobila bihurtu da eta, irakasle askorentzat, aitzakia perfektua inongo aldaketarik ez emateko. Edozein motako aldaketaren aurrean, ikastetxe gehienetan entzuten den erretolika “formazioa behar dugu” da. Bada, zergatik ez diogu gure erantzukizunari heltzen eta auto-formazioari tarte bat eskaintzen? Zergatik ez dugu gure lankideen laguntza bilatzen? Zergatik administrazioaren esku utzi gure ardura den hori? Ardura hori hartu ezean, zer argudio daukagu beste sektoreetan dituzten 500-600 lanordu gehiago ez izateko?

Nire ustez, lanordu gutxiago izateak ez du esan nahi lan gutxiago egiten dugunik, baina batzuen jarrera ikusita, zaila egiten da hori defendatzea.

Formazioarekin lotuta edo, hobeto esanda, garapen eta kualifikazio profesionalarekin lotuta, irakaskuntzan irakasleon lana baloratzeko egun dagoen sistemak ez du gehiegi motibatzen. Hasteko, ikasle helduekin lan egiten baduzu, soldata handiagoa daukazu, nahiz eta pedagogiaz edo irakaskuntzaz ezer ez jakin eta inongo interesik ez izan. Imajinatzen duzue pediatra batek geriatra batek baino gutxiago kobratzen eta lanordu gehiago sartzen umeekin lan egiten duelako? Hori eta lanean daramagun denbora besterik ez da aintzat hartzen irakasleen balorazioa egiteko. Sistema horrekin, normala da irakaskuntzarekiko inongo interesik ez duen jendeaz betetzea gure ikastetxeak. Adibidez, Ingeniaritza teknikoa edo beste ikasketa batzuk egiten dituenak, ez dut uste irakaskuntzan aritzeko egiten duenik. Bada, horietako askok, bestelako lanik aurkitzen ez dutenean, gure ikastetxeetan bukatzen dute eta, automatikoki, Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan sekulako ilusioz eta energia eskainiz ari den irakasle batena baino kualifikazio handiagoa ematen zaio. Gauzak diren bezala, eta justuak izateko, horietako askok hezkuntzaren munduan sartu bezain pronto “engantxatu” egiten dira eta sekulako ekarpena egiten dute. Baina nik esan nahi dudana ez doa hortik, hezkuntza munduan irakasleen kualifikazioa eta garapen profesionala sustatzeko dugun sistemak dituen gabeziak eta kontraesanak baizik. Beste inongo lanbiderik ez da horrelakorik gertatzen. Adibide gori bat jartzearren, 30 urte lanean daraman irakasle batek inongo formazio osagarririk gabe edota inongo proiektu berritzailean murgildu gabe eta 5 urte daramatzan eta etengabe formatzen ari den eta proiektu desberdinen ardura edo partaidetza hartu dituen beste batek baino 200-300 € gehiago jaso ditzake.

Garapen pertsonalerako aukera eza horrekin eta formazio formalarekiko dagoen jarrera konformistarekin, oso zaila egiten dira auto-ikaskuntza edo formazio informalaren alde egiten diren ahalegin guztiak.

Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa

Hamed Saber

Gai honen inguruan zalantza gehiago datozkit burura. Izan ere, ikastaroan aipatu zutenez, era guztietako zuzendaritza estiloekin topatu dira eta berdin lidergo banatua zein zentralizatua zuten ikastetxeetan antzematen omen zen lidergoaren eragina.

Nik ez dakit zein den estilorik egokiena, nahiz eta lidergo banatuaren aldekoa izan, baina oso garbi daukat zuzendaritza taldeen osaketan aldaketa sakonak behar-beharrezkoak direla. Ez da posible gaur egun gertatzen denarekin jarraitzea. Ikastetxe askotan, “deskartea” edo errotazioa da erabiltzen den metodologia taldeak osatzeko edo zuzendaria izendatzeko. Jakina, gogoz kontra edo inongo motibaziorik gabe sartzen den jendeak buruan noiz aterako ote diren besterik ez dute. Ez dut uste lidergo sendo hori ezartzeko oso egoera ona denik.

Bestalde, talde horien iraupenak ere berrikuspen bat merezi duela uste dut. Ez da posible ardura horien gako garrantzitsuenak ikasten hasita daudenean eta ekarpenik handiena egin dezaketen unean, kargua uztea. Modu berean, beste inork saltsa horietan sartu nahi ez duelako, horretarako prest dauden pertsonak karguan eperik gabe luzatzea. Izan ere, karguan luzatzeak “bizio” ezberdinak hartzea, ekimena galtzea, pertsona horrekiko mendekotasuna haztea… dakar. Horregatik, nik gutxieneko eta gehienezko urte kopuruak ezarriko nituzke karguan egoteko.

Ikastaroan aipatutako beste ildo bati helduz, zuzendaritza taldea administrazio lanetatik at egon behar da eta bere zeregina esparru pedagogikoan zentratu behar da. Horrek esan nahi du, beste gauza askoren artean, zuzendaritza talde batean sartzen den orok arlo pedagogikoaren inguruan ezagutza sakonak izan behar dituela eta hori lortzeko era guztietako formazioa hartu beharko duela.

Azken urte hauetan zuzendarien bilera batzuetan egotea tokatu zait eta ikustekoa da bertan entzuten diren gauza batzuk. Adibidez, IKTen inguruan entzun behar izan nituen astakeriak edo gai pedagogiko batzuen inguruan agerian uzten zuten ezjakintasuna, ez ziren nolanahikoak.

Azkenik, gaur egun, zuzendaritza taldeetako kideen lan baldintzak ikusita, ez da harritzekoa ikastetxe askotan gertatzea arestian esan dudana. Talde horiengan jartzen den erantzukizunari aurre egiteko, sekulako ahaleginak egin behar izaten dituzte eta oso ohikoa da taldeetako kide horiek gauez eta egunez lanarekin bueltaka. Horregatik, derrigorrezkotzat ondorengo bi aspektuak lehenbailehen zuzendaritza talde guztietan inplementatzea: alde batetik, zuzendaritza taldearen eginkizuna ez da ikastetxeko aspektu guztiak kontrolatzea edo gidatzea, delegatu behar dute eta ardurak banatu behar dira eta, bestetik, funtzionatzeko metodologia berritzaileagoak inplementatu behar dira dagokien ardurarik nagusiena eraginkortasunez burutu ahal izateko: lidergo pedagogikoa.

Denboraren kudeaketa

mk3_3

Gai honen inguruan hitz egiten den bakoitzean, betiko salbatzaileek ordu libreetan irakasle batzuek kafetegian edo erretokian pasatzen duten denbora aipatzen dituzte, baina ez dira konturatzen gai honek zerikusirik ez duela horrekin. Lantoki guztietan tarte batzuk daude gisa horretako uneak izateko eta nik garbi daukat onuragarriak direla, bestela, esklabismoa izan daiteke alternatiba.

Denboraren kudeaketa aipatu zutenean, oso garbi gelditu zen zertaz ari ziren, nagusiki: gela barruan ikaskuntza prozesuei eskaintzen zaien denbora eta koordinaziorako, elkarlanerako eta antolaketarako eskaintzen den denbora.

Gela barruko lana, arestian esan dudan bezala, aparteko mundu bat izaten ohi da non irakasle bakoitzak gela kudeatzeko bere estrategiak erabiltzen dituen. Hori dela eta, oso ohikoa da entzutea, batez ere maila batzuetan, ikasleak zentratzen edo prestatzen direnerako saio erdia joaten zaiela. Bada, emaitza onak lortzen dituzten ikastetxeetan, hori ez da gertatzen. Esan zutenez, ezaugarri hau ikastetxe on guztietan errepikatzen da eta ikastetxearen “kulturaren” parte garrantzitsu bat da. Irakasleek puntualtasunak duen garrantzia ez dute ahazten eta ikasleek ere, gelan sartzen direnean, badakite bertan ez dela denbora galtzen. Horregatik, behe mailako geletan horren ohikoak diren ikasleen ilarak zuzenketaren zain, pentsaezinak dira ikastetxe horietan.

Horregatik, metodologia aktiboen erabilera ia derrigorrezkoa bihurtzen da. Hala ere, aitortu zutenez, oso metodologia ezberdinetako ikastetxeetan lortzen dute gela barruko denborari etekin handia ateratzea.

Antolaketari dagokionez, ikastetxe askotan, denbora mordo bat alferrik galtzen da era guztietako bilerak egiten, baina inoiz ez dute aztertu edo ebaluatu bilera horien eraginkortasuna. Hori dela eta, denbora asko eskaini bai, baina etekin atera oso gutxi. Emaitza bikainak lortu dituzten ikastetxeetan, adibidez, bilerak ez dira araua, salbuespena baizik. Hau da, proiektu bat edo zeregin bat burutzeko, bestelako bide eraginkorragoak garatu dituzte (sarea da biderik erabiliena) eta aurrez aurreko bilera, ezinbestekotzat jotzen dutenean baino, ez dute konbokatzen. Eta bilerak egiten dituztenean, aurretik finkatutako metodologia eta helburu argi bat dutelarik egiten dituzte, jendearen nekea eta frustrazioa saihestuz.

Bestalde, oso garbi finkatzen dituzte euren lehentasunak (bizpahiru izaten omen dira) eta bigarren mailako zereginak bigarren plano batean uzten dituzte edo ez dituzte betetzen. Akzesorioa den guztia kentzen dute. Planteamendu horrekin, ikastetxe horiek eraginkorragoak izateaz gain, bertako langileen inplikazioa eta asetze maila areagotzen dute.

Eskola giroa

Camdiluv ♥

Bukatzeko, gainontzeko aspektu guztiak laburbiltzen dituena dator. Oso adierazgarria da “irribarre tasa” kontzeptua erabiltzen dela ikastetxe baten giroa neurtzeko. Eta ez da tontakeria.

Honen aurretik aipatutako puntuetan aurrerapauso handiak eman dituzten ikastetxeetan, logikoa denez, oso giro ona arnasten da bertan eta pertsona guztietan antzeman daiteke. Hortik dator “irribarre tasa”ren kontzeptua. Jendea pozik ikusten da, ikasleak zoriontsu daude, gurasoak gustura eta irakasleek energia baikorra transmititzen dute.

Hala ere, badira beste faktore batzuk giro on bat lortzen laguntzen dutenak. Esate baterako, ikasleak eta gurasoak ikastetxearen erabaki garrantzitsuenetan, baita esparru pedagogikoari dagozkionetan ere, protagonismo erreala izateko aukerak sortu, komunitateko kide guztien arteko komunikazio kanal iraunkorrak eta dinamikoak sortu, guztien arteko elkarlana ikastetxearen “araua” bihurtu…

Tira, espero nuena baino askoz ere luzeagoak atera zitzaizkidan mezu hauek eta serieari amaiera ematen dion mezuak ez zuen gutxiago izan nahi, nonbait. Burua behar bezala ez dagoenean, zaila egiten da gai hauetaz aritzea eta idaztea, baina Ordiziako Jaiak hasi baino lehenago bukatu nahi nuen eta, nola hala, lortu dut. Gai hauen inguruan pentsatzen jartzeko balio izan badu, gaitzerdi, ez baitut beste inongo asmorik.

Eskola hobeak denentzat (3)

Aurreko egunotan Donostian izandako “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda ikastaroaren inguruan bi mezu (1 eta 2) argitaratu genituen, baina ikastaroaren amaieran burututako mahai-inguruan ateratako gai garrantzitsuenak aipatu gabe gelditu ginen eta gaur saiatuko gara hori bukatzen.

Esan genuen bezala, J. F. Lukas moderatuta, Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aramendi (EHU) izan ziren mahai inguru horretan aritu zirenak. Kristau eskolen ordezkari bat ere aurreikusita zegoen, baina ez zuen etortzerik izan eta hiru horiek izan ziren “Euskal Curriculuma eta eskolen hobekuntza” gaiaren inguruan mintzatu zirenak.

Lehen txandan Pello Aramendi izan zen hitza hartu zuena eta jarraian doazen aspektuak aipatu zituen:

  • OCDEk bere kanpo ebaluazioetan erabiltzen dituen adierazleak ez dira nahikoak eskola bat ona den edo ez esateko. Beraz, emaitza horiek tentu handiz hartu eta aztertu behar dira.
  • Espainian zor historikoa dago hezkuntzarekiko. Izan ere, oso gutxi inbertitu da eta oraindik ere egoera ez da hobetu.
  • Euskadin eta Nafarroan, hobeto gauden arren, gure erreferenteak diren beste lurraldeekin alderatuz, urruti samar gaude.
  • Eskola porrotaren datuak negargarriak Espainian eta EAEn nabarmen hobeak, baina oraindik ere bide luze bat dago eremu horretan hobetzeko.
  • 0-2 urteko etapa EAEn eta Nafarroan hedatzen eta indartzen jarraitu beharko genuke.
  • Ikastetxeek autonomia eskasa (publikoetan areagotu egiten da arazoa) dute eta administrazioak duen jarrera zurruna aldatu beharko luke.
  • Gertuko administrazioari (udalak eta diputazioak) rol garrantzitsuagoa eman behar zaie.
  • Irakasleen rola derrigorrez aldatu beharra. Proiektuarekiko atxikimendua eta konpromisoa azaltzen duten irakasleak zaindu eta mantendu.
  • Ebaluazioaren (barnekoa nahiz kanpokoa) kultura garatu behar da hobekuntza tresna gisa.
  • Curriculuma egokituta landu eta ez finkatuta datorrena argitaletxeetatik edo administraziotik. Gutxieneko ezagutzak finkatu, zehar lerroetan jorratzen dena ere aintzat hartu (bizikidetza, osasuna, euskal izaera…).
  • Testu liburu kontsumitzaile hutsak diren irakasleekin amaitu eta irakasle sortzaileak bultzatu behar dira.
  • Inertziaz egiten diren hainbat gauza birplanteatu behar dira, hala nola; aniztasunaren trataera, orientazioa, ikasturteak promozionatzeko edo errepikatzeko gaia, harrera programak…

Jarraian, Abel Ariznabarretaren txanda iritsi zen. Honek zituen 10 minutu horietan dena sartu nahi izan zuen eta, jakina, formula bateko kotxe baten abiaduran mintzatu zen eta oso zaila egin zitzaigun oso ondo prestatuta eta egituratuta ekarri zuen diskurtsoa jarraitzea. Noski, apunteak hartzea zailagoa izan zen. Hala ere, nik uste dut esandako ideia garrantzitsuenak jaso ahal izan nituela. Horra hor:

  • Oro har, EAEn eta Nafarroan eskola onak ditugu. Ez horren onak, ordea, gure antzeko beste lurraldeekin alderatuz gero.
  • PISA bezalako proben emaitzak epe labur batean hobetzea ez da gauza zaila. Administrazioak helburu hori lortzeko politika bat bultzatuz gero, lortzen da. Hori frogatzeko hori egin duten lurralde batzuen adibideak jarri zituen.
  • Horregatik, ezinbestekoa da goitik beherako inpultso hori, behetik datorrena alboratu gabe.
  • Izugarrizko balioa eman zion Ebaluazio diagnostikoari. Izan ere, irakurketa sakon bat eginez, oso ondorio esanguratsuak atera daitezke. Ikastolen Elkartean bide horri heldu omen diote.
  • Ikastetxeen autonomiaz asko hitz egiten bada ere, kontu handiz tratatu beharreko gaia eta ez du begi onez ikusten gai hori besterik gabe planteatzea. Beste aspektu gehiago aintzat hartu beharko lirateke eta.
  • Hobekuntzarako klabe garrantzitsuena gela da. Izan ere, bertan gauzatzen dira prozesu guztiak.
  • Antolaketari dagokionez, garrantzia handia lidergoari eta irakasleen gaitasunari eman zien.
  • Antolaketa orokorrak koherentzia izan behar du bilatzen dugun ikasle irteera profilarekin eta lortu nahi ditugun emaitzekin.
  • Euskal Curriculuma ikastolen ikurra baino gehiago da. Euskal ikuspegia bermatzeaz gain, konpetentzietan oinarrituta dago.
  • Materialgintzan Ikastolen Elkartearen lana goraipatu zuen eta arestian aipatutako helburuen lorpenaren mesedean ekoizten direla adierazi zuen.
  • Horrekin batera, irakasleentzat formazio sakona eskaintzen dute. Ekoiztutako unitate berriak esperimentatu eta ebaluatu egin dira. Hobekuntzak ondorioztatu dira eta dena prest dute DBH 1eko eguneroko lanean txertatzeko.
  • Ikastolek “Integrazioaren Pedagogia”ren aldeko hautua egin dute.
  • Finkatutako ikasleen irteera profila konpetentzien bidez lortu nahi da.
  • Azken finean, lortu nahi dena hauxe da: emaitzak hobetu, ikastolak gaitze prozesuan jarri eta egun dauden tarteak murriztu ekitatea hobetuz.

Abelen “zaparrada”ren ondoren, Xabier Mendizabalen txanda iritsi zen. Hau lasaiago eta inongo aurkezpenik gabe aritu zen. Hori bai, gauzak ozenkiago esan daitezke, baina argiago…

  • Ikastetxe publikoek eskola inklusiboaren aldeko apustu garbia egiten dute. Horrek markatzen euren zeregina.
  • Hezkuntza kalitatea konpetentzia kognitiboaz harago doan zerbait izanik, emaitza hutsetatik harago ez doazen planteamenduek ez dute lekurik eta ez datoz bat euren printzipioekin.
  • “Instrukzioa” bakarrik ebaluatzea ez da bidezkoa. Ikuspegi integrala behar da.
  • Administrazioan sartzen diren guztiek “euren arrastoa” utzi nahi izaten dutenez, indarrean dauden proiektu batzuk baztertzen dituzte inongo irizpide garbirik gabe eta egitasmo berri batzuk ezartzen dituzte. Horrek berrikuntza prozesuak oztopatu besterik ez ditu egiten.
  • Zerbitzu publiko bezala, baliabideen erabilera eraginkorra egin behar dugu. Erantzukizuna gure gain hartu eta ez administrazioaren gain utzi. Azken finean, administrazioaren baliabideak GUZTIONAK dira.
  • Konpetentzia “ez kognitiboak” gartuz gero, konpetentzia kognitiboak ere hobetuko dira. Horregatik, azken hauetan gehiegi zentratzeak ez du merezi.
  • Kalitatezko ikastetxe batean, denek dakite zer egin, nola jokatu… Ez dago zalantzarako tokirik.
  • Ebaluazioaren kultura beharrezkoa da, baina barnean eta gure errealitatera egokituta dagoena egiten dena, batez ere.
  • Zuzendariaz ez dute hitz egiten. Bakarrik “Zuzendaritza Taldea” ulertzen dute eta horri ematen diote garrantzia. Horrekin batera, taldeak aurkezten duen “Zuzendaritza Proiektua” izugarrizko balioa du.
  • Ezinbestean, erantzukizun kolektiboa behar da (administrazioa, ikuskaritza, berritzeguneak, ikastetxeak…
  • Noski, horretan sinisten dutenek AUTONOMIA eskatzen dute, baina ez dute ulertzen autonomia hori nolabaiteko diskriminazioak sortzeko (pribilegiatuak), prozesu integratzaileak (ekitatea bermatzeko) garatzeko baizik.
  • Administrazioaren zurruntasunarekin AMAITU beharra dago.
  • Ez da posible irakasle bat konprometituta dagoenean, proiektu berritzailetan murgilduta dabilenean, ikastetxeari ekarpen ugari egiten dionean… ikastetxeak inongo eskumenik ez izatea bere jarraipena bermatzeko.
  • Egun dauden formazio zirkuituetan, teoriko eta aditu asko ikusten da, baina nekez ikusten dira praktika onak, berritzaileak eta arrakastaz burutu dituzten irakasleak. Ezinbestekoa da pertsona horiek hor sartzea formazio praktikoagoa eta irakasleen errealitateari lotutakoa izateko.

Hiru mahaikideek hitz egin ondoren, galderen txanda iritsi zen. Baina gehienetan gertatzen den bezala, horretarako oso denbora gutxi gelditu zen eta saioa ia ordu erdiz luzatu behar izan zuten.

Egia esan, jendeak eginiko galderen aurrean, mahaikideen erantzun gehienek aurreko saioetan esandakoa berresten zuten eta oso gauza berri gutxi atera zen. beharbada, deigarria egin zitzaidan ikastola batean aritutako eta orain publiko batean dabilen andereño baten iruzkina. Berak esan zuenez, publikoa ezagutu duenetik maitemintzen ari dela bertan arnasten den giroarekin eta askatasunarekin, baina faltan botatzen duela ikastoletan bizi den euskaltasuna. Bere iritziz, Eskola Publikoak ahalegin berezi bat egin beharko lukeela hori konpontzeko.

Iruzkin horren aurrean, noski, ikastetxe publikoen ordezkariak aipatu zuen horren inguruan lan handia egin dela eta euren printzipioetan hori beti presente dagoela eta ados zegoela bere adierazpen horrekin, baina era askotako oztopoei aurre egin behar izaten dietela eta bidean daudela. Adibide gisa, “A” ereduarena aipatu zuen. Administrazioak eredu hori kentzen ez badu, ezinezkoa egingo zaie aipatutako euskal izaera hori bermatzea. Beste alde batetik, ikastetxe publiko askotan gertatzen ari da etorkin kopuru izugarri handia dutela eta, hori gutxi balitz, bazterketa sozialetik datozen ikasle gehienak ere hartzen dituztela. Horrekin egiten duten esfortzua ere aitortu behar zaiela eta esfortzu hori beste sareetako ikastetxeekin partekatu beharko litzatekeela. Hau da, lan horren zamarik handiena ikastetxe publikoen esku gelditzen bada, ezin da gero kritikatu euskal izaera hori bultzatzen ez dutenik.

Tira, horraino bi egun horietan jaso nuena. Ahaleginak egin ditut hizlariek adierazitakoa islatzen eta, batez ere, esan zutenaren espiritua jasotzen. Konturatuko zinetenez, nire iritzi pertsonala ez dut eman eta aseptikoa izaten ahalegindu naiz. Horregatik, nire hurrengo asmoa bertan bizi izandakoa eta entzundako guztiaren aurrean sentitu nuena eta pentsatzen dudana esatea izango da. Ea bihar hori argitaratzeko astirik dudan.